Michelangelo

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Michelangelo

(1544)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMichelangelo di Lodovico Buonarroti Simoni
JaiotzaCaprese Michelangelo1475eko martxoaren 6a
Herrialdea Florentziako Errepublika
Talde etnikoaItaliarra
HeriotzaErroma1564ko otsailaren 18a (88 urte)
Hobiratze lekuaSanta Croce
Familia
AitaLodovico di Leonardo Buonarroti Simoni
AmaFrancesca di Neri del Miniato Siena
Ezkontidea(k)ezkongabea
Bikotekidea(k)
Familia
LeinuaBuonarroti family (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaFlorentziako Unibertsitatea
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Domenico Ghirlandaio
Bertoldo di Giovanni
Poliziano
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakeskultorea, arkitektura proiektuen marrazkilaria, margolaria, arkitektoa, poeta, ingeniaria, obra-maisua eta idazlea
Lantokia(k)Florentzia
Bolonia
Erroma
Florentzia
Erroma
Florentzia
Erroma
Florentzia
Venezia
Florentzia
Erroma
Florentzia
Erroma
Florentzia eta Erroma
Lan nabarmenak
MugimenduaGoi Pizkundea
Renaissance painting (en) Itzuli
Genero artistikoaChristian art (en) Itzuli
Homoerotismoa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Erlijio-ordenaFrantziskotarren Ordena
domingotar

Musicbrainz: 96a0fd8f-e753-4e47-8131-4b905b363ff5 Discogs: 2273889 IMSLP: Category:Buonarroti,_Michelangelo Find a Grave: 1896 Edit the value on Wikidata

Michelangelo Buonarroti[1] (Caprese, 1475eko martxoaren 6a - Erroma, 1564ko otsailaren 18a) Pizkundeko eskultore, margolari, arkitekto eta olerkari italiarra izan zen, pinturan eta arkitekturan inoiz izan den artista handienetarikoa. Era askotako lanak egin zituen artearen hainbat alorretan, beti batasunez eta koherentziaz; hori dela eta, Pizkundeko gizonaren arketipotzat hartzen da, Leonardo da Vinci garaikide eta etsaiarekin batera.

Bizi zelarik ere, artista handitzat hartu zuten bere garaikideek, eta ospe hori, gutxitu ezik, areagotu egin da urte eta mendeen joanean. Munduko famatuenetakoak dira Michelangeloren margolaritza, eskultura nahiz arkitektura lan batzuk. Bestalde, iritsi zaizkigun haren eskutitz, marrazki eta zirriborroak kontuan hartuz, ondoen dokumentatutako XVI. mendeko artista da.

Arte guztien artean eskultura zuen gogokoen, marmolezkoa bereziki. Nekez bereiz daitezke Michelangeloren obrak, denak izan baitira garrantzitsuak artearen historian; dena den, aipagarri dira besteak beste, Madonna della Scala (1489-1494), Pietá (1499), David (1501-1504), Moises (1516) eta Pietá Rondanini (1550-1555). 1546an, San Petri basilikako arkitekto nagusi izendatu zuten; une hartatik aurrera arkitektura bilakatu zen Michelangeloren lanbide nagusia; San Petriko kupula diseinatu zuen, eta arkitektura klasikoa irauli, pilastren ordena erraldoia erabiliz. Pinturan, Vatikanoko Kapera Sixtinoko freskoak dira bere lanik ezagunenak.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Michelangelo Buonarroti 1475. urtean jaio zen, zenbait belaunaldiz bankari izandako familia batean. Aita ordea, bankaria izan ezik, Florentzia ondoko Caprese izeneko hiri txiki bateko administradore zen Michelangelo jaio zen garaian. Nolabait ere, gizarte eskalan urrats bat atzera egitea zen artista izatea eta, hala, aski berandu hasi zen Michelangelo ikasten, hamairu urte zituela, seguraski bere aitaren nahiaren kontra. 1488an, Domenico Ghirlandaio hiriko margolari famatuenaren lantegian sartu eta ikastun gisa hasi zen. Hiru urterako sartu bazen ere, urtebete bestetik ez zuen egin margolari-mutil moduan, bere biografo Ascanio Condivik kontatzen duenez, ikasi beharreko guztia bazekielako.

Madonna della scala, 1491 aldean, Casa Buonarroti, Florentzia.

