Mary Robinson

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Mary Robinson
Máire Mhic Róibín
Mary Robinson

Mary Robinson 2009an.


1990eko abenduaren 3 – 1997ko irailaren 12
Aurrekoa Patrick Hillery
Ondorengoa Mary McAleese

NBEren Giza Eskubideen gaineko Goi-Ordezkaria
1997ko irailaren 12 – 2002ko irailaren 12
Norekin Kofi Annan
Aurrekoa José Ayala Lasso
Ondorengoa Sérgio Vieira de Mello

1969 azaroaren 5 – 1989ko uztailaren 5
Aurrekoa William Bedell Stanford
Ondorengoa Carmencita Hederman

Jaiotza 1944ko maiatzaren 21a
Béal an Átha-Ballina, Maigh Eo-Mayo, Irlanda
Alderdi Politikoa Independentea (1969–1977, 1981–gaurdaino)[1]
Beste afiliazio politikoak Alderdi Laborista (1977–1981)
Ezkontidea Nicholas Robinson
Seme-alabak 3
Lanbidea Abokatua, irakaslea

Mary Robinson, jaiotzaz eta izen osoz Mary Therese Winifred Bourke eta Máire Mhic Róibín[2] irlanderaz (Béal an Átha-Ballina, Maigh Eo-Mayo, 1944ko maiatzaren 21 -) Irlandako Errepublikako zazpigarren presidentea (1990-1997) eta kargu honetara heldutako lehen andrazkoa izan zen; Fianna Fáil alderdiaren laguntza izan ez duen historiako lehena ere izan zen[3].

1997tik 2002ra NBEren Giza Eskubideen gaineko Goi-Ordezkaria izan zen. Eragin handiko nazioarteko erakunde eta elkarte askotako kidea, 2010eko martxoan Euskal Herriak bizi duen gatazkari irtenbidea errazteko publiko egin zen Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetakoa da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Connachteko hiri txiki batean 1944an jaioa, guraso medikuen alaba da[4]. Familian jatorri geografiko (Irlandako konderri batzuetatik etorritakoak), politiko (irlandar independentistak zein britainiar zaleak) eta erlijioso (katolikoak, anglikanoak) desberdinetakoak zeuden.

Bigarren Hezkuntza Dublinen egin zuen eta Goi Mailako ikasketak hiri bereko Trinity College eta Massachusettseko Harvard Unibertsitateko Zuzenbide Eskolan[5]. Oraindik oso gazte zela aipatu unibertsitate dublindarrean garrantzi handiko irakasle postua erdietsi zuen[6].

1970ean Nicholas Robinson protestantearekin ezkondu zen. Familian erlijio jatorri desberdinetakoak izanik ere horrek desadostasuna sortu zuen bere gurasoengan, nahiz eta hilabete batzuetan egoera baretu egin zen[7]. Hiru ume dituzte.

Ibilaldi politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979tik 1983ra Dublingo Udalean zinegotzi ibili bazen ere, bere ibilbide publikoa 1969an hasi zen. Dublingo Unibertsitateak Seanad Éireannera (Irlandako Senatua) bidaltzen dituen hiru kideetakoa bihurtu zenean[8]. Instituzio honetan Robinsonen lana sexuen arteko berdintasunaren defentsan nabarmendu zen; antisorgailuen aldeko jarrerak sektore kontserbadoreak bere kontra bultzatu zuen kanpaina ekarri zion baina horri gehitu behar zaio proposamenak beste senadore bakar baten botoa ere ez zuela lortu. Sexu aukera guztien errespetuaren alde ere lan egin zuen "Homosexualen legearen errreformaren aldeko kanpaina" izenekoa bultzatuz.

Hastapenean independente, 1970eko hamarkadaren erdialdean Alderdi Laboristan sartu zen. Dáil Éireannen (Irlandako legebiltzarreko behe ganbera) eta Dublingo udaletxean sartzen saiatu zen baina ez zuen arrakastarik izan[9]. Hiriko Etxeak Wood Quayn (vikingoen aztarnategi oso inportantea) eraikin administratibo berriak egiteko zuen (eta azkenean burutu zuen) planaren aurka aritu zen.

1982an Alderdi Laboristak koalizio gobernua osatu zuen Fine Gaelekin. Errepublikako prokuradore orokorra izateko askoren ustez egokiena izanik ere ez zen izendapen hori egin; apur bat geroago Robinsonek alderdia utzi zuen Garret FitzGerald Taoiseachak Margaret Thatcherren gobernu britainiarrarekin sinatu zuen Itun Anglo-Irlandarrarekin ados ez egiteagatik.

Seanaden beste lau urtez egon zen; 1989an berriro ez aurkeztea erabaki zuen. Urtebete geroago Alderdi Laboristak presidente izateko hautagaia izateko eskatu zion; hala ere, lehenago alderdiaren barruan zegoen desadostasuna gainditu behar izan zuen. 1990ko hauteskundeetan Robinsonek "lehen preferentziazko botoen" %39 lortu zituen; Fianna Fáileko Brian Lenihanek lehen preferentziazkoetan %44 erdietsi zituen baina hirugarren geratu zen Fine Gaeleko Austin Currieren "transferentzia botoengatik" Robinson presidente atera zen[10].

