Materialismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau naturaren filosofiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Materialismo (argipena)».

Materialismoa natura eta unibertsoa materia hutsez osaturik dagoela baieztatzen duten teoria filosfikoei ematen zaien izen generikoa da. Hartara, materiak osatzen ditu gauza guztiak eta fenomeno guztiak, kontzientzia barne, materiaren elkarreraginen ondoriozkoak baitira.

Eskola filosofikoen kopuru handia gorabehera eta haien artean ñabardura fin ugari badaude ere, filosofia guztiak bi kategoriatan sailkatzen dira oinarri-oinarrian: idealismoa eta materialismoa, zein elkarren kontrastean definitzen diren. Errealitatea zer den ulertu nahian, bi kategoria horiek bereizten dira funtsezko bi galdera hauei erantzuterakoan: "zerk osatzen du errealitatea eta nola sortzen da?" Idealisten aburuz, izpiritua, adimena edo adimeneko gauzak (ideiak) dira lehenengo, eta materia bigarrengo. Materialisten aburuz, berriz, materia da lehenengo, eta izpiritua, adimena edo ideiak bigarrengo, azken finean materiak materiaren gainean sortzen dituen emaitzak baitira.