Marcelo Ríos
Marcelo Ríos, izengoitiz Chino Ríos (Santiago, Txile, 1975) tenislari profesionala da. Munduko tenis-jokalari onenetako bat izan da. 1993an, hamazazpi urte zituela, Estatu Batuetako gazte-mailako Irekia irabazi zuen, eta bere mailan munduko aurren sailkatu zen. Gainera, bere herrialdeko hedabideek urteko jokalari onena izendatu zuten. 1995ean, Herbehereetako irekia irabazi zuen, Bolonia, Amsterdam eta Kuala Lumpurko tituluez gainera. 1996an, hamaseigarren sailkatu zen jokalari profesionalen zerrendan. 1998an, Cayo Vizcaíno lehiaketako finala irabazi zuen, André Agassi estatubatuarraren aurka, eta Pete Sampras kendu zuen zerrendako lehen postutik. Munduko tenis-jokalari profesionalen sailkapenean aurreneko lekua lortzen zuen Hego Amerikako lehen jokalaria izan zen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.