Manierismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Giambologna: Ratto delle Sabine (1574-82). Uffizi Galeria, Florentzia.

Manierismoa Goi Pizkundearen amaieratik Barrokoaren hasteraino Europa gehienean hedatu zen estilo artistikoa izan zen. Italian izan zuen hasiera eta han 1520 eta 1600 artean iraun zuen[1]. Manierismoan forma eta adierazpidea azpimarratzen dira ideiaren edo adierazi nahi denaren gainetik.

Barrokoko artistentzat gainbehera etorritako arte molde bat zen manierismoa, batere orijinaltasunik gabea. Iritzi hori zabaldu zen eta hori izan da mendeetan nagusi, harik eta kritika modernoak arte estilo horretako obrei duten balioa aitortu dien. Obra ezezagunak dira asko, eta arbuiatuak ere bai, batzuk.

Manierismoaren jatorria eta definizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manierismoaren jatorri etimologikoa XVI. mendeko idazleren batzuk, Giorgio Vasari kasu, -ren modura (a la maniera) margotzen zuten artistei ematen zieten definiziotik dator, hau da, Michelangelo, Leonardo da Vinci edo Rafaelen estiloa jarraituz, baina, hasieran behintzat, izaera artistiko argi bat mantenduz. Vasarik bi modutara erabiltzen zuen maniera hitza, inoiz ez era gaitzesgarrian. Batetik, bere garaiko artearen estiloari burla hitz egiteko, adibidez, manera modernoa erabiliko zuen, Bestetik, obra baten ezaugarri bereziez ari zelarik, hala nola harmoniaz, neurriez, fantasiaz edo dotoretasunaz, bella maniera erabiliko zuen.

Izenaren esanahi gutxiesgarria aurrerago erabiltzen hasi zen, maniera hori maisu handien teknika imitatibo hotz bat bezala ulertua izan zenean. Italiako Pizkunde beteko artista handien eta batez ere Michelangeloren perfektotasun idealaren ondoren, XV. mendearen bukaeran, jadanik XVI. mendeko artisten gainbehera etorri zelako ideia zabaldu zen. Ideia hori gero Giovanni Pietro Bellorik bereganatu zuen 1672an, Pizkundeko pintore handienen obrak (Rafael, Michelangelo) haien erara, baina orijinaltasunik gabe, antzeratzen zituztenak izendatzeko. Hala bada, manierista hitza XVII. mendearen erdialdean hasi zen erabiltzen gaitzespen zentzuarekin artista imitatzaile eta zaharkitu horiek izendatzeko.

Azkenik, 1792an, Luigi Lanzik manierismo hitza asmatu zuen. Azterketa zorrotz bat ere egin zuen, eta higikunde horretako artistek batere orijinaltasunik ez zutela ondorioztatu zuen, haien estiloa Pizkundeko maisu handiek ezarritako formulen antzeratze eta errepikatze hutsean oinarritzen zelakoan. Halaber, manierismoaren muga kronologikoak finkatu zituen, Karlos V.ak Erroma harrapakatu zuen urtearen (1527) eta Carracciren etorreraren artean.

XIX. mende osoan garrantzi historikorik gabeko estilotzat hartu zen manierismoa. Garai hartako artistei buruzko lehenengo azterketak ez ziren XX. mendearen hasiera arte egin. Walter Friedländerrek ideal klasikoarekin haustearen eta Pizkundearen estetikaren kontrako matxinada baten adierazpide gisa interpretatzen zituen lehen manierismoaren ezaugarriak (irrealismo espaziala, irudien proportzioen luzapena, zutitasuna). Beraz, estilo antiklasikoa izan zen. Rosso Fiorentino, Pontormo eta Parmigianino izan ziren lehenengo artistak, baina Friedlanderrek Michelangeloren azkeneko obrak (Kapera Sixtinoa) hartu zituen estilo horretako jatorri eta oinarritzat. Haren ustez, lehen manierismo horri antzeratze aldi bat jarraitu zitzaion eta, XVI. mendearen bukaeran, beste erreakzio bat, manierismoaren aurkakoa itxuraz, baina Pizkunde garbiaren antzekoa, egia esateko. Beste ikertzaile batzuek hiru aldi bereizten dituzte manierismoaren barnean, horietako bat joera klasikokoa.

Manierismoa eta Kontraerreforma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jacopo Pontormoren Deposizione, 1528, Chiesa di Santa Felicita, Florentzia.

