Lursagu mediterraneo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mediterranear lursagu» orritik birbideratua)
Lursagu mediterraneo
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaRodentia
FamiliaCricetidae
GeneroaMicrotus
Espeziea Microtus duodecimcostatus
Selys, 1839
Banaketa mapa

Lursagu mediterraneoa (Microtus duodecimcostatus) cricetidae familiako karraskaria da, Iberiar penintsulan eta hegoaldeko Frantzian bizi dena[1].

Lur azpian bizi denez, harrapatzea zaila egiten zaie bere harrapariei (batez ere hontz zuriari). Duela gutxi arte beste zenbait Microtus-ekin batera, espezie hau Pitymys generoan sartzen zen. Beste genero batean kokatzeko arrazoiak espezie hauen lurrazpiko bizimodua eta banaketa geografikoa izan ziren. Izan ere, Eurasia eta Ipar Amerikako hegoaldeko espezieetan dute jatorria eta gainontzeko Microtus-ak iparralderagoko espezieetan. Jatorri hau gaur egungo banaketan islatzen den arren, ez da genero desberdinetan bereizteko nahikoa.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina txikiko lursagua da, bataz besteko pisua 19.0-32.0 g da. Buru eta gorputzaren artean 80.0-110.0 mm izaten du eta isatsa kolore gris homogeneokoa da 23.0-35.0 mm neurtzen dituelarik. Hankak 14.5-18.5 mm-koak ditu eta belarriak 7.5-10.0 mm artean. Begien eta belarrien tamainaren murrizpenak eta ile txiki eta malguen agerpenak espezie honen lurrazpiko bizimoduaren isla argia dira. Ilajearen kolorea horizta eta arrea izaten da, nahiz eta tonu argi eta ilunak banaketa geografikoaren arabera aldatzen diren. Gorputzaren bi aldeetan lerro argiago bat agertzen da espezie honetan, alde dortsala eta bentrala argi bereizten dituena. Goiko intzisiboak irtenagoak dauzka, premaxilarraren tamaina ere handiagoa baita eta ondorioz, diastemak ere bai. Bi ugatz inginal ditu eta hortz formula

     Hortzeri-formula    
1.0.0.3
1.0.0.3

da.

Zazpi lursagu-mediterrarear subespezie deskribatu dira, gorputzaren tamaina eta intzisiboen inklinazioaren arabera:

  • Microtus duodecimcostatus duodecimcostatus
  • Microtus duodecimcostatus provincialis
  • Microtus duodecimcostatus ibericus
  • Microtus duodecimcostatus centralis
  • Microtus duodecimcostatus regulus
  • Microtus duodecimcostatus pascuus eta
  • Microtus duodecimcostatus flavescens.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espeziea Iberiar penintsulan eta Frantzia hego-ekialdean hedaturik dago[2]. Penintsulako eremu gehienetan aurkitu daiteke, ipar-mendebaldeko zonaldean, Kantaurialde ia denean eta ekialdeko Pirinioetako eremu batzuetan izan ezik. Espezie honen banaketa eta M. lusitanicusena gainjarri egiten dira Nafarroa Garaiko iparraldean, Araban, Gipuzkoako hegoaldean, Errioxako ekialdean eta Gaztela eta Leon ia guztian.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eremu ireki eta mediterraneo kutsukoetan aurkitzen da, bai natura bai nekazaritza guneetan. Espezi honek lurzoru egonkor, heze eta landaredi belarkara askokoa behar du, indusketarako egokienak direnak. Itsas mailatik 3000 m-ko altuerara (Sierra Nevada) arte aurkitzen da.[3]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dietaren % 90 geofitoek osatzen dute: espezie desberdin askoren, erraboilek, tuberkuluek eta sustraiek. Zurtoin eta fruituak ere gehitu ditzake dietara, eta baita zuhaitzen azala ere, enborraren oinaldea biluzik utziz.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugal garaia aldakorra da. Katalunian, Frantzia hegoaldean bezala, emea eta arrak aktibo dira urte guztian zehar, neguan dutelarik minimoa[4]. Hala ere, penintsularen hegoaldean, ugalketa minimoa udarara izango da, garai horretako baldintza gogorren ondorioz. Ernaldiak 24 egun irauten ditu, kumeak biluzik eta itsu erditzen dira eta 2-3 g inguru pisatzen dute. Hamabost egunera helduen antza hartzen dute. Kumaldi bakoitzean 1-5 lursagu izaten dituzte, nahiz eta eremu bakoitzeko kopurua aldakorra izan, 2.5 (Pirinioetan); 2.7 (Katalunian); 3.0 (Penintsulako ipar-ekialdean) eta 2.0 (Penintsulako hegoaldean). Espezie honek biziraupen altua du, arrak 33 hilabete arte eta emeak 27 hilabete arte bizitzera hel baitaitezke [5].

