Mark Zuckerberg

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mark Zuckerberg
Mark Zuckerberg
Datu pertsonalak
Izen osoa Mark Elliot Zuckerberg
Jaio 1984ko maiatzaren 14a (39 urte)[1]
Ameriketako Estatu Batuak New York (Amerikako Estatu Batuak)
Sinadura

Mark Elliot Zuckerberg (1984ko maiatzaren 14a, White Plains, New Yorkeko estatua, AEB) estatubatuar programatzaile eta enpresaburu famatua da, Facebooken asmatzailea. Egun zerbitzu horretako zuzendari exekutibo eta lehendakari da. Aipatutako sarea korporazio pribatutzat eratu zuen Zuckerbergek 2004an Harvard Unibertsitateko zenbait kideren, Konputazio Zientzietako koordinatzailearen eta bere logelakide Eduardo Saverin, Dustin Moskovitz eta Chris Hughesen laguntzarekin.[2][3]

Harrezkero, mundu osoko pertsonaiarik entzutetsu eta aberatsenetakoa izan da; izan ere, 2007an, Zuckerberg 35 urtetik beherako pertsonarik berritzaileenetakoa izendatu zuten MITen. 2010ean urteko pertsonaia izendatu zuten Time aldizkarian,[4] eta, hori gutxi balitz, handik urtebetera —2011n, alegia—, bere esku 17,5 bilioi dolar zituela kalkulatu zen.[5] Bestalde, Vanity Fair aldizkariaren ustez, teknologiaren munduko pertsonarik eraginkorrena izan zen urte horretan bertan, Steve Jobs, Sergey Brin edo Larry Pageren aurretik.

Biografia

Mark Zuckerberg 2007an

Zuckerberg 1984an jaio zen White Plains udalerrian (New Yorkeko estatua, AEB).[6] Ama Karen, psikiatra, eta aita Edward Zuckerberg, dentista, ditu. Bere hiru arrebekin batera (Randi, Donna eta Arielle), Dobbs Ferryn (New York) hezi zuten, judutar giro batean; 13 urte bete zituenean, bere Bar Mitzvah deituriko judutar erritua izan zuen; geroztik, ordea, ateoa dela adierazi izan du.[7]

Ardsley eskolan ikasi zuen, eta gero Philips Exeter akademian. 2002an Adam D'Angelo lagunarekin arrakasta handia izan zuen musika kantak iragartzen zituen programa bat kaleratu zuten. Microsoft eta Applek programa horren eskubideak bereganatu nahi zituzten, baina azkenean ez zuten lortu. Ondoren, Markek bere aplikazioa sarera atera zuen, dohainik jaisteko aukerarekin.[8]

Hardvarren sartu zen 2003an. Coursematch bezalako programak diseinatzen hasi zen, eta Facemash.com sortu zuen; azken honetan, unibertsitateko nesken balorazioa egin zitekeen eta Hardvarreko Zerbitzu Informatikoen Departamentuak administrazioaren aurrera eraman zuen, hainbat kargu leporatuz. Zuckerbergek informazioa librea eta irekia izan behar zela deklaratu zuen.

2004an Markek Facebook sortu zuen, eta Unibertsitatetik urtebeatez aldendu zen. Azkenean, urte bat geroago bere ikasketak alboratu zituen.

Mark gazteak txiki-txikitatik erakutsi zituen dohain nabarmenak. Izan ere, Ardsley High School zentroan ikasten ibili zen garaitik hasita, Zuckerberg gai klasikoetan nabarmentzen hasi zen gainontzeko ikasleekiko. Phillips Exeter Academy zentrora joan baino lehen, hainbat sari irabazi zituen alor zientifikoan (matematika, astronomia eta fisika) eta gai klasikoetan ere oso aurreratua zen. Unibertsitaterako sarrera-eskaria agirian, ingelesaz gain irakurri nahiz idazteko gai zen hizkuntzen artean, honako hauek zerrendatu zituen: frantsesa, hebreera, latina eta antzinako greziera.[9] Eskriman ere primeran moldatu zen eta eskrima taldeko kapitain izendatu zuten. Unibertsitatera heldu zenean, Iliada bezalako poema epikoak ozen irakurtzeagatik egin zen entzutetsu ikasleen artean.

Unibertsitateko bigarren urtean, Zuckerberg kide zuen ikasleen elkarteak antolaturiko festa batean, Priscilla Chan ezagutu zuen; 2003an, izatez Bostongo inguruetakoa zen ikaskide txinatar-amerikarra eta Mark elkarrekin ateratzen hasi ziren.[10] 2010eko irailean, Markek Chani (medikuntza ikasten ari zen hau) Palo Alton (Kalifornia) alokatu berri zuen etxean elkarrekin bizitzeko gonbita egin zion. Hurrengo hilabeteetan, Zuckerbergek mandarinera ikasten aritu zen eta, hedabideen ustez, ezkontzeko planak ditu dagoeneko, baina ez dago data zehatzik.

