Mario Vargas Llosa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mario Vargas Llosa
Mario Vargas Llosa
Mario Vargas Llosa 2011n.
Datu pertsonalak
Izen osoa Jorge Mario Pedro Vargas Llosa
Jaio 1936ko martxoaren 28a
Arequipa ( Peru)
Bikotekidea(k) Isabel Preysler
Webgunea http://www.mvargasllosa.com/

Jorge Mario Pedro Vargas Llosa (Arequipa, Peru, 1936ko martxoaren 28a) idazle peruarra da. Bizirik dauden gaztelerazko idazlerik ezagunenetarikoa da. 2010ean Literaturako Nobel Saria lortu zuen. Cervantes saria (1994) eta Asturiasko Printzea Saria (1996) ere jaso ditu.

1960ko hamarkadan idatzitako La ciudad y los perros (1962), La casa verde (1965), eta Conversación en La Catedral (1969) liburuekin irabazi zuen nazioarteko ezagutza. Literatura eta kazetaritza lanak egiten ditu, oso genero ezberdinak landuz. Idazlanetako asko Peruko bizimoduaren inguruan ari dira, edo bere esperientziez peruar gisa. Hala ere, munduko beste leku batzuetara ere hedatzen ditu gaiak azken aldi honetan.

Biografia

Mario Vargas Llosa 1936ko martxoaren 28an, Peru hegoaldeko Arequipa hirian jaio zen. Ordurako gurasoak bereizirik zeuden eta hamar urte izan arte ez zuen aita ezagutu. Lehenbiziko ikasketak Cochabambako (Bolivia) La Salle ikastetxean egin zituen. 1945ean familia Perura itzuli zen, eta Mariok Piura zein Liman ikasi zuen. Aitarekin berriz bildu zelarik, haren heziketaren norabidea aldatu, eta bi urtez Limako Leoncio Prado eskola militarrean jardun zuen; hala ere, bigarren hezkuntza Piurako San Miguel ikastetxean amaitu zuen[1].

1953an Limara itzuli eta Universidad Nacional Mayor de San Marcosen zuzenbidea eta letrak ikasten hasi zen. 1955ean, 18 urte besterik ez zuela, Julia Urquidirekin ezkondu zen[2]. Hori zela eta, ikasketekin batera, hainbat lanetan aritu behar izan zuen. 1959an, Javier Prado dirulaguntzari esker, filosofia eta letretako doktoregoa lortu zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Ondoko urtean Parisen kokatu zen. Bertan, besteak beste, gaztelania irakaslea, France-Presseko kazetaria eta ORTFko esataria izan zen. 1959n bere lehenbiziko liburua, Los jefes ipuin bilduma, argitaratu zuen[1].

1964an Perura itzuli, Julia Urquidirengandik dibortziatu eta Amazonian zehar ibili zen, oihanari eta oihaneko biztanleei buruzko informazioa biltzen. 1965ean La Habanara joan zen. Casa de las Américas kubatar aldizkariaren Erredakzio Batzordekidea izan zen, harik eta 1971ean bertako erregimen sozialistatik erabat aldendu zen arte[1].

1965ean Patricia Llosarekin ezkondu zen. Hiru seme-alaba izan zituzten: Álvaro (1966), Gonzalo (1967) eta Morgana (1974). 1967an Grezian aritu zen lanean, UNESCOren itzultzaile, Julio Cortázar-ekin batera. 1974 arteko urteak Europan igaro zituen eta, aldizka, Paris, Londres eta Bartzelonan bizi izan zen[3].

Mario Vargas Llosa 1982an.

1975ean Peruko Hizkuntz Akademiako kide izendatu zuten. 1976 eta 1979 bitartean Nazioarteko PEN Clubeko lehendakaria izan zen. Perun, 1981ean La Torre de Babel telebista emankizuna aurkeztu zuen, eta 1983an Uchuraccay herrian gertatutako 8 kazetariren hilketa argitu behar zuen Ikerketa Komisioaren burua izan zen[3]. 1987an politika munduan sartu zen, Alan García Pérez presidentearen aurkako Movimiento Libertad alderdiaren buru. 1990eko Presidentetzarako hauteskundeetan parte hartu zuen, baina Alberto Fujimorik gainditu zuen[4]. Horren ostean, Londresera itzuli eta idazteari ekin zion, berriz ere[3].

