Loto urdina

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Loto urdina (Le lotus bleu jatorrizko izenburuz) Hergé belgiar marrazkilariak sortutako Tintinen abenturetako 5. komikia da. Atalka argitaratu zen Le Petit Vingtième aldizkari gehigarrian 1934ko abuztuak 9 eta 1935eko urriak 17 artean, astero bi orrialde argitaratuz zuri-beltzean. Lehen aldiz bilduman, oraingoan ere zuribeltzean, 1936an argitaratu zuen Casterman argitaletxeak. Kolorezko lehen argitalpena, argitaletxe berak eginikoa, 1946koa da.

Istorioa nagusiki Txinan gertatzen da, Shanghai hirian. Izenburua, hiri bereko fikziozko opio erretoki batetik hartua dago.

Loto urdina aurreko komikia den Faraoiaren zigarroaken hasten den istorioaren jarraipena da, modu independentean irakur daitekeen arren. Tintinen komikien historian garrantzi handia du komiki honek, bere sortzailea den Hergé kontatzen zuen istorioaren gaiari buruz sakon dokumentatzeaz arduratu baitzen, horretarako Zhang Chongren izeneko txinatar ikasle baten laguntza izan zuelarik.

Istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faraoiaren Zigarroak komikian Tintinek nazioarteko droga trafikari erakunde baten atzetik zihoan Ekialde Ertain eta Indiatik. Guztiak harrapatu zituen, buruzagia izan ezik, honen nortasuna abenturaren amaieran oraindik ezagutu ez zelarik.

Loto urdinaren hasieran Tintinek Indiako alegiazko estatu bat den Rawhajpurtalahko maharajaren abegikortasunaz gozatzen du. Han, informazio zehatz bat dakarkion txinatar baten bisita jasotzen du, baina, hitz egin aurretik, modu misteriotsuan erotzen duen gezi batek zauritzen du, eta soilik bi izen ahoska ditzake: hiri bat, Shanghai, eta pertsona izen bat, Mitsuhirato. Tintin Shanghairantz abiatzen da eta Mitsuhiratorekin hitzegiten du, hirian Japoniako ordezkaria dena. Honek maharaja arriskuan dagoela eta berehala itzuli behar duela esaten dio. Tintinek bere biziaren aurkako zenbait atentatu misteriotsu jasaten ditu, horietatik modu misteriotsuan salbatua delarik.

Mitsuhiratoren gomendioak sinetsiz, Tintin Bonbairantz itsasoratzen da, baina gauerdian bahitu eta Shanghaiko etxe batean agertzen da hurrengo goizean. Etxearen jabea Wang Jen-Ghié da, "Dragoiaren Semeak" elkarte sekretuaren buruzagia, Tintinen laguntza behar duena opio trafikari sare batekin amaitzeko (Tintinek aurreko komikian jazartzen zuen bera), non Mitsuhirato murgildua dagoen. Trafikari hauek ikertzen saiatuz, Tintin japoniar zerbitzu sekretuen aginduz txinatarrei errua bota eta hala herrialdea inbaditzeko arrazoi bat izateko trenbide bati eginiko sabotaia baten lekuko da. Mitsuhiratok harrapatzen du, ustez, eromena sortuko dion produktu bat ziztatzen diona. Alabaina, huts egiten du, eta Tintinek ihes egitea lortzen du, honen ondorioz Mitsuhiratok japoniar autoritateei abisua ematen dielarik, Tintin bilatzeko eta harrapatzeko aginduz.

Japoniar ofizialez mozorrotua, Tintin nazioarteko eremuan babesten saiatzen da, eta Fan Se-Yeng delako bat bilatzen, Wang Jen-Ghiéren semea senda dezakeena, Mitsuhiratoren produktuaren ondorioz erotua dagoena. Bere paperak behar bezala ez izateagatik nazioarteko eremuan atxilotzen dute, eta japoniar autoritateei emana da, hauek hiltzera zigortzen dutelarik. Alabaina, Wang Jen-Ghiék salbatzen du eta Hou-Koura abiatzen da Fn Se-Yeng irakaslea aurkitzeko asmoz, hau ere bahitua izan delarik.