Trentoko kontzilioan sortu ziren arau berriak indarrean jartzearekin batera, aro berri bat hasi zen Elizaren eta artearen arteko harremanetan. Elizarentzat egiten ziren artelan guztiak teologoen kontrolpean zeuden. Artistak gai biblikoen interpretazio kanonikoari lotu behar zitzaizkion nahi eta nahi ez, kanonetik desbideratzeak Inkisizioaren ikerketa ekar baitzezakeen. Erlijio gaietan debekatu egin ziren biluziak eta, ordura arte beti biluzik irudikatu ziren irudiak ere (Adam eta Eva, adibidez), garbitasun ohialez estali ziren. Hala, 1559an, Paulo IV.ak Daniele da Volterrari Michelangelok Azken Judizioan askatasun osoz margotu zituen biluziak estaltzeko agindu zion.

Alabaina, Kontraerreformak ez zuen artearen aurka egin nahi, artea heresiaren aurkako armatzat erabili baizik, eta, hortaz, kontrolpean eduki zuen. Kontraerreformaren lehenengo aldiarekin batera gertatu zen arren, ez zen manierismoa Kontraerreformako ideiak zabaltzeko estilo egokiena, elite intelektualei begira egindako artea baitzen, eta Elizak beste moduko arte bat behar zuen, erlijio gaien ikuspegi herrikoiarekin adosago egongo zena: barrokoa.

Kontraerreforma zabaltzean, Goi Pizkundeko artean izandako askatasuna galdu zuten manieristek. Askatasun irrikaren eta munduari buruzko irudi berri baten ezarpenaren artean banatuta aurkitzen ziren. Kontraesan horrek eragin handia izan zuen maisu manieristen nortasunean. Garai hartako artista askok bizimodu bitxia zeramaten, bakartuak bizi ziren, eta psikopatiak jotakorik ere bazen: Parmigianinok tristura handi batek hartua bizi izan zen bere bizitzaren azkeneko urteetan, bere burua batere zaindu gabe; Pontormok depresio handiak izaten zituen; Rossok bere buruaz beste egin zuen; Tasso erotuta hil zen; eta Tintoretto bakarrik eta zapuzturik bizi izan zen azkeneko urteetan.

Arte manieristaren ezaugarri orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parmigianinoren Madonna dal collo lungo (1534-40). Proportzioen luzatzea, jarrera estilizatua eta perspektiba argirik ez izatea manierismoaren ezaugarriak dira.

Arte manierista oso zabala da, eta, ikusi dugun bezala, arte joera asko, ia mende oso batean zehar gertatuak, hartzen ditu bere baitan. Hala ere, badira joera guztietan agertzen diren ezaugarri orokor batzuk. Manierismoa arazo artistiko nahaspilatsuak konpontzeaz arduratzen zen, postura zailetan erretratatutako biluziak kasu. Irudiek, sarri, gorputz-adar barregarriak baina bitxiki luzeak dituzte, buru txikiak eta aurpegi jarrera estilizatua, beren posturak zailak edo artifizialak diruditen bitartean. Arte diziplina guztietarik, pinturan izan zuen zabalkunderik handiena, eta ezaugarri hauek ditu:

  • Irudiak elkarren ondoan eta planoak elkarren gainean jartzea bezalako konbentzio espazialak hartzera behartzen duen dekorazio mota baten nagusitasuna.
  • Talde harmoniarik eza, ez konposizioan ez koloreetan.
  • Irudien luzapena.
  • Konposizio angelutsuak.
  • Marrazkiaren, kolorearen eta formaren abstrakzioa, edota, inoiz, hirurak batera.
  • Irudiaren helize-forma berezia (serpentinatta), ikuspegi desberdinetatik eta kontrako erritmoz azalarazten duena.
  • Xehetasunen edertasuna eta perfekzioa, manierismoaren zehaztasunerako eta miniaturarako zaletasunaren seinale. Azkeneko ezaugarri hau, orobat islatzen da urregintzan eta metalgintzan, manierismoaren berezitasun nagusietakoa baita.

Koloreek ez dute natura gogorarazten, baizik eta bitxiak, hotzak, artifizialak eta beren artean bortizki kontrajarriak izaten baitira, gamatan oinarritu beharrean. Michelangelok berak, edo Rafael akademikoak, beren azken lanetan transgresioaren plazera nabaritu zuten, irudiak lausotuz edo margolanak amaitu gabe utziz. Tizianok, Il Correggiok edo Giorgionek beren lanetako batzuk oraindik deszifratuak izan ez diren sinbolismo konplexuz bete zituzten, azken honen Ekaitza izeneko lanean nabari daitekeen bezala.

