Mihály Vörösmarty
Mihály Vörösmarty Hungariako idazlea izan zen (Nyék, 1800 - Pest, 1855). Familia apal batean jaioa zen, eta Zuzenbideko ikasketak egin bazituen ere, irakasle gisa lan egin zuen familiari laguntzeko. Argitaratu zituen lehen bi lanak Salomon eta Kont tragediak izan ziren, baina Zalanen ihesa (1825) lanari esker egin zen ospetsu; Arpad heroiak Hungaria nola konkistatu zuen kontatu zuen olerki epiko hartan. 1828an, Tudomanyos gyüjtemeny aldizkaria sortu zuen, eta 1837-1843 bitartean, Athenaeum aldizkariko zuzendaria izan zen. 1848ko Iraultzan, diputatua izan zen, eta Iraultzaren ondoren ezkutuan eta miseria gorrian bizi behar izan zuen, 1850 arte. Tragediez eta epopeiez gainera, olerkiak eta dramak idatzi zituen. Hungariako literatura bai hizkuntzaz eta bai espirituz benetan hungariar bihurtzen, eta literatura klasikoaren eta germaniar literaturaren eraginetik askatzen lagundu zuen. Beste lan aipagarri batzuk: Csongor és Tünde (1830), Szozat (1837), Hungariako ereserki bihurtu zena.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.