Bidaian, Tintin Tchang Tchong-Jen izeneko txinatar gazte baten lagun egiten da, honekin Hou-Koura iritsiz. Nazioarteko eremuko autoritateek Tintinen bila Dupont eta Dupond bidali dituzte, ohikoa den bezala, saiakeran huts egiten dutenak. Tchangek eta Tintinek Fan Se-Yeng Mitsuhiratoren mende dagoela jakiten dute, eta Shanghaira itzultzen dira askatzeko asmoz.

Metodo aldaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilduma hau egin aurretik, beste kultura batzuen ikuspegia Tintinen abenturetan aurreiritziz betea zegoen. Hergék Tintinen hurrengo abentura Txinan gertatuko zela iragarri zuenean, Lovainako Unibertsitateko txinatar ikasleen kapeilaua zen Gosset abadeak Hergéri idatzi zion Txinari buruz idazten zuenean sentiberatasun gehiago izan zezan, bere ikasleek pentsa zezaketenak arduratzen baitzuen. Hergék onartu egin zuen, eta 1934ko udaberrian Gossetek Zhang Chongren/Chang Ch'ung-jen (Chang Chong-chen) aurkeztu zion, Bruselako Arte Ederren Akademiako eskulturgile gazte bat. Hergé eta Zhang laster egin ziren lagunak, eta txinatar ikasleak Hergé txinatar arte, historia eta kulturan sartu zuen.

Esperientzia honen ondorio bezala, Hergé, ordutik aurrera, Loto urdinean eta honen ondoren idatzi eta marraztu zituen Tintinen komiki guztietan Tintinek bisitatutako toki guztiei buruz sakon dokumentatzeaz arduratu zen. Komiki honetan agertzen diren txinerazko kartel ugariak ez dira, Faraoiaren zigarroetako arabierazkoen kasuan bezala, marrazki kaligrafiko soilak, baizik eta hizkuntza horretan idatzitako benetako esaldiak, sarritan izaera politikokoak.

Dokumentazio lan honen adibide bat Uharte beltza bildumarekin gertatu zenean ikus daiteke. Erresuma Batuko bere editorea komikian ematen zen Ingalaterrari buruzko irudiaz kexatu zenean, Hergék bere gertuko laguntzailea zen Bob de Moor bidali zuen sakon dokumentatzera, honen ondorioz, komikiak aldaketa nabarmenak jasan zituelarik.

Bere txinatar lagunaren omenez, Hergék Loto Urdinean Chang izeneko pertsonaia bat sartu zuen, Tintinen lagun bihurtzen den txinatar gazte bat, marrazkilariaren laguna zen Zhang Chongrenen transposizio literarioa. Tintinek Changekin duen harremanak Hergéri mendebaldetarrek Txinari buruz dituzten aurreiritziak erakusteko balio dio.

Neurri politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loto Urdina Tintinen komikien artean protagonistak nazioarteko gatazka batean alderdietako baten alde egiten duen lehena da.

Zhangekin duen adiskidetasunaren emaitza bezala, Hergé kolonialismoaren arazoei buruz interesatzen hasten da, bereziki Txinaren japoniar okupazioari buruzkoak. Loto Urdinak mezu antiinperialista argia du, garai hartan Mendebaldean nagusi zen iritziaren aurka, japoniar kolonialismoaren alde zegoena.

Bilduman, Tintin Mantxuria hegoaldeko trenbidearen gertakariaren (Mantxuriako krisia) lekuko presentziala da, Japoniak Txina eraso eta okupatzeko aitzakia bezala erabili zuena, Bigarren Txina-Japonia Gerra abiaraziz.

Japoniar protestak. Egundaino, komiki hau ez da Japonian argitaratu.

Txinako gobernu nazionalista oso pozik agertu zen komikiarekin, eta garai hartan herrialdeko presidentea zen Chiang Kai-Shekek marrazkilaria herrialdea bisitatzera gonbidatu zuen. Hergék, ordea, sekula ez zuen bidaia hori egin.

Alabaina, Txinako gobernuak denbora luzez debekatu zuen komiki hau. 1984 arte ez zuen argitalpena baimendu, aldaketa garrantzitsuak egin ondoren.


Aurrekoa
Faraoiaren Zigarroak
Tintinen Abenturak
1936
Ondorengoa
Belarri Hautsia