Luís de Camões

Wikipedia, Entziklopedia askea
Luís Vaz de Camões» orritik birbideratua)
Luís de Camões

Bizitza
JaiotzaLisboa1524 aldean
Herrialdea Portugalgo Erresuma
HeriotzaLisboa1580ko ekainaren 10a (55 urte)
Hobiratze lekuaJeronimotarren monasterioa
Familia
AitaSimão Vaz de Camões
AmaAna de Sá de Macedo
Familia
LeinuaCamões family (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaCoimbrako Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
portugesa
latina
Jarduerak
Jarduerakpoeta, antzerkigilea, idazlea eta militarra
Lan nabarmenak
InfluentziakDante Alighieri, Virgilio, Francesco Petrarca, Ludovico Ariosto eta Homero
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

IMDB: nm0891407 Musicbrainz: 05d3351d-8885-4e99-b9a7-acd707734e33 Discogs: 1506975 Find a Grave: 10467105 Edit the value on Wikidata

Luís Vaz de Camões (Lisboa, 1524 aldean- Lisboa, 1580ko ekainaren 10a[1]) portugaldar olerkaria izan zen. Haren lanik garrantzitsuena Os Lusíadas poema epikoa da. Horrezaz gain, soneto, oda, egloga eta elegia ugari idatzi zituen, portugesez eta gaztelaniaz. Hiru komedia ere argitaratu zituen. Portugalgo Pizkundeko poeta handiena izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luis Vaz de Camõesen gainean asko idatzi baldin bada ere, oso gutxi dira, egiazki, haren bizitzari buruz ezagutzen diren datuak. Camõesen biografoak poetaren idazlanetatik ateratako aipamen eta erreferentzietan oinarritu dira, batez ere, haren bizitza osatuz (edo asmatuz) joateko.

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1524an edo 1525ean jaio zen, Lisboan, batzuen ustez, eta Coimbra, Santarem edo Alenqueren beste batzuek diotenez. Simao Vaz de Camões eta Ana de Sa-ren semea zen. Aita, aidanean, galiziar jatorrikoa eta aitoren semea («cavaleiro-fidalgo») zuen. Duela gutxi, nolanahi ere, zalantza batzuk sortu dira Luisen semetasunari (legezkoa ala sasikoa) eta odol garbitasunari buruz (kristau zaharra ala berria); eta, horrekin batera, haren familiaren pobrezia eta jatorri apala berretsi dira. Zeharkako aipamen batzuek eta, batez ere, haren obrak islatzen duen kultura zabalak pentsarazten dute Coimbran ikasi zuela, non, Luisen osaba bat, Bento Camões, Gurutze Santua monasterioko priore eta Unibertsitateko kantzelari baitzen.

Ez dago, hala ere, Camõesek unibertsitatean ikasi zuela frogatzen duen dokumenturik. 1550erako Lisboan bizi zen, eta gauza jakina da jauregietako eta goi mailako nobleen aretoetan bezainbat ibiltzen zela aldirietako tabernetan eta emagaldu-etxeetan. Ceutara eginiko espedizio militar batean parte hartu zuen, eta hantxe galdu zuen eskuineko begia. Lisboara itzuli zenean, espetxean eta deserriturik egon zen Ribatejoko lurretan (Constâncian, beharbada), aidanez, bere etxekoandreaganako -Violante de Andrade, Francisco de Noronharen, Linharesko bigarren kondearen, emaztea- eta haren alaba Joanaganako maitasun suharra zela eta. Berriro Lisboara etorririk, gorteko olerki liskarretan, amodio-gorteatzeetan eta kale borroketan eman zuen denbora. 1552an, borroka horietako batean, on Gonçalo Borges zauritu zuen, erregearen ahaide bat, eta gartzelan sartu zuten. Zaurituak barkaturik, Camoes erregearen zerbitzuan itsasoratzeko baldintzarekin utzi zuten aske, 1553an.

1553tik 1568ra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Camões Goako espetxean, 1556ko margo anonimoa.

Hiru urtetarako soldadu sarturik, Indiarako itsasoratu zen, eta handik, Malabarrera eta Malakako itsasartera egindako espedizioetan hartu zuen parte (Camõesek berak aipatzen ditu, hurrenez hurren, O Poeta Simónides, falando elegian, eta Junto dum seco, fero e estéril monte abestian). Pedro Mariz, haren lehen biografoaren arabera, Macaura jo zuen gero, eta zendu eta absenteen ondasunen arduradun kargua izan zuen lurralde hartan. Handik Indiara itzultzerakoan, Mekong ibaia itsasoratzen den inguruan, Camões zetorren barkua urpera joan zen, eta zituen ondasun guztiak galdu zituen, bere burua eta Os Lusíadas izan ezik. Behin Goan zela, gartzelan sartu zuten dirua bidegabe erabili izanaren salaketapean eta, geroago, berriro espetxean egon zen, zorrak zirela eta.

