Miguel Indurain
| Informazio pertsonala | |
|---|---|
| Izena | Miguel Indurain Larraia |
| Jaiotza data | 1964ko uztailaren 16a |
| Jaiotza herria | Atarrabia, Nafarroa |
| Jaiotza herrialdea | Euskal Herria |
| Altuera | 1.88 m |
| Pisua | 79 kg |
| Kirol informazioa | |
| Modalitatea | Errepidea |
| Rola | Taldeburua |
| Trebetasuna | Erlojupekoak |
Miguel Indurain Larraia (Atarrabia, Nafarroa, 1964ko uztailaren 16a) txirrindulari nafarra da, historiako kirolari onenetakoa. Frantziako Tourra bost urtez jarraian irabazi zuen (1991tik 1995era), eta Italiako Giroa bitan (1992 eta 1993). 1992an kiroletako Asturiasko Printzea saria eman zioten.
Eduki-taula |
Biografia[aldatu]
1984an egin zen txirrindulari profesional Reynolds taldearekin kontratua sinatzean. Aurretik zortzi urtez Villaves taldean aritua zen kategoria apalagoetan. Lehen urten honetan Los Angeleseko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen eta hamar garaipen lortu zituen.
1985ean lehen aldiz Frantziako Tourrean parte hartu zuen eta Espainiako Vueltan lider izan zen lau egunez.
Hurrengo urteetan Frantziako Tourrean bere taldekide zen Pedro Delgado, 1988ko irabazlea, laguntzen aritu zen. 1989an Paris-Niza irabazi duen lehen euskal txirrindularia izan zen eta Tourreko lehen etapa garaipena lortu zuen.
Bere lehen Frantziako Tourra 1991ean irabazi zuen, erlojupeko bi etapa garaipen lortu ondoren. Aurretik Espainiako Vueltan bigarren postua lortu zuen. 1992an etapakako bi bira handiak, Frantziako Tourra eta Italiako Giroa, irabazi zituen, Italiako Giroa irabazten zuen lehen euskalduna izanez. Gauza bera lortu zuen 1993an.
1994an Tourra irabazi zuen laugarren aldiz jarraian, baina Italiako Giroan Eugeni Berzin Errusiarrak garaitu zuen. Urte bereko irailean Orduko Errekorra lortu zuen, Chris Boardmanek zuen aurrekoa gaindituz eta berria 53.040 kmtan utziz. Proba honetarako Espada izeneko bizikleta iraultzaile eta modernoa erabili zuen. Hala ere, hilabete geroago Tony Rominger suitzarrak marka hobetu zuen. 1995ean bere azken Frantziako Tourra (bosgarrena jarraian) eta munduko erlojupeko txapelketa irabazi zituen.
Bere azken denboraldian ez zuen lortu bere nahi nagusia zen seigarren Tourra irabazterik eta hamaikagarren postuan geratu zen. Atlantako Joku Olinpikoetan erlojupeko proban urrezko domina lortu zuen. Bere azken lasterketa Espainiako Itzulia izan zen, baina Covadongako aintziretan helmuga zuen etapan erretiratu zen.
1997ko urtarrilaren 2an iragarri zuen agur esaten ziola txirrindularitzari.
Palmaresa[aldatu]
Fundazioa[aldatu]
1998an sortutako "Fundación Miguel Induráin" izeneko elkartearen ohorezko presidentea da txirrindulari ohia, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Batzorde Olinpikoak bultzatutako fundazioa izanda. Helburuen artean, probintziaren goi-mailako kirolariak sustatzea dago.
| Aurrekoa Greg LeMond |
Frantziako Tourraren irabazlea 1991, 1992, 1993, 1994 eta 1995 |
Ondorengoa Bjarne Riis |
Kanpo loturak[aldatu]
- (Gaztelaniaz) Miguel Indurainen web pertsonala
- (Gaztelaniaz) Miguel Indurain fundazioa
- (Gaztelaniaz) (Euskaraz) Bere palmaresa osorik