Mika urkabean

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Margolan infotaula Mika urkabean 1568ko ohol gaineko olio-pintura da, eta Flandesko Errenazimenduko Pieter Bruegel Zaharrak margotu zuen.

Irudiaren deskribapena

Margolanean basoko soilune bat agertzen da eta, bertan, lau baserritarrek dantza egiten dute dultzainaren doinuaz. Aldamenean, berriz, urkabe bat dute koadroaren erdian, eta margolana bitan zatitzen du, konposizio manieristetan bezala, eskuina "irekiago" agertuz eta ezkerria, berriz, "itxiagoa", eta margolanaren ia erdian, mika.[1]  Urkabeak "ezinezko objektu" baten traza hartzen du, Penrose triangelu antzeko zerbait, zutoinen oinarriei eta argiztapen kontraesankorrari erreparatzen badiegu.

Beste mika bat urkabearen oinarrian dago pausatuta. Gizon batek, ezkerrean aurrealdean, kaka egiten du itzalean, beste batzuek hiru dantzariei begira dauden bitartean. Eskuinean, gurutze bat dago, atzean ur-errota bat duela. Atzealdean haran baten ikuspegia zabaltzen da ibaiaren inguruan, ezkerrean hiri bat eta mendi-harkaitz batzuen gainean gaztelu bat, baita dorre bat ere haitz-azaleramendu baten gainean eskuinean, eta urrutiko mendiskak eta zerua. Dantzarien atzean, elkar txirikordatzen duten bi zuhaitz berezi agertzen dira, Bruegel Zaharrak lehenago erabilitako gai bat. Sakonera-sentsazioa emateko, aurrealdeko marroi ilun trinkoak erdibideko berdeetara aldatzen dira distantzia erdian, eta urdin eta gris argietara atzealdean.

Ahozko tradizioarekiko lotura

Brugelek margolana sortu zuen Fernando Álvarez de Toledo, Albako 3. dukea, Herbehereetara heldu eta hurrengo urtean (duke hori Espainiako errege Filipe II.ak bidali zuen herbeheretarren errebolta zapaltzeko). Urkabeak doktrina protestante berria aldarrikatzen zutenentzako exekuzio-mehatxua eman dezake aditzera. Margolanak, gainera, herbeheretarren esaera zahar batzuei ere egiten bide die erreferentzia: nederlanderako atsotitz batek urkabean kaka egin eta, aldi berean, dantzatzea aipatzen du, estatuari iseka egiteko modu bat.[2] Mikari ere egiten dio erreferentzia, mikak kontakatiluen adierazletzat baitzeuzkaten, eta zurrumurruak urkamendira omen zeraman.[2] Bestalde, urkaberako bidea zelai atseginetatik doalako ideia dago.[3]

Iraupena

Ez da ezagutzen zergatik edo norentzat margotu zen lan hau. 1568ko data duenez, hau da Bruegelen azkenetariko margolana, hura 1569an hil baitzen.[2] Bruegelek emazteari eskatu zion heriotzaren orduan bere margolan batzuk erre zitzala, baina Mika urkabean harentzat gorde zezala.[3] Darmstadteko Hessisches Landesmuseumen dago.

Erreferentziak

  1. Early Netherlandish painting, Volume 4 of Collections of the National Gallery of Art Systematic Catalogue, Cambridge University Press, 1986, ISBN 0894680935, 32. or.
  2. a b c Painting life: the art of Pieter Bruegel, the Elder, Robert L. Bonn, 2006, ISBN 1-884092-12-8, 106. or.
  3. a b The Last Flowering of the Middle Ages, Baron Joseph Van Der Elst, Kessinger Publishing, 2005, ISBN 1-4191-3806-5, p.114

Ikus, gainera

Kanpo loturak

ISBN 9780870999901.. (7. irudia)