Marina Tsvetaieva

Wikipedia, Entziklopedia askea

Marina Tsvetaieva

Bizitza
JaiotzaMosku1892ko urriaren 8a
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
HeriotzaJelabuga1941eko abuztuaren 31 (48 urte)
Hobiratze lekuaJelabuga
Heriotza moduasuizidioa: urkatzea
Familia
AitaIvan Vladimirovitx Tsvetaiev
Ezkontidea(k)Sergei Efron (en) Itzuli  (1912ko urtarrila -
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaParisko Unibertsitatea
Hizkuntzakerrusiera
frantsesa
alemana
Jarduerak
Jarduerakpoeta, idazlea, eguneroko-idazlea, prosalaria eta itzultzailea
Lantokia(k)Berlin
Paris
Praga eta Mosku
Genero artistikoaolerkigintza
memoriak

IMDB: nm0875514 Musicbrainz: 20afc0ad-477f-44e7-bcbe-ca5a875def54 Discogs: 1026630 Find a Grave: 9123509 Edit the value on Wikidata

Marina Ivanovna Tsvetaieva (errusieraz: Мари́на Ива́новна Цвета́ева, mɐˈrʲinə ɪˈvanəvnə tsvʲɪˈtaɪvə ahoskatua; 1892ko urriaren 8agreg.irailaren 26ajul.1941eko abuztuaren 31) errusiar poeta eta idazlea izan zen. 1917ko Errusiar Iraultza eta horren osteko Moskuko gosetea bizi izan zituen, eta nagusiki horiez eta bere maitaleez idatzi zuen, bai eta existentzialismoaren gertuko gaiez ere.

1941eko ekainean, Aberriaren aldeko Gerra Handia piztu zenean, Tatarstaneko Jelabuga hirira ebakuatu zuten, eta han hil zen, abuztuaren 31n, ustez bere burua urkatuta. Bere lana XX. mendeko errusiar literaturako obrarik gailenen artean dago.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marina Tsvetaieva Moskun jaio zen, 1892an.[1] Ama, Maria Aleksandrovna Mein, piano-jotzailea zen eta bakarkako kontzertuak ematen zituen; oso emakume jantzia zen, eta arbaso alemaniarrak eta poloniarrak zituen.[2] Aita, Ivan Vladimirovitx Tsvetaiev, filologoa zen[1], eta eskolak ematen zituen Moskuko Unibertsitateko Arte Ederretako fakultatean; bestalde, Alexandro III.a Museoaren sortzailea izan zen (1937tik aurrera Arte Ederren Puxkin Museoa izango zena)[1][2]. Maria bigarren emaztea zuen, lehen emaztea, Varvara Dmitrievna Ilovaiskaia — Dmitri Ilovaiski historialariaren alaba—, gaixorik hil baitzen, bi seme-alaba utzita, Valeria eta Andrei, Marinaren erdi-senideak zirenak. Tsvetaievak bera baino gazteagoa zen beste ahizpa bat ere bazuen, Anastasia, 1894an jaioa.

Garai haietan, familia erosotasunez bizi zen[3]; "aristokrazia poloniarraren pare", Tsvetaievaren geroagoko hitzetan. Tsvetaievak poesiarako zaletasuna erakutsi zuenean, bere ama zorrotzak ez zuen begi onez ikusi; alaba ere piano-jotzailea izatea nahi zuen, haren poesiarako dohaina ezdeusa zelakoan. Tsvetaieva nerabeak, baina, "lotsatia bezain ozarra" izanik, idazten jarraitu zuen, eta hau adierazi zuen hastapeneko poema batean: "Nire kopeta eta nire erraiak matxinatu egiten dira".[1]

1902an, Tsvetaievaren ama tuberkulosiaz gaixotu zen. Klima-aldaketak on egingo ziolakoan, familia atzerrira joan zen, eta Italian, Suitzan eta Alemanian bizi izan ziren; urte haietan ikasi zituen Tsvetaievak alemana eta frantsesa.[1] 1906an Moskura itzuli ziren, ama hil aurretxoan, Tsvetaievak 14 urte zituela,[3]. Ama hil ostean, denbora batez Nervi-n (Genova, Italia) bizi izan ziren; izan ere, garai hartan ugariak ziren Nervin bizi ziren emigratzaile errusiar iraultzaileak.

Orduz geroztik, Tsvetaievak gogorik gabe jarraitzen zituen ikasketak. Eskolan txikarra egin, eta etxeko txapitulan ezkutatzen zen, aitaren behakotik urrun, irakurtzen eta idazten.[1] Amak ezarritako musika-ikasketa hertsiak alde batera utzi, eta poesiarako bidea egin zuen. Honela idatziko zuen: “Halako ama batekin, aukera bakarra nuen: poeta izatea”.[3]