Berehala nabarmendu zen Michelangeloren talentua, eta hiriko buruzagiak, Lorenzo Medicik, hartu zuen bere babespean. Lorenzok bere inguruan bilduak zituen Florentziako poeta eta intelektual nagusiak, eta talde hartan sartu zuen Michelangelo ere. Besteak beste, Poliziano, Marsilio Ficino eta Pico della Mirandola idazleak ezagutu zituen, bai eta Neoplatonismoaren ideiak ere, haren obran hainbeste eragin zutenak[2]. Horrezaz gain, Medicitarren arte bilduma aztertu ahal izan zuen, antzinako Erromako estatuez osatua batez ere. Nolabaiteko irakasle izan zuen brontzezko eskultura lantzen zuen artista bat, Bertoldo di Giovanni izenekoa eta Medici familiaren adiskidea, baina Michelangelo ez zen haren jarraitzaile izan, ez materialen hautapenean, ez ikusmoldean.

1490etik 1502ra bitartean lehenengo marrazkiak egin zituen, Masaccio eta Giotto di Bondoneren fresko gotikoen estudioak, eta lehenengo erliebeak ere: Madonna della Scala («Eskailerako Ama Birjina», Buonarroti etxea, Florentzia) eta Battaglia dei centauri («Zentauroen gudua», Buonarroti etxea, Florentzia). Horietan, haren estiloa nabarmentzen hasi zen eta arte klasikoarekiko lotura zehatzagoa ere sumatzen da.

Florenzia, garai hartan, artean aitzindari zen; handik ateratzen ziren Europako margolari eta eskultore bikainenak, eta artisten arteko lehia guztiz bizkorgarria zen. Hiria, hala ere, ez zen garai batean bezain aberatsa, ezin zien bere artistei irabazi handiak eskaini, eta, hortaz, zenbait florentziar artista beste hiri batzuetara joan zen aukera hobeagoen bila, Leonardo da Vinci eta haren maisu Verrocchio, besteren artean. Medicitarrek 1494an galdu zuten hiriaren buruzagitza, hein handi batean Girolamo Savonarolaren erruz[3], eta politika iraultza amaitu baino lehenago Florentziatik alde egina zen Michelangelo.

Bolonia, Florentzia eta Erroma, 1492–1499[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1494n, Michelangelo Florentziatik alde egin zuen. Veneziara joan zen aurrenik, eta Boloniara gero. Han Jacopo della Querciaren erliebeak ikertu zituen[3]. Denboraldi labur baterako Florentziara itzuli ondoren, 1496an Erromara jo zuen, eta lehen lan famatua egin zuen: Bako (1497, Bargello, Florentzia). Eskultura honek antzinako Erromako irudi biluzien tradizioari jarraitzen dio, baina haiek baino askoz ere mugimendu handiagoa du eta konplexuagoa da. Nahita bilatutako ezegonkortasuna dauka, eta Michelangeloren lan bakarra da -berez, lorategi baterako egina zen-, aurrealdetik ez ezik, alde guztietatik begiratzea eskatzen duena.

Bako lanak berehala ekarri zion eskaera garrantzitsu bat, San Petri basilikarako Pietà bat egitea hain zuzen (1498). Pietà hitzak ez du izendatzen, sarritan uste izan den bezala, Michelangeloren lan hau; aitzitik, tradiziozko irudi deboziozko bati dagokio (Andre Maria eta haren seme hila). Hala ere, Michelangelorena da Pietà guztietan famatuena. Jesukristoren heriotzaren ondorengo auhen eta deitoreen kontakizun eszenetatik aterea da, eta Kristoren sakrifiziozko heriotza ekarri zuten bekatuengatik bekatariek damuzko otoitzak eragitea du xedea. Jean Bilhères de Lagraulas frantses kardinala zen Michelangeloren patroia;[4] bestalde, Italian baino arruntagoa zen Europako iparraldean eszena honen eredua. Eskultorearen arazo nagusia marmol bloke bakar batetik bi irudi ateratzea zen, eta eginkizun hori oso zaila gertatu da garai guztietan. Michelangelok masa trinko gotor baten moduan landu zuen osotasuna, baina ageriko kontraste guztiak ondo azpimarratuz, bi osagaiak bereizi eta argitzeko: emakumezkoa eta gizonezkoa, bertikala eta horizontala, jantzia eta biluzia, bizia eta hila.

