Lumière

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Lumière anaiak: Auguste (ezkerrean) eta Louis (eskuinean).

Lumière anaiak bi izan ziren: Auguste Marie Louis Lumière (Besançon, Frantzia 1862ko urriaren 19a - Lyon, Frantzia, 1954ko apirilaren 10a) eta Louis Jean Lumière (Besançon, Frantzia, 1864ko urriaren 5a- Bandol, Frantzia, 1948ko ekainaren 6a). Zinematografia asmatu zuten ikertzaileak dira.

Argazkigintzarako gaien industriako aitzindariak izan ziren eta zinemarako lehen kamera berezia asmatu zuten: zinematografoa. 1895eko martxoaren 22an Parisen aurkeztu zuten munduan egin den lehen filma: La Sortie de l'usine Lumière à Lyon («Langileak Lyongo Lumière lantokitik ateratzen»). Lehenengo emanaldi publikoa abenduaren 28an egin zuten, Salon Indien du Grand Café aretoan (Paris), sarrera kobratuta. Lehenengo emanaldi hau 10 film laburrek osatzen zuten. Film labur haietako bat zen La Sortie de l'usine Lumière à Lyon, Lumière anaien lehendabiziko lana. Film bakoitzak 46 segundo inguru irauten zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argazki lanak egin zituen margolari baten semeak ziren, eta Lyon hirian egin zituzten ikasketak. Louis Lumière argazki-filma merkaturatzeaz arduratu zen bereziki, hemezortzi urte zituela sortu baitzuen haren aita Antoinek Lumière industria. 15 milioi argazki-plaka egin zituzten enpresa hartan 1894an.

Urte hartan Antoine Lumière Parisa gonbidatu zuten, Thomas Alva Edisonen kinetoskopioa ikus zezan, eta itzuleran animazioa eta proiekzioa bateratuko zuen sistema iker zezaten agindu zien aitak semeei. 1895ean sortu zuten lehen zinematografoa, segundoko 16 eszena atzeman zitzakeen kamera; urte hartan berean koloretako argazkiaren inguruko ikerketak hasi zituzten (1903an merkaturatu zuten koloretako argazkiak egiteko lehen sistema). Ondoko urteetan film ugari egin zituzten Lumièretarrek, eta hobetu zituzten hasierako zinematografia kameraren emaitzak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Lumière