Seneka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Luzio Anneo Seneka» orritik birbideratua)
Seneka

Antzinako Erromako senataria

Bizitza
JaiotzaCordubaK.a. 4
Herrialdea Antzinako Erroma
BizilekuaCorsica (en) Itzuli
Erroma
HeriotzaErroma65eko apirilaren 12a (59/68 urte)
Heriotza moduaderrigortutako suizidioa: odolustea
Familia
AitaSeneka Zaharra
AmaHelvia
Ezkontidea(k)Pompeia Paulina (en) Itzuli
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
greziera
Irakaslea(k)Sotion (en) Itzuli
Papirius Fabianus (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakantzerkigilea, poeta, filosofoa, aforista, estatu-politikaria, politikaria eta idazlea
Lantokia(k)Erroma
Lan nabarmenak
InfluentziakPublio Siro, Attalus (en) Itzuli eta Euripides
MugimenduaEstoizismoa

IMDB: nm0784172 Musicbrainz: d787fd08-ece5-4b64-8670-7208765601e1 Discogs: 3009934 Edit the value on Wikidata

Luzio Anneo Seneka (latinez: Lucius Annæus Seneca) halaber Seneka Gaztea edo, besterik gabe, Seneka deiturikoa (Kordoba, c. K.a. 4- Erroma, 65), batik bat moralari buruz aritu zen filosofo estoiko nabarmen bat izan zen. Erromatar Inperioko politika pertsonaia garrantzitsua ere izan zen. Bere idazkiei esker, mendeetan barrena estoizismoaren pentsaera ulertzeko ezinbesteko erreferentzia izan da. Bizitza politiko arrakastatsu eta azkenean dramatikoa ere izan zuen: Neron enperadorearen maisu eta aholkulari, Neron beraren aurkako konspirazio batean nahasturik, heriotza-zigorra ezarri zitzaion, baina bete baino lehen bere buruaz beste egin zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Betika erromatar probintziako Corduban, egungo Kordoban, jaio zen K.a. 4. urtearen inguruan [1][2]. Italia iparreko familia batekoa zen Marko Anneo Seneka edo Seneka Zaharra erretoriko edo hizlari ospetsuak eta Kordobako bertakoa zen familia erromanizatu batekoa zen Helvia bere amak izan zituzten hiru semeetatik bigarrena izan zen: Luzio Anneo Novato bere anaia zaharrena Galion prokontsul izango zen eta Anneo Mela anaia txikiena Lukano poetaren aita izan zen. Txikitan, K.o. 5. urterako, Erroman zegoen jada. Marzia bere izebak eraman zuen bertara, Senekaren beraren hitzetan [3], eta bere zaintzapean igaro zuen haurtzaroa. Grammaticus edo oinarrizko gaietarako irakasle baten eskuetan jarri zuten baina horrez gain maila altuko heziketa ere jaso zuen. Horrela, erretorika eta filosofia ikasi zituen, baina filosofiarako joera handiagoa erakutsi zuen txikitatik. Horrela, Sextii filosofia eskola estoiko-pitagoriko-zinikora bildu eta bertan Fabiano Papirio, Sozion eta Atalo filosofoen ikasbideak arretaz eta gogoz hartu zituen. Irakasle hauek erakusten zuten bizimodua ere jarraitu zuen: begetariano izan zen (urtebetera utzi behar izan bazuen ere), ohe gogorretan lo egin eta bainu hotzak hartu zituen bolada batez. Txikitatik sarri gaixorik, bere izebak zaintzen zuen askotan eta Galerio bere senarra urtetan Egiptoko prefektua izan zela baliatuz, beraiekin batera egon zen Alexandrian osasuna hobetzearren, 25. urtetik 31. urtera arte seguru asko. Prefektuaren giroan denetariko pertsonaia nabarmenak ezagutu zituen eta horrela egiptoar pentsaerarekin interesatu zen. Garai hartan Alexandria juduak, grekoak eta betiko egiptoarrak biltzen zituen hiria zela kontuan hartu behar da. Egiptoko geografia eta erlijio errituak izeneko liburu bat ere idatzi zuen bertan, egun galdurik dagoena [4]. Alexandriatik abiatuz, Goi Egiptoraino bidaiak ere egin zituela egiaztatu da.

