Marko Agripa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Marko Agripa

Marko Agripa (latinez Marcus Vipsanius Agrippa) (K. a. 63 - K. o. 12) Erromako politikari eta jenerala izan zen. Oktaviano, lehenbiziko erromatar enperadorearen laguna, suhia eta aholkularia izan zen. Oktavianok garaipen militar gehienak, batez ere Marko Antonio eta Kleopatraren kontrako Actium batailarena, Agripari zor zizkion.

Estreinako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agripa leinu apalekoa izan zen. Oktavianoren haurtzaroko laguna ez ezik, Mundako batailan zalditeriako ofizialak ziren biak Julio Zesarren agintepean, Agripak hasieran Katonen alde borrokatu arren. Zesarrek, Oktaviano oinordeko izendatutakoan, Gaio Mezenas eta Agriparekin batera Apoloniara bidali zituzten, Mazedoniako legioekin ikastera.

Lagun minak bihurtu ziren hirurak Apolonian. Mazedoniako legioetan Agriparen aginte-ahalmena agerian geratu zen. Arkitektura ere ikasi zuen Agripak. Hor zeudela izan zuten Julio Zesarren hilketaren berri.

Botererako bidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erroman, legioen babesa behart zutela ohartu ziren hirurak. Agripak Mazedoniako legioak bere menpe hartuta Erromara bidali zituen. Orduan, Oktavianok Marko Antonio eta Lepidorekin hitzarmena egin ahal izan zuen: Bigarren Triunbiratoa. Akordio horren bitartez, haien artean banatu zuten boterea eta Zesarren hiltzaileen kontrako kanpainak antolatu zituzten. Agripak Philippi izeneko batailan parte-hartze handia izan zuen.

Agriparen hurrengo kanpaina Luzio Antonio eta Fulvia Antoniaren aurkakoa izan zen. Hauek Marko Antonioren anaia eta emaztea ziren, eta K. a. 40an atzeman zituen Agripak. Galian, Akitaniarren matxinada itzali zuen Agripak. Geroztik, Rhin ibaia zeharkatu zuen, germaniarren erasoak zigortzera. Hori egiten zuen bigarren erromatarra izan zen, Julio Zesarren atzetik. Erromara itzulitakoan, garaipen-ohoreari muzin egin zion, baina kontsulatua onartu zuen K. a. 37an.

Sexto Ponpeioren kontra egin zuten orduan. Ponpeioren seme honek, Italiako itsasoa menderatzen zuen. Oktaviano Sizilia konkistatzen saiatu zen, baina porrotak baino ez zituen jaso. Itsas-armadaren buru izendaturik, Agripak entrenamendu gogorra eman zien tropei. Sexto Ponpeio garaitzeko prest sentitu zenean, haren kontrako kanpainari hasiera eman zion. Hilabetea batean, Sexto Ponpeioren armada erabat suntsitu zuen. Garaipen horri esker, itsas-koroa jaso zuen Agripak.

Agintean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 33an, edil izendatu zutenean, arkitekturari buruzko ikasitakoa gauzatu ahal izan zuen Agripak. Erromako azpiegiturak hobetu zituen: ubideak zaindu, estolda handitu, termak eta lorategiak eraiki zituen. Arte publikoki erakustea ere suspertu zuen. Hau guztia zela eta, Augustok adierazi ahal izan zuen lohiazko Erroma marmolezkoa bihurtu zuela.

Marko Antonio eta Kleopatraren kontrako gerra pizterakoan, Agripa itsas-armadaren burua izendatu zuten berriro. K. a. 31ean Actium batailan garaile atera zen Oktaviano, hein handi batean Agripari esker. K. a. 28an Oktavianok Klaudia Martzela iloba ezkontzeko eman zion Agripari. Hurrengo bi urteetan kontsulatua partekatu zuten bi lagunek.

Actium bataila oroitarazteko, Agripak panteoia eraiki zuen. K. o. 80an eraitsia, Hadriano enperadoreak eredutzat hartu zuen leku berean bere panteoia eraikitzeko. Agriparen jatorrizko inskripzioak ere errespetatu zituen Hadrianok.

Hondarreko urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Augustorekiko adiskidetasuna pixkanaka zapuztu zen. Livia Drusila, Augustoren emaztea, eta Martzelo jo ohi dira horren erruduntzat. Ondorioz, Augustok Siriara bidali zuen Agripa, ohorezko herbesteratze moduan. Halere, Agripak laguntzaile bat baino ez zuen bidali. Agripa Lesbos irlan geratu zen. Hortik urtebete batean, Martzelo hil zen, eta Augustok Erromara deitu zion Agripari.

Agripa are estuago lotzeko aholkatu zion Mezenasek Augustori. Hortaz, Martzela dibortziarazi eta Julia Zesaris alabarekin (Martzeloren alargunarekin hain zuzen ere) ezkontzarazi zion Agripari.

K. a. 19an kantabriarren matxinada itzali zuen Agripak. K. a. 17an, Siriako gobernaria zela Krimea erromatarren menpe kokatu zuen berriro. Estatuaren aldeko azken eginkizuna Danubio ibaiko goiko aldearen konkista izan zen. K. a. 12an hil zen.

Augustok egundoko hileta egin zuen Agriparen omenez. Enperadorea doluz jantzi zen hilabete batez. Augusto bera Agriparen seme-alaben heziketaz arduratu zen, eta haietako bi, Gaio Zesar eta Luzio Zesar, semetzat hartu ere egin zituen.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Marko Agripa Aldatu lotura Wikidatan