Mesopotamia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mesopotamiako mapa.

Mesopotamia[1][2], antzinako greziarrek Tigris eta Eufrates ibaien arteko lur emankorrei ematen zieten izena da. Ibai biak elkarren parean doaz eta udaberrian, urtero-urtero, Armeniako mendietako elurrak urtzean, emaria handitzen dute.

Gaur egungo Irak, Siriako ekialdea, Turkiako hego-ekialdea eta Irango hego-mendebaldea hartzen zituen. Edo, bestela begiratuta, Kurdistan lurraldeko zati handi bat.

Eskualde horren hegoaldea, Behe Mesopotamia ere esaten zaio, paduratsua zen eta Neolitoan ez zen inor bizi bertan; baina k.a. XXIV. mende ingurutik aurrera, herri sumertarrak urtegiak lehortu, dikeak, hormak eta ubideak egin eta lurra lantzen hasi ziren. Nekazaritzan aurrerakada handia izan zen eta, ondorioz, hiri-estatu independienteak sortzen hasi ziren, batzuetan elkarren lehian: Ur, Uruk, Lagash eta Eridu, besteak beste. k.a. XXIII. mendetik aurrera, Mesopotamian zibilizazio aberatsa garatu zen, agintari herria herriaren atzetik zetorrela: sumertarrak, akadiarrak, babiloniarrak eta asiriarrak.

Herri bakezale eta langilea eratu zuten sumertarrak izan ziren lehenengo agintariak. Agintarien artean, Gudea, Lagasheko erregea da nabarmentzekoa. K.a. 2300 urte inguruan, Akadeko herriak, Akadeko erregea zen Sargonek zuzenduta, sumertarren hiriak indarrez hartu eta inperioa sortu zuen. Ondoren, Babilonia bihurtu zen hiri nagusia, Hammurabi erregealdian loraldi handia lortu zuena ekonomian eta kulturan. K.a. VII. mende erdialdera, asiriarrek, Asurbanipal erregearen aginduetara, Mesopotamia osoa menperatzea lortu zuten.

Azkenik, pertsiarrek Mesopotamiako lurrak konkistatu eta euren inperioan sartu zituzten. Inperio horrek k.a. VI. mendean izan zuen unerik gorena.

Gizartea

Hiri-estatu bakoitzean patesi edo printze-apaiza zegoen agintari. Ura zen agintari zibil nagusia eta herriko tenpluaren eta ondarearen arduraduna. Patesiak hiriko jardun guztiak zuzentzen zituen jauregitik: ura nekazarien artean banatzea, ubideak eta tenpluak zaintzea, hiria babestea, justizia betetzea, eta abar.

Aginte osoa eta despotikoa zeukan arren, inoiz ez zuten jainkotzat hartu, jainkoen eta menpekoen arteko bitartekotzat baino. Denborarekin patesiak errege titulua hartu zuen.

Gizarteko goiko mailan, patesiaren nobleak eta apaizak zeuden. Azken hauek aginte ekonomiko eta sozial ikaragarria izan zuten, tenpluen jabetza handiak kudeatu eta zergak biltzen zituztelako.

Erdiko mailan, merkatariak eta funtzionarioak zeuden, eskribak nabarmentzen zirela. Eta nekazariek eta eskulangileek gizarteko beheko maila osatzen zuten. Esklaboak Egipton baino gehiago ziren eta lanik gogorrenak eta arriskutsuenak betetzen zituzten.

Soldaduak asiriarrek.

Hiru motatan banatzen zen lurraren jabegoa

  • Estatuaren lurrak: soldaduentzat
  • Tenpluenak: jainkoaren gurtza, apaizentzat
  • Jabetza pribatua: Nekazari aberatsentzat

Eguneroko bizimodua

Mesopotamiako herritar gehienak nekazariak ziren; horregatik, eguneroko bizimodua lur-lanen inguruan antolatuta zegoen. Ogia zen elikaduraren oinarria, baina beste gauza batzuek ere jaten zituzten, hala nola lekak, ortuariak, frutak eta bildots eta txerri haragia. Fruta arbolak ere hazten zituzten, almendrondoa eta mertxikondoa adibidez.

Jantziak ez ziren berdinak herritik herrira. Gizon sumertarrek burua estali eta gona janzten zuten, sorbaldak eta bularra agerian utzita. Akadrrek, berriz, bizarra luze eta ilea kizkurtuta eramaten zuten. Asiriarrek, azkenik, tunika luze eta luxuzkoak erabiltzen zituzten eta buruan kapela edo tiara.

Nekazaritza arloan garia, garagarra, oliba, fruitu lehorrak... Garagardoa (kash deitzen ziotena) eta ardoa ere ekoizten zituzten. Abeltzaintzan ere aritu ziren. Ardiak eta behiak erabili eta gamelua etxekotu zuten.

Idazkera, Hizkuntza eta Erlijioa

Sakontzeko, irakurri: «Mesopotamiako mitologia»

Mesopotamiako herritarrek jainko asko gurtzen zituzten eta giza irudiekin irudikatzen zituzten. Nagusiak honako hauek ziren: Marduk, kreazioaren jainkoa; Sin, Ilargia; Shama, Eguzkia eta justiziaren jainkoa, eta Isthar, gerra eta maitasunaren jainkoa. Naturarekin lotutako jainkoengan ere sinesten zuten. Jainko bakoitzak bere tenplua zeukan, Lurrean zeukan etxetzat hartzen zena. Erlijiozko erritu korapilatsuen bitartez gurtzen zituzten, animalien sakrifizioak eta jardun magikoak eginik.

Mesopotamiarrek idazkera berezia erabili zuten, kuneiforme deritzona. Lehenengotan egiptoarrenaren antzeko idazkera hieroglifikoa erabili bazuten ere, gero marrazkia estilizatu eta irudi geometrikoak hartu zituzten. Idazkera mota horrekin idatzi asko eta asko egin zituzten eta baita lege bilduma ospetsu bat ere bederen: Hammurabi Kodea.

Hizkuntza nagusiak aramera eta sumeriera ziren.

Babiloniako Lorategi Esekiak, munduko 7 mirarietako bat.

Artea

Mesopotamian harri gutxi zegoenez, eraikuntzarako pezoa eta adreilua erabili behar izan zituzten. Gero gainetik zeramikazko plakak jartzen zituzten, handitasun eta aberastasun handiagoa erakusteko.

Arkitektura lan nagusiak jauregiak eta tenpluak izan ziren. Jauregiak muino gainean egiten zituzten, harresiek eta almenadun dorreek babestuta. Tenpluak zigurat edo dorre mailakatuaren gainean zeuden.

Astronomia

Izar eta konstelazioak aztertu ondoren izana eman zieten. Garai honetan gaur egun ere garrantzitsuak diren zenbait gauza finkatu ziren, hala nola minutua, ordua, eguna eta astearen iraupena.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mesopotamia Aldatu lotura Wikidatan