Mesta

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Errege abelbidea, Segoviako probintzian.

Mesta Gaztelako artzainen ermandade bat zen. Komunitate horren existentziaren lehen arrastoak Alfontso X.a Jakintsua erregeak sinaturiko 1273ko idazki batean ditugu. Urte hartatik aurrera, Gaztelako erregeak ermandade hau indartuz joan ziren, hainbat pribilegio emanez. Esaterako, 1347ko urtarrilaren 17an, Alfontso XI.a Gaztelakoak, Mesta, Gaztelako animalia talde guztien zaintzaile izendatu zuen. Eskubide hori, gero, Enrike IV.ak 1454an eta Errege-erregina Katolikoek 1489an berretsi zuten.

Hain zen handia Gaztelako artzainen ermandadeak ekoizten zuen artile kopurua, horren zati handi bat esportatu egiten zen. Salerosketa Herbehereetako merkatariekin egiten zen batik bat, han baitziren ugarienak oihalgintza lantegiak. Hauek, Gaztelari erosten zioten artilea, merkea eta kalitate onekoa zelako. Landua izan ondoren, kalitate handiko jantzi bezala itzultzen ziren, prezio oso altuetan.

Artilea, Herbehereetara, itsasontzietan heltzen zen. Hauek, Bizkaiko golkoko hainbat portutik abiatzen ziren. Horietatik asko, Gipuzkoan aurkitzen ziren. Gaztelatik kostaldera heltzeko biderik laburrena, Gasteiz zeharkatuz zen, Arlaban jaitsi eta Eskoriatza gurutzatuz. Artilea garraiatzen zuten merkatariei esker, Eskoriatza eta Aretxabaletak, gainontzeko elizateek baino garrantzi handiagoa lortu zuten.

Merkatarien beharrak asetzeko xedearekin, ostatuak, gurdiak konpontzeko tokiak, ferraketa tokiak eta abar sortu ziren. Hala, bi elizate horiei jarduera gehiago ematea lortu zen, hainbat tokitako jendea erakarrita.