Luca Signorelli
Luca Signorelli —izengoitiz Luca da Cortona— (Cortona, Italia, 1450 inguruan - 1523) margolaria izan zen.
[aldatu] Bizitza
Piero della Francescaren ikasle eta lankide izan bazen ere, lehen obretan jadanik maisuaren moldeetatik aldendu zen (Città del Castilloko freskoak, madonnak, 1474). 1476tik 1479ra Loreton lan egin zuen, eta, 1481ean, Florentziako beste margolari batzuekin batera, Erromara joan zen; han Moisesen azkeneko egunak eta beste fresko batzuk egin zituen Kapera Sixtinorako.
1482tik 1493ra bitartean, Italiako erdialdean jardun zuen lanean; ordukoak dira, besteak beste: Madona eta Familia Santua (Uffizi); Panen garaipena (1488, Berlinen 1944an desegina); Madona eta Santuak (Perugiako katedrala, 1484). XV. mende amaierako fresko-egilerik handiena da. Signorelliren adierazpen plastiko ahaltsuak Michelangeloren moldea iragartzen du: Monte Oliveto Maggioreko klaustroa (San Benitoren historia, 1497tik aurrera) eta Orvietoko katedraleko San Brizioren kapera (Antikristoa, Piztuera, Azken judizioa, 1499-1504).
Luca Signorelliren pinturek Piero maisuaren irudien handitasun bera badute ere, dramatismo handiagoz hornitu zituen Signorellik. Errealismo anatomikoa Pollaiolorengandik bide dator. Koloreen kontrasteak, argiztapen dramatikoa, espazioaren egituratze nabarmena (simetriaren erabilera) dira Signorelliren pinturaren beste ezaugarri batzuk.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.