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1908an, 16 urte zituela, Tsvetaievak Literaturen Historia ikasi zuen Sorbonan[2], Pariseko Unibertsitatean. Iraultza handiko sasoia zen poesia errusiarrarentzat; hain zuzen ere, Errusiako Mugimendu Sinbolista loratzen ari zen, geroago Tsvetaievaren lana ere koloreztatuko zuena. Dena den, mugimendu horren oinarrian zegoen teoriak baino gehiago, Tsvetaieva Andrei Bely, Aleksandr Blok, Konstantin Balmont eta Viatxeslav Ivanov poeten eta beste autore batzuen lanak eta seriostasunak erakarri zuten.[1] Izan ere, Tsvetaievak ez zuen sekula joera edo talde bat besarkatu, eta literaturaren munduarekin zituen harreman guztiak pertsonalak ziren, idazleekin banan-banan landutakoak, ez poesia-korronte edo talde zelanbait homogeneo baten gerizpean eraikitakoak.[1]

1910ean, lehen poesia-bilduma argitaratu zuen, Vetxerni Albom (Вечерний Альбом, "Arratseko bilduma"), bere ekimenez, inoren laguntza edo aholkurik gabe eta bere sakelatik ordainduta.[1] Garai hartan harrera ona izan zuen[3], nahiz eta gerora gatzgabetzat joko zuten, ondoren etorriko ziren lanekin alderatuta.[2] Besteak beste, Maximilian Voloxin (Максимилиан Волошин) poeta eta kritikariaren arreta erakarri zuen; Voloxin bisitan joan zitzaion, eta oso denbora laburrean Tsvetaievarean lagun eta mentore bihurtu zen.[3] Urte berean, ikasketak bertan behera utzi zituen, eskolako azken urtea amaitu barik lagata.[1]

Tsvetaieva Voloxinek Itsaso Beltzaren kostaldeko Koktebel opor-lekuan zeukan etxera joaten hasi zen, zeina idazle, poeta eta artisten babesleku ezaguna baitzen.[3] Aleksandr Blok eta Anna Akhmatova-ren lanekin maitemindu zen, nahiz eta Blok ez zuen sekula ezagutuko eta Akhmatova ezagutzeko, berriz, bere bizialdiaren hondarreraino itxaron beharko zuen.

Ezkonbizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marina Tsvetaieva 1911n

Koktebeleko egonaldi batean, Tsvetaievak hamazazpi urteko kadete bat ezagutu zuen, Sergei Jakovlevitx Efron, Seriozha goitizenekoa, iraultzaile-familia batekoa eta Ofizialen Akademian ikasten ziharduena. Berehala maitemindu, eta 1912an ezkondu egin ziren[2]. Urte berean, Arte Ederretako Puxkin Museoaren inaugurazio zeremoniala egin zuten, luzaz aitaren proiektua izandakoa, Nikolas II.a tsarra ere bertan zela.

Tsvetaievak aurrerago esango zuenez, ezkontza hura "hutsegite" bat izan zen, eta hasieratik miresgarria begitandu zitzaion pertsona hura egokiagoa zatekeen, bere ustez, lagun handi bat izateko, eta ez senartzat hartzeko.[1] Nolanahi ere, eta bizitzea egokituko zitzaien sufrikarioa gorabehera, senar-emazteen arteko harremana oso sendoa izan zen azken unera arte; hain zuzen ere, Tsvetaievaren bizitzako unerik latzenak senarraren erabakien ondorioz etorri ziren.[1]

Harreman estu hark ez zuen eragotzi, baina, Tsvetaievak ezkontzaz kanpoko amodio-kontu ugari izatea; esate batera, Osip Mandelxtam poeta eta saiakeragile poloniar juduarekin, Tsvetaievak Milesposts poesia-bilduman biziki laudatua. Garai bertsuan beste afera bat ere izan zuen, kasu hartan Sofia Parnok poetarekin, zeina bera baino zazpi urte zaharragoa baitzen. Bi emakumeak arras maitemindu ziren, eta maitasun hark eragin sakona izan zuen bien idatzietan. Besteak beste, Tsvetaievak harreman haren izaera anbiguo eta asaldatuari buruz idatzi zuen poema-ziklo batean, Parnori batzuetan “neska-laguna” deituz eta besteetan, berriz, “akatsa”.[4]

1917ko Iraultza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1914an, Efronek indar militarrekin bat egin zuen boluntarioki, eta 1917rako Moskun ezarritako 56. erreserbako ofiziala zen. Ordurako, bikoteak bi alaba zituen, Ariadna (Alia txikigarriarekin ezagunagoa), 1912an jaioa, eta Irina, 1917koa. 1917an boltxebikeek estatu-kolpea jo zutenean, Tsvetaieva ez zen batere Iraultzaren aldekoa; hasieratik beretik krimen bat zela iruditu zitzaion, eta zorigaitz handi bat Errusiako kulturarentzat.[1][2] Trenez bidaiatzen zuelarik, errusiar jende xehearekin topo egiten zuen, eta zur eta lur geratzen zen haien aldarte sumin eta indarkeriazkoarekin. Honela jaso zuen bere egunerokoan: “Konpartimentuan, aizkoraren gisako hiru hitzek mozten zuten airea: burgesak, Junkerrak [Prusiako lur-jabe nobleak XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran], bizkarroiak”. Urte hartako urrian, Efronek Moskuko bataila labur bezain odoltsuetan parte hartu zuen, Kremlina boltxebikeen kontra babestuz. Gero hegoaldera ihes egin zuen, eta Boluntarioen Armada Zuriarekin bat egin zuen. Laster gerra zibila etorriko zen; borrokaldiek iparra eta hegoa bereizi zituzten, eta Tsvetaievak lantzean behin baino ez zuen izaten gerran ari zen senarraren berri.[1]

