Maximiliano Kolbe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maximiliano Kolbe

Maximiliano Kolbe edo San Maximiliano Maria Kolbe (Zduńska Wola, 1894ko urtarrilaren 8 - 1941eko abuztuaren 14a) komentu-frantziskotar poloniarra izan zen. Bigarren Mundu Gerran naziek kontzentrazio-esparru batean hil zuten. Andre Maria Birjinaren bihotz guztiz garbiarenganako eraspenaren hedatzaile handia izan zen, eta modernismoaren eta XX. mendean Elizak zituen arriskuen kontrako borrokalari sutsua.

Lanak

1910ean onartu zuten fraidetzan, eta jaiotza-izentzat zuen Raymund Kolbe aldatu eta Maximiliano Maria jarri zioten.

Filosofiako doktoretza lortu zuen 1915ean, eta Teologiako doktoretza 1919an. Erroman egin zuen denboraldian, masoien manifestazioek zirrara eragin zioten.

Andre Mariarekiko gurtza, eta batez ere haren bihotz guztiz garbiarekiko gurtza, sustatzeari eskaini zion bere bizitza osoa. 1918an, apaiz ordenatu zuten.

1927an, Niepokalanów edo Sortzez Garbiaren Hiria fundatu zuen Polonian, Varsoviatik 40 km-ra. Aurrerago, Japonian misiolari zela, antzeko erakunde bat sortu zuen. Bi egunkari ere sortu zituen.

Bigarren Mundu Gerran, naziek Polonia inbaditu eta Sortzez Garbiaren Hiria bonbardatu zuten. Auschwitzeko kontzentrazio-esparrura eraman zuten Maximiliano.

Azken egunak

Maximiliano Kolbe 1941eko abuztuan asasinatu zuten. Antza denez, sarjentu poloniar baten ordez bera hiltzea eskatu zuen, sarjentuak emaztea eta seme-alabak zituela adierazi zuelako. Maximilianok 47 urte zituen.

Paulo VI.ak dohatsu egin zuen 1971n. Joan Paulo II.ak 1982an kanonizatu zuen milaka poloniarren aurrean.

Kanpo-loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Maximiliano Kolbe Aldatu lotura Wikidatan