Lurralde antolamendu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lurraldearen antolakuntza» orritik birbideratua)
Lurra gauez.
XX. mendearen hasieran, munduko biztanlegoaren %10a bizi zen hirietan; 2000. urtean, berriz, munduko biztanleen erdia[1].

Lurralde antolamendua lurraldearen kudeaketa arduratsuaz jabetzen den arloa da, hots, lurraldea gizartearen eta biztanleen behar sozial, ekonomiko, kultural eta ekologikoen arabera antolatzen eta egituratzen duen jarduketa[2]. Ezagupen-eremu zabala hartzen duenez, hainbat diziplinak hartzen dute parte haren ikerketan, hala nola hirigintzak, geografiak, soziologiak, ekologiak edota ekonomiak. Haien artean ekonomia gailentzen da, batez ere estatu-eskalan, banaketa espaziala oso garrantzitsua bada ere.

Oro har, lurralde antolamenduak hiru helburu nagusi ditu:

  • Garapen orekatua laguntzea.
  • Bizi-kalitatea hobetzea.
  • Ingurumena eta natura-baliabideak babestea.

Europako Kontseiluak horrela definitu zuen lurraldearen antolakuntza 1983an:

« Regional/spatial planning gives geographical expression to the economic, social, cultural and ecological policies of society. It is at the same time a scientific discipline, an administrative technique and a policy developed as an interdisciplinary and comprehensive approach directed towards a balanced regional development and the physical organisation of space according to an overall strategy.
(Lurraldearen antolakuntzak geografia-adierazpena ematen die gizartearen ekonomia-, gizarte-, kultura- eta ekologia-politikei. Aldi berean zientzia-diziplina, administrazio-teknika eta diziplina anitzeko gerturatze sakon gisa garatutako politika da, eskualde-garapen orekatua eta estrategia orokor baten araberako espazioaren antolakuntza fisikoa helburu dituena).
»

—CEMAT[oh 1]


Hitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz hainbat termino erabili izan dira kontzeptu hau izendatzeko (lurralde edo lurraldearen; antolamendu, antolaketa edo antolakuntza), baina badirudi lurralde antolamendu[4][2] gailendu dela.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraldea gizakiaren historiaren euskarria den heinean, lurraldearen antolakuntzak berebiziko garrantzia eduki izan du gizakiak nomadismoa utzi zuen unetik. Historia guztian zehar kolonizatzeko tresna gisa erabili izan da.

Hirigintzaren alorrean, lurraldeaz hitz egiten hasten da hiri batzuen tamaina handia dela eta. Kasurik goiztiar eta nabarmenena Londres Handiarena izan zen, XIX. mende bukaeran mundu osoko hiririk populatuena zena.

AEBetako Franklin D. Roosevelt lehendakaria TVA Act delakoa sinatzen, 1933ko maiatzaren 8an.

Diziplina bereizi gisa AEBetan sortu zen XX. mendearen hasieran, hirigileak eskualdearen garrantziaz jabetu zirenean, Patrick Geddes biologo eskoziarraren ideiei esker. Bertan, Tennessee Valley Authority (TVA) delako korporazio publikoak gauzatu zuen lurraldearen eskalako lehen plana, 1930. hamarkadan —New Deal programaren barne—, Depresio Handiak Tennessee bailaran eragindako ondorio latzak ekiditzeko eta, batez ere, energia elektrikoaren ekoizpena sustatzeko.

Garai hartan —XX. mendearen lehen herena— lurraldearen antolakuntzak garatuko zituen lau ezaugarri nagusiak honakoak izango ziren:

  • Hirien hazkundearen mugen ezarpena, haien dezentralizazioarekin batera.
  • Zoning delakoaren erabilera.
  • Hiriaren ulerkera berria, auzo-unitateen batuketa gisa.
  • Eskualdea planifikazio fisikoaren eremu gisa, baita metropoliaren alternatiba gisa ere.

