Milia Lasturkoren eresia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Milia Lasturkoren eresia
Jatorria
Egilea(k)ezezaguna
Argitaratze-dataXV. mendea
IzenburuaMilia Lasturkoren eresia
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara

Milia Lasturkoren eresia euskarazko eresia edo hileta-kanta da, XV. mendean egindakoa. Bizkaierazko forma zaharrak agertzen ditu. Benito Lertxundi euskal kantariak Josquin Desprez antzinako musikariaren Mille Regretz doinuaz kantatu ohi zuen, bere taldearekin eta a capella, nahiz eta inoiz ez zuen disko batean grabatu. Bai ordea, errezitatu, doinuaren laguntzaz. 2022an Maraca Diablo taldeak abestu eta bideoklipa egin zuen[1].

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko eresiak edo hileta-kantak guda aristokraziaren uzta dira. Nahiz eta kalitate onekoak eta ohitura zaharrekoak izan, gutxi mantendu dira ahozko tradizioaren gaiak mendez mende aldatuz joan direlarik, XVI-XVII. mendeetako Garibai bezalako lehen biltzaileak bakarrik interesatu baitziren horrelako batzuen zatiak biltzen. Kantariak beti emakumeak ziren: hemen zenduaren ahizpak hasi, Peru Garzia senarraren arrebak bi estrofatan jarraitu eta berriro zenduaren ahizpak bukatzen du. Eresi hau, egile ezezagunekoa, dudarik gabe ahozko tradizioak ahoz aho gordea, Esteban Garibai arrasatearrak Memorias bere liburuan jaso zuen (1584).

Gaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Milia Lasturkoa gazterik hil zen, erditzeko orduan, Arrasaten, XV. mendearen lehen erdialdean. Eresi hauetan, Miliaren ahizpak eta koinatak Milia Lasturkoaren heriotza dute kantagai. Lehen lau estrofetan, Miliaren ahizpak adierazten du Peru Gartzia Orokoa senarrak Miliari tratu onik ez diola eman, eta Arrazolako Marinarekin ezkontzeko asmoa omen duela salatzen du. Bosgarren eta seigarren estrofetan, Peru Gartziaren arrebak, Santxa Ortizek, hartzen du hitza, anaiaren alde egiteko. Azken hiru ahapaldietan, Miliaren ahizpa mintzo da, ostera. Miliaren heriotzak bi familien ohorea bihurtu du auzi. Erdi Aroan, emakumeek hiletetan eresiak abesten zituzten. Garai hartako eliza-dokumentuetan, maiz, andere-kantuak debekatu egiten ziren, jatorri paganokoak eta lizunak zirelakoan. Hala ere, andere-eresien tradizioak berandu arte iraun zuen, Garibairen testigantza aintzak hartzen bada[2].

Testua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Milia Lasturkoaren eresia, Imanol Epeldek kantatua, Etxepare rap proiektuaren baitan.

Testua ez dugu hona kopiatu Esteban Garibaik XVI. mendean erabili zuen grafiarekin. Gaur egungo grafiara hurbildu dugu (hatxeak gehitu ditugu, Garibairen garaian ohikoak ziren ç grafemak gaur egun erabiltzen diren letrekin ordezkatu ditugu, etab.).

«

1 Zer ete da andra erdiaen zauria?
Sagar errea, eta ardao gorria.
Alabaia, kontrario da Milia:
Azpian lur hotza gainean harria.

5 Lasturrera behar dozu, Milia.
Aita jaunak[3] eresten dau elia[4],
Ama andreak[5] apainketan[6] hobia.
Hara behar dozu, Milia.

Jausi da zerurean[7] harria,
10 Aurkitu dau Lasturren torre barria,
Edegi[8] dio almeneari erdia.
Lasturrera behar dozu, Milia.

Arren, ene andra Milia Lasturko,
Peru Garziak egin deusku laburto:
15 Egin dau andra Marina Arrazolako.
Ezkon bekio, bere idea dauko.

Ez dauko Peru Garziak beharrik
Hain gatx handia apukaduagatik[9],
Zeruetako mandatua izanik,
20 Andrariok hala kunpli jasorik.

Gizon txipi sotil baten andra zan,
Ate arte zabalean ohi zan,
Giltza porra[10] handiaen jabe zan,
Onra handi asko kunplidu jakan.

25 Arren ene andra Milia Lasturko,
Mandatariak[11] egin deust gaxtoto.

Zerurean[7] jausi da habea,
Jo dau Lasturko torre gorea,
Eroan ditu hango jauna eta andrea,
30 Bata lehen, gero bestea.
Bidaldu dogu zeruetara kartea:
Arren diguela[12] gure andrea.

Mondragoeri hartu deutsat gorroto,
Giputz andraok hartu ditu gaxtoto:
35 Iturriotz kalean andra Maria Baldako,
Arte kalean andra Ojanda Gabiolako,
Errebalean andra Milia Lasturko.

»


Testuaren edizio kritikoa ikus daiteke, esate baterako, Mitxelenaren Textos arcaicos vascosen. (3.1.5. atalean).

Aipamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itxaro Bordak Milia lastur on the road poema argitaratu zuen 2007an[13].

2022ko irailaren 13an argitaratu zen Maraca Diabloren bertsioa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. barren.eus. (2022-09-13). «'Milia Lasturko' abestiaren bideoklipa kaleratu du Maraca Diablok» barren.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  2. Milia Lasturkoren eresia « Etxepare rap. (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).
  3. «aitajaun & amandre- OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  4. «elia: abere taldea - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  5. «aitajaun & amandre- OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  6. Apainketan = apaintzen
  7. a b Zerurean: zerutik (ablatibo zaharra).
  8. «edeki = kendu · Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  9. «apukatu - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  10. «porra - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  11. «mandatari - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  12. diguela = 'eman diezagutela, itzul diezagutela'. .
  13. «Euskal Poesiaren ataria - MILIA LASTUR ON THE ROAD - Itxaro Borda» basquepoetry.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]