Moskuko gosetea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1918a zen. Tsvetaieva Moskura itzuli zen, han senarrarekin elkartzeko asmotan. Ezustean, Moskun harrapatuta geratu zen bost urtez, gosete latz baten erdian.[3] Gertuko familiarik ez-eta, Tsvetaievari ezinezkoa zitzaion bera eta bi alabak, bost urtekoa bata eta urtebete eskasekoa bestea, aurrera ateratzea. Egoera hartan, ordurako ondasun guztiak salduta eta ahora zer eramana izateko batere baliabiderik gabe, haurrak umezurztegi batetik bestera ibili zituen, haietan jaten emango zietelakoan. Baina Alia gaixotu egin zen, eta Tsvetaievak umezurztegitik atera zuen; Irinak, ordea, umezurztegian jarraitu zuen, eta hantxe hil zen, 1920an, elikagai faltak eragindako ahuleriak jota.[1] Haurraren heriotzak samin handia eragin zion Tsvetaievari, eta hau idatzi zuen gutun batean: “Jainkoak zigortu egin ninduen”. Tragediaren ostean, 'anoa akademiko' zeritzona onartu zioten, hurrengo urteak nola-hala igarotzeko modua eman ziona.[1]

Harrigarriki, egoera latz haietan Tsvetaievaren energia artistikoa biderkatu egiten zen. Gazte-denboran bezala, neurtitzak saldoka bururatzen zitzaizkion, egun ilunenetan argiagoetan baino indar handiagoz azaleratuz.[1] Urte haietan, Tsvetaievak harreman handia izan zuen Sofia Evgenievna Holliday aktorearekin, eta hainbat antzezlan idatzi zituen harentzat. Aurrerago, berriz, Povest o Sonetxke nobela idatziko zuen, Hollidayrekin izandako harremanaren berri emanez.

Armada Zuria loriatuz idatzitakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917 eta 1922 bitartean "Lebediny stan" neurtitz-ziklo epikoa idatzi zuen, gerra zibilari buruzkoa, komunisten aurka borrokatu zirenak goratuz.[2] Eguneroko baten itxurako poema-ziklo hura 1917ko martxoan hasten da, Nikolas II.a tsarraren abdikazioarekin, eta 1920 urtearen amaieran bukatzen, komunismoaren aurkako Armada Zuriaren behin betiko porrotarekin. Poema-zikloaren izenburuko beltxargek Armada Zuriko boluntarioei egiten diete erreferentzia; haien artean zegoen Efron senarra. 1920an, tsarraren inperioaren aldeko ipuin luze bat idatzi zuen hitz neurtuz: Tsar-devitsa ("Tsarraren dontzeila").[2]

Armada Zuria desegin ondoren, Tsvetaieva senarraren berririk jaso gabe egon zen hainbat hilabetez. Hila zela pentsatuta, bere buruaz beste egitekotan egon zen, eta azken uneko gutun batek libratu zuen heriotzatik: senarra bizirik zegoen, eta Turkiara ihes egitea lortu zuen.[1]

Handik aurrera, poetaren ahotsa aldatu egin zen. Gaztetan bere poemetan ageri zen mintzaira bihurri eta lotsagabea desagertu egin zen, eta doinuerak arintasuna eta eztitasuna galdu zituen; ahots tragiko bat azalduko zen, minak etendako ahots zakar eta mehea.[1]

Erbestealdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1922ko udaberrian, Moskuko goseteak erasanda, Tsvetaievak Sobietar Batasunetik alde egin zuen, eta familiarekin batera Europako zenbait hiritan bizi izan zen hamazazpi bat urtez, geroz eta pobrezia larriagoan: Berlinen lehenengo hilabeteetan, Txekoslovakian hiru urte luzez eta Parisen hamahiru urtez.[1][5] Urte haietan guztietan, Tsvetaievak poesia idazten eta errezitaldiak ematen jarraitu zuen, nola-halako bizibidea ateratzeko. Bere lanetan nagusiki pobreziaz, erbestealdiaz eta Errusiarekiko nostalgiaz hitz egiten zuen, bai eta bere maitaleez ere, betiere neurtitzekin jolasean eta ausardiari muzin egin gabe.

Berlin eta Txekoslovakia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berlinen, adibidez, Errusian idatziak zituen Banantzea, Blok-i idatzitako poemak, Psiqué, Ofizioa eta Tsar-devitsa (Царь-девица, "Tsarraren dontzeila") argitaratu zituen[1]; poesiaren parte handi bat Moskun ere argitaratu zen, eta bere izena poetarik ezagunenen artean finkatzea lortu zuen.