Europan lurraldearen antolakuntzak Bigarren Mundu Gerraren ondoren hartu zuen garrantzia (1965eko Parisko eskualdeko SDAURP —Schéma Directeur d'Aménagement et d'Urbanisme de la Région de Paris— izan zen plan esanguratsuenetako bat). 1999an European Spatial Development Perspective (ESDP) izeneko agiria —Europar Lurralde Estrategia ere deitua— sinatu zuten Europako estatuetan lurraldea antolatzeko ardura zuten ministroek[5]. Loteslea ez bada ere —Europar Batasunak ez du eskumenik lurralde-antolakuntzan—, ESDPak eragin handia eduki du Europako herrialdeen lurralde-antolakuntzako politiketan. Bestalde, ESDPak europar lurraldearen kohesioa lortzeko tresna nagusia zehaztu zuen, hau da, Egitura Funtsak. Honakoak dira garrantzitsuenak[6]:

  • Eskualde Garapenerako Europako Funtsa (EGEF)
  • Europako Gizarte Funtsa (EGIF)
  • Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsa, Bermatze Saila (NBBEF-b)
  • Arrantza Bideratzeko Finantza-Tresna (ABFT)

Europar Egitura Funtsekin batera, Kohesio Funtsak ere badira, garapen maila txikiagoa duten estatuak laguntzeko, lurralde-oreka bilatze aldera. Europar Kohesio Funts horien onuradun nagusiak Espainia, Portugal, Irlanda eta Grezia izan dira (PIGS akronimo peioratiboaz izendatutako herrialde-taldea).

Halaber, Europak ingurumenarekin eta bioaniztasunarekin erlazionatutako hainbat lege sektorial jarri ditu indarrean. Lege horien bidez, esaterako, Natura 2000 Sarea delako korridore ekologikoa sortu eta babestu nahi da.

Espainian eta Frantzian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapuztutako Espainiako Plan Nazionalerako egindako ikerketa demografiko bat, 1962koa.

Beste herrialdetan bezala, Espainian Madrilek pairatzen zituen hirigintza-arazoak konpontzeko hasi zen lurraldearen ikuspegi zabalagoa lantzen. Artean, 50-70. hamarkada bitartean porrot egin zuen autonomia erkidegoen sorrera baino lehenagoko Plan Nacional de Urbanismo delakoa egiteko saiakerak. Autonomien estatuaren eraketarekin are zailago bihurtu zen. Espainiako Konstituzio Epaitegiak ebatzitako 61/1997 epaiaren arabera[7], espainiar estatuak ez du eskumenik lurraldearen antolakuntzan, berau Autonomia Erkidegoengan datza eta. Estatuak interes orokorreko eskumen sektorialak baino ez ditu (aireportuak, portuak, autobideak, trenbideak eta abar).

Frantzian askozaz zentralizatuagoa egon da lurraldearen antolakuntza, Pariseko metropoliak erabateko arreta eraman duela (Jean-François Gravier geografoak 1947ko "Paris et le désert français" idazlanean salatu bezala). Azken hamarkadotan —80. hamarkadatik aurrera— eskualde eta departamenduei gero eta eskumen gehiago igortzen zaizkie[8]. Frantzian, DATAR izeneko instituzioa (Délégation à l'Aménagement du Territoire et à l'Action Régionale) izan da estatuko lurraldearen antolakuntzaz arduratu dena (gaur egun DIACT deitzen da, Délégation Interministérielle à l'Aménagement et à la Compétitivité des Territoires). Hala ere, Balladur Batzorde delakoak aldaketa garrantzitsuak ekar ditzake etorkizun gertuan, Frantziako lurraldearen antolamenduari dagokionez[9]. Besteak beste, departamenduek indarra galduko dutela esaten da.

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EAEko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen berrikuspen-aurrerapenetik ateratako irudia, 2009koa. Bertan, Euskal Herria eta gainontzeko Europaren arteko erlazioak agertzen dira, Euskal Errotularen bidez irudikatzen direnak.

