Mehdi Ben Barka

Wikipedia, Entziklopedia askea

Mehdi Ben Barka

Bizitza
JaiotzaRabat1920ko urtarrila
Herrialdea Maroko
HeriotzaParis1965eko urriaren 30a (45 urte)
Heriotza moduagiza hilketa
Hezkuntza
HeziketaLycée Lyautey (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta idazlea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Istiqlal Alderdia
Herri Indarren Batasun Nazionala
nazionalismo

Mehdi Ben Barka (arabieraz: المهدي بن بركة‎; Rabat, 1920ko urtarrila - Fontenay-le-Vicomten, 1965eko urriaren 29an desagertua) marokoar politikaria izan zen. Istiqlal Alderdiko ezkerraldeko kidea izan zen hasieran. Geroago idazkari izan zen Herri Indarren Batasun Nazionala (Union Nationale des Forces Populaires) alderdia sortzeko utzi zuen alderdi hori. Erbestean zegoela, Marokoko gobernuak herio-epaia eman zion. Hirugarren Munduko Mugimendu Iraultzaileen koordinazioaz arduratzen zen.

1965eko urrian, bi polizia frantsesek bahitu eta, seguruenik, hil egin zuten. Ufqir jenerala Marokoko barne ministroari leporatu zioten bahiketaren ardura. Eskandalu guztiarengatik ere (Frantziako epaileek betiko kartzelara kondenatu zuten barne ministro marokoarra), zer gertatu zen ez da oraindik behar bezala argitu.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mehdi Ben Barka klase ertaineko familia batean hazi zen. 1920an sortu zen Rabaten. Haren ama Lalla Fatouma Bouanane zen, eta aita Ahmed Ben M'hammed Ben Barka. Aita Tanger-eko Pacha-ren idazkaria izan zen, eta gero Rabat-eko merkatari[1]. Nahiz eta familia burgesekoa ez izan, ikasketak egiteko aukera izan zuen, bere klasekoek ez bezala. Matematika ikasketak egin zituen Aljerren.

Marokoko Ekintza Batzordea mugimendu politikoko bazkide egin zen 14 urte zeuzkala. Hura zen protektoratu garaian sortu zen lehen mugimendu politikoa. 17 urtetan, aldiz, Erreformen aldeko alderdi nazionala (Parti national pour la réalisation des réforme) alderdi berrian sartu zen, gerora Istiqlal alderdia bihurtu zena. Aljerian ikasi zuen garaian, Aljeriar Herriaren Alderdiaren (PPA) eraginak bultzatu zuen bere abertzaletasuna zabaltzera. Marokoren etorkizuna eta Magreb osoarena elkarrekin hertsiki lotuta ikusi zituen[2].

Istiqlal alderdiaren sorreran parte hartu zuen 1942an, Marokora itzuli zenean. Alderdi hura Marokoren independentziaren eragile handietako bat izan zen. Mehdi Ben Barkak Independentziaren manifestua izenpetu zuen 1944ko urtarrilean, eta haren ondorioz atxilotu zuten eta urte batez egon zen espetxean.

Kartzelatik irten ondoren, matematika irakasle izan zen errege Kolegioan. Haren ikasleetako bat zen Hassan II.a erregea izango zena. Mugimendu abertzaleko militante izaten jarraitu zuen. Frantziako Juin jeneralak “Frantziak Marokon duen etsai nagusitzat” jo zuen. 1955ean negoziazio prozesu batean parte hartu zuen Frantziarekin, eta negoziazio haien emaitza izan zen Mohammed V.a erregea itzuli ahal izan zela Marokora Madagaskarreko erbestetik, eta 1956an bukatu zela protektoratua[2].

Independentziaren hastapenetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mehdi Ben Barka eta Ahmbed Bendella.

Mehdi Ben Barka Marokoko Kontsulta Biltzarreko presidente izan zen 1956tik 1959ra. Errepideak eraikitzea eta jendea alfabetatzea bultzatu zituen. Haren hurbileko ministroek, besteak beste Abderrahim Bouabid ekonomia eta gerora laborantza ministroak, ekonomia planifikatzeko ahalegin bat egin zuten. Ben Barkaren helburua ez zen mugatzen protektoratu garaiko esplotazioa geldiaraztera, baizik eta “marokoarrek marokoarrak esplotatzea” geldiaraztera ere hedatzen zen. Baina aurkariak bazituen, hala nola lur jabe handiak eta alderdiko eskuindarrak.

Desadostasun haien ondorioz, Ben Barkak Herri Indarren Batasun Nazionala (UNFP) alderdia sortu zuen, bere alderdi ohiko ezkertiarrekin. Alderdi politiko berri haren aldarrikapenak ziren atzerriko indar armatuak joatea (independentzia lortu arren, Frantziako armada oraindik Marokon zegoen), laborari txikien aldeko erreforma bat eta Aljeriako mugimendu independentistarekiko elkartasuna.

Erbestea Parisen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marokoko Mohammed V.a erregearen seme Hassan II.ak bere aitari eskatu zion Abdallah Ibrahim-en gobernua kentzeko eta botere osoa hartzeko. Orduz geroztik, Marokoko erregearen eta Ben Barkaren arteko harremana txarra izan zen. Marokoko erregimenak bertan behera utzi zuen laborantza erreforma eta UNFP alderdiko kideen kontrako jazarpena hasi zuen. Ondorioz, Ben Barka Parisera erbesteratu zen[2]. Nahiko laster itzuli zen Marokora, Mohammed V.a hil zenean, 1961ean. Alabaina, Hassan II.ak hartu zuen aitaren oinordetza, eta Mehdi Ben Barka bere aurkari nagusiarekin bakea egiteko asmoa azaldu zuen.

Ben Barka Marokora itzuli zen 1962ko maiatzean. Baina handik urte batera, 1963ko ekainean, Parisera itzuli zen, berriz ere erbestera. Urtebeteko epe hartan, lehen atentatu ahalegin bat jasan zuen 1962ko azaroaren 16an. Atentatu hura trafiko istripua izan zen bertsio ofizialaren arabera, baina polizia auto batek bultzatu zuen haren autoa amildegi batera. Atentatua Mohammed Ufqir jeneralak eta Ahmed Dlimi koronelak prestatu zuten.

1963ko udazkenean, Ben Barkak Marokoren politika salatu zuen, Aljeriaren eta Marokoren arteko mugari buruzko gatazkaren harira. Geroago, Hassan II.a erregeak UNFP alderdia desegin nahi izan zuen, eta Ben Barkari leporatu zioten monarkiaren aurkako konplota prestatzea. Ondorioz, Ben Barka Parisera joan zen. 1964ko martxoaren 14an epaitu zuten Marokon, bera ihesean zegoela. Hiltzera kondenatu zuten, bere alderdikide Ahmed Agouliz eta beste hamar buruzagi bezala, erregea hiltzeko ahalegina egitea leporatuta[3]. Alderdiko kide asko preso sartu zituzten. Ben Barkak Hassan II.a erregeari leporatu zion neokolonialismoaren “tresna otzandu” bat izatea[2].

Munduko iraultza ezkertiarrarekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Barka Aljerrera joan zen, eta han bildu zen, besteak beste, Che Guevara eta Malcolm X-rekin. Aljer zen nazioarteko mugimendu iraultzaileen erdigune intelektuala, bereziki Angola (1961), Ginea-Bissau (1963) eta Mozambikeko (1964) istiluen ondoren. Mundu osoko askapen nazionalaren borroken bateratzeko ahaleginetan hasi zen. Haren inspirazio iturriak ziren Frantz Fanon, Aimé Césaire eta Albert Memmi. Haiez gain, Erresuma Batuaren Afrikako botere inperialaren kontrako ekintzaileekin bildu zen, hala nola Jomo Kenyatta Kenyako politikariarekin, Kwame Nkrumah Ghanako independentisten liderrarekin eta Julius Nyerere Tanzaniako politikariarekin.

