Louis Pasteur

Wikipedia, Entziklopedia askea
Louis Pasteur(1878)

Louis Pasteur (Dole, Jura, Frantzia, 1822ko abenduaren 27a – Saint-Cloud, Hauts-de-Seine, Frantzia, 1895eko irailaren 28a) zientzialaria izan zen, mikrobiologian aitzindaria.

Hasieran, kimika lantzen hasi zen, argiaren polarizazioaren inguruan. Gero, germenen teoria eraikitzen lan egin zuen. Frogatu zuen mikroorganismoek hartzidura laktiko eta alkoholikoan daukaten funtzioa. Hortik, pasteurizazio eta esterilizazio teknikak garatu zituen. 1885ean, amorruaren aurkako txertoa lortu zuen.

Bere izena daraman institutua fundatu zuen 1887an. 1895eko irailaren 28an hil zen Saint-Clouden, Paristik gertu. Urte hartan bertan, mikrobiologiaren sari handiena lortu zuen, Leeuwenhoek domina.


Bizitza

Kimikan eta fisikan doktoretza egin zuen eta 1854an Lilleko zientzia fakultateko dekano izendatu zuten. 1857an Parisko École Normaleko zientzia ikasketen administrari eta zuzendari izendatu zuten, eta 1888an Pasteur Institutuko zuzendari. Kargu horretan iraun zuen hil zen arte.

Bizitza guztia ikerkuntzan eman zuen; haren aurkikuntzek iraultza handia sortu zuten zientziako alor askotan, hala nola medikuntzan, albaitaritzan, kirurgian eta obstetrizian, eta hari esker kimika eta hartziduren industria bide berriak urratzen hasi ziren.

Pasteurren bizitzako data garrantzitsuenak honako hauek izan ziren:

  • 1847an Zientzia Fisikoen doktoretza lortu zuen Parisko Zientzia Fakultatean.
  • 1849an Maria Laurentekin ezkondu zen. Senar-emazteek bost seme-alaba izan zituzten, horietako hiru ume izanik hil zirenak.
  • 1847 eta 1853aren artean kimika irakaslea izan zen Dijonen eta Estrasburgon.
  • 1854an Lilleko zientzia fakultateko dekano izendatu zuten. Kargua hartu zuenean, bere esaldi famatua bota zuen: «Ikerkuntzaren arloan, zoriak izaera prestatuei baizik ez die mesede egiten».
  • 1861ean berezko sorkuntzaren inguruko bere lanak aurkeztu zituen.
  • 1865ean frantses gobernuak kontratatu zuen zeta-harren gaitza bat ikertzeko, Frantziako hegoaldeko ekoizpena hondatzen ari zena.
  • 1874an Londresko Royal Societyk Copley domina eman zion hartzidurari buruzko bere lanengatik.
  • 1880an txerto motelduen lehenengo zantzuak aurkitu zituen, hegaztien kolerari buruzko ikerketa bat egiten ari zela.
  • 1882an Frantses Akademian sartu zen.
  • 1885ean amorruaren aurkako txertoa aurkitu zuen.
  • 1888an bere izena daraman institutua (Pasteur Institutua) sortu zen, bera izanik lehenengo lehendakaria.

Lau ekarpen nagusi egin zizkion, batez ere, zientziari:

  1. Hartzidurak bakterioak sortuak direla, eta gaitz kutsakorren eragileak mikroorganismoak direla frogatu zuen.
  2. Jennerrek nafarreriaren gazuraren gainean egindako lanak aurreratu zituen, gazur immunizatzaileen kontzeptua eta antigorputz-antigeno erlazioa aurkitu baitzuen. Bera izan zen amorruaren eta karbunkoaren aurkako txertoak lehen aldiz erabili zituena.
  3. Ardoa, esnea eta beste elikagai batzuk gal ez zitezen gai horiek berotzea proposatu zuen, horrela mikroorganismo pozoitsuak, eta batez ere tuberkulosiaren baziloa, hil edo indargabetzeko (teknika horri haren omenez pasteurizazioa deitzen zaio).
  4. Ardoaren hondakinetan agertzen den azido tartarikoaren ezaugarri optikoak aurkitu zituen. Aurkikuntza honek molekula batzuek duten isomeria optikoa aztertzeko bidea eman zuen.

Amorruaren aurkako ikerketak

Pasteur Institutuaren eraikin zaharrena, Parisen. Han dago Pasteurren hilobia

Jakintza-alor ugari landu bazuen ere, Louis Pasteurren ekarpen baliotsuenak —dudarik gabe— mikrobiologiari lotuta daude, bera izan baitzen lehenengo txertoak erabili zituena eta immunitatearen oinarri teorikoak finkatu zituena. 1881ean karbunkoaren aurkako lehenengo txertoa erabili zuen, eta 1885ean amorruaren aurkakoa.

Azken gaixotasun honen ikerketa 1881ean abiatu zuen zientzialari frantziarrak. Infektatutako txakurrekin lan eginez, amorruaren birusak nerbio-sistema eta burmuina infektatzen zuela agerian jarri zuen. Era berean, burmuinetik isolatutako estraktuak untxietan inokulatuz animalia horietan gaitza sortzen zuela konturatu zen.

Lehenago karbunkoaren bakterioarekin egindako ikerketei esker, Pasteurrek mikrobio patogenoak moteldu edo ahuldu daitezkeela jakiten zuen. Horrenbestez, amorruaren birusaren birulentzia gutxitzen saiatu zen hildako untxien nerbio ehuna lehortzen. Animaliekin egindako saioetan Pasteurren txertoak bere eraginkortasuna frogatu zuen.

1885ean, txakur amorratu batek Joseph Meister haurrari koska egin zion. Umeak patu iluna zeukan eta hiltzera kondenatuta zegoen birusa bere burmuinera iritsiko zenean. Baten batek Pasteurren berri eman zion familiari, eta zientzialari frantziarrak dilema gogor bati aurre egin behar izan zion: saiatuko zen umearen bizitza salbatzen gizakiekin inoiz probatu ez zen txerto batekin? Medikuekin mintzatu ondoren, mutikoari bere txertoa jarri zion. Tratamendua oso arrakastatsua izan zen, haurra sendatu zen, eta Pasteurren ospea Europa osora hedatu zen.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Louis Pasteur