Luigi Russolo
Luigi Russolo (Portogruaro, Venezia, Italia, 1885 - Cerro di Laveno, Italia, 1947) margolaria eta musikagilea izan zen.
Akuaforte-teknika erabiliz margotu zituen lehen koadroak, modernistak: Nietzsche; Loak hartutako hiria; Garaituak; eta Lurrin gozoa. Pintura futuristari buruzko manifestua izenpetu zuen 1910. urtean eta mugimendu horretako ordezkari ezagunenetakoa izan zen: Musika; Tximistak; Trena abiadura bizian; Ricordi di una notte (1912, Gau bateko oroitzapenak); eta Iraultza. Hotsari buruzko lan bat argitaratu zuen 1913. urtean (Hotsen artea), eta hiriari eta bestelako formei zegozkien hotsak interpretatzeko musika-tresnak sortu zituen. Kontzertuak eskaini zituen Italian eta Ingalaterran: Hiriburuaren itzartzea; Auto eta hegazkinen topaketa; eta Gudak oasi batean. Parisen bizi izan zen 1927tik aurrera.
Bi musika-tresna asmatu zituen: rumorharmonium edo rusolofonoa, eta harmoniazko arkua.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.