Ondoren, Kairora, Erromara eta Genevara ere joan zen. Europako egotaldietan, hainbat aldiz ahalegindu ziren hura erailtzera. Gero Habanara joan zen, eta han ahalegindu zen “Hirugarren munduko” iraultza mugimenduen federazio bat sortzera. 1966ko urtarrilean Habanan antolatu beharra zuten Konferentzia Trikontinentala zeukan buruan. Iragarri zuenez, konferentzia hartan egongo ziren “Urriko iraultzatik sortutako mugimendu iraultzaileak eta askapen nazionaleko iraultza”.

Konferentzia haren helburuak finkatu zituen: askapen mugimenduak laguntzea, Kubari sostengua ematea Amerikako Estatu Batuen enbargoaren aurrean, atzerriko base militarrak suntsitzea eta Hegoafrikako apartheid-a desegitea. René Galissot historialariaren arabera, Hiru kontinenteen iraultza mugimendu horrek (edo Iraultza Trikontinentalak) eragin zuen Ben Barkaren bahiketa eta erailketa[4]. 1965eko apirilean amnistia eman zion Marokoko erregeak, alegia, hiltzera kondenatu eta urtebetera[3]. Ez zen Marokora itzuli, amnistia iragartzen zuten testu juridikoak ez zituztelako berretsi[5].

Ben Barka auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mehdi Ben Barka 1965eko urriaren 29an bahitu zuten, Parisen. Marokoko Barne Ministro Ufqir jeneralari egotzi zitzaion bahiketa haren ardura. Louis Souchon eta Roger Voitot poliziek bahitu zuten, polizia txartela erakutsi eta gero. Georges Figon produktore eta preso ohiak bilera bat antolatu zuen, Ben Barka erakartzeko, baina, funtsean, hura harrapatzeko tranpa bat baizik ez zen. Antoine Lopez SDECEko (Frantziako kontra-espioitzako garai hartako zerbitzua) agenteak ere parte hartu zuen bahiketan. Fontenay-le-Vicomte (Frantzia, Essonne departamendua) herriko etxe batera eraman zuten, Georges Boucheseiche gaizkilearen etxera, eta geroztik ez zuen inork berriz ikusi.

Bahiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bahiketaren prestaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1965eko udan, Philippe Bernier kazetari ezkertiar eta Mehdi Ben Barkaren laguna deskolonizazioari buruzko dokumental bat lantzen ari zen, Basta! izenekoa. Hilabete batzuk lehenago "Chtouki" ezizeneko marokoar bat sartu zen harekin harremanetan, eskatuz Ben Barka konbentzitzeko Marokora itzul zedin eta 400.000 libera proposatuz trukean. Bernierrek uko egin zion proposamenari[6][7].

Produktore baten bila zebilela, Michel Mitrani zuzendariak Georges Figon proposatu zion. Azken hau preso egondakoa zen gazte garaian, gerora editore bihurtu zen eta zenbait intelektual ezkertiarrekin harremanetan zegoen. Dokumental proiektu horretan parte hartzeko prest agertu zen. Berekin ekarri zuen Georges Franju zinegilea, eta ziurtatu zuen Marguerite Duras idazleak idatziko zituela elkarrizketak.

Irailaren 2an, Bernier eta Figon Kairora joan ziren, eta Bernierrek han aurkeztu zion Figon Ben Barkari. Filmari buruz hitz egiten aritu ziren. Irailaren 20an Genevan bildu ziren berriro ere hiru pertsona horiek. Genevara egindako hainbat bidaiaren ondoren, Figon Ben Barkarekin bildu zen hiri hartan, urri hasieran. Filmaren sinopsia erakutsi zion Ben Barkari. Gidoi hura Georges Franjuk onartutakoa zen. Ben Barkak hitzarmena izenpetu zuen. Figonek argitu zien grabaketak Parisen egingo zirela, urrian.

Bahitzeko unea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Barkak Bernier deitu zuen 1965eko urriaren 26an, abisatzeko hilabete hartako azken hiru egunak erabiliko zituztela grabaketarako. Biharamunean berriro deitu zuen, hitzordua urriaren 29an jartzeko, 12:15ean. Bernierrek Lipp ostatuan (Saint Germain hiribidea, 151) biltzea proposatu zuen, eta bilerara deitu zituen Franju eta Figon[8]. Ben Barka Parisera iritsi zen hegazkinez, urriaren 29 goizean, 9etan. Eliseo Zelaietan elkartu zen Thami El-Azemouri Marokoko historia ikaslearekin, hitzordu hartara joateko. Taxian joan ziren hitzorduaren tokira, eta 12:30ean, espaloian, bi gizon hurbildu zitzaizkion Ben Barkari, poliziak zirelakoan. El-Azemouri kanpora igorri zuten eta Ben Barka Peugeot 403 autoan sarrarazi. Geroztik inork ez du Ben Barka berriz ikusi[9].

Biharamunean, Mohammed Tahri Marokoko mugimendu ezkertiarreko pertsona ezagun eta Ben Barkaren lagunak abisua eman zien kazetari batzuei. Bezperan antzerki lan bat ikustera joatekoa zen Ben Barkarekin eta haren anai Abdelkader Ben Barkarekin[10]. Arrats osoa egon ziren Ben Barkaren zain, baina alferrik. UNFP alderdiko ordezkari Mohammed Sinaceurrek jakinarazi zion Ben Barka atxilotu zutela. El-Azemouri zen atxiloketaren berri eman zuena.

Tahrik eta Abdelkader Ben Barkak Jean Lacouture kazetaria, Gisèle Halimi abokatua eta beste hainbat kazetari deitu zituzten[11]. Halimik Edgar Faure politikaria abisatu zuen, eta hark Roger Frey Frantziako Barne ministroari deitu zion. Frantziako Poliziak Ben Barkaren anaiari ziurtatu zion ez zuela Ben Barka atxilotu. Irratiak urriaren 30 iluntzean hasi ziren Ben Barkaren bahiketa aipatzen[12].

Mehdi Ben Barka-ren omenezko plaka, bahitu zuten lekuan, Parisko Saint-Germain hiribideko 151. zenbakian, Lipp ostatuaren aurrean.

Bahiketa lekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poliziaren ikerketan, epaiketan eta batzuen eta besteen adierazpenetan oinarrituta, hau izan bide zen Ben Barka bahitu ondoren gertatutakoa:

Ben Barka Louis Souchon eta Roger Voitot poliziekin sartu zen autoan, pentsatuz bilera diplomatiko batera eraman behar zutela. Auto hartan zihoazen, halaber, Antoine Lopez Orlyko aireportuko inspektore nagusi eta SDECE Frantziako zerbitzu sekretuetako informatzailea[13] eta Julien Le Ny gaizkile talde bateko kidea. Haien atzetik joan ziren, beste auto batean, Georges Boucheseiche, Jean Palisse eta Pierre Dubail, gaizkile taldeetako kideak. Ben Barka Boucheseichen etxera eraman zuten, Fontenay-le-Vicomtera (Essonne departamendua). Lopez, Souchon eta Voitot poliziak ez ziren etxean sartu, baina besteak bai. Gero, Georges Figon azaldu zen etxera.

Ben Barkaren zain zeuden Marokoko Cab 1 zentroko lau arduradun: Mohamed Achaachi eta Abdelkader Achaachi anaiak, Abdelkader Saka eta Mohamed Mesnaoui. Iragarri zioten Marokoko erregearen ordezkari bat zetorrela, bilera baterako[14]. Antoine Lopez biharamunean joan zen Orlyko aireportura, Mohamed Ufqir jeneral eta Marokoko Barne Ministroaren bila. Ufqir bera eta Ahmed Dlimi Marokoko segurtasuneko zuzendaria joan omen ziren Ben Barka bahituta zegoen etxera[15]. Bahituta zeukatela, Ben Barka torturatu zuten, eta azkenerako hil. Ben Barkaren gorpua desagerrarazi zuten.

Ikerketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abdelkader Ben Barkak salaketa jarri zuen urriaren 31n, bahiketagatik. Poliziak El-Azemouriren bila hasi ziren, baina desagertuta zegoen Ben Barkaren bahiketatik. Gero Georges Franju identifikatu zuten eta polizia etxera deitu[16]. Haren lekukotasuna eta Bernierrena hartu zituzten azaroaren lehenean. Figonen izena ere atera zen. Frantziako Poliziaren informazio zerbitzuko (Renseignements Généraux) komisario Jean Caillek ohartarazi zuen Figon espantuka aritu zela Ben Barkaren bahiketan parte hartu zuelakoan. Haren aurkako atxilotze agindua zabaldu zuten.

Azaroaren 2an, Louis Zollinger epaileak auzi-ikerketa bat hasi zuen. Egun berean poliziak susmoak zabaldu zituen Georges Figonen aurka, baina baita ere Antoine Lopezen aurka. Lopez Orlyko aireportuko inspektore nagusia zen. Aste batzuk lehenago Figon lagundu zuen Bernier kazetariari pasaportea berritzen, Kairora joan zedin Ben Barkarekin biltzeko. Ikerketa egiterakoan argitu zuten Lopez SDECEko (Frantziako kontra-espiotza zerbitzua) agente bat zela.

Jean Caille komisarioaren arabera, Ben Barka Seine-et-Oise departamenduko etxe batera eraman zuten, eta Ufqir jenerala Lopezen etxera joan zen bahiketaren biharamunean. Informazio horren iturria Figonen abokatu Pierre Lemarchand izan zen. Azken hau Figonekin bildu zen haren etxean, eta Figonek adierazi zion bere ustez SDECEk eskatu zuela bahiketa egitea. Polizia Lopezen bila joan zen, baina ez zen agertu bere lantokira, Orlyko Air France-n egoitzara, eta ez zegoen bere etxean. Azaroaren 3an, Simbille komisarioak Louis Souchon deitu zuen bere bulegora, Lopezekin harremana zuelako. Souchonek aitortu zuen bahiketan egon zela. Arratsaldean Lopezekin batera agertu zen polizia-etxera.

Ben Barka-ren gorpua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inork ez zuen inoiz aurkitu Ben Barkaren gorpua, eta gaur egun oraindik inork ezin du baieztatu zer egin zuten haren gorpuarekin. Hainbat hipotesi edo adierazpen egin ziren Ben Barkaren gorpuaren harira.

Marokon deseginda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahmed Boukhari marokoar agente ohiak 2001eko ekainean egin zituen adierazpenen arabera, Mehdi Ben Barkaren gorpua Marokora eraman zuten, eta azidoan desegin[17]. CIAk Marokon zuen egoitzako buruzagi Martin koronelak gomendatu omen zuen gorpua azidoan desegitea. Boukhariren arabera, bahiketaren helburua zen Ben Barka bizirik eramatea Marokora, baina bahitzaileen eskuetan hil omen zen. Urriaren 31n iritsi omen zen haren gorpua Rabatera, eta Dar-al-Muqri espetxean desegin zuten azidoarekin. Desegite hura bideoz grabatu zutela zioen Boukharik, Hassan II.a erregeak ongi ikus zezan Ben Barka hilda zegoela.

Parisen deseginda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste teoria baten arabera, Mossad Israelgo zerbitzu sekretuak arduratu ziren Ben Barkaren gorpua desagerrarazteaz. Bahituta egon zen etxetik eraman zuten eta Paris ondoko oihan batean ehortzi, azidoarekin deseginda[18].

Obra baten azpian ehortzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shmouel Seguev Israelgo kazetariak ikerketa baten berri eman zuen, Le lien marocain liburuan, 2008an. Kazetariak ziurtatu zuen Ben Barka Dlimik torturatu zuela, aitorrazteko Hassan II.a erregea erorarazi nahi zuela. Burua sartu zion urez betetako ontzi batean, eta halako une batean hil zuen. Ondoren agertu bide zen Ufqir jenerala, Ben Barkaren ehorzketa antolatzeko. Paris hegoaldeko autobide bazter batean eraikitzen ari ziren eraikuntza bateko orubean ehortzi zuten, kazetari horren arabera[19].

Gorpua Parisen ehortzia, burua Marokon[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ali Bourequat enpresariak Pierre Dubailen ahotik entzundakoaren arabera, Ben Barkaren gorpua Frantziako hilobi batean ehortzi zuten, hil zuten lekutik hurbil. Baina Ben Barkaren burua Marokora eraman zuten Hassan II.a erregeak eskatuta, ziurtatzeko hilda zegoela. Ondoren, buru hura Dar-al-Muqri espetxean lurperatu zuten.

Gorpua errea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georges Fleury idazle eta militar ohiaren arabera, norbaitek 1974an eman zizkion dokumentu batzuetan agertzen zen Ben Barkaren gorpua erre zutela Villabé herrian (Essonne departamendua)[20].

Iturengo gorpuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1966an bi gorpu aurkitu zituzten Iturengo hilobi batean[21], hil-kutxetatik kanpo. Gorpu haiek ez ziren, berez, hangoak, eta misterioa zabaldu zen. Diario de Navarra egunkariaren hipotesia izan zen gorpu haiek Ben Barkarena eta haren idazkariarena zirela. Francok berak agindu omen zien Guardia Zibilei ikerketa hori bertan behera uzteko eta kasua isiltzeko[22]. Ez dago, ordea, gorpu hura Ben Barkarena zelako inolako frogarik, eta Ben Barka auziari buruzko lekukotasun bakar batek ere ez du halakorik aipatu, eta Ben Barkaren senideek eta aldekoek ere ez zioten heldu hipotesi horri. Gainera, Ben Barka bakarrik bahitu zuten, ez haren idazkariarekin[23].

Bahiketako protagonistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru adar nagusi dira bahiketarekin zerikusi zuzena zeukatenak, ikerketetan, auzietan eta hainbat adierazpenetan agertu denaren arabera.

Gaizkile taldeetako kideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georges Figon[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georges Figon familia aberats bateko semea zen. Hiru urte iragan zituen erietxe psikiatriko batean eta beste hamaika urte espetxean, 1950ean polizia bati tiro egiteagatik[16]. 1961ean atera zen espetxetik eta Parisko sare intelektualekin harremanetan egon zen. Filmaren prestakuntzan parte hartu zuen. Funtsean, film proiektu haren helburua zen Ben Barka erakartzea. Haren kontrako atxilotze agindua zabaldu zuten azaroaren 4an, baina ez zuten aurkitu.

Hainbat aldiz bildu zen kazetariekin, eta haren lekukotasuna argitaratu zuten L’Express aldizkarian, 1966ko urtarrilaren 10ean, “J’ai vu tuer Ben Barka” (Ben Barka erailtzen ikusi dut) izenburupean[24]. Urtarrilaren 17an, polizia Figon atxilotzera joan zen, Parisko pisu txiki batera. Hilda aurkitu zuten, ustez bere buruaz beste eginda, baina buruan hiru tirorekin.

Georges Boucheseiche[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georges Boucheseiche hainbat aldiz atxilotu eta epaitu zuten. Frantziako Gestapo-ko kide izan zen, eta 1946an Gang des Tractions Avant gaizkile taldean sartu zen, Pierre Loutrel-ekin (Pierrot-le-fou) batera. Azken honen gorpua ezkutatzeagatik kondenatu zuten, eta hainbat urtez egon zen preso Alemaniak Frantzia okupatu zuen garaian egindako estortsioagatik. 50eko hamarkadan prostituzio etxeak kudeatzen hasi zen, Parisen eta Marokon. Hainbat zerbitzu egin zizkien DGER eta SDECE Frantziako informazio zerbitzuei, Marokok independentzia lortu ondoren. Hura bezala kartzelan egondako Jean Palisse eta Pierre Dubail egon ziren Ben Barkaren bahiketa zaintzen, eta beste auto batean joan ziren Peugeot 403aren atzetik, haren etxera. Ben Barka zihoan autoan, aldiz, laugarren preso ohi bat zihoan, Julien Le Ny.