David, 1501-1504, Galleria dell'Accademia, Florentzia.

Florentzia, 1499–1505[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pietà amaitu eta berehala, 1501ean, eskatu zioten bere obra famatuenetako bat izango zena, David, Florentziako katedralerako. Hauxe da, kronologiaz, Bigarren Pizkundeko estatua erraldoietan aurrenekoa. Michelangelok hogeita sei urte besterik ez zituen lan hau eskatu ziotenean; estatua lurra baino askoz gorago ipini behar zen, katedraleko hormabularretako batean. Alabaina, hiriko handikiek Palazzo Vecchioren aurrean ipintzea erabaki zuten, Florentziako Errepublikaren ikur modura (gaur egun han dagoena orijinalaren kopia bat da).

Erraz ulertzen da erabaki hori. Goliaten burua gabe, irudi honek erronka adierazten du: David ez da heroi garaile bat, eginkizun zuzen baten aldezlea baizik. Bere indar guztiarekin, Donatelloren San Jorge bezala ageri da munduan; alabaina, irudiaren estiloak aldarrikatzen duen ideala Donatelloren gazteen argaltasunaren oso bestelakoa da. Michelangelo Erroman egon berria zen, eta zirrara handia eragin zioten han eskultura helenistikoko gorputz gihartsu, oparo, emozioz beteek. Nahiz eta Lakoonte taldea, estilo horretako obrarik famatuena bihurtuko zena, oraindik aurkitu gabea zen, beste estatua helenistiko batzuk ikusi ahal izan zituen.

Irudi honen eskala, heroien mailakoa, gizakiaz gaineko edertasuna eta indarra, eta formen bolumen hanpatua, berehala bihurtu ziren Michelangeloren estiloaren bereizgarri, eta, haren bidez, Pizkundeko arte guztiarena. Alabaina, David hau ezin zen inola ere antzinateko obrekin nahastu. Helenismoaren estatuagintzan, gorputzak espirituaren hondamena adierazten du, eta David honek, berriz, Michelangelok hain berezkoa zuen ekintza geldia erakusten du.

Sixtotar Kaperako ganga, 1505–1512[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1505eko martxoan, Julio II.ak bere hil-monumentua egiteko ardura eman zion; Michelangelok egundoko arkitektura eta zizelkadura esparru baten plana egin zuen. Michelangelok gogo bizia jarri zuen lan hartan, eta Carraran zortzi hilabete eman zituen, haitzurdina berak aukeratu eta erauzarazten. Erromara itzuli zenean, ordea, Aita Santuak mausoleoaren planoak artxibaturik utzita zeuzkan, Donato Bramantek San Petri basilikarako egindako planoek erakarrita. 1506an Michelangelok, haserre, Erromatik alde egin zuen eta Florentziara joan baina, azkenean, eta eskumikuaren mehatxupean, Aita Santuarekin batzartu zen Bolonian.

1508an ekin zien Sixtotar kaperaren ganga apaintzeko lanei. Lehen baino lehen heldu nahi baitzien hilobiko lanei, lau urtetan amaitu zuen sabaiko lana (1508-1512). Bertan Genesiaren interpretazioa ezarri zuen, Pizkundearen artearen ikur bilakatu zena. Oso egitura handia da, arkitekturazko marko margotu batean erritmikoki kokaturiko ehundaka irudiz betea.

Erdiko partean Genesiaren bederatzi eszena daude, munduaren sorreratik hasi eta Noeren mozkorraldia arte. Eszena hauek hautatzeko erabili zuen eskema teologikoa, eta eskema horren osagarriena -gazte biluziak (ignudi), dominak, profetak eta sibilak- ezin izan dira guztiz argitu, baina badakigu gizonaren historia primitiboa eta Jesukristoren etorrera lotzen dituela, gu guztion hasiera eta amaiera: aldarearen gainean dagoen Azken Auzia, nahiz eta hogeita bost urte geroago margotua izan, hasieratik proiektatua dirudi.

Florentzia, medicitar aita santuen zerbitzura, 1513–1534ko hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1513an Julio II.a aita santua hil zelarik, Lorenzo Mediciren seme bat izan zen haren ondorengoa, Leon X.a (1513-1521 urteetan aita santu). Michelangelo txikitatik ezagutzen zuen, eta sarritan egin zizkion lan eskaerak, gehiago Medici familiaren ohoretan aitasantutzarenetan baino.

