Maria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Andre Maria Haurrarekin

Maria izena Ebanjelioan Jesusen ama izendatzeko erabiltzen da. Katolikoek, ortodoxoek, anglikanoek eta beste talde kristau batzuek bestelako izenak erabiltzen dituzte: Andre Maria (bizkaieran eta Goierriko gipuzkeran, Andra Maria), Ama Birjina, Jainkoaren Ama, etab. Musulmanek ere Jesusen ama goratzen dute (Koranean bere izenez aipatzen den emakumezko bakarra da), Maryam izenarekin.

Mariaren izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristoren garaiko juduentzat izena pertsonaren ezaugarri garrantzitsua zen. Pertsonaren izaera eta misioa islatzen zituen neurri handi batean. Maria izena Itun Zaharreko Irteera liburuan agertzen da lehendabiziko aldiz, Moises eta Aaronen arreba izendatzeko (Myriam idazten zen). Moises eta Aaronen antzera izena bera gorengotzat eduki zuten juduen mende askotan, eta horregatik K.a. I. mendera arte ez zen erabili. Garai hartan Mesiasen etorrerarekiko itxaropen zantzu legez erabiltzen hasi zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mariaren haurtzaroari buruz ez dakigu ia ezer, ebanjelio apokrifo batzuetan agertzen dena soilik (Santiagoren ebanjelioan nagusiki). Elizak Joakin eta Ana hartu ditu Mariaren gurasotzat, eta ez dakigu ahizparik izan zuen edo ez, nahiz eta Ebanjelioetan Jesusen Amaren ahizpa bat aipatzen den.

Ebanjelioko kontakizuna hastean, Maria Josefekin ezkontzeko hitz emanda dago. Garai hartako juduen ezkontzan lehen pausoa zen hau: emaztegaiaren etxean ospatzen zen ituna izan ohi zen. Bigarren zatia ezkontza bera zen: senargaiak emaztegaia bere gurasoen etxetik atera eta bere etxera eramaten zuen. Bigarren momentu honetan hasten ziren biak elkarrekin bizitzen.

Maria Josefi hitz emanda zegoela Jainkoaren aingerua agertu zitzaion (Lukasen ebanjelioa 1: 26-38). Jainkoak bere semearen Ama izateko aukeratu zuela adierazi zion, Espiritu Santuaren egitez haurdun geldituko zela. Mariak Jainkoaren borondatea bere egin zuen.

Haurdun zegoela, bere senide Elisabet ikustera abiatu zen, hau ere miragarriro haurdun baitzegoen. Bisita horretan Elisabetek profezia dohaina jaso eta Maria "Jainkoaren Ama" zela esan zuen. Mariak esker oneko gorespen kantu bat egin zuen (Magnificat), gizaldi guztiek dohatsu deituko dutela aurreikusiz.

Zesar Augusto enperadorearen erabakiz, Judeako herritar guztiek beraien jaioterrira joan behar izan zuten izena ematera, zentsua osatzeko. Josef Judeako Betleem herrixkakoa zen eta bertara joan zen Maria emaztearekin. Bertan zeudela txabola edo ukuilu batean izan zuen haurra Mariak, ostatuan ez baitzegoen beraientzako tokirik.

Ebanjelioan zehar Maria ez da askotan azaltzen. Lehen ikuskeran, gainera, badirudi Jesusen eta bere arteko harremana ez zela hain ona. Hala ere, Mariak leial iraun zuen, bere semea gurutzean josi zutenean ere bertan egon baitzen. Jesusek ez dio aparteko garrantziarik ematen odolezko harremanari. Beretzako garrantzitsuagoak dira "Jainkoaren nahia betetzen dutenak". Honek ez du Mariaren garrantzia murrizten, Mariak erabat bete baitzuen Jainkoaren nahia, aingeruari emandako baietzarekin.

Heriotza eta Zeruratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zeruratzea
Tizianoren margolana (1516-1518

Kristautasunaren lehen mendeetan ez zen Mariaren heriotzari buruz ezer aipatu. Elizak ere ez du Mariaren balizko hilobia non egon daitekeen inoiz esan. Sinismen ziurra edo dogma izan ez arren, katoliko eta ortodoxo batzuek Maria ez zela hil esaten dute, lo hartu (lokartzea) eta zuzenean Zerura jasoa izan zela baizik (jasokundea edo zeruratzea).

Gertaera honen ohorez, hainbat eliza Jasokundeko Andre Maria (edo Zeruratzea) deitura du.

Gai teologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebanjelioan gutxi aipatu arren, mendeetan zehar kristautasunak Mariari gero eta garrantzia gehiago eman dio.

Mariari buruz sortutako lehenengo dogma teologikoa betiko birjintasunarena da. Maria bere bizitza osoan birjina izan zela dio dogma honek. Jesusen jaiotza gizonezkoren baten bitartekotza gabe gertatu zen, Espiritu Santuaren egitez. Eta Jesus jaio ondoren ez zuen beste seme-alabarik izan. Ebanjelioan agertzen diren "Jesusen neba-arrebak lehengusu-lehengusinak direla ulertzen dute aditu gehienek.

Jesus Hirutasun Santuko bigarren pertsona gizaki bihurtua denez, Mariari Jainkoaren Ama (theotokos) titulua ematen zaio (Ikus:Efesoko kontzilioa). Izan ere, Jesusen baitan giza izatea eta jainko izatea batzen direnez, Mariagandik jaio zena aldi berean gizaki eta Jainko zen. Katolikoen arabera, Maria Jainko Aitaren alaba da (gizaki guztiak bezalaxe), Jainko Semearen ama da (Jesus Jainko gizon eginaren ama delako) eta Jainko Espiritu Santuaren emaztea da (Espiritu Santuaren egitez sortu zen Jesus gizona).

Erreforma Protestanteak Mariari garrantzia kentzeko joera izan du. Jesus Maria birjinagandik jaio zela onartzen du, baina ez du uste Mariak birjintasuna bizitza osoan gorde zuenik. Protestante askorentzat, Ebanjelioko Jesusen neba-arrebak benetan Mariaren seme-alaba izango lirateke. Eliza Katolikoak, aldiz, Mariaren garrantzia azpimarratu du betidanik. Gehienbat bi definizio dogmatikok jasotzen dute garrantzia hori: Sortzez Garbiarena eta Zeruratzearena.

Sortzez Garbiaren dogma Pio IX.a aita santuak onartu zuen 1854an. Bere arabera, Maria sortzetik bertatik Jatorrizko pekaturik gabekoa zen, Jainkoak hasieratik aukeratu baitzuen bere Semearen ama izateko. Beraz, Mariaren bizitza bekatu guztitik aske egon zen hasieratik bertatik.

Zeruratzearen dogma Pio XII.ak definitu zuen 1954an. Honen arabera Maria, lurreko bere bizialdia amaitu ondoren (ez dio ezer balizko heriotzari buruz), gorputz eta arimaz zerura jasoa izan zen.Horregatik ez du, gainerako fededunek bezala, berpizkundea itxaron behar. Jainkoaren ondoan dago hain zuzen. Protestanteek ez dituzte dogma hauek onartzen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Maria Aldatu lotura Wikidatan