Merindade

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Merindadeak herrialdea baino txikiagoak eta udalerria baino handiagoak ziren Erdi Aroko instituzio administratiboak ziren. Instituzio hau Gaztelan XI. eta XII. mendetan sortu zen, organo zentralaren eta hiribildu edo errege-jaurerrien arteko instituzio administratibo gisa[1]. Gaztelako Erresumaz gain, Nafarroako Erresumak ere erabili zuen, izan ere, erresumak sei merindade zituen. Beste erresumetan ere, antzeko instituzioak agertu ziren, hala nola Ingalaterrako count edo Frantziako bailli. Merindadeetako funtzionario nagusia merioa izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Arotik aurrera, merino edo ibar jaun baten ardurapean zegoen lurraldea. Merinoa erresumako administrazioari loturiko kargua zen eta ekonomia, finantza, justizia eta militar alorretara zabaltzen zen haren aginpidea. Justizia alorreko betebeharretan nabarmentzen zen merinoa. Gaztelako erresumako administrazioaren arabera, bazen merino nagusi bat, eskualde guztietarako, eta baziren eskualde bakoitzeko merino soilak. Nafarroako erresuman justiziaz eta zerga bilketaz arduratzen ziren merinoak, gorteko nobleen artean aukeratuak.

Arabako eta Gipuzkoako merindade nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1274. urtean sortu zituen Alfontso X.a Gaztelako erregeak Arabako eta Gipuzkoako merindade nagusiak. Merinoa zen erregearen ordezkari nagusia, korrejidore karguaren aitzindaria aditu askoren ustetan. XV. mendearen bukaeran desagertu ziren merindade nagusi hauek, korrejidoreen esku utzi baitzituzten Errege-erregina Katolikoek merino nagusiari zegozkion egiteko asko.

Bizkaiko merindadeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nortasun handiagoko instituzioak izan ziren Bizkaiko merindadeak. Elizaldeek edo elizateek osatzen zuten merindadea eta merino edo ibar jaun bat, batzuetan bi, izaten zuten administrazio buru. Bazen, halaber, merindadeko junta edo biltzarra. Ibar jaun hauek erregeren agindupeko gizonak ziren eta Bizkaiko herrialde osoan aginpidea zuten karguen (korrejidorea, diputatuak, foru-alkateak) aginduak betearazten zituzten. Sei merindade bereizi ziren Bizkaian XVI. mendea arte: Busturia, Uribe, Arratia, Bedia, Zornotza, Markina, eta merindade gisa hartu zuten Durangaldea mende hartatik aurrera. Enkarterriek ez zuten berez inolako merindaderik osatu eta merindadeetatik kanpo geratu ziren Bizkaiko hiriak.

Nafarroako merindadeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako erresuman bost merindade nagusi izan ziren hasieran: Iruñeko merindadea edo mendialdea, Tuterako merindadea edo Erriberakoa eta Zangoza, Lizarra eta Nafarroa Behereko edo mendiz haraindiko merindadea. Iruñeko merindadea bitan zatitua zen, eta 1407an sortu zen Oliteko merindadea. Nafarroa Behereko merindadean hiru bailerri bereizten ziren, Donibane Garazi, Amikuze-Oztibarre eta Bastida; Iruñeko merindadea Nafarroako ipar-mendebalean zabaltzen zen eta hiriburua bera eta gainerako ibarrak bereizten ziren han; Zangozako merindadeak Nafarroako ipar-ekialdea hartzen zuen; Lizarrako merindadea Nafarroako hego-mendebaleko lurretara zabaltzen zen eta Tuterakoak hegoaldeko erribera lurrak hartzen zituen. Tuterako eta Zangozako merindadeen artean egituratu zen Oliteko merindadea. Egun ere bizirik dirau Nafarroa Garaian lurralde banaketa honek.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]