Malerrekako hizkera

Wikipedia, Entziklopedia askea

Malerrekako hizkera Nafarroa Garaiko iparraldean, Malerreka eskualdean mintzatzen den euskal hizkera da, Iparraldeko goi nafarreraren azpieuskalkia. Malerrekako hizkera, berez, ez da bloke homogeneo bat, udalerriaren arabera inguruetako Leitzaldea, Bortziri eta Baztan eskualdeetako eraginak baititu, eta, bestalde, udalerri bakoitzeko euskarak ere bere tokian tokiko berezko ezaugarriak baititu.

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Malerrekako hizkeran bi multzo bereizten dira. Batean, Ezkurra ibaiaren goi arroan, esan aditza san esaten da; bestean, esan aditza erran esaten da. Multzo bi horien arteko muga Saldias eta Zubieta artean, eta Saldias eta Beintza-Labaien artean dago.

san (esan)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

erran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Malerrekako Migel Urroz[1] (Ahotsak[2] proiekturako)
    Malerrekako euskaran hika tratamendua gaur egun bizi-bizirik eta oso sendo mantentzen da.
  • san / erran (esan): Malerrekan san (esan) eta erran hitzen arteko bi eremuen banaketa dago. Ezkurra, Eratsun, Saldias udalerrietan, hots, Ezkurra ibaiaren goi arroan, esan aditza san ebaki ohi da, adibidez: Esango diot > Sanen diot, Leitzaldea (Leitza eta Goizueta), Larraun (hedadura gehienean) eta Ultzamaldea (Igoa eta Beruete) eskualdeko euskararen eraginez. Aldiz, Zubieta eta Beintza-Labaien udalerrietatik aurrera gainerako Malerrekako udalerri guztietan, hots, Ezkurra ibaiaren behe arroan, esan aditza erran esaten da, adibidez: Esango diot > Erranen diot, Bortziri eta Baztango euskararen eraginez. Hortaz, san («esan») eta erran aldaeren arteko muga Saldias, Zubieta eta Beintza-Labaien udalerrien artean dago.
  • "J" hizkia "y" ahoskatzen da. Joan duk > Yon dok edo Yun dok, Joaldunak > Yoaldunak. (Larraun-en kasu ez)
  • Aditz molde bereziak dituzte. Adibidez: Ez dut > Eztot, Hitz egin > Yolasin (Jolas egin/Solas egin), Irikita > Irikie, Itxita > Itxie.
  • Malerrekako hizkerak beste azpieuskalki batzuekin batera (baina euskara zabalduenak ez bezala) erabiltzen dituen hitzak. Adibidez: idortu (lehortu), iratzea (garoa), loie (lokatza).
  • Geroaldiko atzizkia -EN da Malerrekan, nafarrera osoan bezala. Adibidez: Esango diet > Sanen diet, Emango dizut > Manen dizot/dizut.
  • Latin-erromantzeetako -ON(E) amaierak -ON atzizkia ematen dute Malerrekan (euskara batuan, -OI). Adibidez: Bota ezak baloia > Botazak balona. Baita erdarakada hauetan ere: kajoia > kajona, kabroia > kabrona. Hartara, gipuzkerako Hi kabroia haiz esaldia Hi kabrona yaiz da Malerrekako hizkeran.
  • Beste euskalkietan TX (gipuzkeraz) edo X (Iparraldean) direnak, Malerrekako hizkeran Z ahoskatzen dira (Nafarroa Garaiko beste hainbat eskualdetan bezala). Adibidea: zapela (Malerreka) = txapela (Gipuzkoa-Bizkaietan), xapela (Iparraldean); zokoa (Malerreka) = txokoa; zerrie/a (Malerreka) = txerria; eta abar.
  • S / X / Z eta TS / TX / TZ soinuak bereizten dituzte hiztunek.
  • Instrumentalari dagokionez, euskara batuko -z atzizkia (eskuz, pilotaz) maiz -s ebakitzen da, Larraunen batez ere, (eskus, pillotas).
  • Aurreko -i- edo -u- baten eraginez, -a artikulua -e bihur daiteke: iturria > itturrie. Bestela, artikulua galdu eta hitzaren azken bokala luza daiteke: itturrii.
  • izan eta ukan aditzei dagokienez, Leitza eta Larrun aldeko askotan dut > dot bihurtu da, daukat > dauket (Goizueta aldean, daukit).
  • egon aditzari dagokionez, Leitza eta Larraunen zegoan / zeon. Leitzan, egon naiz > eondu naiz, eta Larraunen egon naiz > eondittu/o naiz.

Erdarakadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Malerrekako hizkeran ere, gainerako euskal hizkeretan bezala, badira erdarakadak:

  • planta = landare
  • pues = baina (nafarrera osoan oso ohikoa den ordezkapena)
  • maize = artoa

Zenbakiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Zenbaki-sistema hogeitar»

Orain dela denbora gutxi arte, zenbakiak adieraztean, jende gehientsuenak zerabilen Nafarroa Garaian eta Iparraldean ohikoa den -etan hogei, hots, zenbaki-sistema hogeitarra (gaur egungo euskaran zabalduena den laurogei, hartara, lauretan hogei da euskal hizkera horietan). Gaur egun, gipuzkeraren eraginez, zenbaketa modu hori galdu egin da gazte jende gehienaren ahotan, nahiz eta adineko jendeak oraindik erabiltzen duen. Bi molde horiek ditu onartuak euskara batuak, nahiz eta gipuzkerakoa (bizkaierakoa ere badena) gaur egungo euskaran zabalduena den. Adibideak:

  • 60 = hirurogei (gipuzkera) = hirutan hogei (Malerrekako euskara; euskara batuan, hiruretan hogei).
  • 80 = laurogei (gipuzkera) = lautan hogei (Malerrekako euskara; euskara batuan, lauretan hogei).

Frantsesez ere kasu hori ematen da:

  • 80 = quatre-vingt = lauretan hogei
  • 90 = quatre-vingt-dix = lauretan hogei eta hamar

Europako beste hainbat hizkuntzetan ere zenbaki-sistema hogeitarra hau erabili dute: danieraz, galeseraz, bretainieraz, irlanderaz, Eskoziako gaeleraz, albanieraz, georgieraz eta eslovenierazko resiar dialektoan.

Hitzak eta esamoldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • aierre = ahier = nahi izan, gogoa izan. Adibidez: Ez naiz aierre; Aierre zeok hori, noski.
  • aixtin / axtin = arestian.
  • aitz = hagitz = oso. Adibidez: Aitz ongi (hagitz ongi, oso ongi).
  • aleie = alegia.
  • arrunt = oso. Adibidez: Arrunt nekatua/e (Oso nekatua).
  • atautxia eta amatxia = aitona eta amona.
  • atsein = atsegin. Adibidez: Atsein duk horrekin!
  • azienda = ganadua. Baztan eta Bortziriak eskualdetan ere esan ohi da.
  • banarra = babarruna.
  • berriketan egin = denbora-pasa solasean edo hizketan aritu.
  • biñipin, biñipen edo beñepen = behinik behin.
  • biño, beño = baina/baino.
  • deus = ezer, ezezko esaldietan (deus ez = ezer ez).
  • ergela = inozoa.
  • erran / san = esan.
  • errist egin / erristi egin = errieta egin.
  • goitti behitti = goitik behetik.
  • hala fekoa! = hala fedekoa! (harridura adierazteko).
  • honata, harata = hona, hara.
  • iolas egin = hitz egin, mintzatu.
  • iratzea = garoa.
  • iratzea egin = garoa bildu.
  • kokoso = arkakuso.
  • labrantza etxea = herrigune batean dagoen baserri edo etxaldea.
  • langarra = lanbroa.
  • laplast egin = labaindu, irrist egin.
  • loie = lokatza.
  • lur sagarra = patata. Adineko jendeak erabilia, frantsesezko pomme de terre izenetik eratorria.
  • majiñ bat = makina bat. Adibidez: Majiñ bat auto = Makina bat auto.
  • maindira = maindire, izara.
  • mandioa = ukuilua.
  • ohatzea = ohea.
  • ongi (nafarrera osoan bezala) = ondo.
  • ostatue = taberna.
  • saarroie = sagarroia, trikua.
  • solas in = solas egin, hitz egin, mintzatu.
  • txapiñe = Galtzerdia. Tolosaldean ere erabilia, baina bestelako esanahiarekin (etxeko oinetakoak baitira Tolosan).
  • txeketu = zikiratu. Adibidez: Txeketuko iaut! (Malerreka) = Zikiratuko haut! (euskara batua).
  • urri belarra = urrian ebaki ohi den belarra.
  • ziarka = zeharka.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Umetako jolasak: "txintxarikuan" eta "sosetan" - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
  2. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]