Esan daiteke, beraz, Marken bizitzak buelta asko eman dituela ikasle garaitik hasi eta Facebookeko buru bilakatu arte, baina betiere ukituriko alor orotan arrakasta mantenduz. Haatik, aberastasun hori ez da bere pertsonan bakarrik gordetzen, poltsikoa ere ez baitzaio atzera geratzen; izan ere, 2011ko maiatzean, Zuckerbergek 7 milioi dolarren truke Palo Alton bertan 5 logelako etxea erosi zuen zurrumurrua zabaldu zen.

Zuckerberg, software garatzaile

Hastapenak

Mark Zuckerberg 2008an

Zuckerberg bigarren hezkuntzan hasi zen ordenagailuak erabiltzen eta software lengoaian idazten. Bere aitak 1990eko hamarkadan irakatsi zion Atari edota BASIC Programming bezalako programa informatikoak erabiltzen eta, geroago, David Newman software garatzailea hartu zuen bere tutore pertsonaltzat. Newmanek Mark haur harrigarri gisa definitzen du oraindik ere, bere gaitasunei aurrea hartzea oso gogorra egin zitzaiola ziurtatuz.

Oraindik batxilergoa egiten zebilela, Zuckerbergek gai honetan espezializaturiko gradu-ikastaro bat ere egin zuen bere etxetik hurbil zegoen Mercy College zentroan. Ordurako, programa informatikoak garatzen zaletu zen, batez ere komunikazio tresna eta jokoei zegokien atalean. Honi jarraituz, ZuckNet deituriko software programa bat sortu zuen, bere etxeko eta bere aitaren hortz-klinikako (hau etxean bertan zegoen) ordenagailu guztien arteko komunikazioa ahalbidetu zuena. Marken asmakizun hau AOL Inc. enpresa informatikoaren Instant Messenger (euskarazko Bat-bateko Mezularitza) komunikazio tresnaren aitzindaritzat hartzen da, Markek ZuckNet sortu eta urtebetera martxan jarri zena.

Jose Antonio Vargas idazle espainiarrak dioenez,

« Haur batzuek ordenagailuko jokoetara jolasten zuten. Markek, berriz, hauek sortu egiten zituen. »

Eta ez dago oker, izan ere, Zuckerberg berak horrela esan zuen behin:

« Artistak ziren lagun mordoa nuen. Etxera etorri ohi ziren, marrazkiren bat edo beste egin, eta nik hortik joko bat eraikitzen nuen. »

Batxilergoko urteetan, Synapse Media Player deituriko musika-erreproduzitzailea sortu zuen Intelligent Media Group taldearen izenean. Programa horrek adimen artifiziala zerabilen entzulearen entzute-ohiturak bereganatzeko eta gero abesti horiek Slashdot gune teknologikoan argitaratzeko.[11] Programa berritzaile honi bostetik hiruko puntuazioa eman zion PC Magazine aldizkariak.[12] Izan zuen arrakasta ikusita, AOL eta Microsoft Synapse erosten eta Zuckerberg eurekin lan egiteko konbentzitzen saiatu ziren, baina honek nahiago izan zuen bere aplikazioa sarera kaleratu, dohainik jaisteko, eta 2002an Harvard Unibertsitatean sartu zen.

Hardvardeko urteak

Harvard Unibertsitateko ikasketak hasi zituenerako bere programaziorako dohainak aski ospetsuak ziren. Alpha Epsilon Pi deituriko ikasle juduen ikasle-taldeko kide izateaz gain, psikologia eta informatika edo konputazio zientziak ikasi zituen.[13]

Bere bigarren urtean, CourseMatch izena eman zion programa bat idatzi zuen, erabiltzaileei ikasleen aukeraketaren arabera klaseak antolatzea edota ikasle-taldeak eratzea ahalbidetzen ziena. Handik gutxira, hasiera batean Facemash deituriko beste programa bat sortu zuen, non ikasleek hainbat ikasleren argazkien artean ederrena bozka zezaketen. Garai hartan Zuckerbergen logela-kide zen Arie Hasitek azaldu zuenez, gune hura dibertitzeko baino ez zuen sortu. Honela azaldu zuen:[14]

« Face Book deitzen genien liburuak genituen, unibertsitateko ikasle-egoitza bakoitzean bizi ziren ikasle guztien argazkiak eta izenak biltzen zituztenak. Hasieran, bi argazki ageri ziren gune bat eraiki zuen, bi mutil eta bi neska, eta bisitariak horien artean ederragoa edo galantagoa nor zen erabaki beharra zeukan. Azkenik, botoen arabera, ranking moduko bat eratuko zen. »

Guneak astebukaera oso batez jarraitu zuen martxan. Baina astelehen goiza iritsi bezain laster, unibertsitateak berak gunea itxi egin zuen. Honetarako arrazoia zera izan zen, Facemash gunearen bisitek Harvardeko zerbitzariak gainezka egitea eragin zuten, ikasleak Internet erabili ezinik utziz. Gainera, ikasle askok Zuckerbergek argazkiak euren baimenik gabe erabili zituela defendatu zuten. Zuckerbergek publikoki eskatu zuen barkamena, nahiz eta unibertsitateko egunkarian gertaturikoa azaldu aste hartan eta gunearen filosofia onartezin eta desegokia salatu zen.

