Makina sinple

Wikipedia, Entziklopedia askea

Makina sinpleak gizakiak antzinatik erabiltzen dituen eta lan fisikoa arindu eta errazten dioten oinarrizko tresna batzuk dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aizkoran, karraskagailuan, zulagailuan eta beste hainbat tresnatan oinarrituta sortu ziren lehenengo lanabesak, eta tresna horien hainbat adibide aurkitu izan dira antzinako gizakia bizitako lekuetan: aiztoaren edo labanaren modura zorroztutako harriak; lurra zulatzeko edo harrotzeko aitzurrak; hainbat erabileratako aizkorak; hezurrezko, adarkizko edo harrizko muturra duten ehizarako lantzak... Tresna horiek, eraldatuta, jakina, oraindik ere erabiltzen dira.

Ezagutzen den lehenengo tornua K.a. 850 urtekoa da. Honen irudia antzinako Egiptoko Petosiris apaizaren hilobian agertzen da.

Urte askotan zehar tornuek "biolin-arkua" sistemarekin funtzionatu zuten. XIII. mendean pedal eta pertika malgudun tornua sortu zen. Tornu berri hau oinekin eragiten zen, eskuekin eragin beharrean. Hau abantaila bat zen, izan ere, honela eskuak libre geratzen ziren beste gauza batzuk egin ahal izateko. XV. mendean zehar beste bi hobekuntza gertatu ziren: polea bidezko transmisioa eta biela-biradera mekanismoa.

Ingalaterran iraultza komertziala hazi zenean, XVII. mendean zehar, alegia, pieza metalikoei forma emateko kapaz ziren tornuak sortu ziren.

Zenbakizko kontrolaren inguruko lehenengo garapenak John T. Parsons asmatzaile iparramerikarrak egin zituen, 1940ko hamarkadan.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Makina sinpleek gizakiaren parte-hartze zuzena behar dute funtzionatzeko eta gauzak mugitzeko, igotzeko, jaisteko, banatzeko, elkartzeko eta beste hainbat gauzetarako balio dute.

Adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txirrika

Hauexek dira makina sinple ezagunenak: palanka, txirrika, gurpila, plano inklinatua, tornua eta ziria.

  • Palanka: Palanka barra zurrun bat da. Funtzionatzeko mugitu nahi den gorputzaren azpian eta euste-puntua deitzen zaionaren azpian sostengatuz erabiltzen da, libre geratzen den aldean indarra (potentzia) egiten da eta altxa nahi dugun gorputzaren erresistentzia gainditzen dugu.
  • Txirrika: Buelta osoan erretena duen gurpila da txirrika. Pisuak modu erosoan altxatzen laguntzen du txirrikak.
  • Gurpila: Ardatz baten inguruan biratzen duen atal biribila da. Gorputz astunak errazago garraiatzen laguntzen du edo motor baten bidez gorputz astunak garraiatzen ditu.
  • Plano inklinatua: Maila ezberdinetan aurkitzen diren bi punturen artean kokatutako planoari deitzen zaio plano inklinatua. Gorputz astunak altxatzeko edo mantso jaisteko erabiltzen da makina hori.
  • Tornua: Ardatz baten inguruan biratzen duen zilindroz osatutako makina da tornua. Pisuak behetik tornua dagoen mailaraino altxatzeko erabiltzen da makina hori.
  • Ziria: Gai solidoan sartuz irekidura bat egiteko gai den material gogorrezko pieza mutur zorrotza da ziria. Harriak edo zurak pilatzeko erabiltzen da ziria.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]