Moises, 1513–1515, San Pietro in Vincoli, Erroma.

1513-1515 bitartean, Julio II.aren mausoleoa aurrera eramateko bigarren saiakera egin zuen. Horretarako, terrebilità michelangelesca erakusten duen Moises eskultura zizelkatu zuen (gaur egun Erromako San Pietro in Vincoli elizan), baina bigarren saiakera hark ere ez zuen aurrera egin. Lan hau aurrekoak baino aberatsagoa da azaleko xehetasunetan eta modelatuan; azaleko testurak, aldi berean, aurrekoak baino ugariagoak dira, artistak aurkitu baitzuen, handitasuna kendu gabe, xehetasunak aberasteko modua. Garai bertsukoak dira Esklaboak edo preso lotuak; haiek ere Julio II.aren hilobirako pentsatu ziren baina ez ziren inoiz erabili, ondorengo diseinuetan okerreko eskala zutela erabakita. Michelangelok berak gorde zituen zahartu zen arte, eta gaixo zegoenean zaindari izan zuen familia bati oparitu zizkion. Elkarren antitesi moduan egin zituen bi estatuak: esklabo bat hilzorian dago eta kateetara errenditu da; bestea, berriz, esklabo hezikaitza da, askatzeko borrokan ari dena.

1520an, Giulio Medici kardenalak (1523–1534 bitartean Klemente VII.a aita santua izan zenak) eta Leon X.a aita santuak, Florentziako San Lorenzo elizako kapera berria diseinatzeko agindu zioten[5]. Medici familiaren hilobiak gordetzeko kapera hura eraikitzeko asmoa, Giuliano eta Lorenzo oinordeko gazteen heriotzarekin (1516an eta 1519an) gauzatu zen. Michelangelo 1527an hasi zen kapera eraikitzen. Barrualdea marmolezkoa du, eta guztiz orijinalak dira hormen diseinua eta hilobietako irudi zizelatuak; hormetako xehetasun dinamikoen luzapen dira irudi horiek, forma organikoan eginak. Horren guztiaren emaitza Michelangeloren asmoen erakusgarri ezinhobea da. Leihoek, erlaitzek eta antzekoek proportzio eta loditasun bitxia dute, eta hori dela-eta, forma klasiko tradizionalak berrikusi nahi izan zituela dirudi.

Gainalde berezi horien ondoan, guztiz orijinalak dira gelaren bestaldeko bi hilobiak ere, goialdeko parte kurbatuetatik hasita. Bi oinarri kurbatu horietako bakoitzaren gainean emakume bat eta gizon bat daude eserita, biluzik; hilobi bateko irudi bat egunaren ikurra da, eta gauarena bestea, artistaren beraren arabera; beste hilobikoak ilunabarraren eta goizaldearen ikur dira. Era horretako pertsonifikazioak guztiz berriak ziren hilobietan eta, Michelangeloren arabera berriz ere, denboraren mugimendu ezin saihestuarekin daude lotuak, zirkularra baita, eta heriotzara daramana. Irudi hauek dira, hain zuzen ere, artistaren lan famatuenak eta ongien lortuak. Egun eta Gau erraldoiak aski bareak dira beren handitasunean, nahiz eta Egun irudiak adierazten duen, agian, barne ezinegon bat edo. Emakumezkoen bi irudiek garai hartan edertzat hartzen ziren proportzio luze lerdenak eta oin txikiak dituzte, baina, bestela, desberdinak dira: Ilunabarra, irudi birjinala, gorantz luzatzen da bere kurban, bizitzan sartu nahiko balu bezala; Gaua lo dago, baina amets larriak adierazten ditu.