Dirudienez, beltzak eta gorriak ikusi zituen Indiako egonaldian, aldi labur bat salbuetsita (1561-1564), On Francisco Coutinho erregeordearen babesa izan baitzuen urte horietan. 1568an, Portugalera itzultzeko asmotan itsasoratu zen eta Mozanbiken aurkitu zuen haren lagun Diogo do Couto historialariak: idatzitako olerkiak Parnaso izenburupean bildu eta argitaratzeko prestatzen ari zen, miseria gorrian bizi zen bitartean, baina ostu egin zizkioten prestatzen amaitzerak . Coutok eta beste lagun batzuek bidaia ordainduta, urte hartan bertan itzuli zen Portugalera.

1568tik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berriro Lisboan, Os Lusíadas argitaratu zuen 1572an eta Sebastian I.a erregearen errenta murritz bat lortu ondoren, hari esker bizi izan zen txirotasun handian -haren biografoei kasu egitera, javatar morroi baten laguntzari esker-, harik eta 1580ko ekainaren 10ean hil zen arte. On Gonçalo Coutinho aitoren semeak ordaindu zituen poetaren hiletak eta hilerriko gastuak, eta haren aginduz ezarri zuten hilobiaren gainean hilarri bat, idazkun honekin: «Aqui jaz Luis de Camões, Principe dos Poetas de seu tempo. Viveu pobre e miseravelmente, e assi morreu».

Erromantizismoaren garaian, poeta madarikatu, jeinudun eta ez ulertuaren irudia ezarri zitzaion Camõesi: erantzunik gabeko amodioz jositako bizitza gorabeheratsua, miserablea eta dohakabea egotzi zioten. Baina irudi erromantiko hori alde bat utzita, beste bat ateratzen da, askoz aberatsagoa eta konplexuagoa, haren bizitza pertsonaletik eta idatzita utzi zuen obratik. Hasteko, kultura zabalaren jabe zen: Erdi Aroko kultur tradizioa bezainbat ezagutzen zituen Pizkundeko filosofia, zientzia eta literatura berrikuntzak. Baina hezkuntza ez ezik, bizitzako esperientzia ere aberatsa zuen: kortesano, Lisboako herri giroa ezagutzen zuen hiritar, Ceutan soldadu, Indiara bideko bidaiari, abenturazale, kolonietako burokrata, eta bere gailentasun moralaz eta artistikoaz konbentziturik eta harro zegoen idazle. Horiexek izan ziren, hain zuzen ere, Camõesen obraren hiru zutabeak: ikasketak, esperientzia eta jeinu sortzailea. Bera bizi zela, Os Lusíadas olerki epikoa eta beste zenbait poema baizik ez zen argitaratu. Hil eta gero argitaratu ziren haren poesia lirikoa, antzezlanak eta eskutitzak.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Verdes são os campos[2]

Berdeak dira zelaiak,
limoi kolorekoak:
horrelakoxeak dira
nire bihotzaren begiak

Berdetasun ederrez
hedatzen zaren zelaia:
zuen larrea berorretan
aurkitzen duzuen ardiok,
Udak ekartzen duen
belarrez mantentzen zarete,
eta ni nire bihotzaren ornitzapenez.

Pozik larrean
zabiltzaten ganaduok
ez duzue ez ulertuko
zuen mantenua;
jaten dituzuen horiek
ez dira belarrak, ez;
nire bihotzaren begien
graziak dira.

Os Lusíadas (1572, «Lusoren ondorengoak» edo «Portugaldarrak») poema epiko handiak, Afrika, India eta Ekialde Urruneko lurraldeetan barrena ibili zenean bizi izandako gertakizunak ekarri zituen gogora. Hamar kantuk osatzen duten epopeia horretan, Portugalen historia eta Vasco da Gamaren aurkikuntzak eman zituen ezagutzera[3]. Errenazimentu garaiko italiar moldeei jarraituz moldatua da; obra hori Portugalgo poema nazional bihurtu zen.

Baina Camões, Portugalgo olerkari epiko handiena ez ezik, poeta liriko bikaina izan zen. 1568an, olerki bilduma bat prestatzen aritu zen Mozanbiken, O Parnaso izenburupean, baina ostu egin zizkioten Lisboara itzultzerako. Rimas izeneko poema liburua egilea hil eta gero argitaratu zuten, 1585ean. Camõesen olerkietako gai nagusia ezinezko amodioa da -maitasunezko neoplatonismoa-, sofrikarioan gozatzen dena, eta malenkoniak protagonismo berezia du haren olerkigintzan. Histura hori, pixkanaka-pixkanaka, ezkortasun bilakatzen joan zen, esaera poetikoen bitartez adierazten zela: «ongia ihesi doa, gaitza hazi egiten da urteekin»; «amodio itsuz gaixo dago, sentitzen duena, aurka egiten diona, obeditzen diona»; «ezerk ez du irauten bizitza honetan: berehala desagertzen da nekez baizik heltzen ez dena».