Frantziako Poliziak haren etxea miatu zuen, Antoine Lopezen lekukotasunaren ondoren[25]. Haren kontrako atxilotze agindua zabaldu zuten azaroaren 8an, baina ordurako Casablancara joana zen. Marokon proxenetismo jardunean jarraitu zuen. 1974an erail zuten, bere bi kiderekin batera, Hassan II.a erregearen kontrako konspirazio bat prestatzen ari zelakoan. Azken urteak atxiloturik iragan zituen. 1971n atxilotu zuten, beste lau lagunekin, Hassan II.aren kontrako estatu kolpe ahalegin baten harira[26].

Julien Le Ny[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Julien Le Ny Georges Boucheseihe-en Gang des Tractions Avant taldeko kidea zen. Ben Barkaren bahiketan parte hartu zuen. Ben Barka bahituta zihoan autoan joan zen Boucheseicheren etxera. Ben Barkaren bahiketatik landa, Marokora egin zuen ihes bere hiru kideekin batera. 1971n atxilotu zuten, Hassan II.a erregearen kontrako estatu-kolpe baten testuinguruan. 1974ko azaroaren 14an hil zuten eta hobi komun batean ehortzi[26].

Pierre Dubail[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pierre Dubail Georges Boucheseicheren gaizkile taldeko kidea zen. Ben Barka bahitu ondoren, Marokora joan zen ihesi. Ali Bourequat enpresaria Marokon preso egon zen hamar urtez espetxe klandestino batean, eta han mintzatu zen Dubailekin. Dubailek argitu zion Ufqir eta Dlimi zirela bahiketa agindu zutenak eta Ben Barka hil arte torturatu zutenak. Georges Boucheseiche, Julien le Ny eta Jean Palisserekin batera egin zuen ihes, Ben Barka bahitu eta gero. Laurak preso hartu zituen Marokok, 1971n, Hassan II.aren kontrako estatu-kolpe ahalegin baten ondoren. 1974ko azaroaren 16an hil zuten, eta hobi komun batean ehortzi[26].

Jean Palisse[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean Palisse, Georges Boucheseicheren gaizkile taldeko kide bat zen. Marokora ihes egin zuen, beste hiru kideekin batera, Ben Barkaren bahiketa gertatu orduko. Bere kideak atxilotu eta hil zituzten, Hassan II.a erregearen kontrako estatu-kolpe baten harira. Baina Palisse bizirik utzi zuten, bihotzeko arazo larriak zituelako. Antoine Lopezek bisita egin zion 1972an, kartzelatik atera orduko. Frantziako enbaxadako arduradun bati proposatu zion Frantziara eramateko, eta hark onartu zuen, baina inori ez aipatzekotan. Ez dago argi, ordea, Frantziara eraman zuen ala Marokon hil zen handik urte gutxira[26].

Frantziako zerbitzu sekretuak eta polizia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antoine Lopez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orlyko aireportuko inspektore nagusia zen, batez ere drogen kontrako ikerketen ardura zeukana. SDECEren informatzailea zen. Marokoko goi agintariekin harreman hurbila zeukan, besteak beste Ufqir jeneralarekin. Parisko hainbat gaizkileren laguna zen[27].

Lopezek aitortu zuen bahiketa antolatu zuela, “Larbi Chtouki”-k eskatuta. Azken hau Marokoko zerbitzu berezietako kidea zen. Adierazi zuen uste zuela Ben Barkaren eta Ufqirren arteko elkarrizketa pribatu eta baketsu bat antolatzeko eskatu ziotela. Horren truke, marokoarrek hitz eman zioten postu handi bat emanen ziotela Royal Air Maroc hegazkin konpainian. Lopezek berak eskatu zien Souchon eta Voitot poliziei bahiketa egiteko. Halaber, SDECEko buruzagi Marcel Le-Roy-Finville abisatu zuen.

Antoine Lopez bera Ben Barkaren bahiketan erabili zuten Peugeot 403an zegoen, beste bi poliziekin batera. Ben Barkari azaldu omen zioten Marokoko pertsona garrantzitsu batek bildu nahi zuela harekin. Autoa gidatu zuen Georges Boucheseicheren etxeraino. Lopezek Ufqirri jakinarazi zion Ben Barka Fontenay-le-Vicomten zegoela. Biharamunean aireportura joan zen Ufqirren eta harekin batera joandako Ghali El Mahi marokoar ikaslearen bila eta Boucheseicheren etxera eraman zituen. Halaber, Dlimi komandantea ere joan zen etxe hartara, El Houssaini marokoar polizia agentearekin batera. Dlimi zen Marokoko segurtasuneko zuzendaria. Biharamunean, urriaren 31n, Lopezek Ufqir, Dlimi eta El Houssaini eraman zituen Orlyko aireportura. Ufqir Genevara joan zen, eta besteak Casablancara[28].

Louis Souchon[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Louis Souchon polizia bat zen, eta Antoine Lopez haren informatzaileetako bat. Simbille komisarioak deitu zuen eskatzeko Lopez aurki zezan. Une hartan, Souchonek aitortu zuen Ben Barkaren bahiketan parte hartu zuela, Lopezen aginduei jarraituz. Ben Barka autora igoarazi zuen, eta Georges Boucheseicheren etxera eraman. Haatik, argitu zuen ez zeukala Lopezen berririk[13]. Exijitu zioten Lopez aurki zezan, hala ez bazen kondena gogorragoa jasoko zuelako. Egun berean, azaroaren 3an, 14:30ean, polizia etxera agertu zen Lopezekin.

Azaroaren 11n atxilotu zuten, haren lankide Roger Voitotekin batera. Bi egun geroago, Souchonek aitortu zuen bahiketan parte hartu zuela, eta handik gutxira gauza bera egin zuen Voitotek. Parisko La Santéko espetxean sartu zituzten.

Roger Voitot[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Roger Voitot izan zen Ben Barka autora igoarazi zuen bi polizietako bat. Bahiketan parte hartzeagatik epaitu zuten.

Marcel Le-Roy-Finville[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marcel Le Roy-Finville SDECEko arduradunak bi txosten idatzi zituen Ben Barka bahitu aurreko maiatzaren 19an eta 22an. Lehen txostenean agertzen zen Marokoko erregeak eta Ufqir ministroak asmoa zutela Ben Barkari bere “posizioa kentzeko, modu ez ortodoxoak” erabiliz[29]. Bigarren txostenean aipatzen zen Ben Barkari proposatu zitzaion film proiektua. Le-Roy-Finvillek argitu zuen lehen txostena helarazi ziola SDECEko Richard koronelari, eta bigarrena Beaumont koronelari. Txosten horiei ez zieten kasurik egin. Hainbatek uste dute txosten haiek aztertu izan balituzte, Frantziako poliziak neurriak hartu behar izango zituela Ben Barka babesteko, baina ez zutela halakorik egin.

Antoine Lopezek salatu zuen urriaren 29an bertan eman ziola Ben Barkak zeukan hitzorduaren berri. Le-Roy Finvillek, ordea, erantzun zuen Lopezek urriaren 31n baizik ez ziola eman informazioa, eta ez zuela inondik ere parte hartu bahiketan. 1966ko urtarrilaren 19an, bere ardura postuak eten zizkioten. Leporatu zioten bi egun egon zela Antoine Lopezen deiaren berria eman arte bere zuzendari Paul Jacquier jeneralari. Horrez gain, leporatu zioten informazio guztia ez eman izana. Bost egun lehenago, urtarrilaren 14an, Louis Souchon poliziak epaileari erran zion Ben Barkaren bahiketak Le-Roy-Finville koronelaren babesa zeukala. Preso sartu zuten otsailaren 10ean, eta preso egon zen ekainaren 8ra arte.

