Martin Lutero

Wikipedia, Entziklopedia askea
Martin Luther
Martin Luther
Martin Luther 1533an (Lucas Cranach Zaharra).
Datu pertsonalak
Jaio 1483ko azaroaren 10a
Eisleben (Alemania)
Hil 1546ko otsailaren 18a
Eisleben (Alemania)
Bikotekidea(k) Katharina von Bora
Sinadura

Martin Luther[1] (Eisleben, Alemania, 1483ko azaroaren 10a - Eisleben, Alemania, 1546ko otsailaren 18a) apaiz, irakasle eta teologo alemaniarra izan zen, bai eta erlijio erreformatzaile eraginkorra ere.

Elizaren gehiegikerien aurka idatzi zituen Laurogeita Hamabost Tesiek guztiz bizkortu zuten erreforma protestantearen etorrera. Bere irakaspenak zirela eta, Erreforma Protestantearen mugimendua sortu zen; batik bat protestantismoaren bertsio luteranista bultzatu zuen Luterrek. Eliza Katoliko Erromatarrarekin hainbat alderdi teologiko adostu ezinean, Aita Santuarekiko mendekotasuna apurtzearen alde agertu zen Luther, kristautasunean adar berri bat sortuz. Gaur egun, 70 milioi kristau luterano daude munduan, eta beste 400 miloi inguru beste adar protestanteetan.

Inprimagailuaren asmakizun berria zela medio, Martin Lutherren pentsaera erraz zabaldu zen, beste teologoengan eraginez. Lutherren erreformak mota askotakoak ziren. Tokian tokiko hizkuntza arruntak, eta ez latina, erabili nahi zituen liturgian. Hortaz, Biblia alemanierara itzuli zuen. Apaizen ezkontzen alde egin zuen, eta Luther bera ezkondu egin zen 1525eko ekainaren 13an.

Martin Lutherren bizitzak eta idazlanek Europa Mendebaldeko Erdi Aroaren bukaeran eta Aro Modernoaren sorreran pauso handi bat, agian azkena, ekarri zuten.

Biografia

Wittenbergeko unibertsitatea.

Meatzari baten semea zen; aitak Erfurteko unibertsitatera bidali zuen legegizon izan zedin.

1506an agustindarren ordenan sartu zen eta hurrengo urtean apaiz egin zuten. 1508-1546 urteetan Wittenberg-eko unibertsitateko irakasle izan zen eta 1512an doktore titulua hartu zuen.

Biblia irakasle gisa ezagun egin zen, eta Bibliari buruz eskolan egiten zituen iruzkinen bitartez gorpuztu zen dotrina protestantea. Hasierako urteetan Elizaren dotrina ofizialetik kanpo ezartzen zuten zalantza handiak sortu zitzaizkion; 1514an Wittenbergeko parrokian predikari hastea deliberatu zuen, eta urtebetean berealdiko ospea jaso zuen herri xehearen artean, Idatzi Santuen gainean egiten zituen azalpenak zirela eta.

1515ean epistolei buruzko iruzkinak idazten hasi zen. 1517an indulgentzien salmenta bereziki salatzen zuten Laurogeita Hamabost Tesiak idatzi eta Wittenbergeko eliz-atarian iragarri zituen. Ekintza honen ondotik abiatu zen Erreforma prozesua.

Johan Eck teologoaren eta Tommaso de Vio Caietano domingotarren buruaren erasoek ez zuten atzerarazi eta 1520an An den christlichen Adel deutscher Nation (Germaniar nazioko aitonen seme kristauentzako agiria) agiria, De captivitate Babylonica ecclesiae præludium (Eliza Babilonian gatibu) latinez idatziriko tratatua eta Von der Freiheit eines Christenmenschen (Kristau gizonen askatasunari buruz) liburua idatzi zituen. Hirugarren liburu horretan azaldu zuen Lutherrek Biblia dela autoritate gisa har daitekeen Idatzi Santu bakarra eta fedea dela kristau erlijioaren oinarri nagusia.

Ondoren Exsurge Domine bulda jendaurrean erre zuen; Wormseko dietak, eskumikaturik, inperiotik erbestera egotzi zuen (1521). Frederiko Saxoniakoak Wartburg gazteluan jaso zuen eta egonaldi horretan Biblia alemanera itzuli zuen.

Wittenbergera jo zuen berriro eta, erreformaren hasieran berekin batean jardun zuen Thomas Müntzerren aurka jo zuen (Wider die himmlischen Propheten, Zeruko profeten aurka), eta printzeen alde jarri zen laborarien matxinadan (1524-1525); hala ere printzeen sarraskiak salatu zituen.

Luther agustiniar monje gisa (Lucas Cranach Zaharra).

1525ean Katharina von Bora moja-ohiarekin ezkondu zen eta Erasmoren kontra jo zuen De servo arbitrio liburuan.

Ondoren eliza luteranoa antolatzen hasi zen; kultuaren nondik-norakoak zehaztu, kantuak prestatu eta Katixima Handia (1529, Grosser Katechismus) eta Katixima Txikia (1529, Kleiner Katechismus) idatzi zituen. Erreforma zabalduz joan zen neurrian, nabarmendu ziren Luther, Zwinglio eta Ecolanpadioren arteko aldeak, jaunartzearen inguruan bereziki.

1530ean Augsburgoko Aitorpena argitaratu zuen, luteranismoaren dotrina testu nagusienetako bat, eta 1531n printze protestanteen Schmakaldar Ligarako artikuluak idatzi zituen.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Martin Lutero Aldatu lotura Wikidatan