Facemashen garaian, bestalde, unibertsitateak ikasleen argazkiak eta kontaktuen informazioa bilduko zituen barruko gune propio bat gara zezan eskatzen hasi ziren. Arie Hasiten arabera:

« Markek eskaera hauen berri izan zuen eta, unibertsitateak ezer egiteko asmorik erakusten ez bazuen, zerbait hori berak egingo zuela erabaki zuen, eta bere lan hau unibertsitateak dagoeneko pentsaturiko edozer baino hobea izango zela. »

Facebook

Sorrera eta berehalako arrakasta: Interesei gailenduriko helburua

Facebook

2004ko otsailaren 4an, Zuckerbergek bere Harvardeko logelatik bertatik jarri zuen Facebook sarearen erabiltzaile guztientzat eskuragai.[15][16] Zenbaiten aburuz, zerbitzu honen kontzepturako inspirazioa, Phillips Exeter Academy zentroan ikasi zuen garaitik zetorkion bere sortzaile nagusiari. Azken batean, arestian aipaturiko akademiak bere ikasleen direktorio propioa argitaratu zuen, The Photo Address Book (euskaraz Argazki eta Helbide Liburua), ikasleen artean The Facebook moduan ezaguna egin zena. Argazkiz hornituriko direktorio haiek ikasleen bizitza sozialeko atal garrantzitsu bilakatu ziren berehala eskola pribatu askotan. Hauei esker, izan ere, ikasleek euren lagunak eta hauen telefono zenbakiak errazago identifika zitzaketen.

Behin unibertsitatera heldu zenean, Zuckerbergen Facebook Harvardeko kontu soil bezala hasi zen funtzionatzen bere asmatzaileak, bere gelakide Dustin Moskovitzen laguntzarekin batera, gainontzeko zentroetara zabaltzea erabaki zuen arte. Lehenbizi Stanford Unibertsitatera hedatu zuten, eta sare sozialen iraultza horrekin laster bereganatu zituzten Dartmouth, Columbiako Unibertsitatea, New Yorkeko Unibertsitatea, Cornell, Pennsylvaniako Unibertsitatea, Brown eta Yale Unibertsitatea ere.[17][18][19]

Zuckerberg Palo Altora mugitu zen, Kalifornia, Moskovitz eta zenbait lagunekin eta bertan etxe txiki bat bulego modura erabiltzeko prestatu zuten. Uda hartan, Zuckerbergek Peter Thiel ezagutu zuen eta honek konpainian inbertitu zuen. Horrela, 2004. urtearen erdialdera lortu zuten konpainiarentzako benetako bulegoa. Izatez, taldeak Harvardera itzultzeko asmoa zeukan, baina azkenean Kalifornian geratzea erabaki zuten.[20][21] Ordurako, dagoeneko hainbat izan ziren atzera bota zituzten Facebook erosteko eskaintzak. 2007an eginiko elkarrizketa batean, Zuckerbergek honetarako arrazoiak azaldu zituen:

« Ez da diru kantitateagatik. Bai niretzat eta bai nire lagunentzat garrantzitsuena jende guztiarentzako informazio jario irekia sortzea da. Konglomeratuen jabetzan dagoen korporazio bat izateko ideiak ez nau batere erakartzen. »

2010ean, helburu berez mintzatu zen Wired Magazine aldizkarirako:

« Benetan axola zaidana gure misioa da, mundua irekia egitea, alegia. »

Urte horretako uztailaren 21ean, Zuckerbergek konpainiak 500 milioi erabiltzaile zituela zehaztu zuen, eta Facebookek diru gehiago irabazteko publizitatera joko ote zuen denbora gutxian emandako gorakada eta hazkunde nabarmenaren aurrean galdetu ziotenean, honela ihardetsi zuen:

« Hori egin genezakeela esango nuke... Kontsulta eta bilaketen bataz bestekoarekin konparatuz gure orrian ageri diren iragarkiei erreparatzen badiezu, gure kasuan, bataz besteko hori orrialdeen %10a baino zertxobait gutxiago da eta, aldiz, iragarkiz beteriko bilaketen batez bestekoa %20koa. Hori da egin genezakeen gauzarik sinpleena. Baina ez gara horrelakoak. Nahikoa diru egiten dugu. Zera esan nahi dut, gauzen aurrerakuntza bultzatu nahi dugu; nahi dugun erritmoan ari gara hazten. »

2010ean Steven Levyk, 1984an argitaraturiko Hackers: Heroes of the Computer Revolution (euskaraz Hackerrak: Ordenagailuen Iraultzako Heroiak) liburuaren autoreak, Zuckerbergek bere burua hackertzat daukala idatzi zuen.[22] Zuckerbergek honi gauzak apurtzea ondo dagoela esanez erantzun zion, gauzak apurtu eta hauek hobetzea ondo dagoela esanez.