Pierre Lemarchand[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antoine Lopezek deklaratu zuen Pierre Lemarchand abokatua ere bustita zegoela Ben Barkaren bahiketan. Georges Figonen abokatua zen eta UNR alderdi gaullistako diputatua, Roger Frey ministroaren hurbileko bat. OAS erakunde armatuaren kontra borrokatu zen, barbouze-ak erabiliz. Lopezek zioen Lemarchand Ben Barka bahitu zuten lekuan zegoela. Lopezen ustez, Lemarchand zen Chtoukik Frantziako Barne Ministerioan zuen kontaktua. Lemarchandek Zollinger epailearen aurrean deklaratu zuen bi egun geroago, azaroaren 18an, eta salaketa horiek gezurtatu zituen.

Marokoko zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marokoko zerbitzu berezietako Cab 1 kabinetea izan zen bahiketaren antolaketaren arduraduna. Ufqir jenerala zen bahiketaren buruzagia, eta haren hurbileko laguntzaileak ziren Ahmed Dlimi eta Mohamed Achaachi. Azken honek bidali zion mezua Ufqirri, Parisetik, errateko Ben Barka bahituta zegoela. Hassan II.a erregeak hartu zuen erabakia, 1965eko martxoaren 25eko bilera batean, Casablancan izan ziren liskar batzuen azken egunean.

Zazpi hilabete eman zituzten bahiketa prestatzen. Ben Barkaren atzetik ibili ziren mundu osoan egin zituen bidaietan, eguneko 24 orduetan zeukaten zaintzapean, telefono entzuketak egiten zizkioten eta gutunak aurrez irakurtzen zizkioten. 30 bat agente ibili ziren zaintza hartan[14].

Ghali El Mahi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poliziak Ghali El Mahi 29 urteko ikasle marokoarra atxilotu zuen azaroaren 7an, eta bahiketagatik auzipetu. Lopezen arabera, Ufqirrekin batera hartu zuen Orlyko aireportuan, Ben Barka bahituta zegoen etxera eramateko. El Mahi Ufqirren kabineteko kidea zen, eta haren emaztea Ufqirren iloba. Aitortu zuen Ufqirrekin bildu zela urriaren 30ean Orlyko aireportuan, baina ukatu zuen bahiketan parte hartu zuenik.

El Mahik harreman estua zeukan Marokoko enbaxadarekin, eta Ben Barka bahiturik egon zen etxearen jabea, Boucheseiche, eta haren kideak ezagutzen zituen. Ben Barka bahitu zuten egunaren inguruetan diru kopuru handi bat sartu zen haren bankuko kontuan[30].

“Larbi Chtouki”[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Barka auzian askotan agertu zen “Chtouki” ezizeneko baten inplikazio zuzenaren erreferentzia. Hura izan omen zen bahiketaren antolatzaile operatiboa. Epaiketa egiten ari zirela jakin zen haren benetako izena. Ahmed Dlimiren lankide ohi batek jakinarazi zuen Miloud Tounzi, Dlimiren buruzagia zela, hala nola kontra-espioitzako arduraduna. Baina beste iturri batzuek diote “Chtouki”-ren benetako izena Moulay Agmed El Azgaoui zela. Hirugarren hipotesi batek dio Naïmi Mouloud zela ezizen haren gibelean ezkutatzen zena, hala nola Marokoko Barne ministerioko zerbitzu berezietako buruzagia[31].

2009an haren kontrako nazioarteko atxilotze agindu bat zabaldu zuen Interpol-ek. Hartaz gain, Hosni Benslimane Marokoko jendarmeriako buruzagi ohiaren, Abdelhak Kadiri informazio zerbitzuetako buruzagi ohiaren eta Abdelhak Achaachi Cab1 kabineteko agente ohiaren kontrako atxilotze aginduak ere zabaldu zituzten[32].

Mohammed Ufqir[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georges Figonek adierazi zuen Mohammed Ufqirrek Ben Barka torturatu eta hil zuela. Ufqir jenerala Genevara abiatu zen urriaren 31n. Handik itzuli zen Parisera, eta azaroaren 3an Frantziako Barne ministerioan antolatutako cocktail batean agertu zen. Ekitaldi hura Marokoko lau gobernadoreren ohoretan antolatuta zegoen. Han bildu zen Maurice Papon prefetarekin eta Roger Frey Frantziako Barne ministroarekin. Freyk Ufqir ongi ezagutzen zuen eta estimu handian zeukan, “oso frankofiloa” zelako[13]. Ufqir biharamunean joan zen Marokora, Ahmed Dlimi polizia buruarekin batera[33].

Harrera haren egun berean aipatu zen Ben Barkaren bahiketa Frantziako Ministroen Kontseiluan, eta Ufqirren inplikazioaren berri zabaldu zen. Biharamunean, Maurice Paponek Roger Freyri jakinarazi zion Antoine Lopezek Ufqirren kontrako deklarazioa egin zuela. Roger Freyk adierazi zuen sinestezina zitzaiola, eta Georges Pompidou Frantziako Lehen Ministroarekin mintzatu zen. Hark ere adierazi zuen harrigarria zitzaiola[13].

Azaroaren 5ean, Frantziako Atzerri Ministerioko kabineteko kide bat, Philippe Malaud eta Frantziak Marokon zuen enbaxadore Robert Gillet bildu ziren Hassan II.a erregearekin[34]. Hassan II.a-k erantzun zuen ez zekiela deus Ben Barka auziaz[11]. Azaroaren 10ean, Maurice Couve de Murville Frantziako Atzerri Ministroak Ufqirri leporatu zion bahiketa. Charles De Gaulle Frantziako Errepublikako presidenteak adierazpen hau egin zuen: “Marokorekin dugun arazoa mahai gainean dago. Erregeak Ufqir garbitzen badu, konponduko da”[35].

Azaroaren 12an, Ufqir jeneralaz eta Dlimi komandanteaz ikerketa egiteko nazioarteko agindua zabaldu zuten. Marokoko erregeak uko egin zion agindu hori betetzeari. 1966ko urtarriaren 22an, Zollinger epaileak nazioarteko atxilotze agindua eskatu zuen bi haien eta Larbi Chtoukiren kontra[36]. Epailearen arabera, Ufqir ministroak antolatu zuen Ben Barkaren bahiketa, eta haren hurbileko kolaboratzaileek parte hartu zuten operazioan.

Marokoko poliziak ez zuen inoiz atxilotu[10]. Ufqir hil zen 1972an, ustez bere buruaz beste eginda, baina itxura guztien arabera Ahmed Dlimik tiroz hilda, estatu-kolpe ahalegin batean parte hartzeagatik. 1971n ere beste estatu kolpe ahalegin baten atzean omen zegoen (estatu kolpe haren ondoren atxilotu zituzten Boucheseiche eta bere hiru kideak).

Ahmed Dlimi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahmed Dlimi Marokoko segurtasun nazionaleko zuzendaria zen. Leporatu zitzaion Ufqirrekin batera joan izana Ben Barka bahituta zegoen etxera, eta bahiketaren antolatzaileetako bat izatea. Marokok ez zuen epaitu. 1983an erail zuten, Hassan II.aren kontrako estatu-kolpe bat prestatzen ari zelakoan.

Mohamed Aachâachi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mohamed Aachâachi-ren izena ez da askotan agertu. Marokoko polizia zen, Cab 1 kabineteko polizietako bat, eta Marokoko zerbitzuetako buruzagietako bat. Parisen zegoen Ben Barka bahitu zutenean. 2003an hil zen, eritasun luze baten ondotik[37].

Epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Barkaren bahiketaren epaiketa 1966ko irailaren 5ean hasi zen. Ben Barkaren senideen abokatuek gaitzetsi zuten epaiketa azkarregi egin izana, eta ez hartu izana behar zen denbora ikerketa sakonki egiteko.

Epaituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epaituak ziren, batetik, Antoine Lopez, Philippe Bernier, Louis Souchon, Roger Voitot, Ghali El Mahi eta Marcel Le Roy-Finville. Lehen bostak espetxean zeuden eta seigarrena libre. Beste auzipetuak ihesean zeuden, hala nola, Georges Boucheseiche, Jean Palisse, Julien Le Ny, Pierre Dubail, “Larbi Chtouki”, Ahmed Dlimi eta Mohamed Ufqir. Urriaren 19an, Ahmed Dlimi agertu zen auzitegira. Marokoko gobernuarekin eta erregearekin adostuta hartu zuen erabaki hura; ordurako, teniente-koronel gradura igoa zuten.

Epaiketa eten zuten, 1967ko apirilera arte. Eten horren artean, Ben Barkaren aldekoen hiru abokatu hil ziren. Akusazioaren beste abokatuek eskatu zuten epaiketa atzeratzeko, ordezko abokatuek astia izan zezaten auzia ongi aztertzeko eta ezagutzeko. Fiskala eta defentsa atzeratzearen aurka agertu ziren. Akusazioaren abokatuek, protesta gisa, epaiketatik joatea erabaki zuten. Auzia berriz hasi zen 1967ko apirilaren 17an. Dlimik adierazi zuen erabat errugabea zela. Maiatzaren 27an, ordea, Dlimiren Cab 1-eko (Marokoko zerbitzu sekretuak) laguntzaile ohi batek adierazi zuen “Chtouki” delakoa zela Dlimiren buruzagi Miloud Tounzi.

Epaia 1967ko ekainaren 7an eman zuten[38]. Antoine Lopez eta Louis Souchon bakarrik kondenatu zituzten, 8 urteko kartzela zigorrera lehena eta 6 urtera bigarrena. Beste bost lagunak absolbitu zituzten. Ihesean zeudenak (Georges Boucheseiche, Jean Palisse, Julien Le Ny, Paul Dubail, “Larbi Chtouki” eta Mohammed Ufqir), ordea, bizitza osorako kartzela zigorrera kondenatu zituzten. Hassan II.a Marokoko erregeak uko egin zion kondenatutako horiek atxilotzeari.

Hilketa misteriotsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Barkaren bahiketaren epaiketa hasi aurretik, hainbat lagun hilda aurkitu zituzten. Georges Figon, ustez bere buruaz beste eginda, 1966ko urtarrilean. Ben Barkaren familiaren hiru abokatu hil ziren auzia hasi baino lehen. 1967an, Fossati, SDECEko agentea eta ustez bahiketan parte hartu zuena hilda aurkitu zuten[39].

Nor Inplikazioa Kondena Noiz hil
Antoine Lopez Frantziako zerbitzu sekretuetako agentea, eta Marokoko goi agintariekin kontaktua zeukana. Hark antolatu zuen bahiketa, Marokoko agintariek eskatuta 8 urte
Louis Souchon Ben Barka autoan eraman zuen polizia 6 urte
Roger Voitot Ben Barka autoan eraman zuen polizia Absolbitua
Julien Le Ny Ben Barkaren bahiketan parte hartu zuen gaizkilea Bizitza osorako espetxea. Ihesean 1974
Georges Boucheseiche Gaizkile talde bateko burua. Haren etxean egon zen Ben Barka bahituta. Bizitza osorako espetxea. Ihesean 1974
Jean Palisse Ben Barkaren bahiketan parte hartu zuen gaizkilea Bizitza osorako espetxea. Ihesean
Pierre Dubail Ben Barkaren bahiketan parte hartu zuen gaizkilea Bizitza osorako espetxea. Ihesean 1974
"Larbi Chtouki" Bahiketaren antolatzailea izan zen Bizitza osorako espetxea. Ihesean
Georges Figon Ben Barka bahiketako tokira erakarri zuen Atxilotu baino lehen hilda 1966
Philippe Bernier Ben Barka erakartzeko erabili zuten kazetaria Absolbitua 2000
Marcel Le-Roy-Finville Frantziako zerbitzu sekretuetako arduraduna. Bahiketari buruzko informazioa edukitzea baina ezkutatzea leporatu zioten Absolbitua 2009
Pierre Lemarchand Abokatua. Marokoko zerbitzuen eta Frantziako Barne ministroaren arteko lotura egitea leporatu zioten Ez zuten epaitu 2008
Ahmed Dlimi Bahiketaren antolatzailea Absolbitua 1983
Ghali El Mahi Ikasle marokoarra; Ufqirren hurbileko bat Absolbitua
Mohammed Ufqir Bahiketaren antolatzailea eta, agian, Ben Barkaren torturatzailea eta hiltzailea Bizitza osorako espetxea. Ihesean 1972
Hosni Benslimane Marokoko jendarmeriaren buruzagi ohia. 2009an zabaldu zen haren kontrako atxilotze agindua
Abdelhak Kadiri Marokoko informazio zerbitzuetako buruzagi ohia. 2009an zabaldu zen haren kontrako atxilotze agindua
Abdelhak Achaachi Cab1 kabineteko agente ohia. 2009an zabaldu zen haren kontrako atxilotze agindua

Eskandalu politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Barkaren bahiketaren ondorengo egunetan eta asteetan, prentsan askotan salatu zen eskandalu politiko bat zegoela Ben Barka auzian. François Mitterrand Frantziako Presidentetzarako hautagai sozialistak poliziaren “ahulezia ez bada laguntza” salatu zuen azaroaren 6an[40].

Frantziako erakundeen kontrako salaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baina eskandalua batez ere lehertu zen Frantziako Presidentetzarako hauteskundeen biharamunean (1965eko abenduaren 20an), De Gaullek berriz irabazi eta gero. 1966ko urtarrilaren 17an zabaldu ziren Louis Souchonen adierazpenak. Haien arabera, bahiketaren berri zeukaten Le-Roy-Finvillek eta Jacques Foccart Eliseoko idazkari nagusiak[41].

Kasualitatez, egun hartan bertan hil zen Georges Figon. L’Humanité Frantziako egunkari ezkertiarrak “estatu eskandalua” salatu zuen. Prentsak ez zuen sinesgarritzat jo Figonen suizidioa, hiru tiro zeuzkalako[42]. Frantziako Gobernuari leporatu zioten egia ez bilatzea edo egia aurkitzeari trabak jartzea. 1966ko maiatzaren 6ko eztabaida parlamentarioan, Roger Frey-k irmoki baieztatu zuen Figonek bere buruaz beste egin zuela, eta ikerketa zorrotza egin zutela hori baieztatzeko.

Hamasei pertsona ezagunen deia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun berean, politika, kultura eta zientzia arloetako hamasei pertsona ezagunek (besteak beste René Cassin, François Mauriac eta Louis Aragon) dei bat zabaldu zuten, Ben Barkari gertatutakoari buruzko argibideak lortzeko eta arduradunak aurkitzea eta zigortzea eskatzeko. François Mauriac dei hartatik atera zen, Frantziako Barne Ministro Roger Frey harekin bildu eta gero. Adierazi zuen argi gelditu zitzaiola Frantziako Gobernuak ez zuela zerikusirik bahiketarekin[43]. Aldiz, Amerikako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen eta Ufqirren bizkar jarri zuen bahiketa. Washingtonek ukatu zuen zerikusirik zeukanik[11].

