Medea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Medea, Evelyn de Morganek margotua.

Medea[1] (antzinako grezieraz: Μήδεια, Mēdeia), greziar mitologian, Kolkidako erregearen alaba da. Argonauten buruzagi Jasonekin maitemindu zen, eta larru-zaku urrez betea harrapatzen lagundu zion, hartarako aita hil egin behar izan bazuen ere. Yolkonera ihes egin zuen senarrarekin batera, eta Pelias, Jasonen aitaren anaiordea, hilarazi zuen aginpideaz jabetzeko. Handik Korintora joan zen Jasonekin, eta bien seme-alabekin. Jason Korintoko erregearen alaba Kreusarekin maitemindu zen, eta Medeak, orduan, urrezko errezela eta koroa pozoitua bidali zizkion Kreusari ezteietako opari gisa; haiek jaztean, Kreusa hil egin zen. Ondoren, Medeak erregearen jauregia erre eta bere seme-alabak hil zituen, Jasonen ondorengorik lurrean izan ez zedin. Medea herensugeek tiratutako zalgurdi batean hegan ihesi joan zen.

Medearen elezaharra antzinako olerkari askorentzat izan zen iturri beren lanak idazteko. Besteak beste, ospe handia du Euripidesen Medea antzezlanak (K.a. 431. urtea); Jason Medea abandonatu eta Kreusarekin maitemintzen denean hasten da obra. Orobat, entzute handikoa da Senekaren izen bereko antzezlana.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Medea Aldatu lotura Wikidatan