Michael Ritchie

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Michael Ritchie estatubatuar zinema-zuzendaria da (Waukesha, Wisconsin, 1938 - New York, 2001). Berkeleyn gradua lortu ondoren, Historia eta Literaturako ikasketak egin zituen, Harvarden. Unibertsitatean antzerki-lanak gidatu zituen eta halabeharrez telebistako ateak zabaldu zitzaizkion. Hamar bat urtez telebistan lan egin zuen. Zineman Heriotzaren jaistea (1970) filmarekin egin zuen debuta. Handik bi urtera Haragi bizia eta Hautagaia egin zituen, lehenengoan parte hartu zuten antzezle nagusi berekin, Gene Hackman eta Robert Redfordekin. Azkeneko horrekin gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen. Smile (1975) filmaz gero bere karrerako une gorena, aditu batzuen ustez, bi eratako filmak egin zituen batez ere: komediak, batetik, eta kirolari buruzko filmak bestetik, gorabehera handiekin emaitzei dagokienez: Maltzurrak (1976); Bi gehi bi berdin bi (1977); Divine Madness! (1980). 1980an egin zuen, halaber, The Island (Uhartea), Peter Banchley idazlearen obra batean oinarritutako abenturazko thrillerra, Michael Caine eta David Warnerekin. Film horretan emakumezko protagonistak, Graciela Duffauk, antzezle onenaren saria jaso zuen Montréaleko Jaialdian, baina Ritchieri zuzendari txarrenaren Razzie saria eman zioten. Etsipenean erori gabe, Ritchie generoak nahasten saiatzen jarraitu zuen, beldurra eta komedia beltza nahastuz, esate baterako: Herritar eramankorrak (1983), Walter Matthau eta Robin Williamsekin.

Hurrengo filmetan Chevy Chasen ustezko etorria baliatu nahi izan zuen: Fletch (1985); Fletch Lives (1989). Denbora-pasako film horiek egin bitartean, beste zenbait ikusgarriagoak egin zituen: The Golden Child (1986, Urrezko mutila); Ekintza perfektua (1992). Kirol-film bat egiteko tarte bat ere izan zuen Wildcats (1986), baina garai hartako film onena, eta aditu batzuen ustez Ritchieren film onena, The Positively True Adventures of The Alleged Texas Cheerleader-Murdering Mom (1993) izan zen, Holly Hunterrekin. Film horrekin Estatu Batuetako Zuzendari Elkartearen saria jaso zuen. Beste lan batzuk: Comfort, Texas (1997), A Simple Wish (1997).

Hirurogeita bi urte zituela hil zen New Yorken, 2001eko apirilean, prostatako minbiziaren ondorioz izandako konplikazioengatik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]