Merton Howard Miller
Merton Howard Miller (Boston, Ameriketako Estatu Batuak, 1923 - 2000) ekonomista izan zen. Modigliani-Miller teorema asmatu zuen, italiar jatorriko Franco Modigliani ekonomistarekin batera. Teoria horren arabera, enpresa baten jardueren errentagarritasuna garrantzitsuagoa da jarduera horietarako behar dituen finantzatzea lortzeko modua baino. 1990ean, Ekonomiako Nobel saria jaso zuen, enpresa-finantzei buruzko lanengatik; Harry Markowitzekin eta William Sharperekin banatu zuen saria.
Bizitza [aldatu]
Millerrek Johns Hopkins Unibertsitatean egin zituen ikasketak, Baltimoren. Bigarren Mundu Gerran, Estatu Batuetako Ogasun Sailean lan egin zuen, Erreserba Sistema Federalarentzat. 1953tik 1961era, Teknologiako Carnegie Institutuan lan egin zuen. Han hasi zen Franco Modiglianirekin lanean. Gero, eskolak eman zituen Chicagoko Unibertsitatean. Izan dituen karguen artean, aipagarria da Estatu Batuetako merkataritza-trukerako bi erakunde handienetako zuzendaritza, Chicago Board of Trade eta Chicago Mercantile Exchange erakundeetakoa, hain zuzen ere.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.