Luxor

Koordenatuak: 25°41′48″N 32°38′40″E / 25.6967°N 32.6444°E / 25.6967; 32.6444
Wikipedia, Entziklopedia askea
Luxor
الأقصر
الاقصر
Ⲡⲁⲡⲉ
hiria
Administrazioa
Herrialdea Egipto
ProbintziaLuxorreko eskualdea
Jatorrizko izenaالأقصر
الاقصر
Ⲡⲁⲡⲉ
Posta kodea85511
Geografia
Koordenatuak25°41′48″N 32°38′40″E / 25.6967°N 32.6444°E / 25.6967; 32.6444
Map
Azalera416 km²
Altuera89 m
Demografia
Biztanleria202.232 (2006ko azaroaren 11)
48.474 (1996)
Dentsitatea486,13 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia0952
Ordu eremuaUTC+02:00
Hiri senidetuakKazanlak (en) Itzuli, Baltimore, Parintins, Shenzhen eta Brasilia
www.luxor.gov.eg

Luxor[1] (arabieraz الأقصر Al-Uqsur), Egiptoko hiri bat da, antzinako Tebasen hondakinen gainean eraikia, Antzinako Egiptoko Inperio Berriko eta Goi Egiptoko IV. nomoaren hiriburua izan zena. Nilo ibaiaren ekialdeko ibarrean dago, lehen ur-jauzia delakotik, (Asuanetik) 200 kilometro iparraldera. Bere biztanleria, 2006ko azken erroldaren arabera, 451.318 biztanlekoa da.

Izen egiptoarra: Uaset. Izen greziarra: Tebas. Izen arabiarra: Al-Uqsur.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nilo ibaiaren haranean dago, ibaiaren ertzean. Ibaia baino ehunka metro batzuk haratago, landaretza desagertu eta basamortua hedatzen da, bi alboetara. Mendebaldeko ibarrak erliebe oso malkartsua du. Klima, epela eta lehorra da, eta udan, tenperatura 40ºtik gorakoa da

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

    Datu klimatikoak (Luxor)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 23.0 25.4 27.4 35.0 39.2 41.4 41.1 40.4 38.8 35.3 28.9 24.4 33.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 5.4 7.1 10.4 16.0 20.2 22.6 23.6 23.2 21.3 17.3 11.6 7.1 15.5
Pilatutako prezipitazioa (mm) 0 0 0 0 0 0 0 0 0 1 0 0 1
Iturria: Climate Charts[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luxor, antzinako Uaset (antzinako egiptoarren arabera) edo Tebas (greziarren arabera) hiriaren zati da, Homerok "Ehun ateen hiria" deitua, bere harresietan zuen ate mordoagatik. Arabiarrek Al-Uqsur deitzen diote "Jauregien Hiria", bere eraikin ederrengatik, jauregitzat hartuak.

Antzinako Egiptoko tenplu handien hiria da (Luxor eta Karnak), eta mendebaldeko ibarreko nekropoli ospetsuena, non Egiptoko Inperio Berriko faraoi eta nobleak lurperatu ziren, Erregeen Haran eta Erreginen Haran ospetsuak.

Egiptoko Antzinako Inperioaren hasieran, Egiptoko hiriburua Menfis zen. Tebasek hartzen du Menfisen lekukoa Egiptoko hiriburu bezala K. a. 2050 inguruan, XI. dinastian, 1500 urtez, Antzinako Egiptoren hiriburua izan zelarik.

Arkeologia guneko monumentu eta tokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luxorreko Tenplua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luxorreko tenplua Inperio Berrian eraikia izan zen. Karnakeko tenpluarekin etorbide (dromos) baten bidez lotua zegoen, esfingeak alboan zituelarik. Nagusiki, bi faraoik eraiki zuten: Amenofis III.a (barnealdea eraiki zuen) eta Ramses II.ak, tenplua amaitu zuena. Beste faraoi batzuk ere lagundu zuten ingurua edertzen, apaindura, eraikuntza txikiago, baxuerliebe eta beste aldaketa batzuekin. Horien artean Akenaton, Tutankamon, Horemheb, Nektanebo I.a eta Alexandro Handia daude.

