Malaka

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Malaka estatuaren kokapen-mapa
Malaka estatuaren bandera

Malaka[1] (malaysiera: Melaka) Malaysiako estatu bat da. Malakako penintsularen hegoaldean dago, Malakako itsasarteetako ekialdeko ertzean. Haren mugak dira Negeri Sembilan estatua iparraldean eta Johor estatua hegoaldean. Hiriburua Malaka Hiria da.

Estatuak 1.664 km² ditu, eta 2010ean 788.706 biztanle zituen, hau da, 470 bizt/km²-ko dentsitatea. Hiru barrutitan banatuta dago: Erdialdeko Malaka (Melaka Tengah) (314 km²), Alor Gajah (660 km²) eta Jasin (676 km²).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1400. urtearen inguruan sortu zen Malakako sultanerria, eta portugesek, Afonso de Albuquerque buru zela, 1511ko abuztuaren 24an menderatu zuten. Portugesek Malaka Hiria gotortu, eta portua sendotu zuten. Kokaleku estrategikoa duenez, Asiako hegoaldeko merkataritza-gune nagusietako bat izan zen, Goa eta Zeilanekin batera. Txina, Japonia, India eta Moluken arteko merkataritzaren erdigunea izan zen.

Frantzisko Xabierkoak zenbait hilabete eman zituen Malakan 1545 eta 1546an, eta 1549an.

1641ean nederlandarrek portugesak garaitu, eta eskualdea bereganatu zuten. Ekialdeko Indietako Konpainia Nederlandarraren base nagusietako bat ezarri zuten bertan. 1824ko Itun Anglo-nederlandarraren bidez, britainiarrek eskuratu zuten nederlandarrei Sumatrako lurralde batzuk ematearen truke.

Geroztik, eta 1946 arte, britainiarren mende egon zen. Lehenik, Ekialdeko Indietako Konpainia Britainiarraren gobernupean, eta gero, Koroaren kolonia gisa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Malaka Aldatu lotura Wikidatan