Rimas olerki liburuan denetik baldin badago ere -italiar estiloko canções deituak, elegiak, Virgiliorenen tankerako eglogak, lirika galego-portugesaren tradizioan kokatzen diren olerkiak-, Camõesen konposizio lortuenak, segur aski, sonetoak izan ziren. Izan ere, Petrarcak Europa osoan izan zituen jarraitzaile hoberenetakoa izan zen, baina, horrekin batera, portugaldarraren sentiberatasunari egotzi behar zaizkion lorpenak erdietsi zituen. Hala, Camõesen maitasun sentimendua ez da agortzen Petrarcaren jarraitzaile gehienen neoplatonismo hutsalean; aldiz, gardentasuna eta zintzotasuna ezaugarri dituen olerkigintza da harena. Horren adibideak dira Alma minha gentil, que te partiste eta Amor é fogo que arde sem se ver soneto ospetsuak:

Amor he hum fogo que arde sem se ver;
He ferida que doe e não se sente;
He hum contentamento descontente;
He dor que desatina sem doer;

He hum não querer mais que bem querer;
He solitario andar por entre a gente;
He hum não contentar-se de contente;
He cuidar que se ganha em se perder;

He hum estar-se preso por vontade;
He servir a quem vence o vencedor;
He hum ter com quem nos mata lealdade.

Mas como causar póde o seu favor
Nos mortaes corações conformidade,
Sendo a si tão contrário o mesmo Amor?

«Ikusi gabe kiskaltzen den sua da Maitasuna;
min ematen duen eta sentitzen ez den zauria;
bozkario goibel bat da;
minik eman gabe sumintzen duen oinazea.

Areago da ez nahi izatea, ongi nahi izatea baino;
bakarrik ibiltzea da jende artean;
bozkarioaz inoiz ez asetzea;
irabazten saiatzea, galtzen den artean.

Preso egon nahi izatea da, borondatez;
garaileak zerbitzatzen duena zerbitzatzea;
hiltzen gaituenarekin leial izatea da.

Baina nolaz sor dezake haren babesak
erakarmena gizakien bihotzetan,
hain badin bada bere buruaren aurkako?»

Luís de Camões, Amor é fogo que arde sem se ver[4][5]

Filodemo antzezlanaren 1615eko edizioa.

Esandako guztiaz gainera, hiru antzezlan utzi zituen idatzita Camõesek, 1645 arte argitaratu ez baziren ere. Esan liteke, hirurak Gil Vicenteren Pizkundeko antzerki hasi-masikoaren jarraipen direla, lirikatik gehiago dutenak dramatik baino, bertsozko hainbat konposizio, hala nola erromantzeak, pastorelak, etab, tartekatzen zaizkiela. Horrela, Anfitriões («Gonbidatzaileak») izenekoan, Plauto imitatu zuen, baina aitortu behar da komikotasun handiko egoera sortu zuela; Filodemo, eleberri tankerakoa, Goan antzeztu zuten, 1555ean, egilea Malakako itsasartean borrokan zela, eta obra horretan La Celestina-ren nolabaiteko eragina ikusi dute batzuek; El-Rei Seleuco izeneko fartsan, berriz, pertsonaiak Mahai Biribileko zaldunen artetik hartuak daude eta protagonistak bere maitalea uzten dio semeari. Antzezlan hori zela eta, Camõesek arazoak izan zituen gortean: antzekotasun nabaria baitzegoen Joanes printzeak -aurrerago Joanes III.a- geroago ugazama izango zuenarekin izandako maitasun harremanen eta obran deskribatzen zen egoeraren artean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Luís Vaz de Camões Portugal - Dicionário Histórico, Corográfico, Heráldico, Biográfico, Bibliográfico, Numismático e Artístico. Arqnet.pt
  2. Camões, Luís de. Verdes são os campos. in: Lur erredakzioak euskaratua, Lur Entziklopedia Tematikoa, 1999. euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2015-06-19).
  3. The Lusiads. (Noiz kontsultatua: 2013-09-01).
  4. Camões, Luís de. Amor é fogo que arde sem se ver. pt.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2015-06-19).
  5. Camões, Luís de. Amor é fogo que arde sem se ver. in: Lur erredakzioak euskaratua, Lur Entziklopedia Tematikoa, 1999. euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2015-06-19).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Luís de Camões Aldatu lotura Wikidatan