Medicitarren kapera egin zuen urte bertsuetan, beste eranskin bat diseinatu zuen San Lorenzo elizarako: liburutegia. Leon X.ak oinordekotzan jasotako liburuak gordetzeko eraikina zuen, ohikoa baitzen, garai hartan, liburutegiak komentuetan gordetzea. Liburutegi honen proiektua lehendikako eraikinen araberakoa izan zen, egitura zaharragoen gainean eraiki behar baitzen. Atarian (ricetto) daude Michelangeloren horma diseinu famatuenak eta orijinalenak. Medicitarren kaperan baino nabarmenagoa da hemen eraikuntza osagaien antolamendu aske eta berritzailea; zutabeak, adibidez, hormaren planoaren atzean daude, ez, ohi den bezala, aurrerago. Hori dela eta, sarritan esaten da lan hau dela manierismoaren lehen erakusgarria. Ricetto-ari kontrajarririk, liburuen gela askoz ere tradizionalagoa da: apalen usadiozko lerroak leihoen erritmoarekin daude lotuak, eta xehetasun apaingarri txikiak ageri dira lurrean eta sabaian, Michelangelo beti ez zela gogorra eta astuna gogorarazten dutenak; aitzitik, kasu honetan efektu soilagoa eta bigunagoa bilatu baitzuen.

Erroma, 1534–1546[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken Auzia, 1536-1541, Vatikano Hiria.

1534an Florentzia utzi eta Erroman finkatu zen. Orduan, hogeita bost urteren ondoren, hasi zen berriz freskoak margotzen, Kapera Sixtinoko absidean Azken Auzia egin zuenean, Paulo III.a aita santu berriarentzat. Gai han sarritan erabili zen Italian Erdi Aroan eta 1500 arte, baina handik aurrera modaz pasa zen. Dirudienez, tradizio hori Paulo III.aren gidaritzapean bideratu zen Kontraerreformak berpiztu zuen.

Azken Auzia margolanak alde nabariak ditu hogeita bost urte lehenago egindakoarekin. Koloreen harnonia soila da: gorputz gaztain-koloreak zeru urdin ilunaren kontra. Irudiek ez dute hainbesteko indarrik, eta formak ez daude hain ongi zehaztuak; bizkarrak haragizko masa hutsak dira, gerria markatu gabe. Erdian, goian, Jesukristo epaileak beso bat jasotzen du bere eskuinean dituenak salbatzeko, eta beste besoa erorita du ezkerrekoak kondenatzeko. Arima salbatuak poliki-poliki igotzen dira haize lodian barrena, eta kondenatuak behera doaz. Hormaren behealdean hilobietatik altxatzen dira hezurdurak; Erdi Aroko aurrekarietatik zuzenean hartutako gaia da. Eskuineko aldean, Karontek ibaian barrena daramatza arimak -gai paganoa, baina Dantek kristauentzako onargarri egin zuena bere Jainkotiar komedia-n, eta Luca Signorelli Umbriako artistak erabilia margolaritzan-. Michelangelok biziki miresten zuen Signorelli, sentipen dramatikoa xehetasun anatomikoen bidez adierazteko zuen trebeziagatik.

Bizitzako azken urteetan gutxiago landu zuen eskultura, eta margolaritza eta poesiarekin batera, gehiago jardun zuen arkitektura lanetan, alor horretan ez baitzuen lan fisikorik egin behar. Erroma berri eta modernorako monumentu handiak eskatu zitzaizkion, arkitekturaren kidez erakusteko hiriak mundu osoan zuen nagusitasuna. 1536an Paulo III.a aita santuak Campidoglio plaza diseinatzeko agindu zion, Kapitolino muinoan. Leku hori antzinako Erromako zentro zibikoa izan zen, udal gobernuaren egoitza XVI. mendean. Michelangelok udaletxe zaharra berregin zuen, plazaren albo batean zegoena, eta bi eraikin egin zituen haren aldameneko bi alboetarako. Eraikin horiei fatxada aberatsak ipini zizkien; baliabide nagusia zutabe izugarriak elkargainkatzea izan zen, bi solairuetan gora igotzen direnak, eta haien inguruan beste zutabe askoz txikiagoak, solairu bakarrekoak. Era berean, diseinu berezi bat egin zuen bi eraikin berrien arteko lurrerako, eredu obal bat, erdian estatua bat duena (Marko Aurelioren Zaldizko Estatua), eta horrek gela monumental baten efektua ematen dio eremu osoari. Plazak irekia du alde bat, eta han dago sarrera, eskailera luzeak igo ondoren iristen dena. Plaza bukatu gabe utzi zuen, lanak ez baitziren 1564 arte hasi, eta ondorengo arkituektuek hasierako proiektua aldatu zuten[6].

San Petri basilika, 1546–1564[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Petri basilikaren kupula, Vatikanoa.