1993ko martxoan espainiar hiritartasuna lortu zuen, peruarrari uko egin gabe. 1994an Espainiako Errege Akademiako kide aukeratu zuten, eta urte horretan bertan Miguel de Cervantes saria jaso zuen. Hainbat unibertsitatek honoris causa doktore izendatu dute[3].

Idazlanak

1959an, Leopoldo Alas saria lortu zuen Los Jefes (Buruzagiak), kontakizun laburren multzoarengatik. Lehiak eta gogorkeriak markatzen dituzte kontakizun guztiak, eta giro dramatikoa, zoria edota halabeharraren mendekoa, izango da, bai liburu honen, bai ondorengo eleberrien, osagai nagusietako bat. La Ciudad y los Perros (1962, Hiria eta zakurrak) eleberri trinkoa, aldi berean klasikoa eta abangoardiakoa da. Limako eskola militar bateko kadeteen bizimodua erakusten du (egileak berak bertan eman zituen urte batzuk), zapalkuntzak dakarren giro guztiz bortitza eta, mikrokosmos baten moduan, Peruko gizartearen irudia islatuz.

La casa verde eleberriarekin (1966, Etxe berdea), Peruko iparraldera eta oihanera aldatzen da gertalekua. Etxe berdea, putetxea, zenbait istorioren gurutzagunea da: mojek hazitako indiarra, putetxera joan beste aukerarik ez duena; Fushia bidelapurra; oihaneko biztanleen bizimodua eta zuriekin dituzten istiluak. Modu polifonikoan, oihal zabal batean, Peruko gizartearen beste alderdi bat aurkezten du egileak, José María Arguedas edo Ciro Alegríaren indigenismo pintoresko zein protestazaletik oso urruti. Datuen zehaztasunak frantses eleberrigile handien tradizioa darama gaztelerazko eleberrigileen eremura, Honoré de Balzac eta Gustave Flaubertena bereziki (azkenaren mireslea izanik, liburu bat eskaini zion Vargas Llosak).

1967koa da Los Cachorros (Zakurkumeak), Limako gazte burgesei buruzkoa. Liburu honetako prosaren arintasunak, indarrak eta oparotasunak egilearen obra handienetako bati zabaldu zioten bidea: Conversacion en la Catedral (1971, Elkarrizketa katedralean). Errealismo gogor eta lizunenak iradokizun sinboliko eta alegorikoaren ahalmen harrigarria hartzen du hemen. Obra honetan, Santiago Zavala protagonistak bere aitaren txofer ohiarekin duen elkarrizketa luzera mugatzen da kontakizuna, baina hor ateratzen dira, nahasmendu zurrunbilotsuan, Santiagoren bizitzako azken hamar urteak, eta deskubritzen da haren aitaren benetako izaera: homosexuala, hiltzailea, gaizkilea.

Ondoko bi lanak, Pantaleon y las visitadoras (1973, Pantaleon eta bisitariak) eta La Tia Julia y el escribidor (1977, Izeba Julia eta eskribatzailea), eleberri komiko eta parodikoak dira. Lehenbizikoa Peruko Amazonian gertatzen da: oihan honetara igorritako soldaduen sexu-grinak asetzeko, prostituta konboiak antolatzen dira. Isileko zeregin horren arduraduna, bere printzipioen aurka bada ere, Pantaleón Pantoja kapitaina izanen da. Eleberri labur honetan, oso kontaera berritzailea erabiliz, hipokresia sozialaren kritika zorrotza egin zuen[5]. La Tia Julia y el escribidor, berriz, 1950eko hamarkadako Limaren oroitzapena da, eta idazlearen lehen ezkontzan oinarriturik dago.

