Marko Kalpurnio Bibulo

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 01:02, 16 apirila 2015

Bibulo, latinez Marcus Calpurnius Bibulus, Berant Errepublikako erromatar politikaria izan zen. Katon Minorren suhia, Optimates taldearekin bat egin zuen.

K. a. 59an, Optimates-ek lagunduta, kontsul izendapena lortu zuen, Julio Zesarrekin batera (honek talde horren laguntzarik ez zuen jaso jakina). Optimates-en etsaiek Julio Zesarren laguna, Luzio Luzeio, nahi zuten posturako. Bibulori aurre egiteko, Zesarrek Ponpeio eta Krasorekin batera Lehen Triunbirato osatu zuen.

Kontsulatuan aritu zenean, Zesarrek proposatutako Ponpeioren beteranoei lur-soroen banaketa galarazten saiatu zen Bibulo. Horretarako, Asanblada Zenturiatua festa erlijiosoetan bildu behar zela agindu zuen Bibulok. Nolanahi ere, Zesarrek asanbladari proposapena espero bezala luzatu zion. Bibulok prozesua moztu nahi zuen, baina jendeak txistuka eta istiluka hasi zen. Bibulok, asanbladatik ihes eginda, Zesarren esku bakarretan utzi zuen kontsulaldia. Populares-ek, Zesarren aldekoek hain zuzen ere, urte horretako kontsulak "Julio" eta "Zesar" zirela esaten zuten txantxetan. Bibulo etxean babestu zen aurkarien erasoetatik.

K. a. 52an, Ponpeioren alde egin zuen Bibulok, Zesarrengandik urruntzen ari zelako. Bibulok zein Katon Minorrek utzi zion Ponpeiori kontsul bakarra izatea, Klodio Pulkerren hilketa gorabehera. K. a. 51n, Siria probintziako gobernatzaile izendatu zuten Bibulo. Hor, armada iraindu zuen bera iritsi baino lehen irabazitako batailaren ohorea aldarrikatuz.

K. a. 48an, Zesarrek Rubikon ibaia zeharkatu ondoren, Bibulok Ponpeioren alde jo zuen ezbairik gabe. Itsaso Adriatikoko armadaren burua izan zen. Zesarren itsas-armada atzeman zuen. Baina alferrikako garaipena bihurtu zen hori, Zesarrek Farsalus bataila erabakigarria irabazi zuelako. Urte horretan bertan hil zen Bibulo.