1546an, Antonio da Sangallo Gaztea hil ostean, Michelangeloren esku utzi zuen Paulo III.a aita santuak San Petri basilikako obren zuzendaritza. Hori izan zen bere azken urteetako lan nagusia, Campidoglio plazako harmailadia eta Kontserbadoreen Jauregiarekin batera[3].

San Petri basilikan bere aurreko arkitektoen ideiak baztertu zituen, orijinala izan ezik, hau da, Bramanterena. Hala, lehenengo proiektura itzuli zen: lau beso berdineko oina, ez latin gurutzekoa. Bramanteren asmoa zenbait puntutan aldatu zuen, espazio bateratuagoa lortzearren. Espazio horren inguruan, lau aldeetan, epai semizirkularreko hormak daude, kupularen barneko espazio hemisferikoaren antzeko espazioak alegia. Michelangeloren lan handiena, ordea, aldarearen atzeko horma kurboa da, non areagotu egin baitzuen euskarri handi eta txikien arteko Campidoglio plazako kontrastea. Oraingo honetan zutabeen ordez pilastra finak erabili zituen, horma kurboen kanpoko aldean erantsiak; erritmo horizontal indartsua sortzen dute, arkitektura dinamikoa, proiektuaren atzean zegoen eskultorea adierazten duena. Bizi zelarik, eraikinaren beheko partea egin zen, batez ere; kupula, berriz, Michelangelo hil ondoren eraiki zen, eta eztabaida handia dago berak horrela egingo ote zuen.

Michelangelo Erroman hil zen, 1564ko otsailaren 18an, 89 urte zituela. Haren iloba Leonardok gorpua Florentziara eraman zuen, ezkutuan; hiri horretan egin zitzaizkion hiletak eta Santa Croce basilikan ehortzi zuten[3].

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizirik zela, Il Divino ezizena jaso zuen Michelangelok. Berari buruzko bi biografia idatzi ziren, artean bizi zela: Giorgio Vasarirena eta Ascanio Condivirena. Vasariren iritziz, Michelangeloren lanekin erdietsi zuen gailurra eta perfekzioa arteak[7].

Hala ere, aski mugatua da bere ondorengoengan izan zuen eragina. Hori agertzeko ez da nahikoa esatea Michelangeloren artea handiegia zelako ez zela imitatu, zeren Rafael bezalako artista bat, adibidez, hura bezain handitzat hartzen zen, eta izugarri imitatu zen. Gerta daiteke, alabaina, Michelangelok lortu zuen adierazpen modu bereziak, handitasun ia kosmikoa baitzuen, gainerako artistei atzera eragin izana. Garaikideek goraipatzen zuten ezaugarrietako bat haren terribilità zen, handitasun txundigarri antzeko bat, ondoren etorri ziren artistek imitatzen saiatu zirena eta Mendebaldeko hurrengo arte mugimendu nagusia sortarazi zuena: Manierismoa.

Eragina mugatua izanik ere, badira kasu batzuk imitazio erabatekoak direnak; horien artean Daniele da Volterra da, ziur aski, talentu handieneko artista. Bestalde, alor jakin batzuetan eredu gisa erabili zen Michelangelo. XVII. mendean marrazkigintzaren maisutzat hartzen zuten, baina anatomian, ez beste eremuetan. Auguste Rodin XIX. mendeko eskultore frantsesak ustiatu zuen marmolezko bloke amaitugabeen efektua. XVII. mendeko maisu barroko batzuek, zenbait kasutan, Michelangeloren erreferentzia argiak erakusten dituzte, baina antzekotasun literalik gabe, beti ere. Berniniz gainera, Rubens margolariarengan ikusten da, agian, argien Michelangeloren sorkariek ondorengo artistentzat izan zuten balioa.