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie honen demografiaren aldakortasunean ez da periodikotasunik ikusi, baina baldintzak faboragarriak direnean dentsitate altuak izan ditzakete. Frantziako hegoaldean 100 eta 400 ale/ha deskribatu da. Sevillako probintzian aldiz, urteko dentsitatea 390 ale/ha da eta balio puntualak 900 ale/ha izatera ere iritsi izan dira.

Espezie honek intzisibo eta aurreko soinadarren bidez induskatzen du. Lurra atzerantz bultzako du atzeko soinadarren laguntzaz eta ondoren buruarekin kanporatuko du, zuloaren irteeran lur mendixkak sortuz. Galerien sakonera aldakorra da, 10 eta 50 cm artean, eta metro bateraino handitzen du uda partean, lurzoruko hezetasunaren bila. Galeriak oso adarkatuak dira, oro har, habi bakarrekoak eta elikagaiak metatzeko gelaxka batzuekin[6]. Nahiz eta orokorrean lurrazpian bizi, gaualdean lurrazalera ateratzen dira. Kolonietan bizi den espezie monogamoa da eta orokorki endogamia-tasa altua izaten dute. Izan ere, koloniak ale gutxikoak dira, (3.1 ale penintsulako hegoaldean) helduak gehienbat.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrazpiko bizitza predazioaren aurkako estrategia nahiko eraginkorra da, beraz, lurrazalera irteten direnean bakarrik harrapatzen dituzte. Hala ere, hontz zuriaren (Tyto alba) harrapakin ohikoetako bat da, batez ere gazteak harrapatzen dituelarik[7]. Beste zenbait hegazti harrapariren eta karniboro txiki eta ertainen harrapakina ere bada.

Antzeko espeziea Microtus lusitanicus du. Orokorrean Microtus duodecimcostatus Microtus lustanicus baino zertxobait sendoagoa da. Premaxilarra irtenagoa du M. duocecimcostatusek, beraz, mutur luzeagoa izango du. Gainera, M. lusitanicusen isatsa kolore bikoa izango da, argiagoa alde dortsalean eta ilunagoa bentralean, eta M. duodecimcostatusena aldiz guztiz grisa da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Musser, G. G.; Carleton, M. D.. (2005). Superfamily Muroidea. in: Mammal Species of the World a Taxonomic and Geographic Reference. Baltimore: Johns Hopkins University Press, 894-1531 or..
  2. Shenbrot, G. I.; Krasnov, B. R.. (2005). An Atlas of the Geographic Distribution of the Arvicoline Rodents of the World (Rodentia, Muridae: Arvicolinae). Sofia: Pensoft Publishers.
  3. Palomo, L. J.. (1999). Microtus duodecimcostatus. in: The Atlas of European Mammals. Londres.
  4. Claramunt, T.. (1976). «Sobre la actividad sexual de Pitymys duodecimcostatus de Selys-Longchamp» P. Dept. Zool. Barcelona (1): 47 - 54..
  5. Paradis, E.; Guedon, G.; Pradel, R.. (1993). «Estimation of sex- and age-related survival rates in a microtine population» Journal of Wildlife Management (57): 158–163..
  6. Giannoni, S.M.; Borghi, C.E.; Martínez Rica, J.P.. (1992). «New data on the burrowing behaviour of Microtus (Pitymys) duodecimcostatus» Zeitschrift für Saügetierkunde (57): 23-28..
  7. Vargas, J.M.; Palomo, L.J.. (1990). «Selección de la lechuza común (Tyto alba) sobre el topillo común (Microtus duodecimcostatus)» Acta Vertebrata (17): 223-229..