Txekoslovakiako Bohemia eskualdean, berriz, "Bukaeraren poema" eta "Mendiaren poema" idatzi zituen, biak ala biak Konstantin Boleslavovitx Rodzevitx ofizial ohiarekin izan zuen afera amaitu eta bat idatziak. Izan ere, Tsvetaievak aitorpenaren mugak gainditzen zituen beti bere poesian, Blok-engan gehien miresten zuen printzipioari jarraikiz: "ausarkeriazko zintzotasuna".[1] Ausardia eta zintzotasun horien erakusgarri, zera esango zuen behin baino gehiagotan, behinola Vendée-ko (Frantzia) arrantzale-etxe bateko atarian irakurritako "Laissez dire" ("Esan dezatela nahi dutena") idazkunaren harira: atsegin handiz hartuko lituzkeela berba haiek bere ezkutuaren intsigniatzat.[1] Garai beretsuan, Rainer Maria Rilke poetarekiko eta Boris Pasternak nobelagilearekiko gutun-trukea hasi zuen.[5]

Pariseko bakartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian bizi zela, poesia baino prosa gehiago idatzi zuen, horrekin diru gehiago ateratzen zuelako. Nolanahi ere den, Parisen ez zen sekula eroso sentitu; burgesiakoak izandako idazle errusiar emigranteak zituen inguruan, uste zutenak Tsvetaieva ez zela nahikoa borrokatzen sobietar erregimenaren kontra eta lausoegia zela harekiko kritika plazaratzean.[5] Batez ere, Vladimir Maiakovski poeta errusiarrarekiko miresmena erakutsiz idatzitako gutunagatik kritikatzen zuten. Haren ostean, Errusiako emigratzaileei zuzendutako Azken Berriak berri-paperak, zeinetan Tsvetaievak askotan kolaboratu baitzuen, uko egin zion irmoki Tsvetaievaren lan gehiago argitaratzeari.

Kontsolamendu bila beste idazle batzuekiko gutun-trukera jo zuen berriro, eta, besteak beste, ondoko hauek izan zituen posta-lagun: Boris Pasternak, Rainer Maria Rilke, Anna Teskova poeta txekiarra, D. S. Mirski eta Aleksandr Bakhrakh kritikariak, eta Salomea Andronikova Georgiako printzesa emigratua, zeina Tsvetaievaren diru-iturri behinena bihurtu baitzen.[6] Garai hartan idatzitako poesia eta prosa kritikoa, 1934–1937 bitartean hitz lauz idatzitako lan autobiografikoak barne, garrantzi literario handikoak dira.[5]

Egunerokoak iraungia eta etxeko lanek eragindako gaitzondoak erasana, ez baitzuen idazteko ezinbestekoa zuen bakardaderako denborarik ateratzen, Moskutik emigratutako kideek sotiltasun sozialei iskin egiten zien emakume zakartzat zeukaten. Honela idatzi zion Teskovari, bere oinazea azalduz: “Parisen, salbuespen gutxi batzuk gorabehera, denek gorrotatzen naute, denetariko gauza nazkagarriak idazten dituzte, kanpoan uzten naute denetariko era nazkagarrietan, eta dena horrela”. Pasternak-en aurrean ere kexu zen: “Ez dute poesia maite, ezta horretaz gain neu naizena ere ez; ez poesia, baizik eta poesiaren lehengaia bera. Anfitrioi ez-abegikorra [naiz]. Emakume gazte bat soineko zahar batean”.[3] Garaiko zibilizazioak ere asko estutzen zuen, gizakia "distantziaren alkoholiko" bihurtu zela iruditzen zitzaion, eta bere lanak karga filosofiko handia hartu zuen, existentzialismorako bidea eginez. Halere, bere bertsokera ez zen batere ezkorra; bizia eta oso emankorra zen, Errusiatik kanpora migratu zuten poetena ez bezala.[1]

Noizetik noizera gaueko emanaldietan parte hartzen zuen, eta bere lanak irakurtzen zituen. Horrela, bada, 1930eko hamarkadan prosa gehiago idatzi zuen; ez saiakerak zehazki, ezpada estilo narratibo berezko batekin idatzitako lanak, non elementu autobiografikoek bat egiten duten hausnarketa librearekin eta ideien asoziazioarekin, literaturaren ohiko prozeduren erabilera bikaina alde batera utzi gabe. Idatzitako saiakera-erretratu ederrenak bere garaikideei eskainitakoak dira: Rilke, Briusov, Mandelshtam, Voloxin, Bely eta Kuzmin poetak, Gontxarova pintorea, Holliday aktorea. Horiekin guztiekin batera, aintzat hartzekoak dira bere haurtzaroaz bikain idatzitako oroitzapenak ere.[1]

Halere, erbestean igarotako hamazazpi urteetan pilatutako esperientzia bitan bakarrik iritsi zen liburuetara: Ausarta (1924) eta Errusia eta gero (1928). Izan ere, hamar urteko epean argitaletxe bakar batek ere ez baitzion onartu libururik, hain bizi zen baztertua.[1]

Senarra eta alaba, espioiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anartean, Tsvetaievaren senarra sobietarrengana hurbildu zen, eta, azkenean, NKVDrekin kolaboratzen hasi zen —KGBren aitzindaria izango zena—, espioi gisa. Alia alabak ere aitaren ideia bertsuak zeuzkan, eta, apurka, amari kontra egiten hasi zen; berak ere aitaren bidea hartu zuen, eta espioi-lanetan jardun zuen.[5]

1937an, aita-alabak Moskura itzuli ziren; lehenengo Alia joan zen, eta urtearen hondarrean Efron, Ignaty Reyss sobietar desertorea erailtzearen akusaziotik iheska. Efronek alde egin zuenean, poliziak Tsvetaieva galdekatu zuen, baina galderek erabat nahasarazi zuten, eta bere poesiaren frantseserako itzulpenak irakurtzen amaitu zuen; poliziek ondorioztatu zuten Tsvetaievak burua galdua zuela eta ez zekiela ezer erailketaz.

