Merkatu
- Artikulu hau kontzeptu ekonomiko abstraktoari buruzkoa da; produktuak saldu eta erosi egiten diren leku fisikoa gaitzat duena beste hau da: Azoka
Merkatua, ekonomian, bi aldek edo gehiagok trukea egiteko erabiltzen dituzten sistema, erakunde, prozedura, azpiegitura eta gizarte harremanak dira. Aldeek ondasunak zein zerbitzuak elkartruka ditzaketen arren, merkatu gehienetan saltzaileek ondasunak edo zerbitzuak (eskulana barne) eskaintzen dute erosleen diruaren truke. Zentzu horretan, ondasun eta zerbitzuen salneurria ezartzen duen prozesua da merkatua.
Merkatuak, lehiakorra izateko, saltzaile edo erosle bakarra baino gehiago eduki behar ditu. Bi pertsonaren arteko trukea ere gerta daiteke, baina gutxienez hiru alde behar dira merkatua sortzeko, horrela baizik ez baita egongo lehiakidetza gutxienez bi aldeetako batean.[1] Hala ere, merkatu lehiakorrek erosle eta saltzaile kopuru handiagoak izan ohi dituzte. Saltzaile bakarra eta erosle asko dituen merkatuari monopolio deritzo. Saltzaile asko eta erosle bakarra duenari, berriz, monopsonio deritzo.
Merkatuek forma, eskala, kokapen eta partaide mota askotakoak eduki ditzakete, bai eta salerosten diren salgaien mota ere. Hainbat adibide:
- Txikizkako merkatu fisikoak, esaterako nekazaritza azokak (sarritan herrietako plazetan egiten direnak aldizka).
- Interneteko merkatu ez-fisikoak (ikus merkataritza elektronikoa).
- Enkanteak.
- Beste ondasun batzuk ekoizteko erabiltzen diren tarteko ondasunak salerosteko merkatuak.
- Eskulan merkatuak.
- Baloreen merkatuak, enpresen akzioak salerosteko erabiltzen direnak.
- Legez kanpoko merkatuak, esaterako legez kanpoko drogena, armena, etab.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Sullivan, Arthur (2003), Economics: Principles in action, Upper Saddle River, New Jersey 07458: Pearson Prentice Hall, 28. orr., ISBN 0-13-063085-3, http://www.pearsonschool.com/index.cfm?locator=PSZ3R9&PMDbSiteId=2781&PMDbSolutionId=6724&PMDbCategoryId=&PMDbProgramId=12881&level=4