Maria Montessori

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Maria Montessori. Bere teoria pedagogikoak ezagunak dira mundu osoan.

Maria Montessori (Chiaravalle, 1870eko abuztuaren 31 - Noordwijk, 1952ko maiatzaren 6) italiar pedagogo berritzaile eta psikiatra izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Montessori Italiako Anconako probintziako Chiaravalle herrian jaio zen 1870ean, Erroma osatu berria zen Italiara bildu zen urte berean, familia burges, liberal eta erlijioso baten baitan. Bere aita Alessandro Montessori izan zen, gaztetan Italia bateratzeko gatazka eta gudetan parte hartutakoa eta ondoren funtzionario zibil moduan lan egin zuena. Horrela, Chiaravalle herrira bidalia izan zen 1965 urtean. Bertan, Maria Montessoriren ama izango zen Renilde Stoppani ezagutu eta 1966 urtean esposatu zuen. Renilde Stoppani emakume ilustratua eta aurrerakoia zen, inguruko giro katolikoa kontuan harturik [1]. Maria 1870 urtean jaio zen eta 1875 urtean familia Erromara aldatu, bere aita gobernuak hara bidali baitzuen, eta han geratuko ziren. Bere aitak estatuko administrazioan mailak igotzen jarraitu zuen eta azkenean kondekoratua ere izan zen. Eskolako urteetan ez zen nabarmendu, baina 13 urte zituela institutu tekniko batera bildu eta kalifikazio bikainak lortzera heldu zuen, matematikan eta natura zientzietan nabarmenduz. Helburu logikoa ingeniaritza ikasketak egitea bazen ere, bapatean eta arrazoi jakinik gabe, medikuntza ikastea erabaki zuen Montessorik. Garai haietan emakumeengan ohikoa ez bazen ere, Maria Montessorik ingeniaritza, biologia eta medikuntza ikasi zituen azkenean. Italiako lehen mediku emakumea bihurtu zen, baina emakume izateagatik ospitaleetan aritzeko baimena ukatu eta adimen urriko haurrekin hasi zen lanean. Haur hauekin lanean haur hauek euren ahalmenak eduki eta garatu zitzaketela ikusi zuen. Haur hauek bizitza hobe bat merezi zutela uste zuen eta ez zituen ikusi gizarterako karga bat bezala. Haur horiekin hasi zen garatzen bete teoria pedagogikoak.

Horrela, 1907an Casa dei banbini (euskaraz, Haurren etxea) eratu zuen Erroman eta bertan aritu zen urte luzeetan zehar. Idatzitako liburuek eta emandako hitzaldiek ospea ekarri zioten eta herrialde batetik bestera ibili zen bere ideien berri emanez. Hain zuzen ere, Herbehereetan hil zen 1952an, bere pedagogia zabaltzen ari zela.

Haurrez gainera emakumeen egoera sozialarekiko interes handia erakutsi zuen. Montessorik Johann Heinrich Pestalozzi pedagogoaren lanak ezagutu eta bereganatu ere egin zituen.

Pedagogia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zentzumenen pedagogia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Montessorik haurrak eskuak erabiliz ikasten duela pentsatzen zuen. Horrela, haurraren ikaskuntza irudikoak bezalako materialez lagundu behar zela pentsatzen zuen.

Hasieran bere teknikak ez-gaitasun psikikoak zituzten haurrekin frogatu zituen eta ikusi zuen haur hauek gai zirela beste haurrek egiten zituzten azterketa berberak egiteko eta gainditzeko. Konturatu zen, halaber, haur hauek euren adimena eta nortasuna garatzeko objektuak behar manipulatu dituztela. Izan ere, gizakiak bere garapenerako errealitatearekin kontaktuan egoteko beharra duela irizten zuen. Horrela, estimulu gisa diharduten eskuko jolasa eta lana funtsezko elementu bilakatu ziren bere pedagogian, inposizioak baztertuz eta haurraren berezko gaitasunak sustatuz, betiere euren ingurukoen laguntzaz. Jolas eta esku-lanen bidez haurren autoestimua bultzatzen zuen eta haurrek ikusten zutenean aurrera egin zezaketela eta gehiago ikasi, hitzen eta zenbakien kontzeptuak transmititzen zizkien.