Aurrerago, 1936an Efronek Trotski-ren semearen erailketan parte hartu zuela zabaldu zen. Alabaina, badirudi Tsvetaievak ez zuela bere senarraren ibileren berririk, ezta haren konpromisoaren zenbaterainokoarena ere. Dena den, ezjakintasun hori ez zen izan nahikoa Pariseko emigrante errusiarrek Tsvetaieva senarraren ekintzen erantzuletzat ez jotzeko, eta bazterrean utzi zuten.

1939an, bakardadeak eta faxismoaren goraldiarekiko larritasunak jota, faxismoaren kontrako Stikhi k Chekhii (Стихи к Чехии, "Txekiari idatzitako poemak") idatzi zuen.[5]

Moskura itzultzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939ko uztailean, Marina Tsvetaieva eta Georgi semea (1925ean jaiozen, eta Mur gaitzizenaz ezagutzen zuten) Moskura itzuli ziren, Efronekin eta Aliarekin bat egitera. Zuzenean Bolxevo-ra bidali zituzten, Moskuko aldirietara, eta han egon ziren azaroaren erdialdera arte, ia etxetik atera ere egin gabe. Hango egoerak ezustean harrapatu zuen Tsvetaieva[5]; izan ere, Stalinen Sobietar Batasunean, atzerrian bizi izandako guztiak susmagarriak ziren, baita Iraultzaren aurretik inteligentzian parte hartu zutenak ere, eta inguruko senide eta lagun asko atxilotuta eta ate guztiak itxita topatu zituen.[1] Lan apur bat lortu zuen poesia itzultzen, baina ondo kokatutako sobietar idazleek uko egin zioten Tsvetaievari laguntzeari, eta ez ikusia egin zioten bere larritasunari. Etsirik, Tsvetaievak Nikolai Aseev poetarengana jo zuen laguntza eske, baina hark ere itzuri egin zion, bere bizitza eta posizioa arriskuan jartzearen beldurrez.

Ebakuazioa eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marina Tsvetaievaren hilobia, Jalebugako hilerrian

1939an, Efron eta Alia atxilotu zituzten, lehenengo alaba eta gero senarra, biak ala biak atzerriko potentzien aldeko espioitzaz eta troskismoarekin kolaboratzeaz akusatuta.[1] Galdeketa eta tortura latzak jasan zituzten, baina ez zuten inor salatu; eta, batez ere, ez zuten Tsvetaieva beren ibileretan nahasi.[1] Bitartean, ama-semeak etxerik eta bitartekorik gabe geratu ziren, eta ez zeukaten dirurik ez bizirauteko ez kartzelan zeuden senideei ezer bidaltzeko.[1] Boris Pasternak poeta eta lagunak asko lagundu zion, eta, bere bitartekaritzari esker, idazleentzako atseden-etxe batean jarri ziren bizitzen; gainera, Tsvetaievak itzulpen-lan batzuk egiteko mandatua jaso zuen. Aita-alabek espetxean jarraitzen zuten, tortura- eta galdeketa-saio gogorrak pairatzen.[1]

1941eko ekainean, Aberriaren aldeko Gerra Handia (II. Mundu Gerra) piztu zen, eta Tsvetaieva eta Mur semea Tatarstaneko Jelabuga hirira ebakuatu zituzten, nahiz eta Sobietar Batasuneko idazleen familia gehienak Txistopolera eraman zituzten. Tsvetaievak ez zeukan Jelabugan bizirauteko baliabiderik; horregatik, 1941eko abuztuaren 24an Txistopolera jo zuen, etsi-etsian, lanen bat bilatzeko asmotan. Abuztuaren 26an, Tsvetaievak eta Valentin Parnakh poetak Literatura Funts Sobietarrera jo zuten lan eske; Parnakh ate-zaindaritzarako onartu zuten, baina Tsvetaievari ukatu egin zioten Txistopolen bizitzeko baimen-eskaera; beraz, abuztuaren 28an Jelabugara itzuli behar izan zuen.

1941eko abuztuaren 31n, Tsvetaievak bere burua urkatu zuen.[7] Ohar bat utzi zion semeari: “Barkatu, baina okerragoa litzateke horrela jarraitzea. Oso gaixo nago, jada ez dut neure burua ezagutzen. Biziki maite zaitut. Uler ezazu ezin dudala gehiago bizi. Esan aitari eta Aliari, berriz ikusten badituzu, azken uneraino maite izan ditudala, eta azaldu iezaiezu amarru batean harrapatuta geratu naizela”.[8] Artean ez zekien uztailean senarra heriotza-zigorrera kondenatu zutela; 1941eko urriaren 16an exekutatu zuten.[1]

Jelabugako hilerrian lurperatu zuten, 1941eko irailaren 2an, eta oraindik ere ezezaguna da hilobiaren kokaleku zehatza.

