Markina-Xemein
Wikipedia(e)tik
- Artikulu hau Bizkaiko herriari buruzkoa da, Arabako herriari buruzko artikulua ikusteko: Markina (Zuia)
|
Markina-Xemein |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Markina-Xemein | ||
| Antolaketa Estatua Autonomia Erkidegoa Lurralde Historikoa Eskualdea |
Espainia Euskal Autonomia Erkidegoa Bizkaia Lea-Artibai |
||
| Alkatea | Jabier Alberdi Ibaibarriaga (EAJ) |
||
| Herritarra | markinar, xemeindar | ||
| Koordenatuak | |||
| Eremua | 44,79 km2 | ||
| Garaiera | - m. | ||
| Distantzia | 50 km Bilbora | ||
| Euskaldunak | %89,16 (2001) | ||
| Postakodea | 48.270 | ||
| Biztanleria | 4.804 bizt (2008) | ||
| Dentsitatea | 107,68 bizt/km² | ||
| Sorrera | hiribildua 1355 bateratzea 1952 |
||
| www.markina-xemein.com/ | |||
Markina-Xemein Bizkaiko udalerria da, Lea-Artibai eskualdean.
Markina-Xemein 1952an sortu zen, Markina uriak eta Xemein elizateak bat egin zutenean. 1969an Ziortza-Bolibar batu zitzaien, baina azken hau 2005ean desanexionatu egin zen.
Eduki-taula |
[aldatu] Inguru naturala eta kokapena
Bizkaiko ipar-mendebaldean dago, Artibai ibaiak Urkorekin bat egiten duen lekuan. Gipuzkoarekin muga egiten du, gainera. Ingurune menditsua da, herrigunea bera nahiko behean egon arren (70 metro inguru itsaso gainetik), mendiz inguraturik dago alde guztietatik (gehienak 400-800 metro ingurukoak, Oiz kenduta, 1026 metrokoa).
Amoroto eta Berriatua ditu iparraldean, Aulesti eta Ziortza-Bolibar mendebaldean, Etxebarria eta Eibar ekialdean eta Mallabia eta Berriz hegoaldean.
[aldatu] Garraiobideak
Lea-Artibai eskualde gehienean bezala, garraiobideak nahiko eskasak dira, bigarren mailako errepideen bidegurutzea baita. BI-633 errepidea (eskualde mailakoa) da garrantzitsuena, Durangotik Ondarroara doana. Horrez gain, BI-3405 herri-errepidea Lekeitiora, BI-3443 Aulestira, BI-2636 Etxebarria eta Elgoibarrera eta BI-4404 Barinaga, Aginaga eta Eibarrera dira bide garrantzitsuenak.
Industriak garapen urria izan zuen ingurunean dagoenez, ez dauka ez trenbiderik, ezta autobiderik ere. Garraio publiko bakarra autobusa da, Bizkaibus enpresako autobusak, hain zuzen ere; horiek Lekeitio, Ondarroa, Durango eta Bilborako zerbitzua eskaintzen dute.
[aldatu] Ekonomia
Lehen sektoreak biztanleria aktiboaren %10 inguru hartzen du, nahiz eta bere eragina txikiagoa den. Izan ere, baserrietan ekoizten diren produktu gehienak autokontsumorako dira, eta oso gutxi dira hortik bizitzeko lain ateratzen duten familiak. Harrobien ustiaketak, berriz, eragin garrantzitsua du sektore honetan.
Bigarren sektoreak, bestalde, garrantzia izan du Markina-Xemeinen historian zehar, baina gorabehera handiak izan ditu. 70-80ko hamarkadetan herriko ardatz industriala izan zen La Esperanza arma fabrika krisialdi gogor baten ondorioz itxi behar izan zuten. Horren ondorioz, industria txikiko enpresa batzuk baino ez ziren geratu. Gaur egun, berriz, markinar askok inguruko herrietako industriguneetan lan egiten dute.
Hirugarren sektoreak, azkenik, garrantzi handia dauka gaur egun, langileen %40 biltzen baitu. Hala ere, ostalaritzan eta denda txikietan oinarritzen da, ez baitago merkataritza sare handirik.