Euskal Herriaren banaketa administratibo zatikatua dela eta, zaila da lurralde-antolakuntza bateratu batetaz hitz egitea. Proiektu sektorialez gain (kale egin zuen Autobide Transpirenaikoarena, kasu), ia ez dago muga politiko-administratiboak gainditzen duen proiekturik. Salbuespenetako bat Baiona-Donostia Euskal Eurohiriaren proiektua izan daiteke.

Euskal Autonomia Erkidegoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EAEko LAGen laburpen-planoa, 1997koa.

EAEko lurralde-antolakuntzak maiatzaren 31ko 4/1990 Legean du oinarri legala[10]. Bertan zehazten denez, lurralde-plangintzako figura edo tresna nagusia Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) izeneko agiria da, lurralde-antolakuntza mailako gidalerro nagusiak zedarritzen dituena, eta behin-betikoz 1997an aprobatu zena, Taller de Ideas sozietate pribatuak koordinatua. Bertan, Europa mailan lehiakorra izan daitekeen Euskal Hiria gisa izendatu duten lurralde-eredua zehazten da, EAEko hiru hiriburuek osatzen duten hiri-sistema zentroanitzan oinarritzen dena. Euskal Errotula gisa ere definitzen da EAEko hiru hiriburuen artean osatutako sistema hori. Halaber, bigarren errotula handiago bat aipatzen da Santander, Logroño, Iruñea eta Baiona ere barne hartuko lituzkeena.

EAEko lurraldea antolatzeko beste bi tresnak Lurraldearen Zatiko Planak (Lurralde Plan Partzialak ere deituak) eta Lurraldearen Arloko Planak (Lurralde Plan Sektorialak ere deituak) dira. Zatiko Planek Area Funtzionalak dituzte aztergai (EAEn 15 daude), eta Arloko Planek sektore-gai jakinak Autonomia Erkidego osoan (ibaiak eta errekak, errepideak, hezeguneak, trenbideak, haize-errotak...).

LAGak 2006tik egon dira berrikuste-prozesuan. 2012ko martxoan ofizialki onetsi zen aldaketa ez-funtsezko baten hasierako onarpena, baina hurrengo legealdian, 2015ean, prozesu osoa ia zerotik berrasi zen. Azkenik, 2019ko uztailean onetsi da EAEKo LAGen berrikuspen berria.

Nafarroako Foru Erkidegoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NFEko NLEn agertzen den Etorkizuneko funtzionalitate zentrala izeneko eskema.

NFEko lurralde-antolakuntzak abenduaren 20ko 35/2002 Legean du oinarri legala[11]. Bertan zehazten denez, lurralde-plangintzako figura edo tresna nagusia Nafarroako Lurralde Estrategia (NLE) izeneko agiria da, lurralde-antolakuntza mailako gidalerro nagusiak zedarritzen dituena, eta behin-betikoz 2006an aprobatu zena, Nasursa sozietate publikoak koordinatua[12]. NLEn etorkizuneko garapen-eredua zehazten da, Nafarroa eskualde-hiri gisa ulertzen duena.

NFEko lurraldea antolatzeko beste tresna Lurraldea Antolatzeko Plana da. Horretarako, Foru Erkidegoa bost eremutan banatu da (Pirinioak, Nafarroa Atlantikoa, Erdigunea —nagusiki Iruñerriaz osatua—, Erdialdeak eta Ebroko Ardatza).

Pirinio Atlantikoen Departamenduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraldearen antolakuntzari dagokionez, Ipar Euskal Herria ez da existitu instituzionalki 1996an Euskal Herriko Antolaketa eta Garapen Eskema delakoa sinatu arte, non Pays gisa agertzen den (nortasun juridikorik gabeko entitatea, hala ere)[13]. Kontratuak ez zuen aurrekonturik, baina ondoren hitzartuko ziren bi Lurralde Kontratuen aurrekariak ezarri zituen.

