Mendebalde Urruna

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
"Cowboy" bat, aro honetako ikur nagusia.

Mendebalde Urruna edo Far West[1], Mendebalde Zaharra edo Mendebalde Basatia (ingelesez Far West, Old West edo Wild West) AEBetako Sartaldeko historia, geografia, kultura eta bertako jendea batzen dituen kontzeptua da, gehienetan XIX. mendeko bigarren erdialdeari dagokionez, hango Gerra Zibilatik mendearen amaiera arte edo Mexikoko Iraultza arte hain zuzen ere. Geografikoki, garai hartan Mississippi ibaiak muga ezartzen zuen, eta haren mendebaldean zegoen lurralde zabalari "Mendebalde Urruna" deitzen zioten.

Jatorrizko amerindiarrekin izandako gatazkek markatu zuten lurralde haren historia nagusiki, bai eta mugaz bestaldeko mexikarrekin izandakoek eta urrearen bila joandako milaka pertsonek ere euren marka laga zuten garai hartan.

AEBetako kulturan pisu handia eduki izan du aro honek, hala literaturan nola zineman, askotan mitifikazioak, arrazakeriak eta manikeismoak eraginda, baina zalantza barik arrakasta handia izan duena Estatu Batuetan ez ezik mundu osoan ere.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indiar Gerrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siuxak eta Custer jenerala, Little Big Hornen

Indiar Gerrak izenarekin oro har gaurko AEBetako lurraldeetan jatorrizko herrien eta kanpotik etorritakoen artean gertatutako gudak 1622tik 1918 arte hartzen dira. Zehazki, Mississippitik mendebalderanzko eremuan 1823tik 1890 arte gertatu ziren borrokaldi latzenak, horien artean Texaskoak (1836–1875), Kaliforniakoak (1850–1873), apatxeekikoak (1851–1900), Dakotakoa (1862), Koloradokoa (1863–1865), komantxeekikoak (1868–1874), siuxekikoak (1876–77) eta Wounded Kneeko Sarraskia (1890).

Gerlari amerindiar ezagunen artean Hodei Gorria, Zezen Eseria eta Zaldi Ero ditugu, eta militar zuriei dagokienez George Armstrong Custer eta Kit Carson, besteak beste.

Mexikar Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Texasek independentzia lortu zuen 1836an Mexikotik, eta 9 urte geroago AEBetako gainontzeko estatuetara batu zen. Honek tira-bira asko eta borroka militarrak sortu zituen bi herrialderen artean, bai eta muga dela-eta beste lurralde batzuengatik ere.

1848an Guadalupe Hidalgoko Hitzarmena sinatu zuten bi herrialdeek, eta horren arabera gaur egungo Kalifornia, Utah, Arizona, Nevada eta New Mexico estatuak eta Kolorado eta Wyomingeko zatiak bereganatu zituzten estatubatuarrek.

Urrearen Sukarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaliforniako Urrearen Sukarra delakoan 1848tik 1855 arte 250.000 meatzari baino gehiagok urrearekin 200 milioi dolar baino gehiago lortu zuten 7 urte haietan. San Frantzisko izan zen milaka pertsona horien iristeko kai nagusia, eta hiri hartako hazkunde demografiko bortitza eragin zuen.

Kaliforniatik beste estatu batzuetara zabaldu zen fenomenoa, eta ahaztu barik esan behar da halaber aro hartako osagaien artean prostituzioa, alkoholismoa eta indarkeria egon zirela.

Gerra Zibila Mendebaldean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilan bataila nagusi gehienak Ekialdeko lurraldeetan gertatu ziren. Hala ere, Mine Creekeko gudua (Kansas, 1864) salbuespenen artean dago.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literaturaren arloan Zane Grey idazle estatubatuarra nabarmentzekoa da Mendebalde Zaharreko garaian girotutako liburuen egilea izanik. Komikien artean Blueberry lotinantaren abentura arrakastatsuak Jean-Michel Charlier belgikarrak eta Jean Giraud frantziarrak argitaratu zituzten. Tonu umoretsuagoan Dalton Anaiak eta Lucky Lukeren sorta aipatzekoa da, Morris belgikarrarena.

Ameriketatik at ere bai oso ezaguna izan zen Hego Euskal Herrian Marcial Lafuente Estefanía espainiarra, milaka eleberri labur idatzi izan zuena lurralde amerikar hartan inspiraturik.

Azkenik, zinemaren esparruan Western filmek ere islatzen dute Mendebalde hartako sasoia, lan klasikoetatik gaur egun arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mendebalde Urruna Aldatu lotura Wikidatan