Heriotzaz geroztikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tsvetaievaren etxe-museoa.

Inguruko lagun ugari Tsvetaievaren heriotzaren errudun sentitu ziren; Pasternakek, esaterako, huts egin ziola sentitu zuen. Dena den, poeta sobietarrek nahiago izan zuten errua Parisera eta Berlinera migratutako kideei leporatzea. Mendebalderagoko idazleen ustez, ostera, aita-alaben atxiloketa izan zen Tsvetaieva bere buruaz beste egitera bultzatu zuena, semearentzat zama bat besterik izango ez zelako ustean.

Esan izan da, baita, ez zela benetako suizidioa izan, NKVDko agenteak etxera agertu eta bere burua urkatzera behartu zutela.[9] Eta, izan ere, badira duela gutxi azaleratutako datu batzuk, erakusten dutenak Jelabugan egon zen denboran NKVDko agenteak segika izan zituela; berarekin elkartu ziren, tokiko "txekistekin" kolaboratzea proposatu zioten, eta ezezkoa emanez gero lanik aurkitu ezinik egongo zela mehatxu egin zioten. NKVDko agente izandako K. Jenkin-ek Ehiztari ehizatua memoria-liburua argitaratu zuen laurogeiko hamarkadan, eta badirudi han jasotakoek nolabaiteko sinesgarritasuna ematen diotela Tsvetaievak azken ohar hartan aipatutako "amarrua"ri.[1]

Ama hil ondoren, Aliak zortzi urte egin zituen gulagetan, atxilotuentzako lan-esparruetan[5]; 1949an berriz atxilotu zuten, eta Turukhansk barrutira deserriratu zuten. 1955ean askatu zuten.[10] Mur semea, berriz, Bigarren Mundu Gerrako Ekialdeko Frontera joan zen boluntario, eta han hil zen, gudu batean, 1944an.[11]

Jelabugan, Tsvetaievaren etxea museo bihurtu dute, eta berari eskainitako monumentu bat ere badago han inguruan.

Poesia-lan gehiena 1961etik aurrera argitaratu zen Sobietar Batasunean, eta bere lan gartsu, garbi eta zorrotzak, hizkuntzarekin esperimentatzeko ausardiarekin batera, poeta handien artean kokatu zuen.

Liudmila Karatxkina astronomoak poetaren izena eman zion berak 1982an aurkitutako Eguzki-sistemako gorputz txiki bati: 3511 Tsvetaieva.

Idazkera eta aintzatespena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egokitu zitzaizkion zoritxar horiek guztiak gorabehera, Marina Tsvetaievak obra bizia utzi zuen, indar, zorroztasun eta ausardia handikoa.

Sobietar Batasunean ez zuten bere lan askorik argitaratu Bigarren Mundu Gerraren ostera arte, hain zuzen ere ezkutuko literatura-orrietan banatutako argitalpenen bidez ezagunago egiten hasi zenera arte. Alabaina, lehenagotik ere arrakasta erdietsia zuen sorlekuan, batez ere Armada Zuriko kideek eta haren aldekoek ahoz aho zerabiltzatelako Tsvetaievak beren ohorez idatzitako bertsoak.[1]

Hainbat ziren Tsvetaievaren poesia miresten zuten poetak, hala nola Valeri Briusov, Maximilian Voloxin, Osip Mandelxtam, Boris Pasternak, Rainer Maria Rilke eta Anna Akhmatova. Aurrerago, Joseph Brodsky poetak ere Tsvetaievaren lanarekiko mira aitortu zuen, eta haren defendatzaile behinena bilakatu zen. Ororen gainetik, Tsvetaieva poeta lirikoa zen, eta ahots liriko hori ondo agerian dago, baita ere, bere narratiba poetikoan.[1]

Horrela azaltzen du Tsvetaievaren idazkera Galaxia Gutenberg argitaletxeak Un espíritu prisionero (2016) izenburupean argitaratutako testu eta poemen bildumaren itzultzaile Selma Ancira hasierako ohar batean[1]:

« Tsvetaievaren estiloa zehatza eta soinuduna da. Hitzak birrindu egiten ditu, formak hankaz gora jartzen ditu, musikarekin eta hizkuntzarekin jostatzen da. Hain justu ere, musikarekin lotuta dago hainbeste zeresan eman duen marraren erabilera. Marrarekin, zehaztasun emotibo handiagoa eransten die bere ideiei. Etenaldi bat da, musika-partituretako isilune-zeinuaren parekoa. Soinuen unibertsoan hezia, Marina Tsvetaievaren prosan eta poesian ahots-musikaren partituretan gertatzen den gauza bera gertatzen da, non silabak marraren bidez bereizten baitiren, melodiaren kadentziarekin bat egiteko. »


Zure heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marina Tsvetaievaren narratiba poetikoaren eta marraren erabileraren erakusgarri, honatx Rainer Maria Rilke poetaren heriotzaren karietara idatzitako "Zure heriotza" testuaren pasarte batzuk, Galaxia Gutenberg argitaletxearen Un espíritu prisionero[1] (2016) liburuan argitaratutako gaztelaniazko itzulpenetik euskarara ekarriak:

« Zure heriotza

Heriotza oro, baita berezietan bereziena ere —zureaz ari naiz, Rainer— beste heriotza batzuen ilaran kokatzen da halabeharrez, azken “lehen” eta lehendabiziko “gero” horien artean.