Facebookek Hackathon deituriko programatzaileen topaguneari bultzada eman zion, 6 edo 8 astero antolatzen delarik eta bertan parte-hartzaileek gau bakarra izaten dutelarik proiektu bat osatu eta jendea honen aukerez konbentzitzeko. Konpainiak, hain zuzen ere, musika, janari eta garagardoz hornitu zuen hackathona, eta Facebookeko langile ugari, Zuckerberg bera barne, askotan izan ziren bertan.[22] Hau esan zion Zuckerbergek Levyri:

« Honen funtsa gau bakar batean zerbait izugarria sor dezakezula da. Eta hori Facebooken izaeraren zati da orain. Dudarik gabe, nire izaeraren funtsa da. »

Vanity Fair aldizkariak Zuckerberg informazioaren garaiko eragin handieneko 100 pertsonen zerrendan lehena izendatu zuen 2010. urteari zegokion zerrendan, eta 23. zenbakian ikusi genuen 2009ko zerrendan beran.[23] 2010ean, era berean, New Statesman aldizkari politikoaren urteroko ikerketaren arabera, munduko eragin handieneko 50 pertsonen artean 16.a zen.[24] Hortaz, esan daiteke Facebookek izugarrizko arrakasta izateaz gain, Mark bera ere ez zela motz geratu.

2011ko elkarrizketa batean, Steve Jobsen heriotzaren ostean, Zuckerbergek Jobsengandik aholku baliotsu bat jaso zuela aitortu zuen; Facebooken bera bezain gauza on eta kalitatezkoak sortzean kontzentraturiko zuzendaritza bat nola lortu azaldu omen zion Jobsek hartan.

Hobekuntzak eta gehigarriak

Wirehog

2004ko otsailean Facebook eskuragai jarri eta hilabete aurrerago, i2hub kaleratu zen, Wayne Changek sorturiko eta unibertsitateetara mugaturiko beste komunikazio zerbitzu bat. i2hub P2P dokumentuen partekatzean funtsaturik zegoen. Garai hartan, biak, i2hub eta Facebook, bai publizitatearen alorrean eta bai erabiltzaileei zegokienez ere, prentsaren eurekiko interesa bezalaxe, abiadura bizian ari ziren hazten. 2004ko abuztuan, Zuckerberg, Andrew McCollum, Adam D'Angelo eta Sean Parkerrek, aurrez aipaturiko P2P datu partekatzeari konpetentzia egiteko asmoarekin, horrelako zerbitzu propioa sortu zuten, Wirehog deiturikoa, Facebook Platform (euskaraz Facebook Plataforma) zerbitzuko aplikazioen aurrekaria.[25]

Platform

2007ko maiatzaren 27an, Zuckerbergek Facebook Platform (euskaraz Facebook Plataforma) aurkeztu zuen, programatzaileentzako garapenerako plataforma, non hauek Facebookerako aplikazio sozialak sor eta gara zitzaketen. Astebeteko epean, aplikazio ugari eraiki ziren eta batzuek dagoeneko milioika erabiltzaile zituzten. Mundu osoan Facebook Platformerako aplikazioak sortzeko lanetan ziharduten 800.000 garatzailetik gora izatera heldu zen.

Beacon eta ondorengoak

2007ko azaroaren 6an, Zuckerbergek Beacon deituriko publizitate sozialerako sistema berria aurkeztu zuen, jendeari, beste orrietan eginiko bilaketa eta bisitetan oinarriturik, euren Facebookeko lagunekin informazioa partekatzea ahalbidetzen ziona. Esate baterako, eBay guneko saltzaileek euren lagunak automatikoki jar zitzaketen jakinaren gainean bertan salgai zituzten gauzen inguruan Facebookeko berrien eguneraketen ohartarazpenei esker. Programa hau, ordea, erabiltzaile indibidual eta talde erabiltzaileek erakutsi zituzten pribatutasunaren inguruko kezken aurrean, zaintza eta kontrolpean jarri behar izan zuten. Zuckerberg eta Facebookek ez zien berehalakoan ihardetsi kezka hauei eta 2007ko abenduaren 5ean Markek bidalketa bat argitaratu zuen bere Facebookeko orrian. Bertan, Beaconen inguruko kezka horien inguruko ardura guztia bere gain hartu zuela onartu zuen eta erabiltzaileei zerbitzutik kanpo geratzeko aukera errazagoa eskaini zien.

2008ko uztailaren 23an, Zuckerbergek Facebook Connect, gunea aurkeztu zuen, erabiltzaileentzako Facebook Platform gehigarriaren bertsio eguneratua.