Eskulturan, pinturan bezala, Michelangeloren azkeneko obrek (Pieta Rondanini) eman zuten figura serpentinattaren eredu perfektua, Pizkundeko naturalismoaren aurkakoa erabat.

Arkitekturan kontuan hartu behar dira errealitate praktikoak, estiloen bila hasi aurretik. Nolanahi ere, arkitektura manieristaren oinarrizko ezaugarriak Michelangeloren obretan aurkitzen dira eta bi hauek dira: erlijio arkitekturaren laikotzea, batetik, eta erromatarren arkitekturatik hartutako motibo klasikoen erabilera antiklasikoa, bestetik. Arkitektura manieristak, dotoretasun handiko zibilizazio baten oinordekoa bera, eskailerak, landetxeak-eta landu zituen, gehienbat. Landetxeen kanpoaldean, arkitekto manieristek lorategi oparoak diseinatu zituzten, iturri, estatua, harkaizpe artifizial eta guzti.

Manierismoaren aldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bronzino: Allegoria del trionfo di Venere, 1540-1545, National Gallery, Londres.

Manierismoaren lehenengo aldia Florentzian gauzatu zen 1520-1530 urteetan. Goi Pizkundeko klasizismoaren aurkako erreakzioa izan zen, orduko edertasunaren idealaren balioa zalantzan jartzen zuena. Pontormo eta Rosso Fiorentinoren gidaritzapean garatu zen. Dureroren estetika moldea beretu zuten, non espazioak galdua zuen Italiako Berpizkundeko pinturan izandako lehentasuna.

XVI. mendearen erdialdera manierismoak beste bultzada handi bat izan zuen eta goren unera iritsi zen, halako eran, ezen Pizkundeko pintore batzuk ere -Tiziano, esate baterako-, estilo berrira egokitu ziren. Manierismoaren goren une horretako artista nagusiak Bronzino eta Vasari izan ziren. Bigarren manierismo hori ez zen jada klasikotasunaren kontrako erreakzioa. Neurri batean bereganatuak zituen klasizismoa eta akademizismoa, eta Michelangeloren artearen oinordekotzat zeukan bere burua. Aurreko aldikoa baino askoz moderatuagoa da hau, beraz, eta Europako gorte guztietara zabaldu zen Tizianoren erretratuen bidez.

Manierismoaren azkenaldiko pintore nagusiak Tintoretto eta El Greco dira. Pintore horien estilo manieristak ez du zerikusirik nazioarteko manierismoarekin, Tintorettok ez baitzuen lanik egin atzerriko gorteetan Tizianok bezala, eta Veneziako erlijio kofradiak ziren baren bezero nagusiak. Haren pintura lanak irudimen handikoak dira eta, Pizkundeko naturalismoaren oinordeko badira ere, irrealtasun eta espiritualtasun sentipena sortzen dute, gizatiarraren eta sakratuaren arteko sintesi betegin gisa.

El Greco izan zen manierismoaren azken artista handia. Toledon egin zuen lanik gehiena, baina Veneziako eskola manieristakoa da ikasketaz eta estiloz. Arrakastarik ez izateak argi erakusten du agortua zegoela ordurako manierismoak proposatzen zuen gizatiarraren eta sakratuaren arteko sintesi hura. Iritsia zen barrokoaren erlijio artearen ordua, Trentoko Kontraerreformak proposatutako moldeen araberakoa, eta gai erlijiosoei buruzko ikuspegi herrikoi batetik askoz hurbilagoa.

Artista manieristak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estilo hau praktikatu zuten artisten artean Parmigianino, Beccafumi, Benvenuto Cellini, Giambologna, Giulio Romano, Rosso Fiorentino, Bronzino, Tintoretto, Arcimboldo, Hans von Aachen, Bartholomeus Spranger, Hendrick Goltzius, Giorgio Vasari, Veronés, El Greco eta Federico Zuccaro daude.

Lan manieristak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ross FINOCCHIO: Mannerism: Bronzino (1503–1572) and his Contemporaries Heilbrunn Timeline of Art History. New York: The Metropolitan Museum of Art, 2000.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Manierismo