Marigorringo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marigorringo
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaColeoptera
SuperfamiliaCoccinelloidea
Familia Coccinellidae
Latreille, 1807 [1]
Azpibanaketa
Datu orokorrak
Koloreagorri eta beltz
Elikadura iturri nagusiaAphidoidea

Marigorringoak intsektu familia bat dira (Coccinellidae), izen ugarikoa: amona mantangorria, amona gonagorria, katalingorria eta marigorria dira erabilienak (marigorringorekin batera), baina badira beste hainbat ere[2]: gonagorria, maria gonagorria, mariana gonagorria, martin karraka, matxingorria, poxpolingorria...

Animalia txikiak dira, 1 mm eta 10 mm bitartekoak. Gorriak edo horiak dira, eta orban beltz txikiak dituzte hegalen estalkietan. Hankak, burua eta antenak beltzak dituzte. Mota batzuk osorik beltzak edo grisak dira, eta aditu ez direnentzat zaila izan daiteke coccinellidae familiakoak direla hautematea. Era berean, aditu ez denak aise nahasiko ditu beste intsektu batzuk marigorringoekin.

Mundu osoan daude hedatuta, eta 5.000 espezie baino gehiago sailkatu dira. Espezie bakan batzuk izurritzat hartzen dira Ipar Amerikan eta Europan. Gehienetan, ordea, intsektu onuragarriak direla uste izaten du jendeak, nekazaritzarako kaltegarri diren zenbait intsektuz elikatzen baitira marrigorringo batzuk.

Marigorringo zazpittitta (Coccinella septempunctata) da espezie ohikoena Euskal Herrian.

Landare-zorriei aurre egiteko erabili izan da marigorringoa. Animalia horien etsai nagusiak direlako. Esaterako, Parisko ekialdean dagoen Vincennesko basoko lore-parkeari urtero erasotzen diete landare-zorriek. Arazo horri aurre egiteko parkeko zuzendariek marigorringoa hazteko zentro bat ireki zuten. Animalia hauek, kukurutxa eta sirfidoekin batera, landare-zorrien etsai nagusiak dira. Adituek kontrol biologikoa eraso kimikoa baino egokiagotzat hartzen zuten gero eta maizago. etan Vincennesko entomatologoak, alde batetik Cryptolemus marigorringo-mota hazi zuten kukurutxak kontrolatzeko eta bestetik Phytoseiulus akaroa hazi zuten armiarma gorriari aurre egiteko. [3]

Izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsektu honek dozenaka izen hartu izan ditu Euskal Herrian zehar[2]: amona mantangorri, amandre gonagorri, amandre mantalgorri, amonagonagorri, amona mantangorri, amona mantalgorri, amonamantagorri, amuna mantagorri, anddere kota-gorri, andekotagorri, andere-kotagorri +zub, andere kotta-gorri, andre marigorringo, gonagorri, iratargi, jaungoikollar, katalingorri, kattalingorri, katalin-xume, kottagorri, labagorri, malo gorringo, mamanton gona-gorri, mantalgorri, mañagorri, maria gona-gorri, maria gorringo,maria teilaganeko, mariana gona-gorri, mariana gorri, mariana gorri-gorri, mariana gonagorri, marigorri, marigorringo, marije talatuko, marije telletuko, mari-kattalin, marikita, mariñela gorri, maritxugorri, maritxutalletuko, maritxu talletuganeko, maritxu teilatuganeko, maritxu teiletako, maritxu teilletako, maritxu teilatuko, maritxu tellatuko, martin-karraka, matxingorri, matxingorringo, txipilota gona-gorri...

Mitologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsektuon inguruan mito ugari dago bizi den eremu osoan. Euskal Herrian ere izaki onuragarritzat ageri da mitologian.

Eguraldiaren iragarle edo aldarazle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko alde askotan, eguraldiaren berri dakarren mezularia zela uste zuten, edo are eguraldia alda zezakeela ere.

  • Hau esaten zitzaion Gipuzkoan, atzamarrean hartuta:
« Amona mantangorri

zeruan zer berri?

»
Zomorroari galdera egiten dion zati hori toki askotan aipatzen da (besteak beste, Orotariko Euskal Hiztegian, amona mantangorri sarreran), baina haren erantzuna ere bai, tokiren batean:
« Zeruan berri onak

orain eta beti.

»
Orotariko Euskal Hiztegiak, marigorri sarreran, Azkuek jasotako Arratiako beste esaera honen berri dakar:
« Marigorri, gonagorri,

bihar eguzki ala euri?

»
Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa lanean, beste aldaera hauek ageri dira:
« Marimagorri,

bihar iguzki zuri,
etzi elurra,
banuen beldurra.

»
« Andra mari gona gorri,

bihar euzki ala ebi?

»
« Marigorringo, marigorringo,

biher edo etzi eurie eingo.

»


Eta Orotariko Euskal Hiztegian, mariana-gonagorri sarreran, Azkuek jasotako Larraungo beste esaera hau (abari = afari):
« Mariana gonagorri,

bihar gure abaritan
eguzkia txuri-txuri
eta moxorroa gora jaurtiki.

»
Busturialdean, berriz, hau galdetzen omen zioten, Urdaibaiko biosfera erreserbaren webguneko Mitologia hiztegian jaso dutenez:[4]
« Marigorringo

zuri gorringo,
eguzki ala euri egingo?.

»
  • Eibarren, amona marigorri bat hiltzen bazuten euria egingo zuela esan ohi zieten haurrei.[5]

Arropa lehortzeko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bermeon, arropa bustia lehenbailehen lehortzea gura bazuten, zomorro hau hartu eta ezker eskuaren ahurrean ipintzen zuten, eta, eskuin eskuarekin arroparen alde bustia kolpatzen zutela, hauxe esaten zioten:[4]
« Marijje, Marijje,

eutsi zeuri bustia
eta ekarri niri sikua.

»

Ilargiaren adierazle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Julio Caro Barojak dio amona mantangorriak ilargia adierazten duela euskal kantutegian.

Bestelako sinesmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Txillardegik bere lehen eleberrian aipatu zuen:[6]
« «Amona mantangorri, gorri, gorri, gorri…» ume guzien xomorro maitatua. Gerard Bahr-ek dioenez, euskaldunen piztia sagaratua izan zelako? »

Euskal Herriko mendebaldeko ahozko tradizioan Maritxu Telletuko abestia gorde da[7]. Ikus: Katuen Testamentua

« Maritxu Telletuko

gona gorridune

eutsi agin zarra ta

ekarri barrixe

»

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chilocorinae[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Coccidulinae[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Coccinellinae[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Coccinellini

Discotomini

Halyziini

Singhikalini

Tytthaspidini

Epilachninae[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ortaliinae[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Scymninae[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sticholotidinae[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argentipilosini

Carinodulini

Cephaloscymnini

Limnichopharini

Microweiseini

Plotinini

Serangiini

Shirozuellini

Sticholotidini

Sukunahikonini

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Marigorringo Aldatu lotura Wikidatan
  1. (Ingelesez) Coccinellidae Latreille, 1807. Integrated Taxonomic Information System (Noiz kontsultatua: 2012-7-24).
  2. a b Mendizaleen hiztegia. , 235 or..
  3. Marigorringoa salbatzaile. Elhuyar Fundazioa.
  4. a b Mitologia hiztegia, Urdaibai biosfera erreserbaren webgunean.
  5. Juan San Martin: Antzinako Eibar. Ego Ibarra, 1993.
  6. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (1957): Leturiaren egunkari ezkutua. Elkar, 1983. Ikus 65. orrialdea.
  7. «Euskal kantutegia - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).