Marcos Gándara

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marcos Gándara
Bizitza
JaiotzaLatacunga1919ko azaroaren 6a
Heriotza2011ko urtarrilaren 17a (91 urte)
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria

Marcos Gándara Enríquez (Latacunga, Ekuador, 1919ko azaroaren 6a - 2011ko urtarrilaren 17a) Ekuadorko militar eta estatuburua izan zen. [1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eloy Alfaro Eskola Militarrean hasi zen ikasketak egiten, eta Turingo Artilleriako Akademian eta Madrilgo Bide, Ubide eta Portuetako Eskolan (1948-1950) osatu zituen. Ondoren Ekuadorrera itzuli eta irakasle gisa lan egin zuen hango Unibertsitate Zentralean eta Eskola Politeknikoan. 1958an bidaia egin zuen Costa Ricara eta Nikaraguara, ikuskatzaile gisa.

Beste zenbait kargu politikoz gainera, Segurtasun Kontseiluko idazkaria eta gudarostearen senatari izan da Gándara. Militarrek 1963an emandako estatu-kolpearen ondoren, gobernuko batzorde militarreko kidea izan zen 1966. urtea arte. Berehala erakutsi zuen, gainera, bera zela Batzorde Militar hartako kiderik eraginkorrena, eta agintaldi hartako berrikuntza gehienen aitzindaria izan zen. Hasieran begi onez hartu zituzten haren ekimenak herritarrek, komunismoaren mehatxuari aurre egiteko hartuak zirelakoan, baina izugarrizko gehiegikeriak egin ziren giza eskubideen kontra eta askatasun indibidual zein politikoen kontra, eta horrela, 1966. urtean militarrek aginpidea utzi zutenean Traizioaren Koronelak ezizena zuten batzordeko agintariek.

Aginpidean aritu zen bitartean, Gándarak gogor esetsi zien ezkerreko mugimenduei; 1963ko batzorde militarraren garaian jasan zuen Ekuadorko ezkerrak XX. mendeko zapalkuntzarik handiena eta luzeena. Gobernua utzi ondoren irakasle gisa lan egin zuen harik eta epaitu, zigortu eta azkenik Bolivia eta Argentinara erbesteratu behar izan zuen arte.

1970ean itzuli zen sorterrira; Integral C. Ltda. konpainia sortu zuen, eta hainbat idazlan eman ditu argitara; besteak beste, Hidráulica General (1945, "Hidraulika orokorra"), Topografía militar (1945 eta 1947, "Topografia militarra"), Motores hidráulicos (1948, "Motor hidraulikoak"), Democracia y Dictadura en el Ecuador ("Demokrazia eta diktadura Ekuadorren"), eta orobat idatzi ditu historiari buruzko artikuluak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]