Eztabaida eta gorabehera lagun

Lehen antagonistak

Cameron Winklevoss, Tyler Winklevoss eta Divya Narendra Harvardeko ikasleek Marki HarvardConnection.com (aurrerago ConnectU deitu zioten) gunea eraikitzeko eskaria egin zioten, baina Markek ez zuen amaitu. Hirukoteak salatu zuen Zuckerbergek nahita sinetsarazi ziela laguntzen ari zitzaiela.[26]

2004an deitu zuten Zuckerberg auzitara, baina 2007ko martxoaren 28an atzera bota zuten epaiketa eskaria. Handik gutxira, ordea, Bostongo auzitegian onetsi zuten kasua berriro. Honi aurre egiteko helburuaz, Facebookek hirukotearen aurkako salaketa ezarri zuen, Social Butterfly bezala ezagutzen zen proiektuan oinarriturikoa, proiektu honetarako The Winklevoss Chang Group, taldeak, arestian aipaturiko anaiek Wayne Changekin batera osaturiko taldea, ConnectU eta i2hub zerbitzuen arteko partaidetza onartu zuela frogatuz. Kontua modu baketsuan amaitu zen, ordea, 2008ko ekainaren 25ean kasua bere horretan geratu eta Facebookek 1,2 milioi partaidetza eurekin banatzea eta 20 milioi dolar ordaintzea adostu baitzuen.

2007ko azaroan, auzitegi konfidentzialeko dokumentu eta agiriak Interneten argitaratu ziren. Hauek Zuckerberg beraren gizarte segurantzako zenbakia edota bere neskalagunaren helbidea bezalako datuak zituzten bere baitan. Beraz, Facebookek agiri haiek ezabatzea eskatu zuen. Aitzitik, epaileak web gune horren jabearen alde egin zuen.[27]

Autoretza jokoan

Eduardo Saverinek ere bideratu zuen Facebook eta Zuckerbergen aurkako epaiketa. Haatik, hau ere bere horretan geratu zen, konpainiak berak Saverinen eskaria onartu baitzuen eta hau Facebooken sortzaileetako bat izendatu.[28]

Facebook, ikerketa kriminalen begiradapean

2010eko ekainean, Pakistango Sidiqque jeneral boteretsuak Zuckerberg eta honekin batera Facebooken sortzaile izandako Dustin Moskovitz and Chris Hughesen gaineko ikerketa kriminal bat bideratu zuen Mahoma Marrazteko Eguna Facebooken bitartez ezagutzera eman zen astean. Ikerketa bideratu zuen jeneralak bertako poliziari Interpolekin harremanetan jartzeko eskatu zion, horrela Zuckerberg eta bere lankideak atxilotu ahal izateko.

2010eko maiatzaren 19an, Facebook denboraldi batez blokeaturik egon zen Pakistanen, Facebookek erabiltzaileren batek bertan publikatu zuen lehiaketa maiatzaren amaieran gunetik ezabatu zuten arte. Hori gutxi balitz, Sidiqquek arazoa Nazio Batuen Batzar Nagusiarekin eztabaidatzeko ere eskatu zion herrialdeko Nazio Batuetako ordezkari nagusiari, baina kontuak ez zuen aurrera egin.[29][30]

Buelta jabetzaren auzira

2010eko ekainaren 30ean, New York hiritik gertu kokaturiko pellet erregai-konpainia baten buru Paul Cegliak Zuckerbergen aurkako epaiketa bat aurkeztu zuen, Facebooken jabetzaren %84 aldarrikatuz eta honen ondoriozko ordainsari bat eskatuz. Honen arabera, Zuckerberg eta berak 2003ko apirilaren 28an kontratu bat sinatu zuten, non honek 1.000 dolarreko kopurua jarriko zuela enpresari hasiera emateko eta horren truke honek enpresaren %50a jasoko zuela adostu baitzuten, 2004ko urtarrilaren 1etik gunearen erabateko eraikuntza bitartean igarotako egun bakoitzeko enpresariari gunearen jabetzaren %1 gehituko zitzaiolarik. Une hartan, ordea, Zuckerberg beste proiektu batzuetan zebilen buru-belarri, hauen artean Facemash zelarik, Facebooken aurrekaria, eta, beraz, thefacebook.com domeinua ez zuen 2004ko urtarrilaren 1a baino lehen erregistratu; hor hasi zen, hain zuzen ere, gunearen garapena, hilabeteak iraun zituena. Facebookeko zuzendaritzak auzi hark ez zuela ez hanka eta ez buru azaldu zuen une oro, eta, beraz, ez zieten Cegliaren eskariei men egin.[31]

Kontratuak berak dio Ceglia Zuckerbergi StreetFax proiektuaren truke 1.000 dolar ordaintzeko prest agertu zela, baita PageBook izeneko beste proiektu baterako diru kopuru bera ordaintzeko ere. Horrez gain, kontratuan bertan agertzen da The Face Book deituriko beste proiektu baten inguruko akordioa, 2004ko urtarrilean osaturik egotea adostu zutena, data horretatik aurrera igarotako egun bakoitzeko erosleari, hots, Cegliari, gunearen jabetzaren %1 gehituko zitzaiola zehaztuz. Cegliak, izatez, kontratua sinatu eta sei hilabetera Zuckerbergi ordainduriko 1.000 dolarren ordainagiria erakutsi zuen epailearen aurrean Marki bere lanagatik ordaindu ziola frogatuz.[32] Aitzitik, ez zen kontratuan zehazten zen ordainketa osoa izan, hau da, 2.000 dolar, eta akordioak ez zuen horrelako kasu batean egin beharrekoa zehazten.

