Maputxe
Maputxeak (mapu che, lurraren jendea) Txile eta Argentinaren erdi-hegoaldean bizi diren indigena komunitate bat da.
Eduki-taula |
[aldatu] Jatorria
Maputxeak gaur egungo Argentinakoak dira berez eta migratze prozesu luze baten ondorioz, pikuntxe eta huillintxeen artean sartzera heldu ziren. Geroago, espainiarren presioagatik, XVIII eta XIX. mendeen artean Andeetako ekialdeko lurraldeetara itzuli ziren eta Komahue, Pampa eta Patagoniako lurraldeetan zabaldu.
Txilen 604.349 dira, 2002ko zentsuaren arabera, biztanleria osoaren %4. Argentinan 300.000 bat daude.
[aldatu] Historia
Inkak maputxeak konkistatzen saiatu ziren alferrik. Horren ondoren, espainiarrek Inka Inperioa suntsitzean, hauek ere maputxeak konkistatzen saiatu ziren. Baina, Lautaroren erresistentziak (espainiarren preso zen bitartean haien taktika eta estrategia militarrak ikasi zituen gazte bat) eta Pelantaroren altxamenduak 1590ean, espainiarren eta maputxeen arteko muga Biobio ibaian ezarri zuten.
Hurrengo mendeetan, espainiarrek bi aldiz pentsatu zuten maputxeen lurraldean sartu aurretik. Hainbat bilera egin ziren bi alderdien artean, opariak trukatu eta akordioak sinatu zituzten. 1641ean gerra amaitzea erabaki zen, eta maputxeen independentzia onartu zen, Espainiako erregearen oniritziarekin. Txileko gobernuak ez du inoiz akordio hori onartu.
Txileren independentziaren ostean, maputxeen aurkako hainbat kanpaina militar jarri ziren martxan, 1882an amaitu zirenak maputxeen porrotarekin. Hurrengo urteetan maputxeak Txileko nazioan integratzen joan ziren, betiere erresistentzia guneei eutsiz eta batzuetan ekintza armatuak eginez, 1970eko hamarkadan bezala. Maputxeek ez dituzte beren eskaerak ahaztu eta hainbat erakundek autonomia estatutuaren eta ordezkaritza politikoaren alde egiten dute.
[aldatu] Gizartea
Maputxeen gizarte antolakuntza familian oinarritzen da. Arbaso bereko familiek lof delakoa osatzen zuten, aldameneko etxeetan bizi ziren eta elkar laguntzen zuten, lonko (buru) bat buruzagi zutela. Gerra garaian, lofak elkartu egiten ziren, rehuak direlakoak osatuz.
Zienzian eta astronomioan oso jakitunak ziren,eta eguzkia, ilargia eta izarren mugimenduak interpretatu ahal izan zituzten, esaterako, lurra biribila zela Kristobal Kolon baino 3.000 urte lehenago jakin zuten. Haien hizkuntzak mapudungun izena du eta orain arte ezin izan dute beste edozeinekin erlazionatu. Haien erlijioak arbasoen eta naturaren gurtzan oinarritzen da.