Mariano Juaristi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Atano III.a
Atano III.jpg
Izen osoa: Mariano Juaristi Mendizabal
Jaiotza data: 1904ko otsailaren 21a
Jaioterria: Azkoitia ( Gipuzkoa)
Heriotza data: 2001eko urtarrilaren 12a
Heriotza herria: Azkoitia ( Gipuzkoa)
Egungo enpresa: Zendua
Postua: Aurrelaria
Pisua: 84 kg
Debutatze data: 1921
Debutatze pilotalekua: Astelena, Eibar[1]
Erretiratze data: 1953[1]

Mariano Juaristi Mendizabal, jaio zen baserriaren izenagatik Atano III.a kirol deituraz ezagunagoa (Azkoitia, Gipuzkoa, 1904ko otsailaren 21a - 2001eko urtarrilaren 12a[1]) sekula izan den esku huskako pilotari onenetakoa izan zen. Askok, historia guztiko pilotaririk handientzat ere hartzen dute, buruz buruko modalitatean nagusi izan baitzen bi hamarkadaz (1926tik 1948 arte).

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1904an jaio zen, Azkoitian, Atano izeneko baserrian, eta izen honetatik zetorkion bere familiari goitizena. Juaristi anaiek (Atanotarrak izenaz ezagunagoak) esku huskako pilotarien goi mailako dinastia bat eratu zuten, haietako sei izan baitziren pilotariak; eta beste bat pilotak egiten aritu zen. Mariano, Atano III.a, anaien artean, adinez hirugarrena zena, eta bera nabarmendu zen guztien artean gehien. Marianoren anaia txiki Atano VII.a ere lehen mailako pilotaria izan zen; eta Atano I.aren seme Atano X.a ere, bere osaba bezala, txapeldun izango zen.

Atano III.ak profesionaletan 1921ean debutatu zuen. Berehala nabarmendu zen, pilotari iraultzailea baitzen. Ordu arte, buruz buruko esku huskako pilotan nagusi izan ziren jokalariak soiltasunagatik, lasaitasunagatik eta piloteo astunagatik bereizten ziren; Atano III.ak, berriz, nerbioa, bizitasuna eta keinu azkarrak ekarri zituen. Txikia eta itxuraz hauskorra zen, baina haren jokoa abileziaz betea zen. Berebiziko erreflexuak zituen, ikusmen ona, malgua zen, esku soltea eta ezker ona zituen. Nabarmenak ziren haren sake ia eramanezina (garai hartan, sakea libre zen) eta aurkariak zer egin jakin gabe uzten zituen besagaina.

Ahulgune nagusi bakarra zuen: esku minberak. Atano III.ak atsedenaldi luzeak hartu behar izaten zituen eskuak oneratzeko. Ondorioz, bere aurkariek baino askoz partidu gutxiago jokatzen zituen. Eskuarki, ez zuen hilean partida bat besterik jokatzen; beraz, haietako bakoitza gertakari handia izaten zen. 1920ko hamarkadaren amaieran, Atano III.aren katxea ohiko pilotari batena halako 50 edo gehiago zen.

Kirol ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atano III.aren nagusigoa 1926an hasi zen, guztiek uneko pilotaririk hoberentzat zuten Juan Bautista AzkarateMondragones goitizenaz ezagunagoa—, orduko txapelduna, garaitu zuenean. Mondragonesekin jokatzera iristeko, Mariano Juaristik 1920ko hamarkadako gainerako pilotari onenak gainditu behar izan zituen, besteak beste Zabala II.a elgoibartarra, Ulazia getariarra eta Artamendi mallabiarra. Aurkari guztiei irabazi zien, partida bat besterik galdu gabe, Artamendiren aurka, 13-22.

Titulurako hautagaitzat hartzeko, lehenik, Mondragones garaitu behar izan zuen baldintza berezietan jokatutako partida batean, non azkoitiarrak bi eskuak erabil zitzakeen, baina arrasatearrak soilik eskuina. Titulurako borroka, jada biak baldintza berdinetan, hiru partidatan jokatu zen. Atanok bere aurkaria hiruretan garaitu zuen: 22-19, 22-12 eta 22-9. Hiru haietako azkena 1927ko urtarrilaren 1ean jokatu zen, Bilbon.

14 urtez, inor ez zen bere nagusitasunari desafio egiten ausartu. Garai hartako bere arerioetatik (Etxabe IV.a, Pablo Elgezabal kubatarra, Juanito Artetxe...), bakar batek ere ez zuen bere burua horretarako gai ikusten, eta bat bera ere ez zen ausartu titulurako hautagaitzat aurkezten. 1940 arte ez zuen sortu Pilota Federazioak esku huskako pilotari profesionalen arteko lehen buruz buruzko txapelketa, Esku Huskako Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusia. Halaxe, Atano III.ak ordu arte ofiziala ez zen bere txapeldun titulua berritu ahal izan zuen, 22-8 emaitzarekin Txikito Iraetakoa mendean hartuta.

Esku Huskako Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusiaren hasiera hartan, txapelketa bi urtetik behin jokatu zen, eta Atanok, hurrengo hiruretan (1942, 1944 eta 1946) ere berritu zuen txapeldun titulua. Lehenean, bere anaia Atano VII.a garaituta, 22-5 emaitzarekin; bigarrenean, Jose Aramendi EgañaFelipe goitizenaz ezaguna—, 22-8; eta, hirugarrenean, Jose Luis Akarregi, 22-16. Azkenik, 1948an, Miguel Gallastegi eibartarrak lortu zuen Atano III.a garaitzea, 22-6 emaitzarekin.

Erretiratu ondoren, Atano III.ak omenaldi ugari jaso zuen. 1967an, Kirol Merituaren Domina jaso zuen. Donostiako pilotaleku nagusiak, lehen Anoeta izena zuenak, 1995az geroztik Atano III.a pilotalekua du izena, historiako gipuzkoar pilotaririk onentzat jotzen den haren omenez.

Buruz buruko finalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Txapelduna Txapeldunordea Emaitza Pilotalekua
1940 Atano III.a Txikito Iraetakoa 22-08 Gros pilotalekua
1942 Atano III.a Atano VII.a 22-05 Gros pilotalekua
1944 Atano III.a Felipe* 22-08 Deportivo pilotalekua
1946 Atano III.a Akarregi 22-16 Astelena pilotalekua
1948 Miguel Gallastegi Atano III.a 22-06 Bergarako pilotalekua

(*) Oharra: Felipek, txapelketako finala jokatu zuen arren, txapelketako txapeldunordea Atano VII.a izan zen, pilotariek eta Federazioak ondorengo hitzarmen hau baitzuten: lehen hiru sailkatuak bi partidaren bidez erabakiko ziren, Atano VII.a-Felipe izango zen finalerdia, eta Atano III.a-Felipe finala. Hala, bada, Felipek bi partidak galdu zituenez, Atano III.a izan zen txapeldun, eta haren anaia Atano VII.a, txapeldunorde.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Biografia Pelota-mano-remonte.com

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]