Luis Paret y Alcázar
Luis Paret y Alcázar (Madril, 1746 - Madril, 1799) espainiar margolaria izan zen.
San Fernandoko Akademian egin zituen ikasketak. Frantziara eta Italiara egin zituen bidaiak. Frantziako margolaritzaren eragin handia izan zuen. 1780tik 1786ra Bilbon bizi izan zen, eta han ezkondu zen. Bere artearen erakusgarri ugari utzi zuen hiri honetan: arkitektura-proiektuak (hiltegia, Santiagoko plazatxoko iturria, Santiago elizako aste santuko monumentua), erretratuak eta abar. 1786an, Euskal Herriko eta Kantabriako portuen ikuspegiak margotzea eskatu zion Karlos III.ak (Bilboko Areatzako ikuspegiak, Olabeaga, Bermeo, Hondarribia, Donostia, Pasaia eta abar). Vianako Santa Maria elizan dago Pareten pintura-multzo garrantzitsu eta osoena. 1786-1787 bitartean, iturri publiko batzuk proiektatu zituen Iruñerako (Gaztelu plazako iturria, Navarreria plazako iturria eta abar). 1789an, Madrilera joan zen bizitzera, eta San Fernandoko Akademiako Arkitektura Saileko idazkariorde izendatu zuten.
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.