[aldatu] Eraikin eta monumentu adierazgarriak
[aldatu] Eraikin erlijiosoak
- Xemeingo Andra Mariaren Zeruratzea parrokia. Gaur egun dagoen eliza XVI. mendean eraiki zen aurretik zegoen txikiago baten ordez. Saloi erako eliza da (alemanez, Hallen Kirche), hiru habearte eta oinarri errektangularra ditu. Bizkaiko elizarik handiena da bolumenari dagokionez, batez ere altuera handia duelako. Sakristia eta korua XVII. mendekoak dira, eta erretaula manierista dauka, Andra Mariaren irudia erdian duela. Eliza honetan dago hilobiratua Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondea, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko sortzailea. Eliza bera Euskadiko Monumentu Nazional izendatu zuten.
- Xemeingo hilerria. Mariano Laskurainek diseinatua eta 1851n eraikia. Ilustrazioko eskaera higienikoak betetzeagatik, hilerriak elizetatik kanpo atera nahi izan ziren, eta Xemeingoa dugu Euskal Herrian eredu berritzaile horri jarraiki eraikitako lehenengoa. XVI. mendeko Kristoren irudi bat dauka kapera nagusian. Oinarri errektangularra du; izkinetako aterpeetan hilobi arruntak daude, eta erdiko gunean panteoiak. Hau ere Euskadiko Monumentu Nazional izendatuta dago.
- Mesedeetako lekaimeen konbentua. Konbentua XVII. mendean eraiki zuten, Mesedeetako lekaimeak Xemeindik Markinara joan zirenean. Eliza XVIII. mendekoa da (barrokoa) baina altara nagusia 1827an egin zuen Alejandro Valdiviesok.
- Karmeldar fraileen eliza eta konbentua. 1691n, Ziortzako kolegiatako abate Ignazio Munibe eta Axperen ekimenez eraiki zen konbentua. Eliza 1724an inauguratu zuten, abuztuaren 15ean. 1809-1813 bitarteko Espainiako Independentzia Gerran fraileak kanporatu zituzten, baita 1839an Madrilgo gobernu "liberalek" konbentuak ixteko agindu zutenean ere. 1868an karmeldarren errestaurazioa (Espainia mailan) konbentu honetantxe hasi zen.Eliza barrokoa da. Kanpoaldean duen simetria eredua barnealdean aldareen bizitasunarekin kontrajartzen da.
- San Jose eliza. Peñafloridako kondearen alargunak bere dorretxea eta baratzea karmeldar lekaimeen konbentu bat eraikitzeko eskaini zituen. 1890ean ezarri ziren lekaimeak bertan, baina 2004an konbentua utzi zuten. Gaur egun eliza itxita dago.
- Arretxinagako Mikel deunaren baseliza. Markina-Xemeingo eraikinik bitxiena da zalantzarik gabe. XVII. mendean eraiki zen baseliza, jatorri ezezaguneko hiru harritzar handik osatzen zuten egitura estaltzeko. Harri horiek orekan daude bata bestearen ondoan, eta azpian zulo bat dago. Horren inguruan era guztietako sineskeriak zabaldu dira: zulo horretatik pasatzen denak senargaia/andregaia topatuko duela, hortzetako mina pasako zaiola, etab.
- Eliza txiki. XVI. mendean herriko sarreran eraiki zen, penitenteak bidez zetozela herrira sartu orduko otoitz egin zezaten. Barroko estiloko burdinsare bat dauka eta barruan Gurutze handi bat gurtzen da.
[aldatu] Eraikin zibilak
- Patrokua jauregia.
- Ugarte dorrea.
- Barroeta dorrea.
- Ansotegi jauregia.
- Murga jauregia.
- Antxia dorrea.
- Mugartegi jauregia.
- Gaytan de Ayalatarren jauregia.
- Pilotaren Unibertsitatea frontoia.
- Karmengo iturria. Ilustrazioaren garaian eraiki zen herriguneko biztanleek edateko ura eduki zezaten. Hasieran azpil baten irudia zeukan gainean, baina 1923an Pragako Jesus Umearen irudia ezarri zuten, haren kofradiak herrian zuen pisu handia zela eta. Iturriko zutabean Juan Antonio Mogelen hiru olerki daude:
- Carlos Irugarrena
- Bizcaico jaun dala
- Marquinaco urijak
- egin nau onela.
- Ugarteco axpeetan
- daukat jatorrija.
- Ubide sakonetan
- ekarri ugarija
- Ur hau ederra zala
- esanik aitubac
- alan arindu dira
- neque ta castubac.
[aldatu] Markinar ezagunak
- Juan Antonio Mogel (1745-1804), euskal idazlea. Eibarren jaioa, Xemeingo parroko izan zen.
- Bartolome Madariaga (1768-1836) karmeldar euskal idazle klasikoa.