ABC World Newsek eginiko elkarrizketa batean, Zuckerbergek ezaugarri horiek betetzen zituen kontraturik inoiz sinatu ez zuela defendatu zuen. Garai hartan, izan ere, Zuckerbergek StreetFax deituriko proiektu batean kode garatzaile moduan soilik egin zuen lan Cegliarentzat, ez beste ezer.

Kasuaren berezitasunen aurrean, Thomas Brown epaileak Facebooken jabetzari zegozkion transferentzia eta finantza-egoeren datu ororen gaineko babes-agindua eman zuen berri garrantzitsuren bat izan arte. Honen erantzun gisa, Facebookek kasua alde batera uztea eskatu zuen, helburua arrakastaz lortuz.[33]

Irudikapenak ikus-entzunezkoetan

The Social Network

Mark Zuckerberg, World Economic Forumem 2009an

Zuckerberg eta Facebooken sorrerako urteetan oinarrituriko filma, The Social Network (euskaraz Sare Soziala) izenburua daramana, 2010eko urriaren 1ean estreinatu zen, Jesse Eisenberg aktorea ikusi genuelarik Zuckerbergen azalean. Benetako Zuckerbergek filma egiteko asmoen zurrumurrua entzun zuenean, honela aitortu zuen:[34]

« Bizirik nengoen bitartean inork niri buruzko pelikularik egin ez izatea soilik desio nuen. »

Gainera, Interneten produkzioaren gidoiaren filtrazioa gertatu zenean, bazirudien filmak ez zuela Zuckerbergen aurpegirik zintzoena erakusteko xederik.

Produkzio hau, izatez, Ben Mezrich idazlearen The Accidental Billionaires deituriko liburuko istorioan ei dago oinarriturik, liburuaren publizistak "bihurri eta dibertigarri" moduan deskribatu zuelarik, eta ez "erreportai" edo "kritika" moduan. Filmaren gidoilarietako batek, Aaron Sorkin izenekoak, New York magazine aldizkariari honakoa esan zion:

« Ez dut nire fideltasuna egiarekiko izatea nahi, istorio bat kontatzearekiko baizik. (...) Zer du txarra, bada, zehaztasun purua helburu izateak egia ongiaren arerio baldin bada? »

2011ko urtarrilaren 16an Irudirik Onenaren Urrezko Globo Saria irabazi ostean, Scott Rudin produktoreak eskerrak eman zizkien Facebook eta Zukerberg berari "bere bizitza eta lana elkar komunikatzeko darabilgun moduaren inguruan istorio bat kontatzeko metafora bezala erabiltzea ahalbidetzeko prest agertu zaigulako".[35] Sorkinek, Gidoirik Onenaren Saria irabazi zuenak, gidoian ageri diren zenbait atalen inguruko gogoetak azaldu zituen:[36]

« Gaur gauean zera esan nahi nion Mark Zuckerbergi, hau ikusten ari bazara, Rooney Mara aktoresaren pertsonaiak (Zuckerbergen neskalaguna) aurreikuspen bat egiten du filmaren hasiera aldera. Oker zegoen. Izan ere, argi ikusi da enpresari handi, ameslari eta altruista bikaina zarela. »

Hitz hauei guztiei erantzun izan die Mark Zuckerbergek berak filma estreinatu eta ondorengo hitzaldi eta elkarrizketetan.

Zehaztasuna zalantzan

Jeff Jarvis idazle eta kazetariak, Zuckerberg elkarrizketatu ostean, filmak kontatzen duen istorioaren gehiengoa Sorkin gidoilariak berak asmatu zuela esan zuen. Honela esan zuen:[37]

« Hori da Interneti leporatzen zaiona, zurrumurru eta istorioak asmatzea, benetako datuen inguruko axolagabekeria. »

David Kirkpatrick editorearen ustetan, halaber,[38]

« Filma bere osotasunaren % 40an baino ez da egia, Mark bera ez baita krudela izaterainoko pertsona sarkastiko eta itzarria, eta filmak Zuckerbergen aurpegi hori erakusten digu nagusiki. [...] Gertakari asko zehatzak badira ere, euren trataera eta interpretazioak ez dira zuzenak. Bere motibazio iturri nagusia Internet bidez informazioa partekatzeko modu berri bat asmatzen saiatzea eta asmatzea zen. »

Filmak Facebooken sorrera kontatzen badu ere, hau Zuckerbergek inongo ikasle-talde garrantzitsutan sartzea lortu ez izanaren ondorio bezala erakusten digu, benetan estatus maila altua eskuratzeko bide bezala. Honen aurrean, Markek berak adierazi zuen ez zuela mota horretako Harvardeko klub esklusiboetan sartzeko grinarik. Beraz, filmaren ikuspuntua faltsua litzateke.

