Mendelen legeak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gregor Mendel, bere abizena eramaten duten legeen egilea


Mendelen legeak 1865 eta 1866an Gregor Mendel abadeak agertutako enuntziatuak dira, bizidunen ezaugarriak belaunaldi batetik bestera nola transmititzen diren azaldu nahi dutenak. Herentziari buruzko lehen ikerketa zientifikoak burutu eta genetika klasikoaren oinarriak jarri zituen lehenengo zientzialaria izan zen Mendel, genetikaren aitatzat hartzen dena.

Bere lanak 1866an argitaratu baziren ere, Mendelen ekarpenak ez ziren aintzakotzat hartu 1900 urtera arte, Hugo de Vries, Carl Correns eta Erich von Tschermak ikerlariek Mendelen ondorio berdinetara iritsi zirenean.

Mendelen ikerketak argitaratu zirenean geneak eta kromosomak oraindik ez ziren ezagutzen. Mendelek, beraz, ez zuen inoiz "geneez" ezer idatzi, "herentziaren faktoreez" baizik. Hala ere, intuizio handia aitortu behar zaio, genetika modernoaren aurkikuntzak ezagutu gabe genetika klasikoaren oinarriak finkatu zituelako.


Lehenengo legea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendelek ilarraren zazpi karaktere hauek erabili zituen bere ikerketak burutzeko

"Arraza puruko bi organismo gurutzatzean, lehenengo belaunaldiko ondorengo guztiak berdinak dira" (uniformitatearen legea).

Hots, karaktere batekiko homozigoto desberdinak diren espezie bereko bi organismo gurutzatzean, lehenengo belaunaldiko hibrido guztiak berdinak dira, bai fenotipoan zein genotipoan.

Mendelek ilarrak erabiliz burutu zituen bere ikerketak. Nola zekien, baina, landareak arraza purukoak zirela?. Atzeragurutzaketaren bidez.

Lehenengo legea azaltzeko hazi horiko ilarrak eta hazi berdekoak gurutzatu zituen Mendelek. Horretarako, ilarraren kolore bateko polena ilarraren beste koloreko estigman sartu zuen, eta gurutzatutako landareen haziak erein zituen. Gero, ondorengoen haziaren kolorea aztertu zuen.

Haziaren kolore horia zehazten duen genea A bada (alelo gainartzailea izanik), eta kolore berdea zehazten duena a (alelo azpirakorra), gurutzaketa honako hau izango da: AA x aa. Gurutzaketa honetako ondorengo guztiek Aa izango dute genotipoa, eta fenotipo horia izango dute (A genea gainartzailea baita).


Bigarren legea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Karaktere bakoitza eragiten duten aleloak banatzen dira gametoak sortzean, hots, ez daude betiko lotuak" (alelo-bikotea osatzen duten geneen bereizketaren legea).

Honen ondorioz lehenengo belaunaldian ezkutaturik geratu diren gene azpirakorrak bigarren belaunaldian azaleratzen dira. Bigarren belaunaldiko ondorengoak, beraz, ez dira uniformeak.

Lehen belaunaldian lortu diren ilar hazietatik sortzen diren landareak gurutzatzen badira, bigarren belaunaldian hiru genotipo hauek agertuko dira: AA, aa eta Aa (azken hau, bi aldiz errepikatua). Proportzioak honako hauek izango dira: genotipo homozigotoak (AA eta aa) %25eko proportzioan bakoitza, eta heterozigotoa (Aa) %50eko proportzioan. Fenotipoari dagokionez, %75a horia izango da (AA eta Aa), eta %25a berdea (aa), A aleloa gainartzailea baita.


Hirugarren legea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karaktere desberdinen arteko erlazioa aztertuz azaldu zuen Mendelek 3. legea. Lehenengo bi legeak osatzeko ilarren karaktere bat aztertu bazuen (haziaren kolorea, esaterako), 3. legea azaltzeko bi karaktere desberdin aintzakotzat hartu zituen.

"Karaktere edo ezaugarri bat zehazten duen gene bakoitza bere gisa transmititzen da, besteekiko era independentean" (karaktereen herentzia independentearen legea).

Bigarren eta hirugarren legearen arteko nahasketak egon daitezke enuntziatuak ongi ulertzen ez badira. Bigarren legeak alelo-bikotea osatzen duten geneen independentziari egiten dio aipamena, eta hirugarren legeak karaktereen independentziaz jarduten du (hots, ilarraren "azalaren itxura" karakterea independentea dela ilarraren "haziaren kolorea" karakterearekiko).

Bi karaktereen transmisioa ikertzeko, Mendelek bi arraza puruko ilarrak gurutzatu zituen: batek haziak hori kolorekoak eta azal leunekoak zituen (AALL), eta bestearen haziak berde koloreakoak eta azal zimurrarenak ziren (aall). A eta L geneak gainartzaileak dira a eta l geneekiko. Meiosia burutzean lehenengoaren gametoak AL geneak eramango dituzte, eta bigarrenaren gametoek al geneak. Lehenengo belaunaldiko ondorengo guztiek AaLl izango dute genotipoa, eta hazi hori leuna izango dute fenotipoa (A eta L gainartzaileak direlako). Baina lege hau ez da betetzen baldin eta:

-Aztertutako karaktereak kromosoma bereko geneek determinatuta badaude.

-Aztertutako karaktereak kromosoma sexualetako geneek determinatuta badaude.

Lehenengo belaunaldiko hibridoak haien artean gurutzatzean, berriz, bakoitzak 4 konbinaketa desberdineko gametoak (AL, Al, aL eta al) sortuko ditu. Beste sexuko ilarrarekin gurutzatzean, 4 x 4 = 16 konbinaketa desberdin ageri daitezke. Ikus ditzagun:

AaLl x AaLl :

  • AALL
  • AALl
  • AaLL
  • AaLl
  • AALl
  • AAll
  • AaLl
  • Aall
  • AaLL
  • AaLl
  • aaLL
  • AaLl
  • Aall
  • aaLl
  • aall

Fenotipoari dagokionez, ilar horietatik 9 hori leunak izanen dira, 3 hori zimurrak, 3 berde leunak eta 1 berde zimurra (aall, hain zuzen ere)