- Nicolasa Pradera (1870-1979) sukaldaria.
- Aita Jose Domingo Ugartetxea (1888-1980) euskal musikari karmeldarra.
- Alberto Onaindia (1902-1988). Abadea. Jose Antonio Agirre lehendakariaren aholkularia izan zen lehenengo Eusko Jaurlaritzan.
- Jose Maria Arizmendiarrieta (1915-1976) Euskal mugimendu kooperatibistaren sortzailea.
- Luis Etxanobe (1929-1998) margolari eta dekoratzailea.
- Gregorio Larrañaga "Mañukorta" (1943-), bertsolaria.
- Xabier Kalzakorta (1961-), euskal idazlea.
- Ander Lipus (1971-), antzerkilaria.
[aldatu] Demografia
4.804 biztanle zituen 2008an.
Biztanleria auzoka banatzen badugu, honako emaitza hau aterako zaigu:
| Biztanleria auzoka (2001) | |
| Auzoa | Biztanleria |
|---|---|
| Barinaga | 153 |
| Ilurtzar | 79 |
| Iturreta | 70 |
| Larruskain-Amalloa | 111 |
| Markina-Xemein | 3.747 |
| Meabe | 63 |
| Ubilla-Urberuaga | 118 |
Biztanle gehienak herrigunean bizi dira, Markinako alde zaharra eta bere inguruan historian zehar eraiki diren auzoetan. Auzo apartatuetan baserriak dira nagusi, gaur egun familia bakarreko etxebizitza bihurtu dira horietako asko, eta beste asko hutsik daude eta jabeak asteburu edo oporretan erabiltzen dituzte soilik, edo bertan behera utzita daude.
Lea-Artibaiko herri gehienak bezala, Markina-Xemeinen euskaraz ulertu eta hitz egiten dakite hiritar gehienek, berezko hizkera mendebaleko euskara da. Azken datuen arabera, bertako biztanleen %87-88 inguru euskalduna da (euskaraz hitz egiteko gai). Kale erabilerari dagokionez, aldiz, portzentajea asko jaisten da; 2006an egindako neurketen arabera, Markina-Xemeingo kale erabilera %56-57koa da gutxi gorabehera.
Bestalde, herrian bertso-eskola bat badaukate.
[aldatu] Jaiak eta ospakizunak
Herriko jai nagusiak uztailaren 16aren inguruan ospatzen dira, Karmengo Andre Mariaren omenez hain zuzen. Jai hauetako ekitaldi aipagarrienak hauek dira, besteak beste: jaien hasierako txupinazoa eta poteoa bizikletan, danborrada, Karmen eguneko meza nagusia, aurreskua, zesta puntako partiduak, herri bazkaria zelaian, kontzertu eta erromeriak...
Irailaren 29an Mikel goiaingeruaren jaia ospatzen da Arretxinagako baselizan. Egun hau jai egun izendatuta dago herri osoan. Jai honetako ekitaldi nabarmenenak egun horretako eguerdian egiten den Xemeingo ezpata-dantza eta gauerdian egiten den Mahai-Gainekoa dira.
Jai horiez gain, urriko bigarren larunbatean Lea Artibai eskualdeko nekazaritza eta abeltzaintza azoka nagusia egiten da. Beste alde batetik, Inauterietako igandea ere ospatzen da.
Herriko jai nagusi horietatik aparte, auzo bakoitzak bere jaiegunak ditu; gehienetan tokiko baseliza txikiko santuaren jaia ospatzen da. Hauek dira jai garrantzitsuenak:
- Abesuan Santa Kurutzeko jaiak ospatzen dira (maiatzeko lehenengo larunbata).
- Amalloa auzoan San Joan jaiak (ekainaren 24a).
- Barinagan San Pedro jaiak (ekainaren 29a).
- Iturretan San Martin jaiak (uztailaren 7a) eta San Kristobal jaiak (uztailaren 10a).
- Larruskainen San Inazio jaiak (uztailaren 31a).
- Goierrian Santutxu edo Aingeru Guardakoaren jaiak (abuztuaren 1a).
- Iruzubietan Edurtzetako Andre Mariaren jaiak (abuztuaren 5a).
- Atxondoan San Jazinto jaiak (abuztuaren 17a).
- Erdotzan Erdotzako Andre Mariaren jaiak (irailaren 8a).
[aldatu] Bitxikeriak
Finlandian bada Markkina bat, Enontekiö udalerrian den herrixka da.

