Mario Onaindia
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Mario Onaindia Natxiondo | |
| Jaio | 1948ko urtarrilaren 13a | |
| Lekeitio (Bizkaia) | ||
| Hil | 2003ko abuztuaren 31a | |
| Gasteiz (Araba) | ||
Mario Onaindia Natxiondo (Lekeitio, 1948ko urtarrilaren 13a - Gasteiz, 2003ko abuztuaren 31a) euskal politikaria, idazlea eta ETAko kidea izan zen.
Politikagintzan gazte hasi zen Euzko Gaztedian, baina 1967rako ETAko Kultura Frontean zebilen. 1969an Bilbon atzeman zuten. Meliton Manzanas poliziaren hilketan parte hartzea leporatuta, Burgosko Prozesuko epaituetako bat izan zen. Heriotza zigorra ezarri zioten arren, bizitza osoko espetxealdira zigortu zuten azkenik. Kartzelan Marxen zenbait liburu itzuli zituen euskarara eta eleberri bat idatzi zuen, Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak (1977). 8 urte egin zituen kartzelan, 1977an Belgikara erbesteratu baitzuten.
Euskal Iraultzarako Alderdiko idazkari nagusia aukeratua, karguari eutsi zion alderdiak Euskadiko Ezkerra izena hartu zuenean. Autonomia Estatutuaren idazketan parte hartu zuen, eta 1980an Euskal Legebiltzarreko kide hautatu zuten. Eusko legebiltzarrean hiru legegintzaldi jarraian jardun zuen.
1981ean ETA politiko-militarrak armak uzteko negoziazioetan parte hartu zuen.
1992an Juan Mari Bandresekin batera, EE PSOEren barruan sartu zuen. Alderdi honen euskal adarrean, PSE-EEn, lehendakariordea eta lehendakaria izan zen, nahiz eta azken kargu hori ezin izan zuen onartu osasun arazoak zirela eta. 1993ko hauteskunde orokorretan senatari hautatu zuten.
Lan literarioak [aldatu]
Lehen aipatuaz gain, bost eleberri eta ipuin liburu bat argitaratu ditu:
- Grand Placen aurkituko gara (1983)
- Gau Ipuinak (1983)
- Gilen Garateko Batxilerra (1984), Irun Hiria Saria
- Delrincon-en motorra (1985)
- Olagarroa (1987)
- Gela debekatua (1988)
Zinemagintzan ere aritu da; dokumentalak egin ditu, batez ere.
2000. urtean Guía para orientarse en el laberinto vasco liburua argitaratu zuen, eta 2001. urtean El precio de la Libertad. Memorias (1948-1997) lana aurkeztu zuen.
Kanpo loturak [aldatu]
- Mario Onaindia Fundazioa
- Fitxa Eusko Legebiltzarrean
- Gaizka Fernández Soldevilla, "Agur a las armas. EIA, Euskadiko Ezkerra y la disolución de ETA político-militar (1976-1985" Sancho el sabio, ISSN 1131-5350, 33, 2010, pp. 55-96.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.