Tenplua, dromosekin, bi obelisko handirekin, sarrerako atearen albo banatan zeudenak (horietako bat Parisera eraman zen eta bertako Konkordiaren Plazan altxatua izan zen 1833an), eta bi eseritako estatua handirekin osatuta zegoen, azken hauek, pilonoen aurrean, Ramses II.a faraoia irudikatzen dutenak.

Patio handi bat du, prozesio kolomadia, ataria, gela hipostiloa, Mut, Khonsu eta Amon-Minen gelak, jaiotza gela, ofrenda gela, harrera gela, txaluparen santutegia eta beste zenbait santutegi.

Lehen patioaren ipar-ekialdean, duela mende asko, meskita bat eraiki zen, gaur egun bere zerbitzuak ematen dituena, tokiaren izaera erlijiosoa mantentzen duelarik.

Karnakeko Tenplua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amonen estatua erraldoia

Karnakeko tenplua, Antzinako Egipton, bereziki Egiptoko Inperio Berrian, eragin gehien izan zuen gune erlijiosoa izan zen. Tenplu nagusia, Amon jainkoaren gurtzari eskainia zegoen, baina beste egiptoar tenplu batzuetan bezala, beste jainko/sa batzuk ere gurtzen ziren.

Multzo hau, munduko gune erlijioso ezagunik antzinakoena da. Aire libreko museo erraldoi bat da, Antzinako Egiptoko kulturaren arrasto garrantzitsuak erakusten dituena. Egiptoko bigarren tokirik bisitatuena da Gizako Piramideen ondoren. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatua dago, antzinako Tebaseko beste hondakin batzuekin batera.

Erregeen Harana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erregeen Harana, Inperio Berrian zehar, faraoiak hipogeoetan lurperatzen ziren tokia zen. Hemen lurperatuak izan ziren XVIII., XIX. eta XX. dinastiatako faraoiak, baita erregina batzuk, printzeak, nobleak eta animaliak ere.

Erreginen Harana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreginen Haranean, XIX. eta XX. dinastietako erregina eta printzeak lurperatuak izan ziren, lehenagokoak ere aurkitu diren arren. Erregeen Haranaren hego-mendebaldean dago, Luxorren parean, Nilo ibaiaren mendebaldeko ibarrean, eta Erregeen Harana baino toki txikiagoa eta kalitate kaxkarragoko harrizkoa da Ta Set Neferu "edertasunaren tokia" izen egiptoarra jaso zuen, eta, arabieraz, gaur egungo Biban el-Harim da.

Memnoneko Kolosoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Memnoneko kolosoak, Amenofis III.a faraoiaren bi harrizko estatua erraldoi dira, Luxorretik mendebaldera daudenak, Medinet Habutik gertu.

Memnoneko kolosoak, bi estatua biki dira, Amenofis III.a faraoia eserita irudikatzen dutenak. Kuartzita blokeetan tailatuak daude, bereziki Giza eta Gebel el-Silsilako harrobietatik ekarria, Asuan iparraldean, baita harrizko oinarriak ere. Estatua hauen garaiera 18 metrokoa da.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luxorreko azoka

Luxorreko ekonomia, Egiptoko hiri askorena bezala, turismoari oso lotuta dago. Bertako biztanle asko, nekazariak ere badira.

Garraiobideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luxorrek nazioarteko aireportu bat du.

Berriki eraikitako zubi batek, Luxorren erdialdetik kilometro batzuetara, bi ibarren arteko komunikazioa errazten du, tradizionalki, ibaia baltsetan zeharkatzen baitzen.

Tren zerbitzu batek egunean bi aldiz lan egiten du, bata goizez eta bestea gauez, Luxorreko tenplutik milia batetara dagoen geltokian har daitezkeenak. Helmugak, beste batzuen artean, Asuan eta Kairo dira.

Herri eta hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]