(...)

Adibide bat. X eta Yren artean ez zegoen inolako loturarik bizi ziren artean. Heriotzan ere ez dago, ez bada kontuan hartzen heriotza bera, garai hartan bezala — bizitza. Ahaidetzeko, bata eta bestea, gutxi da. Horrelako hilobi bat ez da sartzen gure hilarrien errenkadan, ilara guretzat esanguratsuak diren bi hilarrirekin ixten da. Hautaketa horren bidez gure heriotzen eta gure heriotzaren ilara eratzen da. Heriotza horiez eta norberaren heriotza osatzen duten heriotzez bakarrik hitz egingo dut lotura horretaz hitz egiten dudanean.

Heriotza bakoitzak heriotza guztiak ekartzen dizkigu berriro. Hiltzen den pertsona bakoitzak berriro ekartzen dizkigu hil zirenak bere aurretik eta gu geu— haiek. Ondorengoak hilko ez balira, arinago edo beranduago lehenagokoak ahaztuko genituzke. Beraz, hilarriz hilarri gabiltzalarik, gure hildakoekiko leialtasuna bermatzen dugu. Nolabaiteko hil osteko koexistentzia bat oroitzapenean: norberaren hilarrien errenkadan. Izan ere, gure hildako guztiak, berdin Moskun Novodevitxi kanposantuan daudenak edo Tunezen, edo beste tokiren batean, guretzat, gutako bakoitzarentzat, kanposantu bakarrean dautza — gure barruan, eta, denborarekin, hobi komun berean. Gurea. Asko daude batean lurperatuak eta bat askotan lurperatua. Han non zure lehen hilobiak eta azkenak — zure hilarriak — bat egiten duten, errenkada zirkulu batean ixten da. Ez bakarrik lurra (bizitza), heriotza ere biribila da.

Musukatzen duten ezpainen bidez, ahaidetzen dira eta eskua ematen diote elkarri musukatuek. Beren esku musukatuen bidez, ahaidetzen dira eta elkarri erakartzen diote musukatzen duten ezpainek. Hilezkortasunaren bermea da.

Horrela, Rainer, ahaidetu ninduzun galdu zintuzten guztiekin, nola nik, ihardetsiz, ahaidetu zintudan inoiz nik galdutako guztiekin, eta gainerakoekin baino gertuago, birekin.

Heriotzak eramaten gaitu, olatu artean bezala, hilobi-muinoetan zehar — Bizitzara. (...)

»


« Zure heriotza: «Mademoiselle» Jeanne Robert

(...)

—Eta nola dantzatu zineten?

—Bada, erakutsi zidaten bezala. Mademoiselle oso ondo dantzatzen da, oso arin, baina, noski, dantza haiek, antzinakoak. Eta Liolik, ikusita ez zutela Hungariako dantzarik dantzatzen, muturtu egin zen eta esan zuen ondoezik sentitzen zela. Edonola ere, mademoiselle berarekin dantzatu zen. Denekin dantzatu zen, eta neka-neka eginda amaitu zuen. Ene! Garrantzitsuena ahaztu zait. Dibanaren gainean, egongelan, bera dago — gaztetan. Belarraren gainean etzanda dago, liburu bat irakurtzen, eta sagar batzuk ditu aldamenean. Soineko arrosa bat dauka jantzita, xerloekikoa — eder ikusten da. Eta orduan ere oso mehe zegoen; orain zahartzaroagatik da, eta garai hartan gaztetasunagatik izango zen. Eta sudurra hazi zaio. — Bere ahizpak margotu zuen —ez hango hark, zoroak, ezpada besteak—, eroak, zaborra gelatik ateratzea atsegin ez duen harexek. Ekortu eta gorde egiten du. Baina koadroa oso polita da.

—Nola agurtu zineten?

—Oi, oso ondo, lasai baino lasaiago. Musu bat eman genion elkarri eta nik eskerrak eman nizkion, eta berak ere bai. Asko poztu zen zure liburua eraman niolako, baina uste dut ez zuela ikusi eskaintza — pentsatuko zuen irakurtzeko baino ez diozula utzi. Goizean, trenean ohartzen denean berarentzat dela, gehiago poztuko da. Agurtzerakoan berriro gonbidatu nuen Gabonetarako eta esan zidan hutsik egin gabe etorriko zela. Ama, zer oparituko diogu — eskularruak ala papera?

Eskularruak ala papera? Eta beti bezala, begizkoak jota banengo legez, ez neukan dirurik betiereko — azken opari horretarako.

Ohar-liburuxka bat, agian? Batzuk oso merkeak dira. Izan daiteke (hain gogo gutxi eta hain aukera gutxi neukan orain irteteko, hain justu Gabon egunaren ospakizunaren aurretik) opari polit bat? Edo zuhaixka ikustera gonbida dezakegu, besterik gabe. Nolatan, baina, oparien zera hori? Umeei bakarrik egiten zaizkie opariak… Nire burua konbentzitzeko ahaleginaren zakarrak eta nire argudioen ezegokitasunak argi erakusten zuten: ezinbestekoa zen oparia. Kontua zen: eskularruak ala papera?