Lan garrantzitsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pietà, 1498-1499, Vatikano Hiria.
  • Eskailerako Ama Birjina (Madonna della scala), 1491 aldean, Buonarroti etxea, Florentzia.
  • Zentauroen gudua (Battaglia dei centauri), 1492 aldean, Buonarroti etxea, Florentzia.
  • Kristo gurutziltzatua (Crocifisso ligneo), 1493 aldean, Santo Spirito basilika, Florentzia.
  • Aingerua argimutilari eusten, 1494-1495, San Domenico basilika, Bolonia.
  • Bako, 1496-97, Bargello Museoa, Florentzia.
  • Pietà, 1498-1499, San Petri basilika, Vatikano Hiria. Eskultura piramide itxurakoa da, Ama Birjina ardatz bertikalean eta Kristo hila ardatz horizontalean.
  • David, 1501-1504, Galleria dell'Accademia, Florentzia. 1501eko abuztuan, Opera del Duomo-ko arduradunek eta artile-merkatarien elkarteak David bat egiteko eskaera egin zioten. Garai hartan berritzailea izan zen oso, ohiko ikonografiatik aldentzen zena, gizon gaztea eta biluzik irudikatzen baitzuen, lasai baina tenkatua, ekiteko prest.
  • Ama Birjina Haurrarekin (Madonna col Bambino) edo Brujasko Ama Birjina, 1501-1504, Andre Maria eliza, Brujas.
  • Lau estatua Sienako katedraleko aldarean: San Petri, San Paulo, San Pio eta San Gregorio, 1503-1504.
  • Tondo Pitti, 1503–1504 inguru, Bargello Museoa, Florentzia.
  • Tondo Taddei, 1504–1506 inguru, Royal Academy of Arts, Londres.
  • San Mateo, 1505 inguru, Galleria dell'Accademia, Florentzia.
  • Julio II.aren estatua, Boloniako San Petronio basilikarako, brontzezkoa, 1508, 1511n suntsitua.
  • Garaipenaren jenioa, 1532-1534 inguru, Palazzo Vecchio, Florentzia.
  • Bruto, 1540 inguru, Bargello Museoa, Florentzia.
  • Medicitarren hilobiak, 1520-1534, San Lorenzo basilika, Florentzia.
  • Julio II.aren hilobia, San Pietro in Vincoli, Erroma. Amaitu gabea dago, baina bertan daude Moises (1513–1515), Rakel (1545) eta Lea (1545) eskulturak; hilobirako ziren Esklaboak Louvren eta Florentziako Arte Eder Akademian daude.
  • Florentziako katedraleko Pietà (Pietà dell'Opera del Duomo), 1547-1553, Museo dell'Opera del Duomo, Florentzia.
  • Pietà Rondanini, 1552-1564, Castello Sforzesco, Milan. Amaitu gabeko lana da; 1552an hasi zuen eta 1561ean Antonio del Franceseri eman zion.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Petri basilikarako Michelangelok egindako proiektua.
  • San Lorenzo basilikaren fatxada (amaitu gabea), 1515-1519, Florentzia. 1515. urtean Leon X.a aita santuak Florentzia bisitatu zuen eta, etorrera ospatzeko, San Lorenzo elizaren aurrealde amaitu gabea fatxada iragankor batez estali zen, Jacopo Sansovino eta Andrea del Sartok burutua. Orduan, Aita Santuak lehiaketa bat egitea erabaki zuen, Medicitarren babespean, fatxada eta familiaren hilobia eraikitzeko. Micheangelok irabazi zuen, kontrarreformako erretaula itxura zuen fatxada proposatuz, Italia osoko arkitektura eta eskultura irudikatuko zuena. Kontratua 1520an desegin zen, eraikuntza lanen zaitasuna eta kostu handiak zirela eta[8].
  • San Lorenzo basilikako Sakristia Berria (Sagrestia Nuova), Medicitarren Kapera (Capelle Medicee', 1519-1529), Florentzia. Bertan daude hilobi-monumentu ezagunak. 1519. urtean Medici familiak bigarren hilobi-kapera eraikitzeko eskatu zion, San Lorenzo elizan, Sagrestia Nuova izenekoa. Bertan hilobiratu nahi zituzten Giuliano (Nemoursko dukea) eta Lorenzo (Urbinoko dukea) kapitainak, hilberriak, eta baita Lorentzo eta Juliano bikainak ere. Hasieran, monumentua aretoaren erdian bakandua bururatu zuen, baina komisio-emaileekin hitz egin ondoren aldatu egin zuen. Horrela, kapitainen hilobiak alboko hormen erdian ezarri zituen eta bikainenak aldare aurreko horman. Eraikitze lanak 1525ean hasi ziren, eta kapitainen hilobiak baino ez ziren egin[9].
  • Laurenziar Liburutegia (Biblioteca Mediceo Laurenziana), San Lorenzo basilika, Florentzia. Harrerako eskailera Bartolomeo Ammannatik eta Giorgio Vasarik eraiki zuten, Michelangelok 1559an Erromatik bidalitako planoen arabera.
  • Farnese Jauregia (Palazzo Farnese), Erroma. 1547 eta 1550 artean Michelangelok fatxada eta patioa eraiki zituen.
  • Campidoglio plaza (Piazza del Campidoglio), Erroma. Inperioaren eta aita santuen Erromako jarraitasuna indartu nahian, Paulo III.ak Marko Aurelio erromatar enperadorearen zaldi gaineko estatua ezarri zuen plazan. Gainera, Kapitolinoko plazaren berregituraketa aztertzeko eskatu zion Michelangelori, Erromako politikaren erdigunea baitzen. Horrela, trapezio itxurako plaza eratu zuen, Senatarien jauregia muturrean eta bi jauregi alboetan: Palazzo dei Conservatori eta Palazzo Nuovo izenekoak, biak Campidoglioko harmailadira begira. Eraikinek ordena erraldoia dute aurrealdean, pilastra korintiarduna. Plazako zoladura elipsean inskribatutako sare lerromakurra da, erdian Marko Aurelioren eskultura duena.
  • Porta Pia, Erroma, 1561. Hiri sarrerako ate monumental hori arku poligonalekoa da, obeliskoz eta bolaz apaindua. Fatxada nagusia barrualdekoa da. Frontoi lerromakur etena du, hiruki formako frontoi baten barnean kokatua.
  • Santa Maria degli Angeli e dei Martiri, Erroma, 1561. Dioklezianoren Termen barnealdea eraldatu zuen eliza berezi eta monumentala eraikitzeko.

