Matthias Grünewald

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Mathias Neithart GothartGrünewald deitua— (Würzburg?, Alemania, 1480 inguru - Halle, Alemania, 1528) margolaria izan zen. Alemaniako margolari nagusietakoa den arren, haren bizitzari eta ikasketei buruzko datu gutxi dago, eta gutxi dira, halaber, haren obrak: lau erretaula eta koadro eta marrazki batzuk besterik ez da gorde. Erlijio-gaiak margotu zituen batez ere; haien bidez adierazi zuen hobekien Erdi Aro amaierako artearen hizkuntza formala, poesia dramatikoa eta erlijio-sentimendu sendoa.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezin argitu izan da Grünewaldek non eta norekin ikasi zuen. Lehenengo datu fidagarrien arabera, 1510ean ingeniari hidrauliko gisa hasi zen lanean Mainzko katedralean. Handik urtebetera, Mainzko artzapezpikuaren zerbitzuan ari zen lanean.

Urte batzuetan Alberto Brandeburgokoa izan zuen mezenas, eta 1526an, Lutherren erreformaren alde agertu eta nekazarien borrokaldietan nahastu zela-eta, ihes egin behar izan zuen, Frankfturta lehenik, eta Halla ondoren. Grünewalden lehen lan ezaguna Kristo iraindua irudi monokromoa da (1503; Alte Pinakothek, Munich), argi efektu bizi eta adierazkortasun handikoak eratzeko zuen trebetasun apartaren erakusgarria. Zenbait elementutan Dureroren eragina sumatzen zaio, haren Apokalipsia sailarena hain zuzen, baina estilo berezia sortu zuen, Pizkundeko idealismoaren eta humanismoaren bestelakoa; irudiak distortsionatzen zituen indarra eta tragedia adierazteko, eta argi-itzal kontraste handia eta kolore gordinak erabiltzen zituen.

Garbiago ikus daiteke estilo berezi hori Alsaziako San Antonio Isemheimgoaren komenturako erretaula (1512-1515, Unterlinden Museoa, Colmar) maisu-lanean; harekin iritsi zuen margolari gisa heldutasuna, argiaren eta kolorearen trataera bikainarekin.

Sufrimenduaren samina adierazteko zuen trebetasuna nabarmena da, orobat, Kristoren gurutziltzea (1500-1502) eta, batez ere, Karlsruheko ohola (1523-1525) obretan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Matthias Grünewald Aldatu lotura Wikidatan