Galerio Erromara deitua izan zen eta Senekak ere bere osaba-izebekin joan behar izan zuen. Erromarako itzuliko bidaian ekaitz batek harrapatu zuen ontzia eta bertan hil zen Galerio. Ordurako osasun onez eta eragin politikoa atxikitzen zuen izena Martziaren babespean betiere, cursus honorum edo karrera politikoa jarraitu zuen eta horrela 33-35? urteetan kuestore izan zen, Tiberio enperadorearen konfiantzapean. Garai horretan lehenengo aldiz ezkondu eta Marko Anneo semea izan zuen. De lapidum natura (Harrien izaeraren gainean), De piscium natura (Arrainen izaeraren gainean) eta De motu terrarum (Lurrikaren gainean) liburuak idatzen ditu urte hauetan, egun galdurik badaude ere. Kaligularen agintepean bere karrera politikoa jarraitu zuen, kuestore eta pretore bitarteko magistratua izan zen. Kaligularen arrebak ziren Julia Livila eta Agripinaren babesa izan zuen hasieran baina Kaligulak bere arrebak erbesteratu zituenean, kolokan jarri bide zen bere egoera. Zalantzazko sinesgarritasuna duen anekdota batean, Kaligulak Seneka hiltzeko agindua eman zuen bekaizkeriaz Senekaren hitzaldi arrakastatsua entzun ondoren, baina Seneka gaixorik zegoela eta laster berez hilko zela argudiatuz emakume ezezagun batek salbatu omen zuen [5]. Kaligula eraila izan ondoren eta Klaudioren agintepean, Kaligulak erbesteratutako Julia Livila itzuli zen Erromara. Seneka pertsonaia ospetsua zen garai hartan. Klaudio bereganatzeko ahaleginetan, Mesalina bere emaztea eta Julia Livila bere iloba aritu ziren azpikeriatan. Horrela, Julia Livila eta Senekaren aurkako adulterio salaketa plazaratu zen. Horregatik Julia Livila erail eta Seneka Korsikara herbesteratu zuten 41. urtean. Korsikan naturari buruz ikertu eta arimari buruz pentsatzeko askatasuna eta lasaitasuna aurkitu zituen. Hausnarketa horien emaitza omen da egun galdurik dagoen Munduaren eiteari buruz izeneko idazkia. Ad Helviam matrem de consolatione eta Ad Polybium de consolatione gutun-entseguak bertan idatzi zituen [6].

Seneka eta Neron, Eduardo Barrónen eskultura batean (Kordoba)

Mesalina erail eta gero, Klaudio Agripina gaztearekin ezkondu zenean itzuli zen Seneka Erromara eta berari esker lortu zuen pretore kargua 50. urtean. Domizio Agripinaren semea (gerora Neron izango zena) hezteko ardura eman zion Agripinak berak Senekari, praeceptor gisa, Britaniko Klaudioren semea baztertzeko ahaleginetan[7]. Garai horretan hil arte bere bigarren emaztea izango zen Pompeia Paulinarekin ezkondu zen. 54. urtean Agripinaren aginduz Klaudio pozoitua erail zutenean, Neron enperadore berriak eman behar zuen hildakoaren alabantza hitzaldia Senekak idatzi zuen, baina aldi berean Klaudiori iseka egiten zion idazki bat ere plazaratu zuen: Apocolocyntosis divi Claudii izenburuko satira [8]. Agripinak Seneka erabili bazuen ere, Senekak ere bere interesei begiratzen zien konspirazio hauetan: Neroni esker asko aberastu zen eta bere ideia politikoak errealitate bihurtzen ari ziren [9]. Kontuan hartu behar da Seneka errepublikazalea zela eta ez zuela begi onez ikusten aurreko enperadorearen eta ingurukoen neurrigabeko boterea. Kontsul izendatu zuten 56. urtean[10]. 58. urtean Neron eta bere aholkulariak zen Seneka eta Sexto Afranio Burro pretore prefektua Agripinarengandik urrunduak ziren, Agripina Neron bere semearen aurka jartzen hasia baitzen bere maitaleak eta ezkontza asmoak zirela-eta. Neroni Agripina erailtzeko aholkua eman zion Senekak azkenik: Agripina 59. urteko martxoan eraila izan zen [11][12]. Senekak gutun bat idatzi zion Senatuari Neron defendatuz eta Agripinaren hilketa justifikatuz.

Luca Giordanoren Senekaren heriotza (1684)

Ondoren, Neronen neurrigabeko boterea eta despotismoa ikusirik, politika alde batera uzten hasi zen Seneka, bere aurkako kritikak areagotu ahala. Sexto Afranio Burro bere lagunaren heriotza izango zen bizitza publikoa erabat uzteko erabakia hartzera bultzatu zuena 62. urtean. Hala eskatu zion Neroni, bere ondasun guztiak eskaintzearekin batera. Erromako gortea utzirik, Epistulae Morales ad Lucilium entsegu moralak idatzi zituen. Azkenik, Neronen aurkako Pisonen konspirazioan nahastu eta bere buruaz beste egitera behartua izan zen 65. urtean. Haren heriotzari buruzko xehetasunak Tazitoren Analetan kontatzen dira [13].

Pentsamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seneka ez da filosofia sistema berri baten sortzailea. Bere garaian oparoak ziren filosofia estoikoaren iturrietatik edaten duen pentsalaria izan zen, pentsamendu estoikoaren alderdi zenbait zehazten dituena. Halaber, xehetasun teorikoak alde batera utzi eta batik bat aholku praktikoak ematen dituen filosofoa da. Beste alde batetik, Seneka eklektikoa izan zen eta horrela beste filosofia eskolen irakaspenak ez zituen baztertu, Epikuro kasu. Filosofia bizitza bera da bere iritziz [14]. Hori horrela, haren filosofia zalantzan jarri izan da eta bigarren mailako pentsalaritzat jo, estoizismoaren jarraitzaile eta dibulgatzaile hutsa dela adieraziz. Senekak, ordea, bere independentzia intelektuala aldarrikatu zuen bere idazkietan, betiere bere burua estoikotzat joz. Beharrezko zuenean gainera, estoikoak izan ez ziren filosofoen kontzeptuak eta ideiak bereganatu zituen, Platonen arima kontzeptua esaterako.[15]

Gehien landu zuen arlo filosofikoa etika izan zen. Beste gaietan (epistemologia, logika, fisika...) jakintsua bazen ere [16], nola bizi behar den zen bere kezka nagusia. Pausoz pausoko sistema bat jarraitu beharrean, ordea, etika pertsonal bat irakasten digu, non norberak bere barnean arakatu behar duen bide jakintsu eta zuzena hartzeko.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan filosofikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dialogo izenez (Dialogi) ezagutzen dira 40-65 urte bitartean Senekaka idatziriko eta batik bat gai moralak aztertzen dituzten lanen bilduma bat [17]. Ez dira benetako dialogoak, filosofoak lehenengo pertsonan hitz egiten baitu beti, De tranquillitate animi dialogoan izan ezik, non Senekak Sereno bere lagunarekin benetako dialogo bat irudikatzen duen. Hau da dialogoen zerrenda:

Idatzi zituen betse lan filosofikoak hauek dira:

Literatura lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tragedia hauek idatzi zituen:

Klaudio enperadorearen satira bat ere idatzi zuen:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bere jaiotze-urtea ezin da zehazki finkatu. Besteak beste, Senekak berak emandako erreferentzietan oinarrituz, K.a. 8-1 urte-tartea ezarri da. Ikus, Miriam Tamara Griffin: Seneca. A Philosopher in Politics, 34-36 orrialdeak.
  2. Pierre Grimalek K.a. 1. urtea ematen du data probableen gisa: gaztea zen 19. urtean Tiberioren agintepean ekialdeko kultoak debekatuak izan zirenean eta 62. urtean Senekak Neroni bere kabuz bizitzeko baimena eskatzean, 60 urtetan finkatzen zen zahartzarora heldua zen. Pierre Grimal: Sénèque, 12. orrialdea.
  3. Pierre Grimal, op. cit., 13. orrialdea.
  4. Pierre Grimal, op. cit., 18-20 orrialdeak.
  5. Pierre Grimal, op. cit., 27-29 orrialdeak.
  6. Pierre Grimal: op. cit., 29-31 orrialdeak.
  7. Domizio Klaudioren semetzakoa zen, Agripinak aurreko senar batekin izandako semea alegia.
  8. Pierre Grimal, op. cit., 58-59 orrialdeak.
  9. Inperioko ondare handienetakoa eskuratu zuen Senekak Neroni esker. Aberastasunari esker bere eragin politikoa sendotu ahal izan zuen.
  10. Miiram Tamara Griffin: op. cit., 73. orrialdea.
  11. Pierre Grimal: op. cit., 69-71 orrialdeak.
  12. Hilketan Senekak izan zuen parte hartzea eztabaidagarria da.
  13. Hemen aurki daiteke testu osoa gazteleraz: (Gaztelaniaz) La muerte de Séneca (Tácito)
  14. (Gaztelaniaz) Jean Bayet: Literatura latina, 314. orrialdea.
  15. (Ingelesez) Stanford Encyclopedia of Philosophy: Seneca, 2:Seneca's Stoicism
  16. Gaztetan zientzia gaiak ikasi eta aztertu zituen. Zahartzaroan Quaestiones naturales bere liburuan gai zientifikoak berriz ere ikertu zituen.
  17. Dialogi izena da lan hauei eskuizkribu nagusia den Codex Ambrosianus bilduman ematen zaien izenburua. Entsegu moralak izena ere jarri izan zaie.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Seneka Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Seneka