Míkmaq

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Míkmaq nazioaren bandera.

Míkmaq, mi'kmaq edo mikmak (mikmakeraz: míkmaq, míkmaw edo mìgmao) Ipar Amerikako amerindiar komunitate edo nazio bat da. Gaur egun, estatuen mugei dagokienez, Brunswick Berrian, Ternua eta Labradorren, Eskozia Berrian, Eduardo Printzearen Uhartean eta Quebecen bizi dira Kanadan; eta Mainen, Ameriketako Estatu Batuetan. Beren lurraldeari Mi'kma'ki deitzen diote.

Badirudi míkmaqek beren buruari hasiera batean lnu'k edo l'nu'k deitzen ziotela. Izen horrek «gizakia» edo «jendea» esan nahi duela dirudi. Míkmaq izenak, berriz, haien hizkuntzan «nire lagunak» esan nahi bide du.[1]

Uste da, gainerako amerindiar herri guziak bezalaxe, Asiatik etorri zirela, eta hamar mila urte inguru daramatzatela lur horietan. Orain dela gutxi arte, herri nomada izan da: negua barnealdeko haranetan ematen zuten; eta, udan, berriz, kostaldera hurbiltzen ziren, ehizara edo arrantzara. Gaur egun batez ere kostaldean arrantzan jarduten dira, eta kanoen herria deitu izan zaie.[2]

Mik'maq herria 40.000 pertsona inguruk osatzen dute, eta horietatik gutxi gorabehera 11.000 algonkin hizkuntzen hiztun dira, zehazki mikmakerarenak. Antzina hieroglifo idazkera erabiltzen bazuten ere, denborarekin latindar alfabetoa bereganatu zuten.

Gaur egun erreserbetan daude egituratuta, eta erreserba horiek nazio izaera dute. Hori dela eta, erreserba horietatik kanpo bizi direnek ez dute mi'kmaq identitate ofizialik.[3]

Aipatzekoa da herri haren eta euskal herritar arrantzaleen arteko harremanen ondorio izan zen algonkin-euskara pidgina, XVI. eta XVII. mendeetan erabilia.

Lurraldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde historikoak.

Nazioaren zazpi lurraldeak hauek ziren: Kespukwitk, Sikepnékatik, Eskíkewaq, Unamákik, Piktuk aqq Epekwitk, Sikniktewaq eta Kespékewaq. Hala ere, frantziar eta britainiar inperioen aurkako gerren ondorioz, XVI. mendetik aurrera lurraldea etengabe galduz joan ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. http://www.native-languages.org/mikmaq.htm
  2. MAIA, Jon: Apaizac obeto. Donostia: Elkarlanean, 2006. 111. orria.
  3. MAIA, Jon: Apaizac obeto. Donostia: Elkarlanean, 2006. 111. orria.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Míkmaq Aldatu lotura Wikidatan