Presidente[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kargu honetan oso popularra bilakatu zen; aurretik ia politikari zaharrentzako kargu figuratiboa zena indarberritu zuen eta bere zuzenbide ezaguerak eta esperientzioa politikoa eraman zituen. Lan handia egin zuen (batzuetan kritikak ekarri bazizkion ere) Irlandako Errepublikako harreman sareak eta eragina zabaltzen, bere iritzi pertsonala zenbaitetan alde batera utzita: gobernu eta monarkia britainiarrarekin , Ipar Irlandako kolore guztietako politikariekin, Vatikanoarekin, gay eta lesbianen eskubideen aldeko taldeekin, 14. Dalai Lamarekin...elkarrizketak egin zituen. Gerra pairatzen ari zen Ruandara bisitaldia egin zuen eta bere sukaldeko leihoan argi sinboliko bat zeukan piztuta, irlandar jatorriko etorkinen oroimenez. Horren guztiaren ondorioz agintaldiaren erdialdean bere popularitatearen batez bestekoa %93koa zen inkestetan[11].

Presidentea zela sinatu zituen bi legeetakoak bere gai kutunen ingurukoak izan ziren: antisorgailuak lortzea errazten zuena eta homosexualitatearen kontrako diskriminazioak ezabatzen zituena. NBEn beste kargu bat betetzeko presidentea izateari utzi zion 1997an; beste andrazko batek, Mary McAleesek, ordezkatu zuen.

NBEn[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko erakundean Giza eskubideen gaineko Goi Ordezkaria bihurtu zen. 1998an Tibet bisitatu zuen kargu hori okupatzen zuen lehena izan zen. Heriotza zigorra mantentzen duelako AEB kritikatu zuen. Lau urterako konpromisoa zuela, Kofi Annanek hala eskatuta segitu egin zuen; hori dela eta 2001ean Durbanen antolatutako Arrazakeriaren kontrako Konferentziaren burua izan zen. Kargua 2002an utzi zuen, AEBengandik zetozen presioak areagotu zirenean.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006ko azaroaren 9an LGTBen eskubideak babestearen aldeko "Yogyakartako Printzipioak" sinatu zituen 29 lagunetako bat izan zen. 2007ko uztailaren 18an Johannesburgon (Hegoafrika) Nelson Mandela, Graça Machel eta Desmond Tutuk Global Elders edo The Elders ("Zahar globalak") izena hartu zuen taldearen sorrera aurkeztu zuten, munduan dauden arazorik latzenei aurre egin nahian. Robinson kidea da eta taldean Kofi Annan, Ela Bhatt, Gro Harlem Brundtland, Jimmy Carter, Li Zhaoxing eta Muhammad Yunus daude.

Euskal Herrian bizi den gatazka politikoari irtenbide baketsua lortu nahian 2010eko martxoan argitaratu zen Bruselako Adierazpenaren sinatzaileen artean dago.

Kide edo kolaboratzailea den beste erakunde eta taldeen artean hauexek daude:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Robinson presidente izateko hautagai independentea izan zen baina Alderdi Laborista eta Langileen Alderdiaren laguntza izan zuen.
  2. Izena Presidentearen webgunean.
  3. Elections Ireland webgunea.
  4. Robinson Encyclopædia Britannican.
  5. Biografia Trinity Collegeko webgunean.
  6. BBC News 2002an.
  7. John Horgan, Mary Robinson: The Woman, the Politics and the Presidency, ISBN 978-0-86278-540-6, 33.or.
  8. Robinson Oireachtasen webgunean.
  9. Albistea Elections Ireland webgunean.
  10. Elections Ireland.org: 1990eko hauteskundeak; Irlandan hautagai bat kontaketan lehiatik kanpo geratzen denean bere "bigarren preferentziazko botoak" banatzeari ekiten zaio.
  11. Popularitate datuak.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Fergus Finlay: Mary Robinson: A President with a Purpose, O'Brien Press, 1991. ISBN 0-86278-257-0
  • Mary McQuillan: Mary Robinson: A President in Progress, Gill and Macmillan, 1994. ISBN 0-7171-2251-4
  • Olivia O'Leary eta Helen Burke: Mary Robinson: The Authorised Biography, Lir/Hodder & Stoughton, 1998. ISBN 0-340-71738-6
  • Michael O'Sullivan: Mary Robinson: The Life and Times of an Irish Liberal, Blackwater Press, 1993. ISBN 0-86121-448-X
  • Lorna Siggins: The Woman Who Took Power in the Park: Mary Robinson, President of Ireland, 1990-1997, Mainstream Publishing, 1997. ISBN 1-85158-805-1

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mary Robinson Aldatu lotura Wikidatan