Frantziako Gobernuaren erantzuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtarrilaren 19an, Frantziako Lehen Ministro Georges Pompidouk azpimarratu zuen Frantziako zerbitzu sekretuetako kide batzuk hobendun zirela, baina zerbitzuen artean ez zegoela kooperaziorik, eta denek elkar gorroto zutela. Halaber, Ben Barkaren defentsaren ardura hartu zuten abokatuen eta elkarteen papera ere gaitzetsi zuen, erranez François Mitterrand oposizioko buruaren laguntza taldeko kideak zirela[35]. Charles De Gaullek, bere aldetik, Ufqirri egotzi zion bahiketa eta Hassan II.ari leporatu zion errudunen kontrako gaitzespenik ez egin nahi izana. Frantziako zerbitzu berezien eta Poliziaren parte hartzea ere salatu zuen, erranez zerbitzu bereziak eta polizia ez direla behar bezain ongi kontrolatuak. Funtsean, De Gaullek Roger Frey Barne ministroari zuzendu zion kritika[44]. Honek polizien defentsa hartu zuen, eta De Gaullek erantzun ez defendatzeko poliziak, poliziek ez zutelako azkar lan egin eta zortzi egun egon zirelako beren kideak atxilotu arte.

Paul Jacquier SDECEko burua kargutik kendu zuten egun hartan.

Ezkerraren kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako ezkerreko alderdi politikoek "polizia paralelo" bat zegoela salatu zuen[45] eta De Gaulleri eta haren gobernuari leporatu zioten neurririk ez hartzea beren zerbitzuetako arduradunak kargutik kentzeko eta zigortzeko. François Mitterrandek Frantziako gobernuaren eta gaizkileen arteko harreman hurbila salatu zuen urtarrilaren 25eko mitin batean. Roger Frey Barne Ministroa kargutik kentzeko eskatu zuen.

Gaston Defferre SFIO alderdiko diputatu eta Marseillako auzapezak, Le Provençal egunkarian idatzi zuen hainbat aldiz, eta zuzenean jo zuen Georges Pompidou, Jacques Foccart eta Roger Frey-ren kontra. Eta De Gaulleri leporatu zion isilik eta geldirik egon izana hauteskunde kanpaina denboran[46].

De Gaullek ezkertiarren akusazioak gaitzetsi zituen otsailaren 21ean, prentsaren aurrean[47]. Ben Barka auzia Marokok Frantzian egindako esku sartze onartezintzat jo zuen, onartu zuen Frantziako polizia batzuek lagundu zutela, baina ukatu zuen Frantziako egiturek berek ardurarik zeukatenik[48]. Polizien artean ustel batzuk zeudela baizik ez zuen erran.

Ardurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hassan II erregea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Barkaren aldeko elkarteek diote Marokoko errege Hassan II.ak berak agindu zuela Ben Barka bahitzeko eta hiltzeko.

Frantziako Zerbitzu Sekretuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Barkaren bahiketagatik epaitutako eta kondenatutako batzuk Frantziako zerbitzu sekretuetakoak ziren. Lucien Aimé-Blanc komisario ohiaren arabera, Ben Barkaren bahiketan parte hartu zuten guztiei telefono entzuketak egin zizkieten, eta elkarrizketa haietan agertzen zen bahiketa prestatzen ari zirela. Entzuketa haiek Frantziako Barne ministeriora eta Lehen Ministroaren kabinetera heltzen zirela idatzi zuen Aimé-Blancek, eta hauxe adierazi: “Ondorioztatzen dut Segurtasun nazionalak bazekiela zer gertatzen ari zen, eta ez zuela ezer egin bahiketa eragozteko; edo utzikeria erruduna izan zen, edo agindu bati jarraitu zioten”.

Ben Barkaren aldeko elkarteek salatu dute bahitzaileek Frantziako Errepublikaren laguntza izan zutela. Ben Barka bahitzaileen autoan lasai sartu ahal izan zen, Frantziako poliziak segurtasuna eskaini ziolakoan. Beraz, horren arabera, Frantziako zerbitzuak izan ziren Ben Barka aise bahitzeko beharrezkoak zirenak. Halaber, Ben Barkaren aldeko elkarteek Frantziari leporatzen diote ahal zuen guztia egin izana egia ezkutatzeko[39].

Mossad eta CIA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006tik eskuragarri dauden dokumentu batzuen arabera, Ben Barkak Mossad eta CIA atzetik izan zituen herrialde batetik bestera egiten zituen bidaietan, eta informazio guztia uzten zieten Frantziako eta Marokoko zerbitzuei. Ronen Bergman eta Sholmo Nakdimon Israelgo Yediot Aharonot egunkariko kazetariek ikerketa bat argitaratu zuten 2015eko martxoaren 20an. Haien ustez, Mossad-ek zuzenean parte hartu zuen Ben Barkaren bahiketan.

60ko hamarkadan, Israelgo zerbitzu sekretuek estrategikotzat zeukaten Marokorekin harremanak edukitzea. Helburua zen harremanak garatzea Israelen inguruan zeuden herrialdeekin eta beren etsaiekin, hala nola Iran, Etiopia, Turkia eta Marokorekin. Marokoko juduak Israelera emigratzea uztearen truke, Marokori laguntza militarra eskaini zioten. 1963an, Marokoren eta Aljeriaren arteko gerra piztu zenean, Israelek laguntza eta prestakuntza militarra eskaini zion Marokori[19]. Trukean, Marokoko goberunak Mossadi galdetu zion Ben Barka lokalizatzeko.

Mossad-ek agiri faltsuak eman omen zizkien Ben Barkaren bahiketan parte hartu zuten marokoarrei eta frantsesei. Ondoren, Ben Barkaren gorpua Mossad-ek eraman omen zuen bahituta egon zen etxetik. Ahmed Boukharik salatu zuenean Ben Barkaren gorpua azidoan desegin zutela, CIAren inplikazio zuzenaren berri eman zuen[49]. Haren arabera, CIAk laguntza eskaini zuen, Konferentzia Trikontinentalaren kontra ekin nahi zuelako gisa hartan. Konferentzia hark ez zuen anitz iraun, Ben Barka hil ondoren.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Barkaren bahiketa eta erailketaren helburua Konferentzia Trikontinentalaren kontra egitea izan zela diote Ben Barkaren aldekoek. Ben Barka zen Accra Afrikako eta Asiako herrien elkartasun fondoko presidente-ordea. Fondo horren helburua zen Mendebaldeko herrialdeen “inperialismoari” aurre egitea. Ben Barka aztertzen ari zen elkartasun kutxa hori Hego Amerikako herrien artera ere zabaltzea. Ben Barkak azpi-garapenaren kontra borrokatu nahi zuen, gisa hartan independentziaren alde eta sistema kapitalistarekiko menpekotasunaren aurka egiten baitzuen.

Ben Barka ez zen izan urte hartan erail zuten militante iraultzaile bakarra. 1965ean hil zituzten:

Eta ondoko urteetan hil zituzten Che Guevara, 1967ko urriaren 9an, eta Martin Luther King, 1968ko apirilaren 4an. Ben Barkaz gain, 60ko hamarkadatik 90eko hamarkadara arte, ehunka lagun desagertu ziren Marokon. CCDH kontseiluaren arabera, 112 lagun desagertu ziren.

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburu andana bat argitaratu zen Ben Barka auziaz. Besteak beste:

  • 1971an, Jean-Patrick Manchette-ek L’Affaire N’Gustro eleberri beltza idatzi zuen. N’Gustro izeneko lider politiko baten bahiketan parte hartu zuen Henri Butron-en istorioa kontatzen du. Butron-en bizitzak Figonenaren antz handia dauka. N’Gustro-ren bahiketak, aldiz, Ben Barkaren bahiketarena.
  • Urte berean, Philippe Bernert-ek SDECE Service 7 : L'extraordinaire histoire du colonel Le Roy-Finville et de ses clandestins liburua idatzi zuen. Le Roy-Finville epaitu zuten, SDECEko arduradun gisa Ben Barkaren bahiketaren berri zuelakoan.
  • Antoine Lopez bahiketak parte hartzeagatik 8 urteko kartzelara kondenatu zutenak Confession d’un espion liburua atera zuen 2000n.
  • Pierre Lemarchand abokatuak eta Ben Barkaren bahiketaren prestaketan parte hartzeagatik susmagarri izandakoak Barbouze du géneral liburua idatzi zuen 2005ean.
  • Maurice Buttin-ek Hassan II - De Gaulle - Ben Barka: Ce que je sais d’eux liburua idatzi zuen, 2010ean.

Filmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auziari buruzko zenbait film agertu dira, baina aski berandu.

  • 1972an atera zen lehen filma, Yves Boisset-en L’Attentat. Filmak Ben Barkaren bahiketa eta torturak kontatzen ditu, baina pertsonaien izenak aldatuta.
  • 2005ean, J’ai vu tuer Ben Barka filma atera zuten Serge Le Péron-ek eta Said Smihi-k. Filma oinarritzen da Georges Figonen adierazpenetan.
  • 2010ean, Jean-Pierre Sinapi-k L’Affaire Ben Barka filma atera zuen. Film hartan erakutsi nahi du Ufqir jeneralak nola agindu zuen bahiketa, eta Amerikako Estatu Batuak ere bazeudela bahiketa haren atzean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ouardighi, Abderrahim. (1982). L'itinéraire d'un nationaliste, Mehdi Ben Barka, 1920-1965 : une biographie. Editions Moncho, 17 or..
  2. a b c d Bouamama, Saïd. (2014). Figures de la révolution africaine. La Découverte, 237-252 or..
  3. a b Dates-clés de l’histoire contemporaine du Maroc de 1961 à 1965, de l’avènement de Hassan II à la disparition de Ben Barka. (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  4. Zerrouky, Hassane. (2005/10/29). «L'affaire Ben Barka n'est toujours pas élucidée» L'Humanité (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  5. Palazzoli, Claude Gérald. (1974). Le Maroc politique. Sindbad, 271 or..
  6. Guérin, Daniel. (1975). Les Assassins de Ben Barka: dix ans d'enquête. G. Authier, 121 or..
  7. Sarne, Daniel. (1966). L'Affaire Ben Barka. La Table Ronde, 63 or..
  8. Sarne, Daniel. (1966). L'Affaire Ben Barka. La Table Ronde, 71 or..
  9. Daoud, Zakya. (1996). Ben Barka. Michalon, 348 or..
  10. a b Buttin, Maurice. (2010). en Barka, Hassan II, De Gaulle. Ce que je sais d'eux. Karthala.
  11. a b c Lacouture, Jean. (1986). De Gaulle - 3 Le souverain. Seuil.
  12. «M. Ben Barka aurait été appréhendé vendredi à Paris» Le Monde 1965/11/1 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  13. a b c d Débats parlementaires - Assemblée Nationale. (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  14. a b «La verité sur l’assassinat en France de Mehdi Ben Barka» Le Monde 2001/6/29 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  15. Lacouture, Jean. (2017/7/12). «M. Ben Barka envisageait son retour au Maroc» Le Monde (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  16. a b Derogy, Jacques; Ploquin, Frédéric. (1999). Ils ont tué Ben Barka. Fayard.
  17. Boukhari, Ahmed.. (2002). Le secret : Ben Barka et le Maroc : un ancien agent des services spéciaux parle. Lafon ISBN 2-84098-767-8. PMC 49382825. (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).
  18. Smolar, Piotr. (2015/2/23). «Révélations en Israël sur l’implication du Mossad dans l’affaire Ben Barka» Le Monde (Noiz kontsultatua: 2020/1/23).
  19. a b «Un ouvrage révèle le lieu où serait enterré Ben Barka» L'Obs 2008/1/25 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  20. «Le corps de Mehdi Ben Barka aurait été incinéré dans l'Essonne» Le Monde 2009/10/11 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  21. «Cuando iban a enterrar a una anciana aparecen dos restos humanos en los pasillos del panteón de la familia» Diario de Navarra 1966/9/24 (Noiz kontsultatua: 2020/1/23).
  22. Caso Ben Barka: dos cadáveres desnudos sobre los que Franco impuso el silencio. (Noiz kontsultatua: 2020/1/23).
  23. Vitor. (2016/9/11). «50 años de misterio sobre dos cadáveres hallados en Ituren» Gara (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  24. Derogy, Jacques. (1966/1/10). «Le récit d'un témoin : j'ai vu tuer Ben Barka» L'Express (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  25. «M. Antoine Lopez est gardé à vue» Le Monde 1965/11/5 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  26. a b c d Smith, Stephen. (2000/1/31). «La justice enquête sur le sort des ravisseurs de Ben Barka. «Exfiltrés» au Maroc, les quatre truands y ont été tués» Libération (Noiz kontsultatua: 2020/1/23).
  27. Jean-François Kahnen lekukotasuna, Europe1 irratiko Café Crimes irratsaioan, 2010eko urtarrilaren 28an.
  28. «II - La nuit capitale du 30 au 31 octobre» Le Monde 1965/12/25 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  29. Faligot, Roger; Krop, Pascal. (1985). La Piscine. Seuil.
  30. Baudriller, Marc.. Une histoire trouble de la Ve République : le poison des affaires. ISBN 979-10-210-0314-9. PMC 919595723. (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  31. «Chtouki n'était pas Chtouki» Le Monde 1966/2/1 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  32. «Ben Barka: 4 mandats d'arrêts diffusés» Le Figaro 2009/10/1 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  33. Gravier, Louis. (1965/11/6). «L'inquiétude provoquée par la disparition de M. Ben Barka ranime au Maroc sa popularité» Le Monde (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  34. J.L.. (1965/11/9). «Deux envoyés du gouvernement français ont prévenu le roi du Maroc que l'enquête sera menée avec toute la rigueur qu'elle implique» Le Monde (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  35. a b Peyrefitte, Alain. (1997). C'était de Gaulle, t II. Fayard.
  36. «Interpol transmettra les trois mandats internationaux» Le Monde 1966/1/22 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  37. Les hommes clés de l'affaire Ben Barka. (Noiz kontsultatua: 2006/4/21).
  38. Théolleyre. (1967/6/7). «Cinq acquittements, dont celui de Dlimi Lopez et Souchon condamnés à huit et six ans de réclusion criminelle • Par contumace, réclusion criminelle à perpétuité pour le général Oufkir et les autres fugitifs» Le Monde (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  39. a b Mehdi Ben Barka assassiné le 29 octobre 1965 avec l’aide du gouvernement français. (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  40. «M. Mitterrand : une atteinte au renom de notre pays» Le Monde 1965/11/6 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  41. «Les révélations de l'officier de police Souchon» Le Monde 1966/1/17 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  42. Garrigues, Jean. (2004). Les scandales de la République - de Panama à l'affaire Clearstream. Robert Laffont.
  43. Barré, Jean-Luc.. (©2009- <©2010>). François Mauriac : biographie intime. Fayard ISBN 978-2-213-62636-9. PMC 318919785. (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  44. Vivre avec de Gaulle : les derniers témoins racontent l'homme. Pocket impr. 2010 ISBN 978-2-266-19402-0. PMC 762905486. (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  45. «M. Pompidou : le gouvernement n'emploie pas de "polices parallèles"» Le Monde 1966/1/24 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  46. «M. Gaston Defferre : le refus des responsabilités porte atteinte à l'Etat lui-même» Le Monde 1966/2/1 (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  47. De Gaulleren prentsaurrekoaren transkribapena. (Noiz kontsultatua: 2020/1/22).
  48. Foccart, Jacques. (1997). Tous les soirs avec de Gaulle, Journal de l'Élysée - I. Fayard/Jeune Afrique.
  49. Boukhari, Ahmed.. (2002). Le secret : Ben Barka et le Maroc : un ancien agent des services spéciaux parle. Lafon ISBN 2-84098-767-8. PMC 49382825. (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]