2008ko irailaren 8an 2007-2013 Euskal Herriko Lurralde Kontratua (Contrat Territorial Pays Basque) sinatu zuten Baionan[14], Ipar Euskal Herria egituratzen duen eta Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak sustatzen duten ekimen instituzionala[15]. Bertan, 213 milioi euro inguruko kostu orokorra estaltzen dituzten 77 ekimen biltzen dira, lurralde lehiakor eta arduratsu bat lortzeko helburu orokorrarekin. Ekoizpen-ekonomiari ematen diote lehentasuna.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • ARBAIZA, JOSEBA K; LOZANO, PEIO. Lurralde-antolamendua Euskal Herrian: gaur egungo egoera, gatazkak eta erronkak. Bilbo: UEU, 2010. ISBN 978-84-8438-330-7
  • ERKIZIA OLAZIREGI, JESUS MARIA: Hirigintza-plangintzatik lurraldearen antolamendura: eskala-aldaketaren premia. Euskal Autonomia Erkidegoaren egoera. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2003. ISBN 84-457-2047-3
  • Fernández de Betoño Sáenz de Lacuesta, Unai Hirigintzaren oinarriak (UPV/EHU & UEU, 2014)[16]
  • FERNÁNDEZ DE CÓRDOBA, MANUEL BENABENT: La ordenación del territorio en España. Sevilla: Universidad de Sevilla / Consejería de Obras Públicas y Transportes, 2006. ISBN 84-472-0869-9 (kontsultagarria Google Books-en)
  • LASAGABASTER HERRARTE, Iñaki: Lurraldearen Antolamendua: zer den, eta izan beharko lukeenari buruzko zenbait ideia. Bilbo: Manu Robles-Arangiz Institutua, 2008. kontsultagarria mrafundazioa.eus webgunean)
  • TERÁN TROYANO, FERNANDO: Madrid: Ciudad-Región. II. Entre la Ciudad y el Territorio, en la segunda mitad del siglo XX. Madril: Comunidad de Madrid, 1999. ISBN 84-451-1611-8
  • Lurraldea & hizkuntza, hizkuntza & lurraldea Donostian 2014ko urtarrilak 16-17. Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoa D.L. 2014 ISBN 978-84-7907-725-9 [17]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. [3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. KOOLHAAS, REM. Mutaciones. 1. argitalpena. Bartzelona: Actar, 2001. 2. orr. ISBN 84-95273-54-3
  2. a b Lurralde antolamendu Euskalterm webgunean “ordenación territorial” terminoaren ordain (noiz kontsultatua: 2021-08-27)
  3. (Ingelesez) The European Conference of Ministers Responsible for Regional/Spatial Planning (CEMAT)
  4. Lurralde antolamendu Hirigintza Zuzenbide Hiztegian, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 2021 ISBN 978-84-457-3479-7.
  5. (Ingelesez)(Frantsesez)(Alemanez) European Spatial Development Perspective
  6. www.meh.es: Egitura Funtsak
  7. (Gaztelaniaz) Espainiako Konstituzio Epaitegiaren 61/1997 epaia
  8. (Gaztelaniaz) El Mundo: Francia emprende la descentralización (2003/3/2)
  9. kazeta.info: "Balladur Batzordeak 20 proposamen egin ditu Frantziako lurralde berrantolaketari begira"[Betiko hautsitako esteka] (2009-02-25)
  10. (Gaztelaniaz) EAEko 4/1990 Legea
  11. NFEko 35/2002 Legea
  12. Nafarroako Lurralde Estrategia[Betiko hautsitako esteka] (azken agiria)
  13. Koldo Gorostiaga: "Ipar Euskal Herriarendako instituzio bat"[Betiko hautsitako esteka]
  14. PADeko Euskal Herriko Lurralde Kontratua[Betiko hautsitako esteka]
  15. Mikel Asurmendi (argia.com): Lurralde antolaketa. Estatu erreformei adi
  16. Fernández de Betoño Saenz de la Cuesta, Unai.. (2014). Hirigintzaren oinarriak. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-528-8. PMC 1055577566. (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  17. Lurraldea & hizkuntza, hizkuntza & lurraldea : Donostian 2014ko urtarrilak 16-17. Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoa D.L. 2014 ISBN 978-84-7907-725-9. PMC 907050520. (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]