Karel Balounek, Facebookeko ingeniari izandakoak, zera dio bere lankide izandakoaren inguruan:

« Zuckerbergen irudi hori, sozialki egokitu ezin den norbanakoarena, erabat fikziozkoa da. Eta ez lioke lagun bati traizio egingo sekula. »

Bestelako irudikapen eta agerpenak

Simpsondarrak

Zuckerbergek bere ahotsa jarri zion Simpsondarren kapitulu batean bere buruaren isla zen pertsonaiari, hau da, bere buruari, lehenengo aldiz 2010eko urriaren 3an estreinatu zena. Kapitulu hartan, Lisa Simpson eta bere lagun Nelsonek Zuckerbergekin topo egiten dute ustekabez, enpresarien kontseilu batean. Honek Lisari arrakasta izateko unibertsitateko titulurik eskuratu beharrik ez dagoela adierazten dio beste hainbat aholkuren artean, adibide bezala, bere buruaz gain, Bill Gates edota Richard Branson enpresaria jarriz. Horrela, Lisak bizitzarako ikasgai garrantzitsu bat bereganatzen du.[39]

Saturday Night Live

2010eko urriaren 9an, Saturday Night Live telebista saioak Zuckerberg eta Facebooken inguruko umorezko grabazio bat prestatu zuen, non Andy Samberg imitatzailea Zuckerbergen lekuan jarri baitzen.[40] Benetako Zuckerbergek, ordea, ez zuen bere burua oso kontent erakutsi emaitzarekin.

2011ko urtarrilaren 29an, Zuckerberg Saturday Night Live telebista saioan agertu zen ezusteko gonbidatu moduan, bertan Jesse Eisenberg aktorea, filmean Zuckerbergen azalean jarri zena, aurkezle lanetan ari zen bitartean. Biek elkar topo egiten zuten lehen aldia zela aipatu zuten. Horrela, Eisenbergek zera galdetu zion Zuckerbergi, ea filma gustatu zitzaion ala ez, kontuan izanik filma ikusi baino lehen Markek kritika gogorrak egin zituela honen aurka. Zuckerbergek honela ihardetsi zion:

« Interesgarria zen. »

Iruzkin honek eta, jakina, biak batera egote hark humore kutsua ekarri zion egoerari, eta berehala zabaldu zen egoera hura gordetzen zuen bideoa.

Euren topaketaren ondoren Jesse Eisenbergi eginiko elkarrizketa batean, honek euren elkarketak urduritasuna sortzen ziola azaldu zuen, dagoeneko urte eta erdi baitzeraman Zuckerberg ikertzen bere pertsonaia ahalik eta errealistena izan zedin. Honela jarraitu zuen bere azalpenarekin:

« Mark benetan umoretsu agertu da izatez horren deserosoa zirudien egoera batean. SNL (Saturday Night Live) egin eta egoera barregarria egin izana benetan eskuzabala eta atsegina izan da bere aldetik. Hori da, nire ustez, bestela horren deserosoa izango zitekeen zerbait eramangarriago egiteko biderik onena. »

Filantropia

Zuckerberg eta Obama

Zuckerbergek diru kantitate zabal eta esanguratsua eman zuen Diaspora zerbitzu edo software askea sortzen dirauen gunearen onurarako. Hau "egundoko ideia" bezala ikusten zuela adierazi zuen Markek.[41]

Zuckerbergek, gainera, Start-up: Education foundation deituriko gunea sortu zuen. 2010eko irailaren 22an, hain zuzen ere, Markek New Jerseyko zenbait eskola publikori 100 milioi dolar ematea adostu zuen.[42] Haatik, laguntza hau ez zen giro iskanbilatsutik at geratu, jendeak, diru-laguntza hau The Social Network filmaren estreinaldia baino zerbait lehenagoko kontua izanik, Zuckerberg bere irudia garbitzeko ahaleginetan zebilelako zurrumurrua zabaldu baitzuen. Zuckerbergek, ordea, kritika hauei aurre egin zien:

« Ez nuen filmaren estreinaldiarekiko prentsaren mugimendua nire diru-laguntza proiektuen datekin bat etortzerik edota nahasterik nahi, horregatik izan naiz zentzuduna denboraren planifikazioari dagokionez. Ekintza hau anonimo moduan egitekotan egon nintzen horrela bi gauzak elkarrengandik urrun mantendu ahal izateko. »

Alderantziz, anonimotasunaren kontu hura New Jerseyko agintarien kontua izan zela frogatu zen, hauek izan baitziren Zuckerbergi bere identitatea azaltzea eskatu ziotenak.

2010eko abenduaren 9an, Zuckerberg, Bill Gates eta Warren Buffett inbertitzaileak Giving Pledge deituriko promesa bat sinatu zuten, denboraren baitan euren ondasunen erdiak karitate-erakundeetara bideratuko zituztela eta jende aberatsa euren aberastasunen %50 karitate-erakundeetara bideratzera gonbidatuko zutela hitz emanez.[43]

Zinema

2010an bere bizitza eta Facebook sare sozialaren sorreran oinarritutako The Social Network filma estreinatu zen.