Eskularruak, azkenean, mutikoaren amak erosiak zituen: “Bero-beroak, sendoak; alta, berak dauzkanak, koitadua, txikituta daude. Bere etxean egon ostean — hotz harekin — zerbait beroa oparitu behar diodala pentsatzen ari naiz etengabe. Ez ahal du txarrera hartuko”. (Errusiar batek emanda — txarrera har lezake? Eskale batek eskaintzea legez da.)

Eskularruen existentziak berekin ekarri zuen papera izatea. “Bost eta sei franko bitartean, ez zazpi edo zortzi baino gehiago, eta gehienera ere hamar. Zerbait ez oso deigarria, andre nagusi batentzat…”

(“Nagusia” — desegiteko zorian dagoenean; eta “andre” — mademoiselle Jeanne Robert izanik!)

Très distingué — parfaitement distingué — tout ce qu’il y a de plus distingué — on ne peut plus distingué…

(6 frs… 9 frs. cinquante… 12 frs. cinquante…  18 frs.)

Kutxatxoak, karraska arin bat eginda, pilatu egiten ziren. Bat — oso deigarria, beste bat — oso eskasa, hirugarrena — gogaikarria, laugarrena — garestia, bosgarrena — garestia, seigarrena — garestia. Eta, beti bezala, oihu batekin: “A, bada beste bat, ahaztu egin zait” — azkena, egokia. (Gure gustua zuzena dela egiaztatzeko, proba azkar bat — langilearekin…)

Zeru-urdina. Oihalezkoa. Loretxo urdin batzuk azalean, hain soilak ezen ez dira irrigarriak. Hortzik gabe eta izurdura ingelesarekin ertzetan… Garestia da. Nire aurrekontuan sartzen da.

“Rien de plus pratique et de plus distingué. Et pas cher du tout, madame, quarante feuilles et quarante enveloppes. Un bon cas de profiter.”

Etxean, oraindik atean; “Alya! Badaukagu mademoiselleren oparia”.

“A Mademoiselle Jeanne Robert pour notre Noël russe, Ariane” — kutxatxo bat jada ez dendakoa, jada ez baita anonimoa, zuhaitzaren azpian dago, pakete arrosaren ondoan — d’Olègue (Liolikena). Laster Gabon eguna iritsiko da, laster mademoiselle iritsiko da. Errusian egona da, baina harrez geroztik (berrogeita hamar urte), ospatuko al zuen inoiz Gabon errusiar bat? Bide batez, zuhaitzak nahikoa apaingarri izan zezan arduratuta geundenez —azken unean geltoki ondoko loradendan geunden— ez genuen hartu astirik gonbidapena gogorarazteko, beraz, beharbada ez da etorriko Gabonetarako, baizik eta ostegunetako ohiko klaserako, lehena bukatuta gero bere oporrak — frantsesak. Klasera etorriko da eta Gabon eguna ospatuko du. — Eta, badakizu?, Liolik, ez zaio ezer esan behar, sartzeko esan, besterik ez. — Edo esan gaur klasea behean egingo dugula. — Goian ez dagoelako berogailurik. Hitz batean, umeen aurrean mademoisellek itzal egiten dio Gabonetako zuhaitzari Gabon egunean.

(...)

»

[12]


Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bukaeraren poema Josu Landak euskarari ekarria (armiarma.eus, 2016)
  • Ez naiz kexu, ez naiz borrokatzen..., Hedoi Etxartek euskarari ekarria in Ihes ederra (Alberdania, 2009)
  • Ene anaia femeninoa. Erein. 2022. Joxe Mari Berasategi Zurututzak euskarara ekarria. ISBN. 978-84-9109-824-9

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa ab ac ad ae af ag ah ai aj ak (Gaztelaniaz) Tsvetaieva, Marina. (2016). Irma Kudrova-ren hitzaurrea in "Marina Tsvietáieva. Un espíritu prisionero". Galaxia Gutenberg ISBN 978-84-16734-56-6..
  2. a b c d e f g h "Tsvetaeva, Marina Ivanovna" Who's Who in the Twentieth Century. Oxford University Press, 1999.
  3. a b c d e f g h Feinstein (1993) pix
  4. Bisha, Robin (2002) Russian women, 1698-1917: Experience and expression, an anthology of sources. Indiana University Press p143
  5. a b c d e f g h "Tsvetaeva, Marina Ivanovna" The Oxford Companion to English Literature. Edited by Dinah Birch. Oxford University Press Inc.
  6. Tsvetaeva, Edited & annotated by Angela . Viktoria Schweitzer, London: Harvill, 1992, pp. 332, 345.
  7. .
  8. Feiler, Lily (1994) Marina Tsvetaeva: the double beat of Heaven and Hell. Duke University Press. p264 ISBN 978-0-8223-1482-0
  9. "The Death of a Poet: The Last Days of Marina Tsvetaeva", Modern Language Review, July 2006 by Ute Stock
  10. .
  11. "Marina Tsvetaeva. Prediction" Russian documentary. Director Sergei Bosenko. Culture TV channel. 2012
  12. [Amaia Astobiza Uriartek euskarara ekarria (Wikiemakumeak, 2017)]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]