Pintura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tondo Doni, 1503-1506, Uffizi Galeria, Florentzia.
  • Lurperatze santua, 1505 aldean, National Gallery, Londres.
  • Kapera Sixtinoa (Capella Sistina), Vatikano Hiria. Ganga Hasierako irudiekin (1508-1512), eta aldareko horma Azken Auzia-rekin (1537-1541). Bertan dago Adamen kreazioa. Julio II.a aita santuak agindu zizkion eszenak 1505ean. Artistak Genesiko bederatzi eszena egin zituen, eta gizateriaren historiako margolan onenetarikotzat hartzen dira. Geroago, aldarearen atzeko aldean dagoen horma-irudia ere margotu zuen, auzi-eguneko agerraldiekin.
Kapera Sixtinoko ganga (1508–12).
  • San Pauloren konbertsioa, 1542-1550, Kapera Paulinoa, Vatikano Hiria.
  • San Petriren gurutziltzatzea, 1542-1550, Kapera Paulinoa, Vatikano Hiria.

Hainbat marrazki kontserbatzen dira, batez ere klarion gorriz eginak:

  • Estudioa: Santa Ana, 1505 inguru, Louvre, Paris.
  • Pizkundea, 1520-25 inguru, Royal Collection, Windsorko gaztelua.
  • Buru ideala, 1533 inguru, Ashmolean museoa, Oxford.
  • Bi gizon biluzik borrokan , 1545-50 inguru, Louvre, Paris.
  • Gurutziltzatzea, 1550-55 inguru, Louvre, Paris.
  • Gurutzetik eraistea, 1555 inguru, Ashmolean museoa, Oxford.
  • Gizon biluzi baten estudioa, Louvre, Paris.

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1965eko The Agony and the Ecstasy («Hiltzoria eta Estasia») filmean Charlton Heston estatubatuar aktoreak antzeztu zuen Michelangelo.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
  2. Nardini, Bruno. Michelangelo. Biografía de un genio. Giunti Gruppo Editoriale, Florentzia, 2001 (Noiz kontsultatua: 2016-01-29).
  3. a b c d Miguel Angel. Michelangelo Buonarroti. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2016-01-29).
  4. Piedad. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2016-01-29).
  5. Capilla de los Médicis. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2016-02-02).
  6. Capitolio. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2016-02-03).
  7. Gilbert, Creighton E.. Michelangelo. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2016-02-04).
  8. Squires, Nick. Michelangelo's San Lorenzo Basilica exterior could be revived. telegraph.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-02-06).
  9. Le mostre della Cappelle Medicee. cappellemedicee.it (Noiz kontsultatua: 2016-02-06).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Michelangelo Aldatu lotura Wikidatan