Erreferentziak

  1. Pilkington, Ed. (2011-3-10). «Forbes rich list: Facebook six stake their claims» The Guardian.
  2. Hardy, Quentin. (2010-6-12). «Is Zuckerberg Person of the Year?» Forbes magazine.
  3. Gonzales, Sandra. (2010-12-8). Zuckerberg to donate wealth. Silicon Valley Mercury News.
  4. Grossman. (2010-12-15). «Person of the Year 2010: Mark Zuckerberg» Time.
  5. Forbes: Mark Zuckerberg
  6. Malone, Jasmine. "Mark Zuckerberg wins Time person of the year: profile", The Daily Telegraph, 2010-12-15
  7. Vara, Vauhini. (2007-11-28). «Too Much Information?» The Wall Street Journal.
  8. Cassidy, John. (2006-5-15). «Me Media. How hanging out on the Internet became big business» The New Yorker.
  9. Kirkpatrick, David. (2010). The Facebook Effect: The Inside Story of the Company That Is Connecting the World. New York City: Simon & Schuster, 20–21 or. ISBN 978-1-4391-0211-4..
  10. Shanahan, Mark, "Mark Zuckerberg's lady friend is local", The Boston Globe, 2010-7-30
  11. Hemos/Dan Moore. (2003-4-21). Machine Learning and MP3s. in: Slashdot..
  12. Troy Dreier. (2005-2-8). Synapse Media Player Review. in: PCMag.com..
  13. http://www.deseretnews.com/article/700121651/Mark-Zuckerberg-speaks-at-BYU-calls-Facebook-as-much-psychology-and-sociology-as-it-is-technology.html?pg=2
  14. "Facebook founder's roommate recounts creation of Internet giant", Haaretz, 2009-10-05.
  15. Did Mark Zuckerberg's Inspiration for Facebook Come Before Harvard?. in: ReadWriteWeb. 2009-5-10.
  16. "Face-to-Face with Mark Zuckerberg '02" Phillips Exeter Academyaren webgunea, 2007-1-24
  17. Holt, Chris. (2004-3-10). «Thefacebook.com's darker side» The Stanford Daily.
  18. «Online network created by Harvard students flourishes» Tufts Daily.
  19. «Students flock to join college online facebook» The Daily Pennsylvanian.
  20. Teller, Sam, "Zuckerberg To Leave Harvard Indefinitely: Looking for employees, facebook.com creator visits campus", The Harvard Crimson, 2005-11-1
  21. Feeney, Kevin J., "Business, Casual. Mark E. Zuckerberg '06–'07, founder and CEO of TheFacebook, kicks back amid the mess in his California casa. And yes, He's working", The Harvard Crimson, 2005-2-24
  22. a b Levy, Steven. (2010-4-19). «Geek Power: Steven Levy Revisits Tech Titans, Hackers, Idealists» Wired.
  23. «The Vanity Fair 100» Vanity Fair 2010eko urria.
  24. «Mark Zuckerberg – 50 People who matter 2010» New Statesman.
  25. Martey Dodoo. (2004-8-16). Wirehog?. .
  26. Carlson, Nicholas. «In 2004, Mark Zuckerberg Broke Into A Facebook User's Private Email Account» Silicon Alley Insider.
  27. McCarthy, Caroline. (2007-11-30). «article about 02138» News.com.
  28. The book that Facebook doesn't want you to read. CNN Money 2009-7-25.
  29. West, Jackson. Facebook CEO Named in Pakistan Criminal Investigation. NBC Bay Area.
  30. www.theregister.co.uk. (2010-6-17). Zuckerberg faces criminal investigation in Pakistan. .
  31. Anderson, John. (2010-7-29). Facebook does not have a like button for Ceglia. WellsvilleDaily.com.
  32. Venture beat coverage of Ceglia lawsuit
  33. Kawamoto, Dawn. (2010-7-13). Facebook and Website Designer Paul Ceglia Brawl Over 84% Stake. DailyFinance.com.
  34. Fried, Ina. (2010-6-2). Zuckerberg in the hot seat at D8. CNET.
  35. "The Social Network Filmmakers Thank Zuckerberg During Golden Globes" Time "Techland", 2011-1-17
  36. "Last Night, Aaron Sorkin Demonstrated How to Apologize Without Accepting Responsibility" NYMag, 2011-1-17
  37. Rohrer, Finlo. "Is the Facebook movie the truth about Mark Zuckerberg" BBC, 2010-9-30
  38. "The Facebook Effect: The Inside Story of the Company That Is Connecting the World", 2011-2-1
  39. New York. (2010-7-21). Facebook Creator Mark Zuckerberg to Get Yellow on The Simpsons. .
  40. Griggs, Brandon. (2010-10-11). Facebook, Zuckerberg spoofed on 'SNL'. CNN.
  41. Singel, Ryan. (2010-5-28). «Epicenter: Mark Zuckerberg: I Donated to Open Source, Facebook Competitor» Wired News (Condé Nast Publishing).
  42. Tracy, Ryan. (2010-11-23). «Can Mark Zuckerberg's Money Save Newark's Schools?» Newsweek.
  43. BBC. (2010-8-4). US billionaires pledge 50% of their wealth to charity. .

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mark Zuckerberg Aldatu lotura Wikidatan