Ikaskuntza askea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ildo horretatik, haurrek ikasteko askatasuna behar zuela pentsatzen zuen. Gehiegizko arauek haurra mugatu egiten zutela uste zuen, bere garapen aske eta aktiboa kolokan jarriz. Akatsak egitea ez zen gaizki ikusten horrela haurrek ikasi egiten zutelako berriro saiatuz. Horrela, orduko irakasle tradizionalaren zeregina aldatu behar zela uste zuen.

Banakotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur bakoitzak bere bilakaera du eta berez aurkituko du bere ikasteko erritmoa. Programa kronologiko baten inposaketak haurraren porrota ekar dezake, bere erritmo naturalak behartu egiten direlako.

Irakaslearen zeregina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakasleak haur bakoitzaren ikaskuntzaren bilakaera errespetatu behar du, inposiziorik gabe. behatzaile moduan aritu behar da, haurrak nola ikasten duen aztertuz eta horretarako jarduerak proposatuz. Aldi berean, haurrek elkarren artean ere ikasten dutela baieztatu eta maila ezberdineko haurrak talde bakar batean bateratzea onuragarria dela uste zuen.

Zehatzago eta labur, honako hauek dira Montessoriren pedagogiaren puntu zenbait:

  • Haurren garapena bilakaera mailakatua du eta bilakaera horretan, aro bakoitza berezia da. Jaiotzetik 6 urtera arteko epea zen bere iritziz garrantzitsuena eta adin horretako haurrentzat batez ere garatu zuen bere metodoa, gerora beste mailetara zabaldu bazen ere.
  • Haurrak kapazak dira beraien erabakiak hartzeko, gaitasuna badaukatelako.
  • Garapen kurrikularra egiteko haurraren testuinguruaren behaketa egin behar da.
  • Haurraren tamaina duten altzariak eta ingurua sortu behar da beraiek eroso egon daitezen.
  • Gurasoen partehartze aktiboa beharrezkoa da garbitasuna eta ohitura osasuntsuak eskolan bultzatzeko.
  • Motibazioa garrantzitsu da.
  • Ikaskuntza haurra jaiotzen denetik hasten da.
  • Kontzeptuak ez dira haurraren garunean sartu behar, haurren barne ezagutzetatik abiatu behar dira.
  • Haurrak arazoaren irtenbidea bilatu behar du bere barne eskemetan arakatuz.
  • Konpetentzia garatzeari ekin behar zaio bakarrik haurra seguru dagoenean arrakasta lortuko duela.
  • Haur bakoitzak bere erritmoa edo abiadura du eta horregatik denbora hauek errespetatu behar dira. Haur bakoitza ezberdina da.
  • Autoebaluazioa eta autozuzenketa bideratzen dituen material didaktikoak erabili behar dira.

Maria Montessoriren pedagogia oso kritikatua izan da urteetan zehar. Hala ere, pertsonaia ospetsuen onespena ere izan zuen eta horri esker bere ideiak mundu osoko bazterretara zabaldu ziren. Berari esker albo batera utzi ziren betiko gela ilunak, arbel bakar bat zutenak, eta ikasle guztiak lerrokaturik zeudeneko gelak. Garrantzia hartzen joan ziren leku zabalak, non ikasleak inolako oztopo gabe mugi zitezkeen, kolore ezberdinetako kubo eta kaxen bidez haurren garuna estimulatu eta elkarren arteko komunikazioa bultzatzen zen. Montessori metodoen eragina nabarmena egungo pedagogian eta eskola guztietan erabiltzen dira berak proposaturiko materialak eta ideiak, haur hezkuntzan batez ere, haurrak berezko garapena izan dezan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Maria Montessori Aldatu lotura Wikidatan