1981ean La Guerra del fin del mundo (Mundu amaierako gerra), bere lehenbiziko eleberri historikoa, karrikaratu zuen. Brasil ipar-ekialdeko Sertão eskualdean (Bahia) kokaturik dago eta 1896-1897 bitartean gertatutako Canudosko gerra du oinarri. El pez en el agua (1993, Arraina uretan) autobiografikoaren ostean, La fiesta del chivo (2000, Akerraren jaia), Rafael Trujillo, dominikar diktadoreari buruzkoa, argitaratu zuen. 2010ean kaleratutako El sueño del celta (Zeltaren ametsa), Kongo eta Perun britainiar kontsul izandako Roger Casement, irlandar independentista eta antikolonialistaren biografia da[6].

Politika

Fitxategi:Vargas Llosa candidato presidencia del Perú (1990).jpg
Mario Vargas Llosa 1990eko hauteskunde kanpainako mitin batean.

Literaturan gogor lan egiteaz gainera, politikagintzan jardun du beti; jadanik unibertsitateko urteetan, 1950eko hamarraldian, Peruko Alderdi Komunista berregituratzen saiatu zen. 1960tik aurrera sozialismotik aldentzen hasi zen, benetako sozialismoaren huts egitea zela eta. Orduz geroztik, totalitarismoa etengabe gaitzesteaz gain, liberalismoaren bidetik abiatu zen.

1987an, Alan García presidenteak bankuak nazionalizatzeko asmoa iragarri zuelarik, neurri honen aurka agertu eta Peruko politikaren lehen lerrora igaro zen. 1990eko hauteskundeetan, zentro-eskuineko FREDEMO koalizioaren presidentegaia izan zen, baina Alberto Fujimorik garaitu zuen[7].

Espainian, Alderdi Popularra zein UPyDren alde eta nazionalismo periferikoen aurka agertu da[8][9].

Bibliografia hautatua

Fikzioa

  • 1959Los jefes
  • 1963La ciudad y los perros
  • 1966La casa verde
  • 1969Conversación en la catedral
  • 1973Pantaleón y las visitadoras - Euskaraz: Pantaleón eta bisitariak. 2011, Santi Leoneren itzulpena[10].
  • 1977La tía Julia y el escribidor
  • 1981La guerra del fin del mundo
  • 1984Historia de Mayta
  • 1986¿Quién mató a Palomino Molero?
  • 1987El hablador
  • 1988Elogio de la madrastra
  • 1993Lituma en los Andes
  • 1997Los cuadernos de don Rigoberto
  • 2000La fiesta del chivo
  • 2003El paraíso en la otra esquina
  • 2006Travesuras de la niña mala
  • 2010El sueño del celta
  • 2013El héroe discreto
  • 2016 - Cinco esquinas

Saiakera

  • 1958 - Bases para una interpretación de Rubén Darío tesia.
  • 1971 - García Márquez: historia de un deicidio
  • 1971 - Historia secreta de una novela
  • 1975 - La orgía perpetua: Flaubert y Madame Bovary
  • 1981 - Entre Sartre y Camus, ensayos
  • 1984 - La suntuosa abundancia, Fernando Boterori buruzko saiakera.
  • 1990 - La verdad de las mentiras: ensayos sobre la novela moderna
  • 1992 - Un hombre triste y feroz, George Groszi buruzko saiakera
  • 1994 - Desafíos a la libertad
  • 1996 - La utopía arcaica. José María Arguedas y las ficciones del indigenismo
  • 1997 - Cartas a un joven novelista
  • 2001 - El lenguaje de la pasión
  • 2004 - La tentación de lo imposible, Victor Hugoren Los miserables eleberriari buruzkoa.
  • 2008 - El viaje a la ficción, Juan Carlos Onettiri buruzko saiakera.
  • 2012 - La civilización del espectáculo

Antzerkia

  • 1952 - La huida del Inca, argitaratu gabea.
  • 1981 - La señorita de Tacna
  • 1983 - Kathie y el hipopótamo
  • 1986 - La Chunga
  • 1993 - El loco de los balcones
  • 1996 - Ojos bonitos, cuadros feos
  • 2007 - Odiseo y Penélope
  • 2008 - Al pie del Támesis
  • 2009 - Las mil noches y una noche

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mario Vargas Llosa Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Mario Vargas Llosa